% 80a baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados

% 80a baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados

Euskaltzaindiari buruzko inkesta erantzun dutenen artean % 82,8a ados dago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin, euskararen gizarte erabilera bideratzeko. Eta Euskaltzaindiak lehenengo pausoa eman du: 2016ko otsailean mintegi bat antolatu du “Euskara biziberritzeko erronkak aztertzeko” eta dei egin die parte hartzeko elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere.

Patxi Saez Beloki soziolinguistak Euskararen Egunean Euskaltzaindiari buruzko “inkesta bat” sareratu zuen eta hainbat hedabidetan “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia” ere argitaratu zuen Euskaltzaindiari eskari zehatz bat eginez: azken 50 urteotan euskararen normalizazioa lortzeko jarraitu den paradigma berritzeko eta, aldaketa hori egin ahal izateko, gidaritza hartzeko. Euskaltzaindiak, aldiz, “ohar ofizial bat” argitaratu du Patxi Saezek egindako eskari horri erantzunez: “2016ko otsailaren 12an, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak”.

.

Inkesta

Patxi Saezek 2015eko abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Euskaltzaindiari buruzko inkesta bat sareratu zuen bi galderarekin. Inkestak 554 erantzun izan ditu (datu hau 2015-12-14koa da, 09:03).

 

% 80a baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados

 

Inkestaren zabalkundea egitearekin batera, Patxi Saezi inkesta jasotzaileen erantzunak ere iritsi zaizkio ePostaz:

– 2015-12-03, 10:56. “Hain galdera konplexuak, ñabardurarik batere gabe, eta argudiatzeko aukerarik eman gabe, pausatzeak ez du ez hanka eta ez buru. Balirudike erantzun jakin bat lortzeko formulatuak daudela. Gainera mezua anonimoa da, ez dakigu norekin ari garen, ezta gure erantzunak publiko egingo diren, edo inon erabiliko diren, gure izenarekin edo gabe. Ez nago ados gauzak horrela planteatzerekin, ez da serioa. Eta horrenbestez ez dut erantzungo”.

– 2015-12-03, 10:59. “Berriro ni. Barka, oraintxe ohartu naiz nondik datorren eskaera. Beraz horren inguruan esana erretiratzen dut. Baina segitzen dut pentsatzen galdera seerioegiak direla bai/ez batekin erantzuteko”.

– 2015-12-03, 11:10. “Egunon, beheko bi galderekin funtsean ados nago, bainan Euskaltzaindiak zihurtatu beharko luke, euskera arloko herri mugimendu, administrazio, eta euskal lurralde guztien partehartze orekatua. Bestalde euskeraren aurrera begirako erabilera eta lan mundura zabaltzearenaz aparte, erabilerari buruzko pare bat atalek, hildoak markatzea behar dutelakoan nago, nire inguruan behintzat: bata euskalkien erabilera, euskera idatziari dagokionean batik bat, eta bestea erdal hizkuntzetaik sartzen ari geran hitzei buruzkoa”.

– 2015-12-03, 13:20. “Eta EZ DAKIT erantzun ahal izateko? Ez duzue kontuan hartu?”.

– 2015-12-03, 18:31. “Kaixo, erantzunak behean, baina biei baiezkoa eman diedala esatea besterik ez. Bazuan garaia, motel. Azken batean, helburu orokor horretarako ezinbestekoa diagu Euskaltzaindia, eta gaur egun hedatzen ari diren hamaika erabilera oker eta larri zuzentzeko ere bai. Eutsi beraz!”

– 2015-12-10, 07:32. “Euskaltzaindiari buruzko inkesta iritsi zaigu, eta mezu bidez erantzutea egokiagoa iruditu zait, nire iritzia argi azaldu ahal izateko. Inkesta horretan galdetu da ea Euskaltzaindiak hartu beharko lukeen euskararen erabilera zabaltzearen gidaritza, eta BAI eta EZ dira erantzun posible bakarrak, ezezkoa aukeratuz gero oharrik idazteko aukerarik eman gabe. Horregatik erabaki dut mezu bidez erantzutea inkestari. Nire ustez, Euskaltzaindiak ez luke hartu beharko gidaritza, baina prozesu horretako partaide izan beharko luke, partaide garrantzitsu, gainera. Nire iritzi xumean, erabileraren zabalkundea kide anitzeko talde batek hartu beharko luke bere gain, erakunde publiko, gizarte eragile eta gaian zeresana izan dezaketen banako zein agente pribatuek osatutako talde batek, eta, noski, Euskaltzaindiak talde horretan egon beharko luke. Iruditzen zait euskararen erabilera zabaltzeko zereginak hainbat alderdi ukitu behar dituela, eta hori ezin duela erakunde bakarrak erdietsi”.

– 2015-12-14, 08:18. “Egun on Patxi: horra hor nire iritzia eta erantzun zintzoa, ez diat uste Euskaltzaindia nor denik hori bideratzeko, arrazoia ematen diat bera baino hoberik ez dudala sumatzen inguruan, baina hausnarketa horixe bera dek falta zaiguna, nork bideratu prozesu hau, eta ez erabakitzea une honetan nork egin dezakeen. Beraz, saia gaitezen beste bide batetik, nahiko aditu, elkarte eta instituzio publiko eta pribatu bazaudek eta horretarako. agian prozesu honetan nork zer noiz aportatu eta nola norekin gidatu erabakitzea falta dek?”.

.

Eskutitza

Patxi Saezek aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean gutun bat ere argitaratu zuen Euskal Herriko hainbat hedabidetan:

– Berria: “Euskaltzaindiari proposamena.”

– Noticias de Gipuzkoa “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Noticias de Navarra “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Noticias de Alava: “Euskaltzaindiari proposamen irekia.”

– Deia: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.

– Urola-Kostako Hitza: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia

– Goierriko Hitza: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Busturialdeko Hitza: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Irutxuloko Hitza: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Tolosaldeko Ataria: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Goiena: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Bizkaie: “Patxi Saezen gutuna Euskaltzaindiari, euskerearen geroaren gidaritzea hartu daian.”

– Naiz: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Sustatu: “Euskararen paradigma berritzeko eta aldaketaren gidaritza hartzeko eskaria Euskaltzaindiari.”

– Uztarria: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

– Zuzeu: “Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia.”

.

Gutunak ere irakurleen erantzuna izan du

– Zuzeu: “Handiegia gelditzen zaio eginkizuna Euskaltzaindiari. Egia da bi estatuetara eta hiru administrazioetara iristen den erakunde euskaldun bakarra dela, eta batez ere Iparraldean, dinamizatzaile-funtzioa joka lezakeela. Baina elefantiasiak jota du gorputza: hizkuntzaren inguruko hankaren bat puztuegia, besteren bat sendo samar, eta zeharo ahulduta gainerako guztia (jatorrizko “Jagon” hura, batik bat). Eskertzekoa Patxi Saezen iradokizuna, batez ere erakusten duen sentsibilitateagatik, baina, ezin da ahaztu Euskararen iraupena ziurtatu behar dutenak erakunde publikoak direla, haiena baita erantzukizuna: hizkuntz eskubideak bermatzeko erantzukizuna, planifikatzeko eratzukizuna, neurriak eta aurrekontuak bideratzekoa, erabakiak betearaztekoa, sariztatzekoa, zigortzekoa…

Eta Nafarroan sartu berria den gobernuak duen moduan, Eusko Jaurlaritzak du EAEn erantzukizun hori. Kriseilua Euskaltzaindiari pasatu nahi izatea, EAJri eta Baztarrikari aurpegi serioko txepelkeriatan segitzeko baimena ematea baino ez litzateke izango. Eta dagoeneko ez gaude horretarako. Erantzukizun politiko erabakiorrena Gobernuarena da. Hemendik 3.500 kilometrora dugun estatu batek (inkorrekzio politikoa ohi da haren izena aipatzea) ongi asko bideratu zuen hizkuntzaren arazoa, iraupen eta erabilera barne. Beste gauza batzuetan eredu, horretan, justu behar genukeen horretan, ez. Euskal Gizarteak ere badu zeresanik, jakina. Eta hitzik. Baina ez ahaztu politikaren esparruetan egiten direla legeak eta moldatzen dela gizartearen funtzionamendua. Eta hizkuntzena, noski”.

.

Euskaltzaindiaren erantzuna

Patxi Saezek egindako eskariari erantzunez eta gaia sakonago aztertzeko helburuarekin Euskaltzaindiak mintegi bat antolatu du otsailaren 12an “Euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko”. Honela dio Euskaltzaindiaren ohar ofizialak hitzez hitz:

“2016ko otsailean, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak.

Izan ere, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat komunikabidetan argitaratutako gutun irekia bidali dio Saezek Euskaltzaindiari eta estrategia berri baten beharra aldarrikatzeaz gain, prozesu horretan lidergoa hartzeko eskatu dio Akademiari.

Hala, bada, mintegia otsailaren 12an egingo du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Era berean, mintegi horretan parte hartzeko deia egin nahi die elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere. Hori dela eta, ekarpenak egiteko aldia zabalduko du Euskaltzaindiak: urtarrilaren 16ra arteko epea egongo da, nahi duen orok hitzaldi, komunikazio edota iradokizunak egin ditzan.

Horren ostean, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak mintegiaren egitaraua prestatuko du eta urtarrilaren azken astean ezagutaraziko du. Esan bezala, mintegia otsailaren 12an egingo da.

Ekarpenak “info@euskaltzaindia.eus” helbidera bidal daitezke.

.

Mintegiaren aurrekariak

Patxi Saez Beloki soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak urrian argitara eman zuen Elefantea ikusi izenburuko artikulua. Bertan, azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatu beharra dagoela aldarrikatu du eta aldaketa horren gidaritza hartu dezala eskatu dio Euskaltzaindiari.

Ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzari bidali zizkion artikulu bera eta gutun bat ere. Zuzendaritzak gaia bideratzeko ardura Sustapen batzordeari eman zion eta batzordeak mintegia antolatzeko aukera aurreikusi zuen gaia aztertzeko egin zuen bileran.

Hurrengo pausua eman zuen Saezek eta Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, Euskal Herriko hainbat egunkari, astekari eta agerkari digitaletan “Euskaltzaindiari proposamena eta eskutitz irekia” argitaratu zuen.

Bertan euskararentzat dinamika berria sorraraztea beharrekotzat jotzen du eta euskaltzainburuari egiten dio proposamena: “Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena”.

Euskaltzaindiak mendeurrena betetzear dagoela eta, honela esaten dio Patxi Saezek: “Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko”.

Eta honela amaitzen du: “Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu”.

Bestalde, bere proposamena “gizarteratzeko helburuarekin”, inkesta bat ere bultzatu du Patxi Saezek, jendearen iritziak jasotzeko. Inkesta ehunka lagunek erantzun dute”.

.
Albiste honekin zuzen-zuzenean lotutakoak (Ikusteko gainean sakatu)

– “Elefantea ikusi

– “Euskararen paradigma berritzeko eta aldaketaren gidaritza hartzeko eskaria Euskaltzaindiari

Euskaltzaindiak gidaritza

erabili.eus - Azpeitiko Euskara Patronatua

Zer duzu buruan “% 80a baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados”-ri buruz

  • Bikaina bezain ausarta (zentzurik onenean) iruditu zait Patxi Saezen ekimena, proposameneko atal bat edo besterekin ados ez banago ere.
    Harrigarria, aldiz, Euskaltzaindiaren erantzuna:
    “2016ko otsailean, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, … Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak.”
    Harri eta zur.
    Eskaria luzatu zaion arte, Euskaltzaindiari ez zaio otu ere egin euskararen egoera eta aurrera begirako erronkak aztertu beharra?
    Bestalde, duela aste gutxi batzuk, HPS-k egindako “eta hemendik aurrera zer?” izeneko txostena* helarazi zidaten. “Hizkuntza Politikarako sailburuordeak sortutako dokumentu honek, etorkizunari begira euskara sustatzeko lehentasun markoa zein izan beharko lukeen proposatzen du” dio Jaurlaritzaren beraren berripaperak.
    Hortaz, aurki, HPS eta Euskararen Aholku Batzordea alde batetik, eta Euskaltzaindia bestetik, izango omen ditugu euskararen etorkizuneko erronkak aztertzen jo eta sua.
    Ondo. Hobe bi erakunde jardunean, bakar bat bera ere ez baino.
    Eta eskari xume bat luzatuko nieke nik ere: has daitezela EUSKARAZKO EUSKAL TELEBISTAren egoera eta etorkizuneko erronkak aztertzetik, beranduegi baino lehen…

    *http://www.argia.eus/albistea/eta-hemendik-aurrera-zer-dokumentuarekin-hizkunza-politikarako-sailburuordetzak-gogoeta-estrategikoa-proposatu-du