Eskubideak aitortu ala eskubideak erabili?

Eskubideak aitortu ala eskubideak erabili? –

Zer da larriago, euskaldunak oraindik hainbat eskubide aitortu gabe egotea, ala aspaldian aitortuta dituztenak ez erabiltzea? Nirea jarraian labur idatziko badut ere, zuzeuzaleen iritziak biltzea da gutuntxo honen helburua.

Eskubideak aitortu ala eskubideak erabili?Aitortzeke dauden eskubideen garrantzia gutxietsi gabe, nire iduriko, aitortuta dauden eskubideak gehienbat ez erabiltzea da larriena, eta are gehiago esango nuke, auzi hau, euskararen aldeko borrokan dugun gako nagusienetako bat dela. Besteak beste, erabiltzen ez den eskubide berri bakoitza, hurrengo eskubide exijentziaren ahulgarri bihurtzen delako.

Oinarrizkoenetik hasita, EAEko 1982ko Euskararen Legearen arabera, EAEn bizi diren hiritarrek euskaraz noiznahi eta nonahi egiteko eskubidea aitorturik dute, arlo publiko nahiz pribatuan, administrazioarekiko nahiz beste hiritarrekiko harreman guztietan.

Bistan da EAEko euskaldungoaren ia %100ak muzin egiten diola egunero, legez ere badagokion eskubide hau erabiltzeari, besteak beste, aldizkari ofizialean argitaratu gabeko oharpeko lege baten arabera, euskara eta erdaren arteko harremana, euskararen erabateko uzkurdura eta sumisioaren gainean eraikita dagoelako.

Hiritarrei dagokigu beraz legez ere aitortuta ditugun eskubideak baliatzen hastea eta euskaraz egiten hastea noiznahi eta nonahi? Zalantzarik gabe, BAI. Eta administrazioak eta herri-agintaritzak lege eder hori aldizkari ofizialean argitaratzearekin burutu dituzte beren betebeharrak? Zalantzarik gabe EZ.

Gizartearen talde batek egunero eta sistematikoki uko egiten dionean bere eskubideak erabiltzeari, noski esan daitekeela hiritar horiei dagokiela haien eskubideak baliatzen hastea, baina era berean, Administrazioaren eta herri-agintaritzaren betebeharra da, egoera anormal hori detektatuz gero, neurri zuzentzaileak hartzen hastea, gizarte talde horrek bere eskubideak balia ditzan eragiteko. Ezein herri-agintaritzak ezin duelako onartu tamaina horretako anormaltasuna bere herriaren baitan.

Geldirik geratuko al litzateke gure gobernua, antzemango balu emakumeak orokorrean eta sistematikoki uko egiten diotela gida-baimena ateratzeari edo tratu txarrak edo bortxaketak salatzeari?  Beraien erabakia dela, erantzungo al luke, ikusiko balu homosexualek uko egiten diotela orokorrean eta sistematikoki elkarrekin bizitzeko aukerari?

Ez. Ezein gobernuk, aztertu egingo luke zein diren eskubideok baliatzea eragozten ari diren  aurreritzi, oztopo eta estune sozialak, eta horiek deuseztatzeko politikak abiatuko lituzke, onartezina delako gure gizartean, iraganeko oharkabeko zama ideologikoaren aspean, talde batek uko egitea berez eta legez dagokion eskubideari.

Administrazioak aztertzeko obligazioa du, zergatik euskaldunen gehiengoak uko egiten dion legez dagokion eskubidea baliatzeari, arazo horri modu eraginkorrean aurka egiteko obligazioa duelako.

Ez da oso azkarra izan behar antzemateko horren azpi-azpian, euskaldunek euskaraz jarduteagatik mende luzeetan jasandako eraso, burla eta irainek utzi dituzten orbainak daudela. Baina azpi-azpian dagoena hain sinple izanda ere, suma daiteke halaber, orbain horiek hainbat motatako jarrerak sor arazi dituztela gaur egungo euskaldunongan (itxurazko ezaxola, nabarmentzeko beldurra, erdaldunekiko lotsa, galtzailearen etsipena, ezkutuko konplexuak, errespetuaren pertzepzio bihurritua, sumisio normalizatua …), eta horietako bakoitza borrokatzeko eta sendatzeko, estrategia bereizi eta egokituak garatu beharko direla, ondo identifikatu, aztertu eta ezaugarriztatu ondoren. Zoritxarrez, gai hauek ez daude agendan.

Honelako gaiak garrantzitsuak direla eta sakon aztertu beharko liratekeela uste baduzu, eta hizkuntza politikak aintzat hartu beharko lituzkeela iruditzen bazaizu, egizu klik hemen eta sina ezazu hizkuntza politika integrala eskatzeko.

Eskubideak aitortu ala eskubideak erabili? Eskubideak aitortu ala eskubideak erabili? Eskubideak aitortu ala eskubideak erabili?