Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak

Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak –

Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuak dio Euskaraldia “tresna ezinbestekoa” dela euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko, euskararen erabileraren eta normalizazioaren ikuspegitik une kritiko bat dela, baina estrategikoa ere izan daitekeela, eta garrantzi berezia hartzen duela euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko gaitasuna duten pertsonek osatzen dute komunitatea trinkotzeak.

Eta bai, arrazoi du. Alabaina, une kritiko / estrategiko honetan gaudela, ez da ulertzen zergatik ez duen Eusko Jaurlaritzak askoz ahalegin handiagoa egiten, eta zergatik uzten duen erabileraren ardura hiztunen borondatearen eta grinaren lepo erabat. Horixe baita Euskaraldia: borondate erakustaldi erraldoia, euskaraz jarduteko baldintza gero eta zailagoetan, herritar euskaltzaleen egun batzuetako ariketa saiatua, haize kontra gehienetan.

Euskaraldiak albo kalterik bai? idatzian Pako Sudupek aipatu bezala, “Gobernu autonomikoak askoz gehiago egin dezake… Justizian, Osakidetzan, Ertzaintzan… eta euskararen normalizaziorako hain garrantzizkoa den EITBri gagozkiola, oraindik orain izendatu dute zuzendari pertsona bat euskaraz (ondo) moldatzen ez dena. Zergatik jazotzen dira gurean Espainian eta Frantzian pentsaezinak eta guztiz onartezinak izango liratekeen gertakariak? Zenbat egiten da euskaraz Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan, udaletan? Eta zenbat gehiago egin dezakete politikariek euren praktikarekin etsenplu emanez? Askoz errazagoa da, noski, hamabost eguneko epean itxura egin, edo gehixeago erabili, onenean, eta handik hamabost egunera betikora itzultzea”.

Bide beretik ekin dio Karlos Gorrindok ere Itxurakeria eta plantak iruzkinean “Euskaraldiarekin inoizkorik presentzia handiena erakutsi nahi izan dute erakundeek. Oso ekimen erosoa da, erdaltzaleei molestatzen ez diena… Plantak baino ez dira, ordea, erakunde nagusietatik euskararen inguruan egiten dituztenak. Egiten dutena baino askoz gehiago egin dezaketelako eta egin beharko luketelako. Esaterako, euskarak, eskubide hutsa izatera mugatu barik, gaztelaniak duen balio legal bera izan dezan galdegitea. Zertan da Euskararen erabilera normalizatzeko Legea, berrogei urte dituena (1982)? Zer da normalizazioa, ez bada gaztelania / frantsesa bezala euskara ere nonahi erabili ahal izatea?”. Suduperen hitzei helduz berriro, “baldin eta Euskaraldiak aitzakia bezala funtzionatuko balu politika ausartagoak ez hartzeko eta politikariek beren ardurak hobeki ez betetzeko, zinez, albo-kalte larria izango litzateke. Aitzitik, politikariak zirikatzeko balioko balu… azkenaldian izan dugun euskararen aldeko dinamika eraginkorrena bilakatuko litzateke”.

Euskararen erabileraren normalizazioan, EAJ-PSOEren Jaurlaritzak erantzunkizun zuzena dauka. Ezin dute ardura hori besterendu eta herritarron gain utzi beti, batez ere, Estatuaren politikek bai baina bertoko Administrazioenak ere bai, eragin zuzena dutelako herritarron hizkuntz jokabidean, bereziki euskaraz jardun ahal izateko baldintzak bermatzeko eta euskara prestigiatzeko garaian.

Jaurlaritzak ETB-1 ia hiltzen utzi badu eta baliabideak ETB-2 erdaldunera bideratzen baditu; euskalduntzen ez duen hezkuntza-eredu hirueledunaren alde egiten badu; Lanbide Heziketako eskaintzaren %70 A eredukoa bada; Erakunde Publikoetan sailburu, zuzendari eta bestelako arduradun askok euskaraz EZ badakite oraindik ere… alferrikakoak dira Euskaraldia, Korrika eta Herri-urrats guztiak. Jaurlaritzak Euskaraldia sustatzeko borondate zintzoa balu, aipatutako hutsuneak osatzeari helduko lioke astirik galdu barik.

Hizkuntz politika eta baliabide duinak dira ezinbestekoak. Euskal hiztunen komunitatearen trinkotzea ondoren etorriko da, Sailburu jauna.

Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak

ELAkide euskaltzalea (eta abar).

7 pentsamendu “Euskal komunitatea trinkotzeko tresna ezinbestekoak”-ri buruz

  • Hasieratik hasita, nik bai uste dudala Euskaraldiak balio lezakeeik euskal hiztungoa suspertzeko. Baina bere neurrian eta ahalean, mirakulurik gabe. Bai eman didala atentzioa adibidez Jaurlaritzan eta bere erakunde satelite guztietan ariguneak 161 besterik ez izatea, horietatik 22 kanporako. Harrigarri pobrea, jendeak bizkar eman die. Horren ardura politikoa eta ardura teknikoa dutenak aztertu beharko arrazoia. Badirudi batzuen espezialitatea tresna eraginkorrak direnak, kaka zahar bihurtzea dela. Lehenengo ere ikusita gaude hori, adibidez, hizkuntz politikako sailordetzan bertan, enpresen esparrian. Hasiak dira eaeko gainerako administrazioak lehen kopuruak plazaratzen, eta Jaurlaritzak, bere erakunde guztiekin, ez du pase bat bera aguantatzen. Inkapazitate nabarmena langileekin, jendearekin konektatzeko

  • Egun on! Aipatzen dituzun satelite horietako batean egiten dut lan eta arigune ez izatea ERABAKI dugu, guk, langileok. Eta azalpena erraza da: ariguneak ohitura aldaketa erraztea du helburu, baina, gure kasuan, euskara dugu lan-hizkuntza eta euskaraz egiten dugu lan; ez dugu nahi ohiturarik aldatu. Beraz, ariguneak izatea ondo dago, baina ariguneak ez diren euskarazko espazioak gutxietsi gabe, mesedez.

  • Jaurlaritzari kritika egin behar zaio, noski, baina haien utzikeriak ez dadila gure nagikeriarentzako aitzakia izan. Nik euskaralidia 365 eguneko esperimentua bilakatuko nuke, borondaterik bada, instituzio edo instituzio gabe, horiek zaborretara botako bainituzke behin baino gehiagotan. Herritarrek hartu behar dugu lidergoa, ez goitik apurren bat ematen digutenen zain egon, esan bezala, borondaterik bada…

  • Lidergoa herritar euskaltzaleok hartu beharko dugu ezinbestean, euskara guztiz urtu dadin nahi ez badugu. Euskaldunak ez gara alderdi abertzaleentzat lehentasun (EAJrentzat EHBildurentzat baino are gutxiago), eta alderdi unionistetatik badakigu zer datorkigun, bazterkeria eta debekua.
    EAJ gero eta lotsagabeago ari zaigu esaten “gizartearen” ardura eta erabakia direla euskararen erabileraren gainekoak. Eusko Jaurlaritza gabe, ONUren begiraleak dirudite.
    Horra, adibidez, Argiaren azken alean Hizkuntza Politikarako Sailburuordearen hitzok:
    “Gizartea lo ikusten dut. Batzuk protestaka ari dira esanez ez dugula ezer egiten eta beste batzuek diote euskararena lortuta dagoela. Ez, ez, borroka hau maratoia da. Gizarteak jakina daukala erantzukizuna, gizarteak erabaki behar du hizkuntza gutxitu batean bizi nahi duen ala ez. Eta erantzukizuna konpartitua da. Guk lau urtean behin azterketa daukagu”.
    Inork ez du hizkuntza gutxiagotu batean bizi nahi, sailburuorde andrea.
    Hizkuntza normalizatu eta noranahiko batean bizi nahi dugu, beste edozein herri osasuntsuk bezala.
    Galdera da ea Eusko Jaurlaritza prest ote dagoen euskararen berreskurapenaren eta normalizazioaren alde egin beharrekoak egiteko. Itxura batean ez…

  • Laster, oraindik ere sumatzen ditugun kontraesanak edo desegokitzapenak ez dira sumatuko. Zer da euskalduna? 1. Gehienek esango dute EAEko herritartasun administratiboa duena. 2. Beste gutxiago batzuek esango dute euskaraz, hots, gure hizkuntza gutxituan, B2 maila edo baduena, eta gaztelaniaz, hots, gure hizkuntza hegemonikoan, hobeki moldatzen dena, euskara eta gaztelania geureak ditugunez gero, eta, azkenik, 3. Pertsona arraro eta estrainio batzuk geldituko gara zazpi euskal lurraldeetako zeinahi zokotan euskaldunaren betiko definizioari eutsi nahiko diogunak: euskaldunak dira euskaraz ongi samar dakitenak eta euskaraz bizi nahi dutenak Euskal Herrian bitxiak eta frikiak direla eman gabe.

  • Baliteke… Eragile politikoen (alderdi, sindikatu eta beste) ekimenaren arabera. Alderdi abertzaleek rejionalismoan, kosmopaletismoan eta anizkerian sakontzen jarraitzen badute, orduan bai, zalantzarik gabe.

  • Lukas: fenomeno orduan. Lana euskaraz egiten baduzue, zure erakundeak urtero hizkuntz politikako sailordetzakoekin, – arduradun teknikoekin behintzat,- egiten duen bileran, zuk diozun arrazoi horren berri eman diezaieke zuzen zuzenean lehen eskutik. Oso posible da EITBko albistegietan, edota Euskaltzaindiiako mintegietan agertzeko aukera ematea zuei

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude