Euskalduntze prozesuan estrategia berrien atarian

Euskalduntze prozesuan estrategia berrien atarian –

Mikel Irastorza Artolak KAZETAn.


Azken hilabeteetan euskarak Ipar Euskal Herrian egituraz pairatzen duen egoeraren ondorioak argiki azaleratu dira, oso bereziki irakaskuntzaren arloan. Frantziar Kontseilu Konstituzionalak murgiltze sistemaren hedapena galarazteko hartu erabakia onartezina bada, hori bezain jasangaitza da baxoa edo brebeta frantsesez egin behar duten euskal ikasleen egoera. Adibide mingarri batzuk baizik ez dira euskal hiztunen komunitatea %20 ingurukoa den lurralde honetan. Finean koadro legalik gabe segitzen du euskarak, ofizialtasunik gabe, frantsesa hizkuntza bakartzat hartzen duen estatu baten esanetara bizirauten.

Euskalduntze prozesuan estrategia berrien atarian
Arg: Guillaume FAUVEAU (NAIZ)

Hizkuntza ordezkapen eta asimilazio prozesu luzeak etenik izan ez badu ere, zenbait gauza aldatu dira Ipar Euskal Herrian. Duela ez hainbeste euskararekiko kontrakotasuna nabarmen hedatuagoa zegoen gizarte sektore zabaletan, eta zer esanik ez, arlo politiko zein instituzionalean. Euskararen defentsa abertzaleen eta euskaltzale suharrenen kezka zen batez ere.

Egun, urteetako lan horri esker, beste egoera batean gaude. Murgiltze sistemaren defentsak ikastolak gainditzen ditu, eskola publiko zein pribatuetako komunitateek ere bere egin baitute belaunaldi berriei euskara transmititzeko funtsezkoa den xedea. Sare ezberdinetako eragileak elkarrekin mobilizatzen ikustera ohitu gara azken aldian, baina ez da horrenbeste denbora pasa bakoitza berean zebilenetik. Berdin esan daiteke arlo politiko eta instituzionalari buruz. Jada ez dira soilik abertzaleak euskara haien agendan dutenak. Azken egunotan ikusi bezala, kontrakotasunean izan diren sektore politikoetako egungo ordezkari ainitz herri eragileekin batera ikusi ditugu karrikan eta baita instituzio ezberdinetan ekinbideak aitzina eramaten ere.

Ipar Euskal Herrian aski osagai dago euskalduntzean beste fase bat indar berriekin bultzatzeko

Zalantza askorik gabe, abertzaleak eta euskaltzale konbentzituenak izanen dira geroan ere Euskal Herriaren euskalduntze prozesuaren motorra, baina beste fase baten aitzinean egon gaitezke herri ikuspegitik adostasun berriak eta ekinbide bateratuak garatzeko. Izan ere, zenbait aldarrikapenen espantsio garai bat bizi dugu. Estatua ez da aldatu, bai haatik parean den Euskal Herria. Euskara «barne» konfrontaziorako gaia izan da Ipar Euskal Herrian, baina emeki, Estatuarekiko konfrontazio elementu zentral bilakatzen ari da. Maiatzaren 29an murgiltze ereduaren alde Baionan iragan manifestazioa horren isla izan daiteke.

Aipamena merezi dute herriko etxeetan azken hilabeteetan bideratzen hasiak diren hainbat proiektuk. Frantziar alderdietako tokiko ordezkariak euskaldunon hizkuntz eskubideen bermea xedetzat hartuko duten egitasmoen alde engaiatzen ikusi ditugu gizartearen aitzinean, Hendaian kasu. Urte batzuk gibelera eginez gero, pentsaezina litzateke.

Ipar Euskal Herrian zerbait mugitzen ari da eta horrek estrategiak berpentsatzea galdegingo du seguruenik, euskara normalizatzeko helburuan aitzinamendu kuantitatibo eta kualitatiboak eman nahi badira. Frantziar Estatutik heldu diren erasoek blokeo egoerak inposatzen dituzte, ez soilik murgiltze sistemaren hedapenerako, hizkuntza politika ausart eta eraginkor bati buruz baizik. Egun misio hori bete behar duen Euskararen Erakunde Publikoaren jarduera bera baldintzaturik dago, legeek eta Parisen hartzen diren erabakiek kateaturik.

Azken asteetan blokeo horiek salatzeko eta lorpen berriak eskuratzeko desobedientzia ekimen irudimentsuak eta azkarrak ikusi ditugu, Seaskako ikasleak azterketak euskaraz eginez eta irakasleak frantsesezko azterketak zuzentzeari uko eginez, esaterako. Ez dira bakarrak izan, Idauze-Mendi, Ortzaize, Larraine eta Aiherrako eskoletan ere okupazioak izan baitira buraso, irakasle eta tokiko hautetsien eskutik. Euskarak ez du lege koadro egokirik ez ofizialtasunik normalizazio prozesuan aitzinamendu sendoak egiteko. Alta, Ipar Euskal Herrian aski osagai dago euskalduntzean beste fase bat indar berriekin bultzatzeko.

Euskalduntze prozesuan estrategia berrien atarian Euskalduntze prozesuan estrategia berrien atarian

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.