Euskalduntasun etnikoaren adibide bat

Euskalduntasun etnikoaren adibide bat –

Joxe Manuel Odriozolak orain, euskara erregistroez eta bestez, Tolosaldeko Atarian.

Euskaldun izateko moduak eta moduak daude, eta modu horietan makurrena, beharbada, euskal identitate etnikoaren mende bizitzea da. Aurreko artikuluan euskaldunon ahalduntzeaz jardun genuen, gure autoestimua eta duintasuna garatzeko hobe beharrez-edo. Oraingoan, doi-doi, alderantzizko jokamoldeaz jardungo dugu: alegia, zaurgarriago, hauskorrago, mendekoago… egiten gaituen euskal mentalitate etnikoaz.

Artikulu honen irakurleak ondo asko dakienez, Iñigo Martinez futbolariak Reala utzi eta Bilboko Athletic-era joateko erabakiaren harira agiri labur bat argitaratu zuen. Testua bi hizkuntzetan idatzia zegoen: euskaraz eta espainieraz. Euskarazkoa Ondarroako hizkera etniko lokalean idatzia zegoen, eta espainierazkoa, berriz, erregistro estandar nazionalean. Ikus dezagun euskarazkoa, gure iritzia eman aurretik.

«Agur bat ez da inoix erreza ixaten eta gitxiaua egoera honetan. Pertsonalmente etxi gustakoazten baine ez da ixan posibli. ESKERRAK emoteko idazteot. 13 urteaz aia nintxan errealea, ta entrenadore, langile eta launei esker hazi naz pertsona ta futbolista moure. Eskerrik asko bixotzetik. Nire peñakuai batez be ESKERRAK, niaz momento on ta txarretan eotearren. Zuek, afizionauk, zeuek zaze real soziedad-i Nitzat on reto barri bat hasten da, baina nire partetik lasai nu, realeko nikixe jantzioten bakoitxin dana emon dotelako, beti neure onena ata nahixan. Beti erungo zatxuet neuaz».

Hementxe daukagu euskalduntasun etnikoaren eredu patetiko bat. José Mª Sánchez Carrión Txepetxek dioenez, «partikulartasuna du ezaugarri hizkuntza etnikoak, eta bere izaera etniko horren ondorioz partikulartasun horretan bizi direnen etxeko hizkuntza izan ohi da [mintzaira etnikoa]». Espainieraren estandar nazionala erabili du Iñigo Martinezek iritzia plazaratzeko, eta euskararen izaera partikular etnikoa ageri zaigu euskarazkoan. Hizkuntza nazionalaren kategoria eta erabilera eman dio espainierari; hizkuntza etniko informal baten tratamendua euskarari, euskaldunok geure hizkuntza estandar baturik ez bagenu bezala. Espainiera hizkuntza nazionala da; euskara, hizkuntza etniko lokal arlote bat.

Euskalduntasun etnikoaren adibide batDakigunez, euskaldun etnikoaren identitatea espainieratik eta espainieraz eraikia dago, espainiera du kultura, pentsamendu eta nazio hizkuntza, eta euskara bere izaera espainol hori «aberastera» datorren apaingarri etnokurala da. Halakoak euskalduntasuna ez du bere nortasunaren eta kulturaren enborra, erdalduntasunaren enbor espainola «aberasten» duen ñabardura bitxi partikularra baizik. Hori bai, euskara asko maite du euskaldun etnikoak, hizkuntza kuttuna duela esango dizu, baina, erne!, bizitza soziala duingarria egiteko erdarara jotzen du euskal kontzientziaren arrastorik gabe.

Klaus Zimmermann-en arabera «identitatearen zaurgarritasuna da funtsezko auzia hiztunen autoestimua kolokan dagoenean». Euskaldunak, euskalduntasuna duintzat daukan euskaldunak, hots, autoestimu eta izaera euskaldunarekin bat egiten duenak, sekula ez luke futbolari ondarroarrak egin duena egingo. Ez luke euskaldunon nazio hizkuntza eta kultura modu zabar horretan plazara aterako. Euskalduntasuna edo euskal identitatea gutxietsi eta erdalduntasuna handiesten duenak jokatzen du horrela. Hizkuntza bat, kultura bat, nazio bat, beste hizkuntza, kultura eta nazio baten mende egotea onartzen duen mentalitate etniko kolonizatuak, alegia.

Federiko Krutwigen iritzira, euskaldun etnikoa «euskalduna izango da, baina aldi berean bere komunitatea zapaltzen duen Estatuaren mirabe da». Euskaldun etnikoaren jokabidea ez da euskaldun zaharren jokabidea bakarrik, berriena ere bada, baina Krutwigen aipu horretan kritikatzen direnak euskaldun zaharrak dira. Ideologia nazionalistari dagokionez, ñabardurak ñabardura, euskaldun espainolista eta frantsestu guztiak dira euskaldun etnikoak, eta abertzale asko eta asko ere bai. Funtsezkoak diren idatzizko eta ahozko funtzio komunikatiboetan espainiera lehenetsi eta euskara gutxiesten dutenak dira, oro har, nazio menderatzailearen mirabe etnikoak.

Euskaldunok guztiz autokritikoak izan behar genuke hizkuntza kontu hauetan, geure identitate-ezaugarri nagusia eta baliotsuena euskalduntasuna dugulako.

Euskalduntasun etnikoaren adibide bat Euskalduntasun etnikoaren adibide bat Euskalduntasun etnikoaren adibide bat

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

9 pentsamendu “Euskalduntasun etnikoaren adibide bat”-ri buruz

  • Euskalduntasun etnikoaren adibideak etengabekoak ETB1ean.
    Preziatzen den partaide oro bere bazter-txokotxoko hizkera egiten aurkituko duzu beti. Onintza izeneko batengandik hasita azken morroiarenganaino, guztiek behar dute beren zigilua markatuta utzi.
    Bide onetik goaz!

  • Oro har bat etorrita ere, iruditzen zait bizkaitarak jartzen ditugula jopuntuan gehienetan “etnikotasuna” salatzean. “Ia ez dago” ba, gipuzkeraz jarduten duen esatari, kazetari edota kirolaririk…

    • Zure iruzkinetik bakarrik entelega daiteki bi euskaldun multzo direla, hau da, bizkaitarrak eta giputzak. Horrek ere badu asko etnikotik.

    • Zure iruzkinetik bakarrik entelega daiteke bi euskaldun multzo direla, hau da, bizkaitarrak eta giputzak. Horrek ere badu asko etnikotik.

  • Azken portu 2018-03-04 08:32

    Argiago ezin azaldu. Gaia ongi zentratu du Odriozolak hitz gutxitan.
    Jende askok arazoa modu honetan ez ikustea gure trajedia nazionalaren froga baino ez da.

  • Eta ez da euskalduntasun etnikoaren arazora bakarrik mugatzen gure patua.
    Erreferentzia guztiak ditugu espainolak, bete.betean espainolak.
    Adibide bat?
    Gaur, igandea (2018.03.04), arratsaldeko seiak bi minutu gutxi direnean, GAZTEA irrati publikoa dirudien horretan, Malen Ruiz de Azua, pretika txapeldunari elkarrizketa egiten ari zaion tipo ergelak hara non tartekatzen duen euskara hutsezko zirudien elkarrizketaren hasieran bertan, gaztelania perfektuan, “aprovechando que el Pisuerga pasa por Valladolid” esamoldea.
    Ez zaio nonbait baliagarri iruditzen “Bidasoa Doneztebetik igaro dela baliatuz” estilokoren bat. Espainia sakrosantura jo behar da beti eta ezinbertzean.
    Bide onetik goaz!

    • Euskaldun peto askok ez dakite horrelako esamoldeak edo hitzak euskaraz erabiltzen eta erdarazko formak erabili edo zuzenean itzultzen dituzte. Horietako askok gero euskara batua horrelako hizkuntza-hutsuneak betetzeko erabili ordez bere ustezko jatorkeriaren izenean hizkuntza normatiboa plastikozkoa dela esaten dutenak dira.

      • zaccarias beltza 2018-03-04 21:54

        Hona hemen diozunaren adibide bat

        -“Hiii, Jaxintooo! Aprobetxando quel pisuerga va por Valladoli, gaur kriston zaardo pilla ean biayau”
        – Bai gizonaaa. Hoixe pentzatzen ai nitxuan!”
        – bai bai, bazekitt : las kabras tiran pal monte”
        – Hoi dek arrazoia.

  • ganbaratxotik 2018-03-05 18:23

    Bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta ezin ahaztu Franco-ren alde, egin zuten euskaldun elebakar Espainiarzaleak. Erreketerik gabe larri ibiliko ziren Irun eta mugako igarobidea hartzeko garaian.

    Edozelan ere, Karlismoaren sorburuak ere baditu hamaika azalpen sakonagorik elizaren interesak, Foruen desagertzea edota Espainiako monarkiaren barneko gatazketatik haratago. Agustin Xaho-k arrakasta gehixeago izan balu mende bat lehenago, agian etnikotasuna euskalduntasunetik hurbilago zatekeen gaur egun, Sabino beranduegi etorri bait zen.