Euskalkien gorabeherak

Euskalkien gorabeherak –

Euskerari buruzko edozein ikerketa diakroniko (denboran zeharreko) oinarritzeko, Paleolitiko Koben esparrua izan behar da kontutan. Hau da, Dordoinatik hasi eta Asturiaraino hedatzen den eremua.

Kultura eremu horri “franco-cantábrico” edo “atlántico” deitzen diote gure kolonizatzaileek, “euskalduna” ez ahomentatzearren. Hemen Koben Kultura deituko diot, eta eremu horretan egiten zen euskerari Akitaniako euskera (auskitera). Bai Dordoinan, euskeraren sehaska edo disko-gogorra izan zen lurraldean, baita mendebaldean ere (Kantabria eta Asturian) aspaldi galdu zen euskera, euskal toponimia ugari geratzen den arren, batez ere Dordoinan.

Baina goazen harira.

Euskalkien gorabeherak
Armalletako haitzuloa (Errezil, Gipuzkoa)

 

Euskalkien jatorria, duela lau mila urte

Duela lau mila urte inguru, euskal esparru ipar-kontinentalean,” Halliade Kultura” sortu zen nekazaritza landetan. Pirinioaz hegoaldean, berriz, “Koben Kultura” zen nagusi. Kultur eragin bi horiexen arabera sortu ziren, nire ustez, euskalkiak. Ez naiz Dialektologian aditua, baina bai dakidala aski gure hizkuntzaren historiaz eta euskeraren beraren memoriaz.

Halliade kultura, izatez, Bretaina eta Portugaleko trikuharrietan ugari aurkitu den callaïs bitxia berdearen izenetik dator. Kultura berri hau indartzean Megalitoen garai hartan, aldaketa handiak sumatzen dira: gorpuak erraustu eta harrespiletan (kutxen barruan) lurperatzen hasi ziren zeramikazko kanpai-formako ontzietan. Halliade kultura hura Goi Garona, Landak, Gers eta Goi nahiz Behe Pirinioetara hedatu zen. Beraz, euskal herri kontinentala bete-betean hartu zuen. Menhir antropomorfoek (batipat Goi Anderearen irudiarekin)  ezaugarritzen dute garai hori.

Aldiz, Penintsulako euskal herrietan (Aragoe, Nafarroa hegoa, Errioxa, Araba eta Bizkaia mendebaldean), Koba Kulturak dauka eragin nabarmena. Azken hau Kultura iberiar tipikoa da (kultura almeriarra ere deitzen zaio), eta behin betiko marka utziko du Katalunian eta Kantabrian batez ere; hortxe da Vidiago gaineko Peña Atuna Asturiasen, “Atearen erlijioa” delakoaren monumentu zinez ikusgarriena. Eta Ebro aldetik nahiz Kantabriatik datorren Koba-Kulturaren eragin hori sumatuko da mendebaldeko euskalkian, batik bat bizkaieran; eta aldi berean, lapurteran ere, ipar aldeko Koben Kultura nagusitzen da, baita. Honek esplikatuko luke muturreko euskalkiok, batetik bizkaierak eta bestetik lapurterak duten zenbait antzekotasun.

Horrek guztiak ez du esan nahi kultura-bidegurutze hori izan zela euskalki-bereizketaren zergati bakarra; zeren hasierako kausa izateak ez baitu baztertzen geroko bilakaera. Ez dakigu zein neurritakoa izango zen antzinateko euskalkien desberdintasuna, baina argi dagoena zera da: Erdi Aroan oraindik euskalkiak bertsuak zirela.

Geroztiko gorabeherak

Esan bezala, euskalkiak bertsuak zirauten oraindik Erdi Aroan. Halaxe dager “Amorantearen poema” hunkigarrian, Oñatiko Artxiboetan aurkitu berri den lehen euskal poeman (1510): euskalkiekiko gaur egun baino euskera hurbilagoan idatzita dago.

Beraz, euskalkiek ez gintuzten hainbatean “geure artean isolatu euskaldunok”, Berria egunkariari irakurri nionez martxoaren 25ean, David Comas genetistari egindako elkarrizketa batean, euskal herritarren genoma berezitasunaz berbetan. “Euskaldunon arteko kultur hesia” gertatzekotan, Erdi Aroaz geroztikoa izan da.

Zeintzuk dira gaur egun euskalkien arteko berezitasunak?

Iparraldeko euskalkiek H-hasperendua eta TZ/TS ongi bereizteaz gain, arkaismo baliotsuak mantendu dituzte. Euskera Batuari dagokionean arazoak ditu, Davant jaunak azaltzen duenez, Batuaren ardatza gipuzkera izan delarik.

Gipuzkerak ere gorde du hein batean Z/S bereizpena, bizkaierak galdu duena erabat. Bestalde, ez da ahaztu behar bizkaiera gaur egungo Gipuzkoa lurraldean barna hedatzen dela ekialdeko kostaldean, batez ere Koben-ohien eremu inguruetan, hain zuzen.

Gipuzkerak, morfologian, galera batzuk nozitu ditu hizkuntza aniztasunaren alorrean: anaia/neba eta arreba ez bereiztea; eta berton/bertan ez bereiztea dira nire ustez larrienak, mugagabea murrizteaz gain. Gipuzkerak zor zenbait dio Euskera Batuari: ahalegintxo egitea. Kasu, DET ez erabiltzea DUT batuaren ordez.

Bizkaierari dagokionez, jatorrizko aditz-jokoa ez eze, DAU adizki-forma sakrifikatu du batuaren aldarean. Eta bere hiztegiko berezitasun mordoxka galtzear dago, gaizki ulertutako “euskera batu” baten izenean. Adibidez berri/barri auzian, jatorrizkoa barri da, ebai-harri, “ebakitzeko harria”, iberieraz ageri denez, duela 2.300 inguruko testu batetan idatzita: ebar´i kame (piszina barria).

Dena dela, honek guztiak ez du esan nahi Euskera Batuaren kontra gaudenik, ezta gutxiagorik ere. Euskera batuaren alde lehen lerroan jardun genuen AEKan, hura ezinbestekoa zelako gure hizkuntza nazionala erakitzeko, gainerako hizkuntza normalizatu guztiak dutena eduki ahal izateko.

Bukatzeko, bizkaiera ez da erdiguneko euskalki-enborretik endekaturiko adar bat, apirilaren 2ko Berrian irakurri dudanez harridura osoz (barka txarto ulertu badut). EHUko dialektologiko-diakroniko-ikertzaile Eneko Zuloagari egin dion elkarrizketan izan da. Bizkaierari buruzko ahapaldi horrek ez da dauka inongo oinarririk zientzian.

Nik uste Euskaltzaindiari dagokiola halako hizkuntza-auzi potoloen  ortodoxia zaintzea; duela gutxi egin duten bezala (beranduxe izan bada ere) euskal lurralde mendebaldarron “euskalduntze berantiarraren” kontuarekin. Hala aldarrikatu ahal izan du Alberto Santanak urte luzez ETBren eskutik: hemengo jendea “zeltak” izan ginela, eta ekialdeko euskaldunek inbaditu gintuztela duela gutxi.

Halakorik! Barkaezina da inongo oinarri zientifikorik ez duen gezur nabarmen hori ETB-nobela bilakatzea! Hau da, gure hedabide publiko batek emititu izana, iritzi-kontrasterik onartu gabe, egun batean bai eta bestean ere bai, etengabe. Eta milioikako aurrekontua izan duen telesail horren kalitatea zinez ederra izanik ere, gure hedabide publikoak gezur potolo maltzur hori Donostiako Zinemaldira aurkeztea!

Gero euskaldungoaren “euskerarekiko pasibotasunaz”  berba egingo dute.

Euskalkien gorabeherak
Euskalkien gorabeherak

Gautegiz-Arteaga. Saiakeraegilea eta itzultzailea. Zamora-apaiz kartzelako

8 pentsamendu “Euskalkien gorabeherak”-ri buruz

  • Euscal Herriac eduqui duen statu proprio bakarra Naffarroaco Resuma içan da.
    Leiçarraga naffar independent jaio eta hala hil cen. Euscaldun bat, aleguia, bethiere herrialde libre batean sorthua eta hacia.
    Berac eta bere lagunçaileec fincatu çuten euscara batua’ naffarrera içan cedin, hau da, Naffarroaco hizcunça nationala içan cedin.
    Eta hala da gaur egun ere, gure statu nationala (egun conquistatua) eta gure hizcunça nationala ignoratu eguiten badituzte ere egungo euscaldun guehienec.

  • Osasun langilea 2021-04-28 15:31

    Hizkuntzalaritzaz gutxi dakit, baina covidaren asuntoaz behin eta berriro bota dituzun astakeriak irakurri eta gero, zure teoria burutsuak eta atariko haizea …

  • Artikulu honek ez du ez hanka ez buru. Diozu euskalkiak duela 4000 urte sortu zirela uste duzula. Gero, Erdi Aroan euskalkiak bateraturago zirela orain baino. Beraz, zure teoriaren arabera, euskalkiak 4000 urte dela sortu ziren, gero bateratu egin ziren eta berriz ere bereizi Erdi Arotik hona. Ez dirudi horrek zentzuzko eboluzioa. Zerk eragin zuen Erdi Aroko bategite hori? Orduko idazleen esfortzuak? Garaiko proto-Euskaltzaindia batek?… Horraino gutxi ez, eta Euskara Batuaren afera ere ekarri duzu saltsara. Nola bil litezke artikulu berean koben kultura eta historiaurre-aurreko kontuak eta euskara batua! Artikuluaren maila eskasaren beste adierazgarri bat. Espero dut inork ez hartzea serio testu hau. Zaindu!

  • Joseba Aurkenerena 2021-04-29 18:59

    Biziki artikulu interesgarria. Segi horrela!

  • Lukas,

    Lehenbzi irakurri ezak artikulua eskola umen baten arretaz bederen eta gero erantzun

    Beste Covid-sanitario horri dagokionez, ez ezak nahasi aza eta porruak. Ez zarete batere serio, baizik hagitz setati.

  • Batua altxorra da, bai, baina aditzean huts barkagaitza badu, nire ustez: kasu batzuetan alokutibo eta nor-nori-nork ez dira bereizten; din/k adibidez, berdin izan liteke “hark hiri” zein “hark hura” hitanoz. Euskalki gehienek forma desberdina dute esanahi bakoitzeko (daun/k vs din/k ekialdean; eta medebaldean deun(a)/deuk vs jon(a)/jok edo ekibalente).
    Itxura, gipuzkerari lehentasuna eman behar zitzaion, eta pena handia da, seguraski ez du erremediorik.

  • Josu:
    Utz itzak abadekeriak eta misiolari-tonua elizetako itxialdietarako eta sotanapeko fantasietarako, eta hire paleofantasia irrigarriak nobela historikoren baterako.

  • JONA/JOK

    Busturialdekook ez diagu hika askorik egin, baina bai entzuten nian emekumeek euren artean “JONA” edo “DONA” esaten:
    ein DONA?
    Baita gizonezkoei ere “DOK” esaten euren artean.

    Hi Iñaki,
    Ez ezak errazenera jo. Argumentu faltaz akaso?