Udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoa errespetatu eta zaintzeko eskatu dio UEMAk EITBri

Udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoa errespetatu eta zaintzeko eskatu dio UEMAk EITBriUEMAko udal ordezkariek hedabideekiko harremanetan kontutan hartu beharreko hizkuntza irizpideak berraztertu eta euskaraz aritzeko konpromisoa berretsi zuten, irailaren 20an egindako Batzar Nagusian. Erabakiaren ondotik, gaur goizean egin du bilera UEMAk EITBrekin, Mankomunitateko kide diren udalek antolatutako prentsa agerraldiak euskaraz hutsez izango direla jakinarazi eta euskararen arnasguneetan modu berezituan jokatzeko eskatzeko.

Azken aldian, UEMAko hainbat udalerritako ordezkari politiko eta herritarrak agertu dira hedabideetan, eta askotan, gaztelaniaz. Horrela, udalerri euskaldunen eta UEMAren irudia lausotu egiten da. Irudi horrek ez du gune horietako errealitate soziolinguistikoa erakusten. Eta horrek, kezka eragin du UEMAren baitan.

Ez da hori izan, ordea, udalerri euskaldunetako herritar guztiek izan duten jarrera. Izan ere, UEMAko udalerrietako hainbat alkate eta hautetsi ikusi ditugu hedabideetan euskara hutsean hizketan, eta hori ere aipatzekoa dela uste dugu. Era berean, horrek erakusten duelako nahi izanez gero udalerri euskaldunen irudia babestu eta tokiko errealitatea bere horretan erakustea egingarria dela.

Egoeraz jabetuta, udalek ekitaldi publikoetarako eta hedabideekin dituzten harremanetarako hizkuntza irizpideak berraztertu ditu UEMAk. Irailaren 20an, Zestoan, egindako Batzar Nagusian Mankomunitateko udal guztiak batera aritzeko irizpideak adostu ziren, aho batez. Horrela, lehenagotik ere jarrita zeuden irizpideak zorroztasunez bete eta euskaraz aritzeko konpromisoa berretsi zuten UEMAko udal ordezkariek. Erabakiaren ondotik, gaur goizean egin du bilera UEMAk EITBrekin. Bertan, UEMAk hartutako erabakiaren berri emateaz gain eskaera zehatzak egin dizkio EITBri.

UEMAren irizpideak

Aspaldi onartu zituen UEMAk hedabideekin harremanetarako hizkuntz irizpideak. Orain, aurrez aipaturiko egoera gainditu nahian, urrats berri bat ematea erabaki dute UEMAk eta Mankomunitateko kide diren udalek.

– UEMAko udalek antolatutako prentsa agerraldiak euskara hutsez egingo dira.

– EITBko kazetariren batek zuzeneko adierazpenak egiteko eskatzen badio udal ordezkariari, honek euskaraz bakarrik erantzungo du.

– EITBren erdal hedabideetan elkarrizketaren baterako edo programa jakin batzuetan parte hartzerakoan euskaraz egin nahi dutela adieraziko dute UEMAko ordezkariek. Horretarako aukerarik ematen ez den kasuetan, ordezkariaren esku geratuko da parte hartu edo ez erabakitzea.

UEMAren eskaerak EITBri

Euskararen arnasguneak udalerri horietan eragiten duten eragileen errekonozimendua eta bultzada behar beharrezkoa dute. Zentzu horretan, UEMAk EITBri egin proposamenaren helburua da euskararen arnasguneak ezagutzera eman, eta arnasgune horiek sendotu eta zabaltzea. Bide horretan, hauek dira UEMAren eskaerak:

РUEMA eta UEMAko udalek onartutako irizpideak errespetatu, eta irizpide horiek gauzatu ahal izateko erraztasunak  eskaintzea.

– Udalerri euskaldunetara kazetari euskaldunak bidaltzea.

– Udalerri euskaldunetako ordezkari politiko, eragile sozialetako kide eta herritarrei egingo zaizkien elkarrizketak euskara hutsez izatea.

– Euskararen arnasguneak ezagutzera eman, eta udalerri euskaldunek euskararen biziraupenean jokatu duten paper garrantzitsuaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea.

Udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoa errespetatu eta zaintzeko eskatu dio UEMAk EITBri
euskaraz gara, UEMA

2 pentsamendu “Udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoa errespetatu eta zaintzeko eskatu dio UEMAk EITBri”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude