Eskola-segregazioa eta euskara

Eskola-segregazioa eta euskara –

Jose Manuel Martinezek ARGIAn.


Ikasturte berria. Hezkuntza sistemak zituen arazo “sistemikoak”, urtebetez estali dituen Covidaren uholdea igaro ahala, azaleratu egin dira berriz; gure lotsak eta hutsak: eskola-segregazioa eta euskararen ezagutza ez nahikoa. Biak gero eta nabarmenagoak eta, nire ustez, txanpon bereko bi aldeak.

Eskola-segregazioa eta euskara

Eskola-segregazioa: kale egiten ari gara

Euskadiko Eskola Kontseiluak, hainbat GKEk, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak eta hezkuntzako adituek behin eta berriro berresten dute: EAEn dugun sistema publiko-pribatuak maila sozioekonomiko bajuko ikasleak segregatu egiten ditu, sare publikora baztertuz.

Hau da Francisco Luna, ISEI-IVEI ebaluaziorako institutoko zuzendari ohiaren diagnostikoa: “…euskal hezkuntza sistemak, zeinak 40 urtean eskumen osoa izan duen, ekitate ezari lotutako barne-arazo larriak ditu, baita segregazio-egoera larriak ere, eskandaluzkoak ia. Ez dugu lortzen, maila sozioekonomikoari dagokionez bi muturretan dauden ikasleen arteko distantzia murriztea, badirudi hezkuntzan egiten dugun inbertsioa ez dela eraginkorra, kanpoko ebaluazioetako emaitzak ikusiz gero; gure sistemak ikastetxeen eta ikasleen gettizazio errealitateak bizi ditu, aniztasun guztien harreraren kasuan erantzukizunen banaketa ez bada orekatua…”. [pasarte hau erredakzioan itzuli dugu]

Zeintzuk dira segregazio nabarmen horren ondorioak? Bi abiadurako ikastetxeak, integrazio falta, marjinazio poltsak, (SAVE the Childrenek ohartarazi du 18 urtetik beherakoen % 25,3a – 41.515 haur eta nerabe – pobrezia larrian edo gizarte-bazterketa arriskuan daudela Euskadin, eta 26.543 gabezia handiekin bizi direla), arrakala soziala eta, ziur aski delinkuentziaren gorakada. Ekuazioa erraza da: edo integrazioa edo marjinazioa.

Euskara: ez dira helburuak lortzen

Euskalduntze arloan, gauzak aurrera joan arren, Hezkuntza Sistemak helburuak ez dituela lortzen dio ISEI erakundeak egin duen azken Ebaluazio Diagnostikoak (2019). Horren arabera, Lehen Hezkuntzako 4.mailako ikasleen %34,1k ez dute lortu erreferentziako euskara maila (B1), ezta DBHko 2.mailako ikasleen %53,3k berea ere (B2). Beherakada are eta nabarmenagoa da hezkuntza itundu-pribatuan. ISEK indize sozioekonomiko eta kultural baxukoa, errepikatzailea edota atzerritar jatorrikoa -ISEIK dio- hori da, oro har, euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenen argazkia. Ezin da garbiago esan.

Erabilerari dagokionean, 15 eta 29 urte bitarteko gazte euskaldunen artean euskararen erabilerak behera egin duela erakusten du Gazteen Euskal Behatokiak iazko martxoan argitaratu duen Euskadiko Gazteen Egoeraren diagnostikoak.

Segregazioa eta euskara

Ez da zaila irudikatzea eskola segregatu baten ikasgela batean zein izan daitekeen inoiz “ama” edo “gero arte” hitzak entzun ez dituzten bertako umeen abiapuntua euskararen aurrean: ezjakintasuna, harridura, etxekoen aldetik motibazio eza. Nola murgildu euskal kulturan eta euskaraz, prekarietatean bizi eta etorkizun iluna duten ume horiek? Nola konbentzitu euskaraz egin dezaten sare sozial integratzaile bat osatu gabe? Nola sortu sare integratzaile hori bere eskolan denak haiek bezalakoak badira, ume segregatuak, alegia? Zer interesa du euskarak inoiz bere ezagutza eskatuko ez dioten lanpostu batean egotera behartuta dagoenarentzat, inoiz administrazioan lekurik izango ez duenarentzat? Zertarako ikasi euskara nire inguruan inork ez badu erabiltzen? Familia behartsuen indize handia duten eskoletako umeei kentzen diegu euskara normaltasunez ikusteko aukera eta besteekiko elkarbizitzarako gaitasuna lantzekoa, pertsonalki eta sozialki aberastu ahal izateko. Euskara bihurtzen ari gara klase ertainekoen hizkuntza? Ekuazioa erraza da: edo integrazioa euskararen munduan edo marjinazio erdalduna.

Segregazioarekin guztiok galtzen ari gara, eta etorkizuneko gizartearen elkarbizitza eta euskaraz egiteko eskubidea kolokan jartzen da. Segregazioa oztopo bat da eta euskararen normalkuntzaren aurka jokatzen du.

José Manuel Martínez (irakasle ohia)

Eskola-segregazioa eta euskara Eskola-segregazioa eta euskara Eskola-segregazioa eta euskara

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

7 pentsamendu “Eskola-segregazioa eta euskara”-ri buruz

  • Nik uste artikuluak ez duela mamia ukitzen. Nik uste dut artikuluak egia bat saihesten duela. Izan Bilbon, izan Baztanen, kontua da eskoletatik ateratzen diren gaztetxoak ez dutela euskaraz ongi egiten, eiskara maila urtetik urteta baxuagoa dela. Erdara nagusi den tokirtan eta euskara nagusi den tokietan gertatzen den gauza da: erdaraz ongi dakitela eta euskaraz gaizki edo garbi esateko, ez dakitela.

  • Kontu honetan ez al du ikustekorik zabaltzen ari diren ideologiek? Haurrari nahi duena egitea utzi behar zaio, hitz egin dezala nahi duen hizkuntzan, gero ikasiko du…
    Honetan denetan ez al du ikustekorik zenbait irakasleen maila eskasak, edo utzikeria eta ezaxola gabekeriak? “Funtzionarizazio” negargarria ez al da jabetzen ari?
    Bi faktore besterik ez ditut mahai gainera ekarri, artikulu gileak aipatu ere egiten ez dituenak hain zuzen.

  • A,
    Çurequin bat nathor bethe bethean. Batez ere, bigarren iruzquineco bigarren partearequin.

  • Semenogorri 2021-09-30 22:55

    Hau gertatzen da euskara, bai irakasle askok bai ikasle gehienek ere berezkotzat ez daukatelako. Euskaran barneratzeko tresna ere ez zaielako, ezta nortasunerako ere. Hitz batean ez dago hizkuntz politikarik, ez mikroan, ez makroan.

  • Kirats españolista dario artikuluari. Eta demagogia kiloka.
    “EAEn dugun sistema publiko-pribatuak maila sozioekonomiko bajuko ikasleak segregatu egiten ditu, sare publikora baztertuz” dio. EAEko sistema publiko-pribatua espainiarrek ezarritakoa da (EAJren onespenarekin), espainiar ikuspegi interesatu batetik, batetik, eta bestetik, ezkutatzen du segregazia ikastetxe publikoen artean ere ematen dela oso modu nabarmenean gainera. Guraso asko eta askok euren sem-alabak bideratzen dituzte etorkin edota ijito gutxien duten ikastetxeetara, “publiko” nahiz “pribatu” izan.

  • PSOEko F. Lunaren hitzak aipatzen ditu gero: “euskal hezkuntza sistemak, zeinak 40 urtean eskumen osoa izan duen”. Ez da inondik ere egia. EAEko erakundeek hezkuntza sistema kudeatzen dute Espainiak uzten dieten neurrian. Hasteko eta behin, kurrikuluarenm erdia Espainiiak inposatzen du eta “inmertsio sistema” eraginkorki baldintzatzen du gainera.
    Euskara gaitasunean ematen den atzerakadaz mintzo da gero: ” Beherakada are eta nabarmenagoa da hezkuntza itundu-pribatuan. Indize sozioekonomiko eta kultural baxukoa, errepikatzailea edota atzerritar jatorrikoa -ISEIK dio- hori da, oro har, euskaraz aritzeko zailtasunak dituztenen argazkia”
    Bada, kontraesana oso agerikoa da esaldi horretan. Ez dugu ba esan ikastetxe publikoetara “segregatzen” direla maila sozioekonomiko baxuko ikasleak? Zerbaitek huts egiten du Martinezen hausnarketan, eta zalantzarik gabe, beste elementu batzuk falta dira, azterketa serio bat oztopatuz.

  • Demagogian sakontzen du aurrerago, lotsa gabe.:
    “Zer interesa du euskarak inoiz bere ezagutza eskatuko ez dioten lanpostu batean egotera behartuta dagoenarentzat, inoiz administrazioan lekurik izango ez duenarentzat?”
    Bistan da EHn lan egiteko euskararen ezagutza maila nahiko bat eskatu behar litzatekeela. Ez da hori baina, Lunatarrek, Mendiatarrek eta Pachilopeztarrek proposatzen dutena… Bestalde, zergatik ez dute ikasle horiek administrazioak lekurik izan behar???
    Eta azken urteotan bogan jarri den babukeria: “Euskara bihurtzen ari gara klase ertainekoen hizkuntza? Ekuazioa erraza da: edo integrazioa euskararen munduan edo marjinazio erdalduna.”
    Ez, Martinez jauna, ez. Ez gara euskara bihurtzen ari klase ertainekoen hizkuntza. Besterik da, euskaldun gehienak balizko klase “ertainean” kokaturik egotea egun (historian oso gutxitan bezala), baina ez euskaldun izateagatik, bertoko izateagatik baizik. Edo bertoko erdaldunak ez dira klase “ertainekoak”? Areago, “gaineko” klasekoak, aberatsak, erdaldun petoak edo euskaradun erdaltzaleak izan ohi dira. Ez dira horretaz jabetu Martinez, Luna eta konpainia?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude