Esperimentuak

Esperimentuak –

Zer ote bizitza, hemen eta han, orain edo gero, honekin ala bestearekin esperimentatzen ibiltzea baino?

EsperimentuakDuela gutxi nonbaiten irakurri nuen jakinminak, kuriositate grina bizirik mantentzeak, iraunarazten gaituela zutik, gogotsu eta inguruari atxikiak. Sen hori mantentzen dugun bitartean bagarela, badihardugula eta badarraigula. Gauza berrien edo bizigabeko esperientzien bila ibiltzeak nolabaiteko iraupen sentimendua sorrarazten duela gugan, alegia.

Kutsu hori nabaritzen diot, hain zuzen ere, hurrengo egunetan abian jarriko den ariketa sozialari, euskaldunen eta ia-euskaldunen hizkuntza ohituretan eragin nahi duen Euskaraldia proposamenari. Horrela ulertzen baitut nik Euskaraldia, esperimentu soziolinguistiko batean parte hartzeko gonbidapen edo proposamen gisa. Eta egia esan behar badut, gustuko dut gonbita, lagunarteko jai eder batera gonbidatu izan banindute bezala sentitzen naiz: gogotsu, pozik, alai eta parte hartzeko irrikan.

Hamaika eguneko festa batera gonbidatu naute, eta espero indarrak ez agortzea, festa-gogoa lehen egunean bezala bizirik izatea, hamaika egunez biziki gozatu ahal izateko, eta horretarako lagunak beharrezkoak direnez, datozen egunak baliatu beharko ditut kuadrilla itzela osatzeko.

Egun batzuk baino ez ditugu gure ariketa, esperimentu eta festara lagunak gonbidatzeko. Egin dezagun lotsarik gabe eta adeitsu, egunero ez baititugu bizitzan behin baino biziko ez duten festa ederrera gonbidatuko-eta!

Nor etorriko da gurekin?

Esperimentuak
esperimentuak, Euskaraldia
Iñaki Lazkano

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude