Eta hemendik aurrera zer?.. Batek jakin (I)

Eta hemendik aurrera zer?.. Batek jakin (I)

Eta hemendik aurrera zer?.. Batek jakin (I)Hainbeste babes eta laudorio jaso dituen agiria, Euskararen Aholku Batzordeak eta  Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatua, irakurtzeari ekin nion jakinminez. Hotz baino, hoztuta utzi nau egia esan. Asko dago hausnartzeko, eta atalka ematea iruditu zait egokiena.

Agiriak ez dakar proposamen zehatzik, ez neurririk, ez eperik. Hausnarketa orokor bat da, inor ezertara konprometitzen ez duena: “hasiera beretik esanda gera bedi dokumentu honen helburua dela euskararen hazkundearen iraunkortasuna eta bizi-indarra ahalbidetzeko datozen bi hamarraldietan garatu beharreko hizkuntza politikaren oinarriak eta lehentasunen markoa finkatzea. Kasu honetan, helburua ez da, beraz, ekintza programa zehatz bat proposatzea”.

Euskararen berreskurapenaren ardura, ohi bezala, herritarren bizkar uzten da.
Herritarron esku omen dago “nahi izatea, beharrezkoa eta gogokoa sentitzea”, eta horiek omen dira euskara “salbatzeko” gako nagusiak. “Gaur egungo euskal gizartearen “organizazioak” (errealitateak) ezartzen dizkigun mugak kontuan hartuta”, euskaldunon behar linguistikoak EZ dira asetuko datozen 20 urtetan ere, bistan da.

Txostengileek gogorarazi digute 2009an hizkuntza politikarako “lehentasunezko 14 ildo” argitaratu zituela Jaurlaritzak. Ordutik hona, ze neurri ezarri dira ildo horiek garatzeko? Arnasguneak indartzeko, soilik UEMAren ahaleginak datozkit gogora.

Familia transmisioa bermatzeko zer egin da?

Euskal “erkidegoa” trinkotzeko sare operatiboak non daude?

Hiri handietan zein neurri hartu ditu Jaurlaritzak euskara erabiltzeko aukerak areagotzeko?

Zer egin da elebitasun pasiboa helduen artean areagotu eta prestigiatzeko?

Euskarazko kultur kontsumoa indartzeko zer? (“ikuspegi askatzaile” batetik bada ere).

Zer egin da Euskara eta “haren munduak” etorkinengana hurbiltzeko?

Zer egin da Euskaraz komunikatzeko estandarrak malgutzeko eta aberasteko?

Zer egin da euskara erabiltzeko aukerak bermatzeko? Zer euskararen erakargarritasuna lantzeko? Zer euskararen irudiari prestigioa emateko? Zer Informazio eta komunikazioaren teknologiez baliatzeko?

Hizkuntza politikarako, ala propagandarako “lehentasunezko 14 ildo” ote?

Kontuan izan behar omen da “gizarte baten bilakaera linguistikoa faktore askoren emaitza dela, ez bakarrik politika publikoen emaitza… ekimenak ekimen, azkeneko hitza –esate baterako, platera janari koipetsuez betetzea edo ez– herritarrek dute, ez Gobernuak”.  Bai, baina abiapuntua oso ezberdina da euskalduna ala erdalduna izan. Erdaldunek era guztietako menuak aukeratu ditzakete erdaraz jarduteko eta nahi duten tokian eta unean. Euskaraz jarduteko eskura dauzkagun menuak askoz urriagoak dira eta aukerak ere bai. Politika publiko egokirik gabe, euskaldunok sekula ez dugu menu aukera duinik izango.

Administrazioak ez dira neutralak. Alderdi politikoen egitasmoen eta aliantzen arabera dihardute. Zein da egungo administrazioen egitasmo zehatza? Ordezkapen linguistikoaren azken urratsetan gaudelarik, batzuok erresistentzian, beste batzuk ez, euskaldunen erkidegoa zatituta eta baztertuta ageri delarik, Administrazioek gizarte ekimena  askoz gehiago sustatu eta lagundu behar lukete, euskararen berreskurapenaren alde badaude behinik behin. Ez lukete “baldintzapeko laguntzailearen” rola jokatu beharko, liderrarena baizik.

Gizartean euskarak duen lekuaz: “Gizartean historikoki arrotz eta debeku izan dituen erabilera esparruetan tokia hartu du euskarak, neurri ezberdinetan” Gizartean historikoki debeku izan dituen esparruetan toki mugatua  hartu du, eta bereak izan dituen zenbait esparrutan lekua galduz doa: nekazal eremuan, arrantza eremuan…

Mundua guri begira: “Hemengo esperientzia erreferentzia da beste hizkuntza askoren biziberritzeko prozesuetarako nazioartean” Baliteke, baina horrek ez du esan nahi ondo goazenik, itsuen erreinuan begibakarra errege dela baizik. Gurea “erreferentzia” bada, zein ote da beste hizkuntza horien egoera!

Legeen babesa: “Euskarak EAEn lege babesa, hizkuntza politika eta herritarren borondatea izan ditu alde XX. eta XXI. mendeen arteko urtealdi honetan, eta hiru faktore horien uztardurak ahalbidetu du, neurri handi batean, gaur bizi duen pizkundea” dio txostenak. Baina euskara eta erdarak ez dira legez berdinak, ezta EAEn ere, espainiera derrigorrezkoa (Constitución española, art. 3) baita, batetik, eta EAEko erakunde publikoek ere ez dutelako beti bermatzen euskara erabiltzeko eskubidea, bestetik. Galde bestela Osakidetzan, Ertzantzan, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailean… eta beste zerbitzu askotan. Areago Espainiar estatuaren menpekoetan. Ez egin euskaraz guardia zibilari…

Nahia giltzarri? “ (euskararen berreskurapenak) nahitaezkoa izango du gizartearen borondatea hori izatea eta, horrenbestez, herritarren jarrera praktikoa eta erabilera borondate horrekin bat etortzea. Ez da hori faktore bakarra; bai, ordea, guztiaren enborra.

Gizartearen borondatea moldagarria da, txostengileek ondo dakiten bezala, nolabait ahalegin horretan ari baitira eurak ere. Euskara bazterrera utzi duten euskaldunek ez dute utzi gogoak eman dielako, euskaraz bizitzea zailetik ezinezkora bilakatu zaielako baizik, euskara ezinbestekoa izatetik, beharrezkora lehenik eta borondatezkora gero, igaroarazi dutelako botere publikoek eta bestelakoek. Borondatea ez da zerutik emana datorkigun grazia.

Nahia… eta egiazko aukerak izatea dira giltzarri. Nahia ez da nahikoa, euskararen bilakaerak erakutsi digun legez, gainean bi estatu uniformizatzaile (eta) genozida dauzkazunean, eta abertzaleek ere hain politika ahulak eta zehazgabeak sustatzen dituztenean, erdarak dituztelarik ardatz.

“Nahia, beraz, ez da hutsetik sortzen. Nahia bera sentitzeko ere, hainbat baldintza bateratu behar dira: euskara edo hizkuntzak maitatzea, hizkuntza praktikoa eta erosoa izatea, erabilera-eremuak izatea, ondo ikusia egotea eta aintzatetsia izatea…”.

Hain zuzen ere! Eta horretan guztian botere publikoen eta bestelakoen ekimena erabakigarria da. Ondo legoke hausnarketa soil hori Eusko Jaurlaritzaren exekutiboari berari helaraztea lehenik, “aurreak erakusten baitu atzea nola dantzatu”.

Euskaldunen borondatea ez da nahikoa izan mendetako jazarpenari eta bazterketari aurre egiteko EHko eremu zabaletan.  Begiak eta belarriak dauzkanak badaki hori. Iparraldean edo Nafarroan zer gertatzen ari da? Zer gertatzen da Bilbo handian? Zer Mungialdean, Sakanan edo Donostian?

Egungo baldintza soziolinguistikoak direnak izanda (100% erdaldun oso, horietatik %30 era guztietako elebidunak, erdarak eremu guztietan nagusi, euskarazko tresnak mugatuak eta zokoratuak…) borondatea ez da nahikoa. Herritarren borondatea ez da halako doai birjinal bat ortzitik etorria.

Zergatik utzi zaio herri euskaldun askotan euskaraz egiteari? Herritarren borondate faltaz?
Ala behartutako inmigrazio masiboaren eraginez, Gobernuen politika baztertzaile eta genoziden edo euskara desikastearen eta erdarazko inmertsio behartuaren ondorioz?

Zein da herritarren borondate demokratikoa bost mendetako ordezkapen prozesu sistematiko, eta basati baten ondoren? Nola sortuko da euskara erabiltzeko nahia herritar askorengan, ustez euskaltzaleak diren botere eta agintari gehienek ere euskara bazterrera uzten badute? Osakidetzara joanda medikuak erdaraz egitera behartzen bazaitu? Edo ertzantzak berak gaizkilea bazina lez artatzen bazaitu? Hori guztia badakite gure agintariek ere, baina ihes egiten diete euren ardurei.

Euskararentzako nahi eta beharko genukeen egoeratik urrun baldin bagaude ere, inoiz ez du izan gure hizkuntzak gaur egun duen tokia gizarte bizitzan…  Aurreko belaunaldi guztietan, posible zen erdaraz jakin gabe bizitzea neurri handiagoan edo txikiagoan. Zenbait eremutan posible zen euskaldun elebakarra izatea.

Egun ezinezkoa da erabat. Ez dago Euskal Herria osoan hamar urtez gorako euskaldun elebakar bat bera ere ziurrenik.

Euskal herritar guztiok gaude behartuta espainiera edo frantsesa jakitera (eta erabiltzera). Euskara erabat borondatezkoa da EH osoan. Inon ere ez da nahitaezkoa. Hizkuntza subordinatua da, baita EAEn ere…

Nola esan daiteke euskarak inoiz ez duela izan gaur duen tokia gizarte bizitzan?

Gizarte bizitza garaian garaikoa da. Joan den mendeko gizarte bizitzak eta egungoak baldintza eta ezaugarri ezberdin asko dituzte. XIX. Mendean Gizpuzkoa eta Bizkaiko biztanleen %80 inguru euskaldunak ziren. Haietako asko eta asko euskaldun elebakarrak. Ez dago ezertan aditua izan beharrik, pentsatzeko euskarak egun baino askoz toki handiagoa zeukala garai hartako gizarte bizitzan, ezinbestean.

“Belaunaldi berriek eta etorkizunekoek erabakiko dute euskara erabili edo ez, euskara besarkatu edo euskarari bizkarra erakutsi”. Txostengileak ez omen dira kristalezko bolaren jabe. Gu geu ere ez, baina “belaunaldi berrien” aukeraren berri badaukagu. Belaunaldi berriek euskarari bizkarra ematen diote oro har, ez gogoak ematen dielako, ez hautu librearen aukera eginez, euskaraz bizitzeko aukera egitea oso erabaki zaila eta eragozpenez betea delako baizik.

Telebista piztuta, dozenaka kate españolez eta bakarra euskaraz, programazio bitxiarekin gainera, dauzkate aukeran. Irratia piztuta, berdintsu. Joan kioskora eta ea zein den euskarazko eskaintza eta zein erdaretakoa. Segi internetera, zinemara, tabernara, kontzertuetara, antzerkia ikustera… Gizarteko erreferente nagusiek, baita abertzaleek ere, espainierari ematen diote erabateko lehentasuna eta gainera, kosmopaletismoa lege, inposatu dizkiguten hizkuntzak ere “gureak” omen dira.

Ondorioak agerikoak dira: euskarari bizkarra ematen ez dioten belaunaldiberritarrak, bietatik bat: edo euskararen aldeko militanteak dira, euren etxeetan sekulako konzientziazio lanak jasotakoak, edo oraindik ere euskaraz erdaraz baino errazago moldatzen diren azken herrietakoak…

(jarraituko du)

Eta hemendik aurrera zer?.. Batek jakin (I)
JJ Agirre

Albaitaria.

5 pentsamendu “Eta hemendik aurrera zer?.. Batek jakin (I)”-ri buruz

  • Immigrazio masiboaren etorrera, TB digitalak erdarako katez betetzea… horrek eragin handia du. TBren kontuan, EJ edo Nafarroakoa ezin dute erabaki (zoritxarrez inposaketa dugu gainean).

    Immigrazioan ere ez dugu eskumenik, baina bai diru-laguntzak ezartzean, bai. Eta zenbat eta abertzaleago, orduan eta diru-laguntza eskuzabalago euskara 5 axola zaien kanpotarrak erakartzeko.

    Adibide bat: Bilduk AGI dirulaguntza ezarri zuen Gipuzkoan eta 4 urtetan, jasotzaileen %97 kanpotarrak dira. Pobrezia bukatzeko neurria izan ordez, pobrezia erakartzekoa izan da. Eta euskarari mesede gutxi egingo dion neurria (akaso, etorritako horiek euskaldunpeto egingo balira).

  • AGI ez du zerikusia honekin ta jada etorkin hoiek guran zeuden, oran 1000 pertsona (hemen egongo ziranak berdin berdin) dira mina egin digutenak?
    Zenbat laguntza eman zitun Bilduk Gipuzkoako aldundian zegoenean? Ze asko eman zun.
    Legegintzaldi hontarako gainera agindua zuen, Gipuzkoan euskara ikastea dohainik izango zela hemen dauden guztientzako.
    Ta ze egin zuten herritarrak? Ba aitzaki zentzugabe ta bitxiekin gehienetan, Bilduri bozka erretiratu ta PODEMOs edo EAJri eman ziotela bozka.

    Orain Euskararen alde egindakoa zapuzten ari dutela berriro.

    Denok gaude kolonizatuak, talde guztiak egiten diote muzin (nahita edo nahi gabe) euskarari, baina alde haundia dago batzuen ta besteen artean, ta euskara ez dago galzorian inmigrazio masiborarengatik, agintarien erruagatik da.

    Jaularitzak ausardia izanda hamarkada baten gizarte osoa euskaldundu dezake, hori hein menpeko izanda, zergatik ez da egiten?

  • Peru Dulantz 2016-06-06 13:51

    Artikuluak baloratzeko ikur horiek aldatu beharko liratekeela uste dut. Artikulua gustatu zait, eta erabat ados nago esaten denarekin, baina horrek ez nau “pozik” jartzen, prezisamente.

  • Oso interesgarria.
    Bigarren atalaren zain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude