Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?

Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?

Autokritika besteei eskatzea oso da modan dagoen kontua, autokritika egiteko batere asmorik ez dutenek egiten dute normalean hori. Igual berean esan liteke jarrera etikoa besteei eskatu eta eskatu ibiltzen direnek oso gutxi izaten dutela portaera etikotik; baina are jarrera ustelago dugu, bakea, demokrazia, bizikidetza eta biziaren izenean betebeharreko eginkizun saihetsezin jakin bat duten agintariek, aginte horretatik haiek egin ez dutena norbanakoari eskatzea. Etikotik ezertxo ere ez izateaz gain iruzurra da eta, kasu honetan, hizkuntza bat ordezkatzeko desagerrarazteko aspaldidanik martxan den makineria batek aurki zezakeen laguntzarik handiena.

.

Inkestetan eta erreferendumetan ohikoa izaten dira maltzur bideratutako galderak egitea, kasu honetan, baina, are okerrago, testuinguruan berean baitago azpijokoa, eta maltzurkeria guztiak gainditzen ditu: Norbanakoarengana jotzea berrogei urtetan agintetik egin ez dutena eskatzera.

.

Eta zuek? Bueltatuko lieke galdera oraindik itsutu ez denak eta, zuek ia-ia dena erantzungo luke oraindik itsutu ez den horrek.

Baina zuen kasuan, galdera ez da zer egin dezakezuen, berrogei urteotan zer egin duzuen baizik eta erantzuna emanda zaudete. Eginak ez du dudarako tarterik uzten.

.

Izatez, aspaldidanik datorren tradizioa da:  XVI. mende hartan ere orduko jauntxoek etxeko eta herriko hizkuntza bide bazterrean utzi eta ezpatari beharrean gaztelaniari ondo helduta, lauoinka ateratzen ziren Gaztela alde hartara haien negozioak orduko felipecarlosalfontsomariakristina guztiekin egitera. Botere kuotatxo negargarri baten truk herria saldu. Ondoren zuek ailegatu zinaten erromantizismo xuriko berniz geruza eman eta, eta segi salerosketa berean zuen azañaadolfofelipemariano guztiekin, ordurako trenez, laster, ahal bada are abiadura handiagoz. Mendeetan  utzitako mezua, hortaz garbia da, euskara kuttun-kuttuna dugu, geurea da, baina hemen espainola da behar duguna, eta kito. Mezuak zuloa egin du ur tantak arrokan nola, eta azken hamarkadatan boteretxo bat edukita ere honatx zer egin duzuen euskararen alde:

.

Zuek agintera iritsi zinatenean Ikastolen mugimendu handi bat bazegoen herrian ederki saretuta, berrogei urte pasata oraindik ere dirua ateratzeko nork bere festa antolatu beharrean da desagertuko ez bada

.

Zuek agintera iritsi zinatenean bazegoen Euskalduntze-alfabetatze sare sendo bat zuek ez bezala Euskal-Herri osoa hartzen zuena bere baitan. Berrogei urteotan, lagundu ez eta haiei kontra egiteko HABE eratzeaz gain ez duzue besterik egin. Sare horretan oraindik ere militantzia da halabeharrezko oinarri.

.

Zuek agintera iritsi zinatenean bazegoen Euskarazko unibertsitate izan nahian guztia kontra zuela lanean zebilen UEU izeneko erakunde miresgarri bat, oraindik ere gogotik ari dena, baina hasiera hartako baldintza bertsuetan.

.

Zuek ez duzue jende guztientzat euskara ikasteko doako sistemarik martxan jarri.

.

Zuek ez duzue, bizikidetza, kultura, modernotasuna edo garapenaren izenean inolako legerik aurrera atera ez dakitenek gutxienez ulertzeko maila eskuratzeko obligazioa ezartzeko.

.

Zuek ez duzue, zuen erakunde handiki horietan, ezta zuen alderdietan ere, euskara hegemonikoa izateko keinurik txikiena ere egin.

.

Zuek hor egon zareten bitartean asko aldatu da mundua teknologia berriak iritsi dira, Internet iritsi da eta euskarak bertan duen presentzia baten batzuen borondatezko lan alimalekoa ez balitz orain ingeles, espainolez edo frantsesez arituko ginateke bertan. Teknologia berririk gabe ere izan zitekeen, baina 2016. urtean, non da euskarazko urrutiko unibertsitatea?

.

Zuek hor egon zareten bitartean euskaldunak munduko berriak euskaraz jaso zitzan norbanako batzuek egin zuten ahalegin eskergari zuek egin zenizkioten jukutria, azpijoko eta zakurkeriak, letra larriz azpimarratu beharko lituzke historiak, historia beharko lukeena balitz. Ez da, hamahiru urtez izan genuen egunkari ezin duinago hura nola bukatu zen gogoarazten hasteko unea, baina lotsagorritu beharko zenukete goizero-goizero kioskotik pasa eta Berria izeneko hori beste erdal egunkari guztiekin batera zintzilik ikusita. Hau ere, norbanako multzo handi baten borondate, ahalegin eta lan hutsez ateratakoa eta diru-laguntza gero eta gutxiago dituena.

.

Zuek berrogei urte agintean eman eta gero ez dago ez kultur sorkuntzarako ez itzulpen lanerako inolako plangintza sistematizaturik.

.

Zuek, Hezkuntzan euskal curriculuma abiarazteko berrogei urte eduki duzue baina hori bazter utzita PISA izeneko liga neoliberal batean goien ibiltzea beste kezkarik ez duzue. Eskandalua omen da liga horretan bigarren mailara jaistekotan egotea baina bost axola zaizue berrogei urte pasa ondoren, oinarrizko ikasketak bukatuta ikasleek Xalbador, Xaho edo Koldo Izagirreren arrastorik ez edukitzea. Kanpoeder barrenuts.

.

Zuek “euskara salbatzeko” abiatu zenuten tramankulu bakarra EITB izan da eta ziurrenik, egungo hegoaldeko euskalduna orain dela berrogei urtekoa baino askoz espainolagoa izateko izan den eragile indartsuenetako bat.

.

Ez da begi zolirik behar ondorio bat ateratzeko: Zuek boterexkara iritsi zinatenean herri mugimenduak ordurako eraikita zeukan lan handiari kontra besterik ez diozue egin, ahal zenean agerian, itxurak gorde behar zirenean azpijokoen bitartez, eta halaxe segitu duzue urteotan herri mugimendutik zetorren guztia zapuzten. Horra hor, zuek zer egin duzuen (eta zer ez duzuen egin) euskararen alde.

.

Autokritika besteei eskatzen diena ez doa autokritika egitera. Besteei jarrera etikoa eskatu eta eskatu ari denak etika gutxi erakusten du. Urteetan boteretik egin ez eta halako batean gizabanako xumearengana kontu eske jotzea, lizuna doilorra eta eskrupulurik gabekoa izateaz gain seinale aurrerantzean ere ezer egiteko batere asmorik ez duela.

.

Eta bukatu baino lehen irakurle finentzat erronka: Nor da zuek?

Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek

15 pentsamendu “Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?”-ri buruz

  • Eta hori guztia horrela dela jakinda, zergatik “zuek”en aurpegia zuritzen laguntzen duzue batzuek?

  • Harrigarriazeintontoaizaterairitsizaren 2016-12-22 13:35

    Harrigarria zenbat tontokeri idatz daitezkeen…okerrena oso osorik irakurtzeko tartea hartu dudala ganorazko zerbait esango zenukeen esperoan baina, tamalez, alperrik galdutako denbora besterik ez da izan.

    Lerdokeria gehiago ez idatzi…edo idaztekotan zuretzako gorde eta ez inori denbora alferrik galarazi.

  • Ba nik irakurri dut ta ez zait iruditu denbora galtzen aritu naizenik, halare norbaitentzako denbora galtzea bada idazkia bale, baina ez gehio idazteko edo horrelakoak eskatzea lekuz kanpo iruditzen zait.
    Niretzako zuek hori Jaularitzan, Aldundietan ta Udaletan egon direnak dira, batik bat EAJ, PSE, PP, UPN ta PSN .

  • “Zuek” hori, uste eta nahi baino zabalagoa gerta daiteke askotan. PP-UPN-PSOE da “zuek”.
    IU eta IE da “zuek”. Podemos eta EQUO “zuek” horretatik oso gertu dabiltza. EAJ da “zuek” askotan. Ezker abertzalea ere “zuek” da zenbaitetan.
    Bestela, arrazoi sorta gordin baina berdaderoa.

  • ganbaratxotik 2016-12-23 09:41

    “Zuek” hori “erantzunkizuna”-ren eufemismotzat ulertzen dut nik. Jakina danok gara “zuek” hori, baina begibiatakoa da ez dela denona ardura berdina, berbera, iguala,parekoa,…Euskaldun zahar norbanakoarena eta 40 urtean euskeraren alde lan egiteko ARDURA INSTITUZIONALA duenarena ezin dira alderatu. Nik fede txarra eta azpijoko kutxua ikusten diot halako kanpaina-mezuari: danon ardura da eta beraz nerea ez da hainbestekoa, danona, herriarena. Herriaren atzean ezkutatu?Non dira hainbeste urtetako kudeaketaren emaitzak eta erantzunkizunak? Erantzuleak? Baldin ez bada erantzunkizunen kitapenik,ez dago gaizki eginaren pertzepziorik, eta ondorioz zergatik aldatu? Zoritxarrez gizakion prtaeraren printzipio oinarrizkoa horixe baita: zigorrik gabe ez da gaizki eginaren kontzientziarik, eta gurean batzuk hamarkadetan ez dute akuiluaren eztenik sentitu. Horrela doakigu.

  • Harrigarriren “zuek” EAJ dela apustu egingo nuke. EAJ-k izan du eta du EAE neurri batean gobernatzeko (Espainiaren baimenarekin) ardura nagusia urteotan guztiotan. Baina ezker abertzaleak izan du eta badu oraindik ere, boterea udal askotan, mankomunitateetan… eta sarri ez du neurria eman. Askoz ardura handiagoa dauka EAJ-k, baina ezker abertzaleak ere badu berea.

  • ganbaratxotik 2016-12-24 13:57

    Jakina eta ez txikia. Baina ez nuke esango handiena bere ardura instituzionaletako kudeaketari dagokiona denik. Hori baino, EAJri alternatiba instituzionalik ez sortzearena larriagoa dela deritzot. Alegia, alternantzia politikoa ez lortzearena azken 40 urteetan. Lehia eta konpetentziak beti-beti akuilu dalako. Alderaketak egiteko aukera ematen du.Horrek beti hobekuntza dakarrelako eta hizkuntza-politika ez da salbuezpen. Batzuen botere-gose aseezinak eta besteen inozokeriak boterearen monopolioa ekarri du ustezko (gezurrezko) ideologiaz gaindiko kudeaketa onaren mitoaren azpian. Bigarrenek uste dut ohartuta daudela bere akats historikoaz, lehenengoek berdinean dirautela ematen du.
    Agian erratuta nago, nahiago nuke hala balitz (bigarrenen jarreraz ari naiz).

  • Ados oro har (ezker abertzaleak herri-ekimena kontrolatzeko, eta bestela boikoteatzeko joerarena, hurrengo baterako). Baina bai, EAJ inora ez doan martxa ezin geldoagoan badoa, oposizio ganorazkorik ez daukalako da.

  • ganbaratxotik 2016-12-25 12:35

    Bale! baina zerozertan ere asmatuko zuten? Ariketatxoa jarriko nuke. Zertan asmatu dute eragile politikook beraien ibilbidean? Kritika zilegitzeko ezinbestekoa da hori ere aitortzea norbere aurreritzi eta minak une batzutan behintzat hozkailuan sartuz. Neri ere egurra ematea errezago ateratzen zaidan arren, ariketa hori egiten saiatu beharko genukeela uste dut…..
    – EAJk ikastolen mugimenduari hasierako garaietan emandako haizea eta babesa?
    – Ezker Abertzaleak Arrasateko Udaletik Euskara Elkarteen mugimenduari emandako bultzada?

    Zer iruditzen?

  • Ondo iruditzen. Baina aurreiritziez barik, eskarmentuaz ari gara.
    Garai bateko ahaleginak aitortu daitezke, baina egungo utzikeria salatu beharko da, zuzenduko badute, ezta?
    Autokonplazientzia jorratzeko HPS daukagu…

  • Beste euskaldun bat 2016-12-27 13:45

    Bai jakina. Salatzeko gaude eta ondo egina. Baina bide zuzena zein den erakustea noizean behin ez dago soberan okerra agerian jartzeaz aparte.

    Adibideak nahi nituzke ze neri ez zaizkit gehiegi bururatzen…

    – Korrika, ikastola zein eskola publikoetako ekitaldietan bigarren mailan egotea?

  • Beste euskaldun bat 2016-12-27 14:21

    Aurrekoan Korrika, Ikastola eta eskola publikoetako jai ekitaldietan protagonismorik ez hartzea esatea nahi nuen nahiz eta istituzionalki lagundu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude