Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzea helburu duen jardunaldia

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzea helburu duen jardunaldia –

“Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi. Kulturan bizi” jardunaldia antolatu dute elkarlanean JALGIk, ELKAR Fundazioak, Ikaselkarrek, HIK HASIk, Azpeitiko Udalak eta UEUk, ziklo baten hasiera izateko asmoarekin. Urriaren 19an Azpeitian egingo den topagune honek egungo kultur bitartekaritza hartuko du hizpide, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea helburu duelarik. Lehen jardunaldi honetan hezkuntza arautuan jarriko dute arreta. Izena emateko epea zabalik dago: www.ueu.eus

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzea helburu duen jardunaldia“Euskal sortzaileok kulturzaleak behar ditugu, hori da guk eta beraz, gure kulturgintzak duen premiarik handiena”. Kulturgintzarekiko zaletasuna sortu, erein, piztu egin behar dela azpimarratu dute antolatzaileek: “Inor ez da sortzaile bihurtzen lehenago zale izan gabe. Sortzaile izateko, lehenik hartzaile izan behar da. Eta euskaraz sortzeko grina euskal kulturgintzaren historia eta gaur egungo errealitatea erakutsiz piztu daiteke, egun itzalita baitago. Gaur egun, euskal herritar batek, kultura ingeles, frantses eta espainoleko edukiak jasotzen ditu etengabe eta inolako ahaleginik egin gabe. Euskal kulturgintzari buruzko erreferentziak, ostera, ez. Euskal sortzaileok eta gure lanak ezezagunak dira euskal herritarren gehiengoarentzat, 2018ko ikerketek frogatu dutenez”.

Lehen jardunaldi honetan hezkuntza arautua izango da protagonista, eragile hauen ustez bertan ez baitago euskal kulturgintzaren transmisioa bermatua: “Ipar Euskal Herrian hezkuntza-dekretuetan ez da euskal kulturaren inguruko aipamenik, jakina denez; baina izan badira eskoletan kultur transmisiorako oso ekimen berritzaileak. Nafarroan euskal kultura zehar-lerro ez bada ere, kulturak badu leku garrantzitsua dekretuan; eta euskaraz ikasten dutenen kasuan, baita literaturak ere. EAEko dekretuak, aldiz, euskal kultura zehar-lerro izan behar duela dio, baina ez zaio horri inolako jarraipenik egin; eta zehar-lerro hori egituratzeko eta garatzeko baliabiderik ez da jarri. Ondorioz, leku gehienetan irakasleen borondatearen araberakoa izan ohi da kultur trebakuntza hori”.

Jardunaldi honek elkargune bat izan nahi du, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa eta eragin gunea bilakatzeko helburua duena. Hori dela eta, antolatzaileek euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan interesa edo kezka duten guztiak gonbidatu dituzte plaza honetan parte hartzera. Eta modu berezian dei egiten diete hezkuntza arloko profesionalei, hezkuntza zein kultur arloko ikertzaileei, kultur arloko sortzaileei eta kulturaren transmisioan lan egiten duten profesionalei jardunaldian parte hartu dezaten. Matrikula zabalik dago www.ueu.eus webgunean.

Ikusi egitaraua

 

UEU

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa sendotzea helburu duen jardunaldia
UEU

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude