Erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte

Erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte –

Erosten ez diegunean, ikusiko gaituzteEuskadi irratia ari nintzen entzuten. Sarri bezala, merkatari euskaldunak elkarrizketatzen ari ziren, beren markak sortu dituzten ekintzaileak, biak ala biak euskaldun peto-petoak. Poza ematen du horrek, eta saioa bukatu orduko internetera jo nuen, haien egitasmoak hobeto ezagutzeko irrikaz. Horietako baten webgunean sartu, eta bai, euskaraz zegoen, euskaldunak aintzat hartzen gaitu, behar bezala, baina gutxitan gertatu ohi den legez. Bestearen webgunera jo nuen jarraian. Beste honek espainiera hutsez zeukan eta dauka webgunea. Dilistarik ere ez euskaraz. Gaztelera hutsez omen “gehiengoarekin komunikatu ahal izateko”. Eta bai, horretarako aski du inposatu diguten hizkuntzan jardutearekin, ez du euskararen beharrik.

Bizkarra eman diezaguke lasai asko, merkatari gehientsuenek bezala. Izan ere horretara ohituta gaude, ikusezin izaten irakatsi digute: Badakigu poliziaren eta epaileen aurrean hobe dela españolez edo frantsesez jardutea, gure hobe beharrez. Renfen edo Correosen euskaraz aritzea alferrik izaten da, “gehiengoaren” hizkuntzan baino ez dute egiten, txiripak txiripa. Mercadonan, Dian, Alcampon, Lidelen, Carrefourren… produktuen errotulazioa erdara hutsez daukate, baina baita “bertoko” Eroskin edo BMn ere, eta ordaintzeko orduan euskaraz ulertuko duenik aurkituz gero bingo! Zenbakiak baskonikoz ikastea ikaragarri zaila omen, soritxarrekuak gu! Eta berdintsu saltoki, jatetxe eta taberna askotan ere.

Ezikusiarena egiten diguten euskaradunek ere, hego haizeari segi besterik ez dute egiten, arau nagusi arrotzari men, ostikoa txikiari (txikituari) etxekoa izanagatik ere.

Ulergarria da, boteretsuaren, zapaltzailearen alde jarri ohi da zapaldutako asko, nahita edo nahi gabe, zer gerta ere. Baina euskaraz bizi nahi dugunok, euskaldunok, ez genieke horrelakoei hausporik eman behar.

Ez genieke abegi on egin behar ezikusiarena egiten digutenei.

Ez genituzke euskaldunon hedabideetara gonbidatu beharko, duintasunagatik baino ez bada ere. Eta ez genuke euren zerbitzurik edo produkturik erosi behar. Beharbada horrela, ezer erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte!

Erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte

Oinezkoa

4 pentsamendu “Erosten ez diegunean, ikusiko gaituzte”-ri buruz

  • Bai horixe! Arrazoi osoa daukazu JJ. Baina ekintza egite hutsarekin ez da aski. Esan, esan behar zaie jokabide horiekin ez gatozela bat, konplexurik gabe eta mikaztasunik gabe. Aipatutakoa, praktikan jarri eta funtzionatu izan duela esan dezaket.

  • Egia gordina 2022-11-29 13:55

    Osakidetzan euskaraz artatuak izan nahi dugula aldarrikatzen dugu euskaltzaleok. Baina euskaltzale horietako asko, gero, ez dute ezer esaten tabernetan, dendetan gero eta zailagoa dela euskaraz artatua izateko. Zergatik? Kanpotar erdaldunak etorri direlako.

    Zein da arre eta so aldi berean egin. Erdaldunen etorrera masiboak euskaraz bizitzea gero eta zailagoa eragiten du.
    Hipokresiarik ez mesedez.

  • Ados, neunaz… baina ezin da zama guztia hiztunon bizkar utzi beti. Erakunde publikoek (EiTB erakunde publikoa da) izan behar lukete eredu ematen lehenak. Areago, euskaldunon hizkuntz eskubideak errespeta daitezeneko mezua eta iritzia zabaldu behar lukete behin eta berriz, eta ez dute egiten txitean pitean baizik.

  • Ados!