Euskal baleak ikustera ere, españolez

Euskal baleak ikustera ere, españolez

Nafarroan, dela UPN-PP-PSOEren politika erasokorragarentik, dela alderdi abertzaleen arduragabekeria eta ezgaitasun agerikoengatik, euskarazko kultur, kirol, aisialdi (eta beste alor ia guztietako) eskaintza oso-oso urria da. Ez dago erraza gurean euskaraz gozatzeko aukerak harrapatzea. Ezta “eremu euskaldun” edo erreserba ustez baskofonoetan ere.

Horregatik, (Oh!) Euzkadira begira jartzen gara sarri, paradisu foraleko muga zeharkatu, eta are paradisuagoa den Euzkadiko lur amestuotan murgiltzeko prest, bertako hizkuntz politika aurreratuez gozatu ahal izateko, tarteka-marteka.

Euskal baleak ikustera ere, españolezEuskadiko Biodibertsitate Zentroak, Torre Madariaga izeneko eraikinean du aterpe, ikurriña mardula atarian. Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren menpeko erakunde batek kudeatzen du. EAEko eragile guztiak mugiaraztea eta ingurumena hobetzeko lan egitea omen du xede, bezeroak eta abar “gogobetetzearren” eta “gizarte erantzukizun konpromiso sendoa” hartuta. Hitzez hitz.

Torre Madariagak, AMBAR enpresaren bitartez, zetazeoak behatzera joateko irteerak antolatzen ditu. Helburua, gure kostaldean (Navarra marítima) dabiltzan zetazeoak behatzea eta baleen kontserbazioak duen garrantziaz kontzientziatzea ei da.

Horren berri izan bezain laster, erreinuko mugak berriz ere zeharkatzeko espedizioa antolatzeari ekin genion, erreserba “baskofono” zeharo erdaldundu honetako guraso eta haur saldo batek, euskal baleak behingoz ikusteko grinak jota. Ia etenik gabe espainieraz bizi diren gure haurrak, euskarazko abentura kutsuko txango eder batera eramateko aukera antzematen genuen. Behingoagatik, ikastolako jardun lehorretik barik, euskara jarduera kitzikagarri bati lotuta jasotzeko abagunea. Horrelako aukera bati ezin ihes egiten utzi!

Lehen lehenik, erreinuarteko telefono deia egin genuen, poziktibityz blai:
– Torre Madariaga? Aizue, baleak ikustera joan nahi genuke. Lekurik bai?
– Bai, noski. Zenbat izango zarete, eta abar, eta abar…?
– Hamar bat lagun, oraingoz. Eta, aizue, txangook euskaraz ere badira, ezta? Euzkadi ez da Nafarroa…
– Euskaraz? Ez, ez, izan ere, AMBAR elkartea da txangoak kudeatzen dituena, eta kide gehienek ez dakite euskaraz.
– Baina… antolatzailea ez da ba Euskadiko Biodibertsitate Zentroa? Ingurumen Saila? Eusko Jaurlaritza?… Nafarroa atzeratuan bale, baina, Euzkadi aurreratuan ere horrela?
– Tut-tut-tut-tut….

Dirudienez, bezeroak eta abar gogobetetzeko helburua, erdaldunei mugatuta dago.
Antza denez, mugiarazi beharreko eragileen artean, ez dituzte euskaldunak aintzat hartzen. Itxuraz, “Gizarte erantzukizun konpromiso sendotik” kanpo geratu gara euskaldunak beste behin ere.

Gero eta zailagoa bilakatu zaigu haurrei azaltzea zertarako euskaraz eskolatu, zergatik euskaraz egin, gozatzeko aukera gehien-gehienak espainiera hutsez dauzkatelarik.

Behinola esan ziguten euskal balea desagerrarazi genuela gure kostaldetik duela asko. Euskaldunak ere, bale horien bidean ez ote goaz, “hizkuntza politika atzeratudun” Nafarroan ezezik, Euzkadi guztiz “aurreratuan” ere?

Eusko Jaurlaritzak, HPS-k, Ingurumen Sailak, Ihobek, Madariagak edo dena delakoak zeozer egin behar luke, ezta? Iparaldeko eta ekialdeko euskaldunengatik ez bada, euzkotarrengatik, sikiera.

Euskal baleak ikustera ere, españolez

11 pentsamendu “Euskal baleak ikustera ere, españolez”-ri buruz

  • Euskaldun bat 2015-07-01 11:27

    Testu honetan ere “española” erabiltzen eta azkenaldian geroz eta gehiago irakurtzen dut eta entzuten dut. “Española” ez da ordea hizkuntza bat jaunak! Existitzen ez den kontzeptua da baina jendeak horrela erabiltzen jarraitzen badu, erabileraren erabileraz existentzia ematen ari gara (Elhuyar-en agertzen da dagoeneko). “Gaztelania” da hizkuntzaren izena, “Castellano”, Espainiako konstituzioan agertzen den moduan. Tripa jaten zeuden batzuk konstituzioan “Castellano” agertzen delako baina lasai egoteko moduan dira martxa honetan. Jarraitu, jarraitu “espainiera” edo “española” erabiltzen… beste batzuen gozamenerako ondo ari gara. Konstituzioa bera baino espainiarragoak gara.

  • Española eta gaztelania sinonimoak dira. Abertzale askori min ematen dio “españolez” mintzo dela aitortzea, eta nahiago izaten dute “gaztelaniaz” ari direla esan, aringarri gisa, hizkuntza beraren bi izen diren arren.
    Zenbait españolek beste arrazoi batengatik dute nahiago “gaztelania” adiera:
    No obstante, uno de los puntos más controvertidos guarda relación con el hecho de que la Constitución Española establezca el castellano como lengua oficial de España, obviando cualquier otra designación. «Es una mera diferencia forma e incluso política, de respeto entre las lenguas de España. Decir en la Constitución que el idioma oficial es el español supondría que las otras lenguas no lo serían. Se guarda el vocablo original del dialecto del latín, el castellano, y se respeta a las otras lenguas y dialectos» (Fernando Plans).

  • Españolak ez garela aldarrikatzeko “españolez” erabili beharko genuke.
    Hiztegien “Ikerketa” hau @artaburuen -i ikusi nion:
    Españolek okupaturiko herrietan española ez da española, castellano (gaztelera) baizik. Orain atera kontuak…
    English
    https://twitter.com/artaburuen/status/573600677445959682
    Français
    https://twitter.com/artaburuen/status/573605457710940161
    Deutshc
    https://twitter.com/artaburuen/status/573606250711224320
    Chino
    https://twitter.com/artaburuen/status/573606616722993152
    Euskara
    https://twitter.com/artaburuen/status/573600496981835776
    Galego
    https://twitter.com/artaburuen/status/573607385501155332
    Catalá
    https://twitter.com/artaburuen/status/573606995816808448

  • Euskaldun bat 2015-07-03 13:34

    Kontua ez da bata bestea baino aringarriagoa den ala ez, kontua egiari aitormen egitea da. Gaztelak Nafarroako Erresuma indarrez hartu zuen eta gaztelania inposatu zuen. “Gaztelania” izenak agerian uzten duenez kolonizazioa, hori ezkutatu nahian eta “hemen inoiz ez zen indarkeriarik izan, jaungoikoak berak mundua sortzearekin batera sortu zuen Espainia” esanez, “español” hizkuntza asmatu dute. Kanadan Chipewyan, Cree, Gwich’in, Inuinnaqtun, Inuktitut, Inuvialuktun North Slavey, South Slavey, T???ch? (eta gehiago) hizkuntzak eta ingelesa eta frantsesa hitz egiten dira. Lotsa gutxirekin, ingelesa eta frantsesa dira hizkuntza ofizial bakarrak. Kanadan jendeak beti jakingo du ordea ingelesa eta frantsesa kolonoen hizkuntzak direla. Inori ez zaio bururatu han historia ezkutatzeko ingelesa edo frantsesari “Kanadiera” deitzen hastea. Beno… ba hemen onartu egiten dugu. Argudio honetan, gure lurraldea Espainian kokatzen dela esan dezake norbaitek eta beraz finean, ezer askorik ez dela aldatzen. Bai, izan liteke… baina nik nahiago dut etorkizuneko belaunaldiek historia ez ahaztea. Euskal Herritarren artean zenbatek ezagutzen dute Nafarroako Erresumaren historia eta bilakaera? Oso gutxik, Nafarroara joan direnean “Reyno de Navarra tierra de diversidad” kartel batean irakurri badute, horixe bakarrik. Nafarroako Erresumari buruz hitz egiten hasi eta ezagutza faltagatik aurpegi arraroak jarri dizkidaten euskaldunak gehiengoak izan dira.

  • Nik uste dut ‘espainiera deitu behar diogula:
    1. arrazoia: gorago aipatu den bezala, espainieraz mintzo diren abertzaleentzat aringarri bat da ‘gaztelaniaz’ egiten dutela esatea, haiek ez bailukete sekula santan espainieraz egingo. ‘Espainiera’ eufemismo bat da, menpekotasuna ageriago uzten baitu. Eta historiakeriak alde batera utzita, onartu beharra daukagu gaur egun ez garela Gaztelaren menpe dauden nafarrak, Espainiaren menpe gauden euskaldunak baizik.
    2. arrazoia: ez nekien Espainiarren konstituzioaren kontu hori, baina arrazoi bat gehiago haien hizkuntzari ‘espainiera’ deitzeko. Noski, pentsatuko dute Zuberoa, Lapurdi eta Baxenafarroako euskaldunak ere espainieraz ari direla.
    3. arrazoia: Espainiaren menpe ez dauden herri guzti-guztiek ‘espainiera’ deitzen diote hizkuntza horri (espagnol, spanish…). Joka dezagun geuk ere berdin.

  • Euskaldun bat 2015-07-03 21:16

    Hemen sortu den eztabaida hau interesgarria benetan. “Espainiera” edo “Española” erabiltzearen aldekoen argudioa ulertzen dut. Baina bitxia da, oso bitxia, espainiar nazionalistak eta euskal abertzaleak zerbaitetan ados egotea. Wikipedian (https://es.wikipedia.org/wiki/Pol%C3%A9mica_en_torno_a_espa%C3%B1ol_o_castellano) aurkitu dudana honako hau:

    Dentro del Reino de España, algunos sectores nacionalistas o separatistas han preferido el término castellano por entender que todas las lenguas de España son autóctonas concretos territorios que son subparte del territorio español. Sin embargo, en los últimos tiempos puede percibirse también una tendencia a utilizar el término español por parte de estos sectores, para reforzar la idea de que territorios como Cataluña, País Vasco, Comunidad Valenciana o Galicia no formarían parte de España (en el sentido de nación española). En contraposición, los sectores españolistas, defienden mayoritariamente el término español para señalar la preeminencia o naturalidad de describir a la lengua común de los españoles.

    Espainiako konstituzioan “Castellano” agertze hutsagatik espainiar nazionalistak kixkaltzen daudela somatu ditut betidanik. Ez dute entzun ere egin nahi. Wikipediako artikulu berean idatzitakoa ere aipagarria da:

    Las Constituciones de los países hispanoamericanos donde el castellano/español es lengua oficial o cooficial siguen esta distribución denominativa:

    Castellano en 7 países con una suma de 140 millones de habitantes: Bolivia, Colombia, Ecuador, El Salvador, Paraguay, Perú y Venezuela.

    Español en 8 países con una suma de 60 millones de habitantes: Cuba, Guatemala, Honduras, Nicaragua, Costa Rica, Panamá, República Dominicana y Puerto Rico.

    No hay mención alguna de la lengua oficial en las Constituciones de Argentina, Chile, México y Uruguay (Los 4 suman 180 millones de habitantes).

    • amonamantangorri 2015-07-06 20:30

      Castellano, gaztelania eta español, espainiera, esan-nahi berberekoak dira. Hegoaldeko euskaldunok “erdara” eta zenbait herritan “kastillano” deitzen duguna, alegia.

      Hizkuntza hori atzerriko hizkuntza dela dioenak igual liburu gehixeago irakurri behar lituzke, eta jende heldua ez molestatu, faborez.

      • Euskaldun bat 2015-07-07 12:06

        Zuzen zabiltz. Orain dela urte asko hizkuntza hori atzerriko hizkuntza zen baina urte luzez kolonizazioa jasan ondoren, geurea egin dugu eta zenbaitentzat, euskara bera arrotzagoa eta atzerritarragoa da. Zergatik uste duzu ba jendeak lehenengo hitza euskaraz hitz egiteko hainbestesteko eragozpenak dituela? Baina okerrena ez da hori, okerrena da historiako liburu guztiak irakurriagatik ere ez garela kontsideratzen kolonizatuta gaudenik. Azal zuriko Amerikako Estatu Batuarrei kolonoak direla esatea bezala izango litzatege gutxi gorabehera, esaiezu kolonoak direla, ea zer erantzuten dizuten.

        • amonamantangorri 2015-07-07 13:27

          Ez al dizut esan ba, ergelkeriak esaten segitu baino lehen gaiari buruz liburu edo artikulu zenbait irakurtzeko!

          • Euskaldun bat 2015-07-07 16:29

            Besteari ergela deituz eztabaidak zirt-zart amaitzeko gogoa izaten duen erudito asko dago gure herrian baina euskaldunak asto-makilduak bezala jarrita gaude horretara ere, entrenatuta gaudela alegia, beti izan gara ruralak eta tontoak. Gaiari buruz liburu eta artikulu asko irakurri dituzula dirudi. Irakurlea naiz neu ere eta gustatuko litzaidake gaiari buruzko liburu batzuk gomendatuko bazenituzke. Ziur egon gustora irakurriko ditudala, irakurrita ez baditut behintzat.

  • Euskaldun bat 2015-07-08 15:10

    Ondorio bat atera dut eztabaida honetatik. Joxe-k lehenengo arrazoian zehaztutakoa gustatu zait. Hoberena “Española” eta “Gaztelania”, biak erabiltzea dela ondorioztatu dut. Egoeraren arabera. Euskal Herrian “Española” eta Espainian “Castellano”. Eskerrik asko, Joxe.