Euskaltzaindiko ekipo zibila: Juan San Martin eta Jose Luis Lizundia

Juan San Martin eta Jose Luis Lizundia –

Euskaltzain izandako Juan San Martinen jaiotzako 100. urteurrena dela eta, omenaldia, edo hobeki esateko, oroimenaldia egiten ari zaion honetan, bi edo hiru lekukotasun eman nahi nituzke harekin bizi izandakoez.

Juan San Martin

Nik ezagutu nuen Euskaltzaindia hartan, Juan San Martinek eta Jose Luis Lizundiak osatzen zuten ekipoak ezaugarri berri batzuk eman zizkion euskal hizkuntzaren erakundeari. Alde batetik, biak, ezberdintasunak ezberdintasun, politikaren ohitura eta kulturarekin harremana zutenak ziren, eta biek ala biek aurrerakoi bezala jokatzea izaten zuten kezka eta xede. Aurrekontuak eta ekonomiako gorabeherak eta egitasmoak azalpenaren aurrerakoitasunez erabaki eta jakitera eman behar zirela argi zeukaten pertsonak ziren, eta Euskaltzaindiari modu zibileko bideak bilatu behar zitzaizkiola bat zetozen.

Ezin da ahaztu San Martin eta Lizundiaren ekipoko aroan, Euskaltzaindiak bere egoitza bakarra Bilbon zeukala, orain bezala, baina euskaltzain buruak edo buruordeak Iparraldean edo Arantzazun eta autorik gabe zeudela, eta guzti horrek sortzen zuen egoera kudeatu behar zen.

Juan San Martin pertsonalki Eibarko bilera erdi-klandestino batean ezagutu nuen, Arrate bideko Bar El Hambre ostatuan egindako euskal idazleen bileran. 1970eko martxoaren 29a zen eta Euskal Idazleen Elkarteak deituta Batasunaren kutxa liburuan agertzen diren euskarazko idaz-moldeak onartzea zen helburu.

Erabaki hura bete behar zela zin egitea zeukan helburutzat bilera hark; eta, jakina, han bildutako asko, edo apaizak ziren edo apaizgai izanduak.

Batasunaren kutxa liburuko idazle sinatzaileak (Baionan eta Eibarren) 63 ginen; eta haietatik, oker ez banago, zortzi bakarrik ziren emakumeak. Idazleon zerrenda liburuan bertan agertzen da, eta liburu hark (Lur argitaletxea, 1970, ekaina) adierazten duen bezala, batasuna bultzatzea zen helburua.

Gabriel Arestik zuzentzen zuen bilkura eta halako baten zera bota zuen: «Zin egitekotan egiazki baden zerbaiten gainean egin beharko litzateke eta, jakina, Jainkoaren izenenean zin egiteak ez luke balioko Jainkorik izan ez delako». Hitzak agian ez dira guztiz zehatzak, oroimenean gordetakoak besterik ez direlako, baina erdi-txantxetan edo erdi-serio Arestik bilatzen zuena hango batzuk zirikatzea zen, zalantzarik gabe.

Juan San Martin eta Jose Luis Lizundia
Jose Luis Lizundia

Juan San Martinek erantzun zion Arestiri ironia zorrotz eta sakona erabiliz: «Bakoitzak zin, sinesten duenaren izenean egin beharko du; adibidez, ni maoista naizenez gero, Maoren ideia eta idatzien izenean egin beharko dut zin…». Garai hura, Euskal Herrian maoismoa eztanda egiten hari zen aroa zen; ORT, PTE, OIC, MCE eta abar nola ahaztu? Txinoak alde batetik eta troskoak bestetik, asko mugitzen eta astintzen zuten taldeak ziren.

Han geunden gehienok bagenekien nontsu zebilen bakoitza eta bagenekien Juan San Martin ez zebilela txinoen tartean, baina bere ateraldi zorrotz eta mikatzak baretu eta distenditu egin zuen egoera eta, agian, irribarre murritzen bat sorrarazi ere bai Arestiren eta beste batzuen ezpainetan.

Bilera bakean eta poztasunez bukatu zen eta bi egun beranduago Juan San Martinek hango «indar gaztea» defendatu izanen zuen akademiaren Donostiako bilkuran.

Batasunaren bideak ez dira beti errazak izaten, eta batzuetan gogora ekartzen dute Iruñeko alkate batek esaten zuena: «Manifestaldi eder eta handi bat ikusita, haren buruan jarri nintzen, eta, atzera begiratu nuenean, denek jarraitzen zidatela ohartu nintzen».

Batasunaren kutxa izeneko liburu hark egileen izena Euskal Idazleen Elkartea dauka, eta azpi-izena Mitxelenaren Promesaren Pean. Luis Mitxelena zen 63 sinatzaileetatik azkena, eta tartean zegoen, Juan San Martinen ondoan, beste askotan bezala, Jose Luis Lizundia.

Juan San Martin eta Jose Luis Lizundia  Juan San Martin eta Jose Luis Lizundia

Idazlea eta euskaltzaina

5 pentsamendu “Euskaltzaindiko ekipo zibila: Juan San Martin eta Jose Luis Lizundia”-ri buruz

  • Uste dut bilera honetan izan zela non idazle horiek ZIN egin zutela euren OHOREagatik Euskaltzaindiak erabaki, erabakitzen eta erabakiko zuenaren alde eginen zutela bizitza osoan. Hau da, BATUAren alde konjuratu ziren.
    Tamalgarria eta oraingo egoeraren adierazle bikaina.
    Bejondeiela!

  • josu naberan 2022-06-29 21:16

    San Martin txit noblea eta jakintsua zan.

    AEK Erakundeak garai hartan KORRIKA ekimena gauzatzera zioanean, San Martinen etxera joatea egokitu zitzaidan.

    Oso harrera atsegina egin zidan, bere emaztea aurkeztu, kafetxoa eskaini…

    Azkenean eskatu nion eskatzera joan nintzaiona: Euskaltzaindiaren logoa eman izatea KORRIKA ekimenerako.
    Oso gogoan diat ezezkoa emon zeustala.
    Eta etxera itzuli nintzala buztana hankapean nuela.

    Garai zailak, haiek.

  • Beñi Agirre 2022-06-30 20:15

    Hirugarren hanka ahaztu zaizue: Amatiño

  • josu naberan 2022-06-30 22:26

    kaixo Beñi,

    Bâ Amatño nere kapataza izaN nuan ETBko promozio-salean nengonean.

    Ene iduriz, ez zegok konparatzerik Juan SanMartin jakintsuarekin. Amatiñoz daukadan iduria kapatazarena duk.

  • josu naberan 2022-07-02 22:11

    eta J.L. Lizundiaz daukada, irudia, barriz, IDAZKARI ETERNOARENA.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude