Euskaltegien heriotza

Euskaltegien heriotza

Leire Narbaiza eibartarrak euskaltegien heriotza hartu zuen ahotan orain hamabost egun, Info7 irratiko “Gureaz blai” saioan egindako kolaborazioan. Kalamuatik Txargainera blogean eskegi zuen gero testua, eta bertatik jaso dugu.

Euskara irakaslea naiz, euskaltegikoa. Orain 25 urte hasi nintzen ofizio honetan eta laster amaituko dudalakoan nago.

Euskaltegietako irakasleek amesten dugu egun horrekin: gure ofizioaren behar izana ez dagoen unearekin, Euskal Herria euskalduna den momentuarekin. Eta gure sektorea hiltzeko jaio bazen ere, eutanasiak hilko du edo hobeto esanda, lasai hiltzen utziko dute, uzten ari dira.

Bai, laster lanez aldatu beharko dut, hiltze luze honetan kabitu ezinda. Kontua da Euskal Herria ez dela euskalduna, gure ametsa ez dela bete; baina, hala ere, desagertu egingo gara. Poliki, atentzioa eman barik, ia inori ez diolako ardura helduen euskalduntzeak.

Gelak husten ari dira, mila arrazoi direla eta. Batetik garestia delako oso, prezioak eskandalagarriak dira gure hizkuntza, ofiziala ere badena, ikasteko. 8 ordu astean ikasturte osoan 400 eurotik gora dago. Ez ahaztu gaztelania ikastea EAEn doan dela, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailaren eskutik. Euskara ez. Baten batek esango du azterketa gaindituz gero diru zati bat itzultzen dela, eta egia da batzuetan. Baina aldez aurretik jarri behar da dirua eta azterketa gainditu. Beraz, titulua lortu.

Titulitisak jota gaude, alegia. Gure beste gaitzetako bat. Behar ez duenari ere, dirua itzultzeko exijitzen zaio-eta. Hala dauzkagu gelak titulu-bila dabiltzanekin beteta. Obsesionatuta. “Yo sólo quiero preparar el segundo perfil, no quiero nada más” halakoak ere entzun izan ditugu, azterketa pasatzeko euskararik ikasi behar ez balitz bezala. Tamalgarria! Beste ikasle asko urduri, gaizki pasatzen. Titulua lortu lanerako. Lanean titulua eskatu, baina euskaraz egiteko ez. Sarriegitan paper madarikatua kaxoian sartuta, hautsa hartzen. Alferrik emandako denbora larregi, neurona xahuketa, esfortzu antzua.

Euskaltegien heriotzaGizartea aldatu egin da. Ezin da ukatu. Hauxe ere bada euskaltegiak husteko beste arrazoi bat. Anjel Lertxundik atzo Berriako “Apalaldia” zutabean aitatzen zuena: Umil apatiko eta etsipen puntu batez gaude? Susperraldiaren dekadentzia bizitzen ari gara? Barealdia indar falta da, itsas zakarraren abisua, akaso?

Euskarari dagokionez erlaxatu egin gara. Ikastolan ibilitako guraso batzuek, ikastolan Lehen Hezkuntzan dabiltzan seme-alabekin gaztelaniaz dihardute. Kezka dago ikastola batzuetan, lehen DBHn hasten ziren ikasleak gela barruan gaztelaniaz. Orain LHko 1. mailan… Euskara salbatuta dago, ez dut ahaleginik egin behar, dena eginda baitago” dute askok barneratuta. Horregatik, zertarako joan euskaltegira? Txakurrekin eta ume txikitxoekin egiteko nahikoa badakit-eta!

Euskara despolitizatu behar zela zioten, baina hori beharrean, deskontzientzatu egin gara. Lasaitu, petraldu. Jardun behar denean, tipili-topolo edonola esan, kalitatea apalduta.

Eta euskaltegiak hortxe daude, zain, Euskal Herrian oraindik premia gorria dagoelako; sektorearen agonia, ordea, ondo hasita dago, utzikeriaz, nagikeriaz. Ezkorra naiz, baina gremioko asko ere hala daude, errealitatearen lekuko garelako.

Euskaltegiko argazkia: Egizu

Euskaltegien heriotza
euskaltegiak, euskara, Leire Narbaiza
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude