Eskola eta euskara: gela bereiztuak?

Eskola eta euskara: gela bereiztuak? –

Amelia Barquin eta Leire Diaz de Gereñuk BERRIA egunkarian.


Aspaldian, eskari honen aldarrikapena zabaldu da euskara eta eskolatzearekin lotuta: lehen eskolatze-mailetan familia-hizkuntza euskara duten ikasleak ez bereiztekoa eta gela desberdinetan ez banatzekoa, hain zuzen.

Eskola eta euskara: gela bereiztuak?
Arg: Geuria

Gure ustez, ulergarria eta zentzuduna izan daiteke eskaria. Behin baino gehiagotan ikusi dugu ikasle euskaldun gutxi batzuk bi edo hiru gelatan sakabanatzen, partekatu behar den baliabide moduan kontsideratuta. Baina ez dirudi oso errealista pentsatzea sakabanatuz gero gainerakoen euskalduntzean modu esanguratsuan eragingo dutenik, bereziki zenbait testuingurutan. Eta, aldiz, ikasle horiek gela berean mantentzeak ez luke aparteko arazorik ekarri behar eta lagungarria izan zitekeen, beste faktore batzuen artean, euskaraz komunikatzen jarraitzeko. Hala ere, estrategia hori orokortzeak, eta, adibidez, ikasle euskaldunentzako gela bat eta ikasle ez-euskaldunentzako beste bat sortzeak (horrenbeste ikasle dagoenean eskola berean), ondorio sozial garrantzitsuak izan ditzake. Eta ondorio horiek aurreikustea eta aintzat hartzea ezinbestekoa da.

Ez dugu uste etxetik euskaldunak direnak aparteko geletan bereizte hutsak (ez eta kontrakoak ere) euskarak gaur egun eskolan dituen erronka ugariak konponduko dituenik. Jakina, lehentasunezkoa da etxeko hizkuntza euskara duten ikasleentzat euskararen erabilerak erraztuko dituzten estrategiak bilatzea. Baina, era berean, etxeko hizkuntza euskara ez duten ikasleengan erabilera sustatzea ere halabeharrezkoa dugu, nor bere abiapuntutik. Euskara familia-hizkuntza izan ala ez, inguruneak eta euskararekiko jarrerek eragin handia dute batzuen zein besteen erabileran, eta askotariko eragileak ditugu egun etxetik euskaldunon euskara erabileran eragiten dutenak.

Halaber, familia-hizkuntzaren arabera bereiztu diren ikasgeletako esperientzien gainean dagoen ikerketa faltak zaildu egiten du irizpide zehatz eta fidagarriekin erabakiak hartzea, eta norbere intuizioaren menpe geratzen da eztabaida. Bitartean, euskal hezkuntza-sistemaren aukera orokorrena da etxeko hizkuntza ezberdinetako ikasleek gela partekatzea.

Bi aukerek orientabide didaktiko desberdinak dituzte, eta, euskararen egoera hain zaurgarria izanik, aukera bakoitzaren arrakastarako baldintzak aztertu eta ikertu beharra dago. Nolanahi ere, egungo egoerak ikasgelan ikasleen hizkuntza profilen aniztasunaz jabetzea eta hizkuntza-eskakizun bakoitzaren beharrei erantzutea eskatzen digu.

Familia euskaldun ugarik kezka dute, jakina, beren seme-alaben euskararen erabilera murriztuko den, eta, bestetik, familia ez-euskaldun batzuek bidegabekeria eta diskriminazio sentimendua gara dezakete familia hizkuntzaren araberako eskolatzea gertatzen bada. Horri gaineratzen badiogu euskal eskola-sisteman klase eta jatorriaren arabera dagoen segregazioa, bada, gaiak ez du aterabide onik. Egungo testuinguruan, familia-hizkuntzaren araberako eskolatzea segregaziorako beste ardatz bat bihur liteke, eta ondorio soziopolitiko nabarmenak ekar ditzake. Zer mezu helarazten die estrategia horrek ikasle askori, tokiko nortasunaren eta euskal kultura eta hizkuntzaren parte izatearen sentimendua garatzeko orduan? Horrek ez al luke eraginik izango ikasle horien euskararekiko jarreretan eta ikaskuntzan?

Joaquim Dolzek 2021eko urriaren 28ko Eskola Hiztun Bila jardunaldietan gai honi buruz egindako adierazpenetan esan bezala, garrantzitsua da ikasleen hizkuntza profilaren araberako ikaskuntza-prozesuak bereiztea, baina ez da gauza bera hori eta gela ezberdinetan bereiztea. Aniztasuna aintzat hartuta, aterabide ziurragoa ikusten dugu hizkuntzen didaktikari eta euskararen ahozko erabilerari (bai ikasgelan, bai eskola-testuinguruan) zentraltasuna eta lehentasuna ematea.

Esperientzia luzea dugu askotariko ikasleen euskalduntzean, baina egungo baldintzetan ikasleak hiztun aktibo bilakatzea erronka nagusi dugu. Gizartea aldatuz doa etengabe, eta euskararen egoeran horrek eskatzen du ikertzea, birpentsatzea eta epe erdirako eta luzerako ondorioak irudikatzea, gizarte euskaldunago eta bidezkoago bat lortzeko estrategia eraginkorrak bilatzekotan.

Amelia Barquin eta Leire Diaz de Gereñu

Hurrenez hurren, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea

Eskola eta euskara: gela bereiztuak? Eskola eta euskara: gela bereiztuak?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

10 pentsamendu “Eskola eta euskara: gela bereiztuak?”-ri buruz

  • Amelia Barquin eta Leire Díaz de Guereñu Arnas Dezagun taldearen proposamenari buruz ari baldin badira, nik dakidalarik talde honek ez du ikasle euskaldunentzako gela bat eta ikasle ez-euskaldunentzako beste bat sortzeko eskatu. Beraz 2 pertsona hauek existitzen ez den eskaera bati kritika eraikitzailea egiten ari zaiziko. Zenbat tinta eta denbora inork egin ez duen galderari erantzuna emateko. Despistea ala asmo txarra ote?

  • Agian, D eredura konbikzioz doana eta erosotasunagatik doana bereizten hasi beharko genuke. Etxetik jasotako jarrera dela eta, euskalduntze prozesuan ume dezente oztopo dira.

  • Uste dut inor ez dela gela bereiztuak planteatzen ari, haur euskaldunak ez sakabanatzea baizik.

  • Harrigarria bezain aldrebesa, Barquín eta Diaz de Gereñuren hausnarketa hau. Harrigarria, Arnas Dezagun ekimenari buruz ari direla ematen duelako, baina antza denez, ez dute zertan den ondo ulertu. Aldrebesa, goiburutik bertatik, inork egin ez duen eskari bat jartzen dutelako auzitan.
    “ikasle euskaldunentzako gela bat eta ikasle ez-euskaldunentzako beste bat sortzeak.., ondorio sozial garrantzitsuak izan ditzake. Eta ondorio horiek aurreikustea eta aintzat hartzea ezinbestekoa da” diote, adibidez.
    Alabaina, azaldu behark lukete nork egin duen proposamen hori, eta aipatutako zalantza hari luzatu.
    Bestalde, Amelia eta Leire ez daude kezkatuta haur euskaldunen sakabanatze sistematikoak eragiten dituen “ondorio sozial garrantzitsuekin”?

  • Aurrerago, “Ez dugu uste etxetik euskaldunak direnak aparteko geletan bereizte hutsak (ez eta kontrakoak ere) euskarak gaur egun eskolan dituen erronka ugariak konponduko dituenik”
    Inork egin ez duen proposamen bat mahaigaineratzea eta hari erantzuteak ere, ez dut uste ezer konpontzen duenik. Zertara dator?
    Eta gero:
    “etxeko hizkuntza euskara ez duten ikasleengan erabilera sustatzea ere halabeharrezkoa dugu, nor bere abiapuntutik. Euskara familia-hizkuntza izan ala ez, inguruneak eta euskararekiko jarrerek eragin handia dute batzuen zein besteen erabileran, eta askotariko eragileak ditugu egun etxetik euskaldunon euskara erabileran eragiten dutenak”
    Ados. Izan ere, proposamen hori, ia hitzez hitz dago jasota Arnas Dezagun ekimenaren manifestuan.

  • Eta berriro ekiten diote auskaloren balizko proposamena auzitan jartzeari:
    “Halaber, familia-hizkuntzaren arabera bereiztu diren ikasgeletako esperientzien gainean dagoen ikerketa faltak zaildu egiten du irizpide zehatz eta fidagarriekin erabakiak hartzea, eta norbere intuizioaren menpe geratzen da eztabaida. Bitartean, euskal hezkuntza-sistemaren aukera orokorrena da etxeko hizkuntza ezberdinetako ikasleek gela partekatzea”
    Batetik, artikulugileok argitu beharko lukete behingoz, nork egin duen kritikatzen duten proposamen hori.
    Bestetik, ikerketa faltarena ere, arazo orokorra da. Izan ere, non daude haur euskaldunak sistematikoki segregatzearen ondorioen gaineko ikerketak eta horrela jokatzeko arrazoibide disdiratsuak?
    Azkenik, “euskal hezkuntza-sistemaren aukera orokorrena da etxeko hizkuntza ezberdinetako ikasleek gela partekatzea” esatea ez da zuzena. Zuzenagoa da esatea: “euskal” hezkuntza-sistemaren Irizpide orokorra da, haur etxetik euskaldunak, etxeko hizkuntza ezberdinetako ikasleen geletan sistematikoki sakabanatzea”.

  • “… euskararen egoera hain zaurgarria izanik, aukera bakoitzaren arrakastarako baldintzak aztertu eta ikertu beharra dago”
    Bai, baina bien bitartean, haur euskaldunak sistematikoki segregatzen jarraitzan dute ikastetxe gehientsuenek, ezer aztertu, ikertu edo zalantzan jarri gabe ere.

  • “Familia euskaldun ugarik kezka dute, jakina, beren seme-alaben euskararen erabilera murriztuko den…”
    Ez. Kezka ez. Familia askok eta askok, euren seme-alaben euskararen erabilera erabat moztuta ikusi dute D ereduko ikastetxeetan, segregazio sistematikoaren erruz, besteak beste. Eta ikusi dituzte haurrok sufritzen eta autoestimua galtzen, beste ondorio batzuen artean. Aditu biok Arnas Dezaguneko gurasoengana hurbilduko balira, arazoaren ezagutza zehatzagoa eskuratuko lukete.

    “bestetik, familia ez-euskaldun batzuek bidegabekeria eta diskriminazio sentimendua gara dezakete familia hizkuntzaren araberako eskolatzea gertatzen bada”
    Guraso horiei ondo azaldu beharko litzaizkieke taldekatze irizpideen zergatiak. Ez egun bezala. Haur euskaldunak sistematikoki segregatzearen zergatiak azaltzen zaizkie gurasoei, ala?
    Bestalde, familia euskaldunek pairatzen dituzten diskriminazio eta bidegabekeria sentimenduez nor arduratzen da?

    Horri gaineratzen badiogu euskal eskola-sisteman klase eta jatorriaren arabera dagoen segregazioa, bada, gaiak ez du aterabide onik. Egungo testuinguruan, familia-hizkuntzaren araberako eskolatzea segregaziorako beste ardatz bat bihur liteke, eta ondorio soziopolitiko nabarmenak ekar ditzake. Zer mezu helarazten die estrategia horrek ikasle askori, tokiko nortasunaren eta euskal kultura eta hizkuntzaren parte izatearen sentimendua garatzeko orduan? Horrek ez al luke eraginik izango ikasle horien euskararekiko jarreretan eta ikaskuntzan?

  • Aurreko erantzuneko azken paragrafoa Barquín eta Gereñurena da. Horratx erantzuna:
    Haur euskaldunak sakabanatzeak, ez du klase eta jatorriaren araberako segregazioa ezertan konpontzen. Areago, beste segregazio mota bat eragiten du: etxetik euskaldun diren haurren segregazioa. Non dago irabazia?
    Haur euskaldunen segregazio sistematikoak, horrek bai, ondorio soziopolitiko nabarmenak ekar ditzake. Zer mezu helarazten die euskaldunak segregatzeko estrategia horrek ikasleei (euskaldunei nahiz erdaldunei), tokiko nortasunaren eta euskal kultura eta hizkuntzaren parte izatearen sentimendua garatzeko orduan?
    Horrek zuzenean eragiten baitu euskararekiko jarreretan eta ikaskuntzan.
    Izan ere, euskaldunak euskara gutxietsi eta bazterrera uztera behartzen ditu, eta erdaldunak, euskararekiko gutxiespena eta gaztelerarekiko (ez beste hizkuntzekiko) mirespena indartzera.
    Hori guztia D ereduan. “Euskal” hezkuntaz-sisteman.

  • Hainbeste “aztertu” hainbeste “ikertu” beharrik ba al dago? Kontu horiek entzuten ditudan bakoitzean, burura dakarkidana Axularren Gero da: zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude