Ertzainak: «Todo esta correcto»

Ertzainak: «Todo esta correcto» –

Otsailaren 4an,  arratsaldeko 18.00etan,  eta Ataunera bideko Lazkaoko azken biribilgunean, Ertzaintzaren trafiko-kontrolean geratu arazi gintuzten, automobilez gindoazela. Ertzaina espainolez zuzendu zitzaidan. Nik, mesedez, euskaraz egiteko. Nire iritzi subjektiboan, nire jarrerak ezustean harrapatu eta burla-haizea zerion irribarrez joan zen beste ertzain baten bila (4 bazeuden gutxienez) eta hark eskatu zizkidan, euskaraz, automobilaren paperak eta gida-baimena.

Ertzainak: «Todo esta correcto»
Argazkia: Irekia.

Paper horiekin, ordea, lehenengo ertzaina itzuli zitzaidan, espainolez ondo ahoskatuz: «Todo esta correcto». Oraingoan nire iritzia subjektiboa izateko beldurrik gabe esan dezaket, apropos etorri zitzaidala bera, hain zuzen ere bere agintekeriaz harro, niri inork euskaraz egiteari uko egin, eta berak espainolez itxi nahian gure artekoa. Eta nola ez, «Izorrai!!» zerion tonu eta irribarre maltzurrez.

Zer egin behar nuen nik orduan? Berriz ere, euskaraz egin ziezadatela eskatu? Ertzain hau aintzakotzat ez hartu eta bertan geratu bere eskutik dokumentuak jaso gabe eta automobila abiatzeko asmorik gabe? Beasaingo polizia etxera joan salaketa jartzera? Etxeratu eta Hizkuntza Eskubideen Behatokira eta Elebidera enegarren idatzi bat bidali?

Nik ez daukat hemen diodanaren ahots-grabaketarik edo bideorik, ez badira nire hitzaren eta nire alboan zihoanaren hitzaren balioak. Beraz, pentsa noraino irits naitekeen salaketaz salaketa, bideoz grabatutako lekukotza ere, salatariaren kontra erabiltzen badute!

1982tik ari da Ertzaintza trafikoa zaintzen: 37 urte! Nik hizpide dudan ertzaina, jaio gabea artean. Dena esanda dago: ertzain horrek jarrera hori izan badezake, agintarien babesa duela badakielako da. Auziak dagoeneko ez du heldulekurik: euskaraz ez dakien (edo euskaraz hitz egin nahi ez duen) ertzaina espainolez hitz egiten euskaraz egin nahi duen herritarrari hizkuntz eskubidea ukatuz.

Non daude Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko arduradunak, Pertsona helburu lelopean haien menpekoek harropuzkeria horrekin eman badezakete herritarronganako zerbitzua? Zein pertsonaz ari dira? Ze helbururekin? Eta, non daude, arduradun horiek gainetik dituzten politikariak? Ertzaintzaren baitan egoera hori ahalbideratzen duten politikariak…

Egoera honi behin betikoz buelta ematekotan, espainolez hitz egiten diguten ertzainei euskaraz egin diezagutela exijitzea nork beraren borondatearen baitako jarrera hartze aktiboan baizik ez badago, zertan gabiltza egunero-eguneroko trafiko-kontroletan nik bizi izandako gauza bera bizi dugun ehundaka eta ehundaka euskaldun euskaltzaleak? Ala, guretzat ere «todo esta correcto» da, isilpean pasa dezakegun egoera hori? Azken bi galdera hauen erantzunek kezkatzen naute.

Hurrena kontrolean geratu arazi eta espainolez zuzentzen zaidan ertzainari, nire idatzi honen kopia bat emango diot. Aurrerantzean automobilean erabiliko baitut kopia sorta bat. Horrekin beharko dute. Ohi bezala kotxearen paperak eta nire identifikazio-agiriak zuzen izango ditut, noski, baina horiek ikusi nahi dituenak, paper horiek denak baino lehenagokoa dudan nire buruarenganako duintasunari ere zuzen eutsiko diodala jakin beharko du. Marka da gero, betetzen ez diren legeak betearazteko ere desobedientzia zibilera jo beharra.

Ertzainak: «Todo esta correcto» Ertzainak: «Todo esta correcto» Ertzainak: «Todo esta correcto»
Ertzantza, euskara
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Ertzainak: «Todo esta correcto»”-ri buruz

  • (Txaloen emotikonoa) Denok eraman beharko genuke idazki honen edo antzeko baten kopia bat!

  • Aitzol Azurtza 2019-03-09 12:25

    Elkarrizketa espainieraz hasi duen ertzainari euskaraz hitzegin diezagula eskatzea tratamendu nolabait erasokortzat har lezake agenteak.

    Nire ustez ertzainei modu burutsu eta sotilagoan egin behar zaie aurre; ertzaina mintza dadila nahi duen hizkuntzan (ziur aski ulertuko bait diogu) eta herritarrak ere erantzun diezaiola nahi duenean (gure kasuan euskaraz). Hala, ertzainak ezin egotz diezaguke jazartu gatzaizkionik eta hark ezingo gaitu gure hautazkoa ez den hizkuntza ofizialean erantzuna ematera behartu.

    Hona hemen aurreko udan Erandioko udaltzain batekin izan nuen hitz-trukaketa, non aurrean aipatutako taktika erabili nuen.

    Bilborako autobusaren zain nengoen autobus geltokian, eskusoinua aldamenean neramalarik. Udaltzaintza patruila bat geltoki aurrean geratu eta autotik udaltzain bi irten ziren (gizona eta emakumea ziren). Gizonezkoak egin zizkidan galderak (honelako zerbait):
    -Hark: ¿Qué haces aquí?
    -Nik: Autobusaren zai nago.
    -Hark: ¿Qué llevas ahí?
    -Nik: Akordeoia. Klasea izan det oraintxe.
    -Hark: DNIa erakutsi mesedez (oraingoan euskaraz)
    -Nik: Tori.

    Ez nion euskaraz hitzegin ziezadala eskatu baina euskara erabiltzeko nire eskubideari ez nion uko egin. Azkenean, Erandioko udaltzain euskaldunak hizkuntzaz aldatu eta hirugarren galderatik aurrera euskaraz egin zidan.

    Nekeza eta maiz iraingarria da hala ibili beharra baina nahiago dut nire helburua era sotilean lortu (ertzain eta udaltzainei euskaraz erantzun ahal izateko helburua), eskaera zuzenek sortzen duten giro txarrari borroka giroan aurre egin baino.

  • Ertzaintza kinki, txusma eta lunpenez beteta dagoela ez da berria. Lehen promozioetako EGIko gazteak salbuetsita, espainol hutsak, gehienak. Gaineta, “zipaio” deitzea ez da kasualitatea, inperio (espainola)ren zerbitzuko indar “indigena” izanda. Ez dakit zerk harritzen gaituen

  • Inazio Usarraldek ere horren gainean berba egin du Emuneko blog honetan: Eskubidedun oso gara?
    https://www.emun.eus/hitzartzen/bloga/eskubidedun-oso-gara/

  • euskaldun bat 2019-03-11 09:43

    Idazki baten kopiaz ari zarete hitzegiten eta nik ez dut idazki hori ikusten inon. Zer idazkitaz ari zarete?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude