Erdu euskarara, gure altxorrik preziatuenera!

Erdu euskarara, gure altxorrik preziatuenera! –

Maiatzaren 26an, hogeita hamar bat herritar etorri ziren Iurretako II. Mintzopotera, euskaraz eta euskarari buruz berba egiteko.

Aurtengo helburua izan da euskaldun berriak eta jatorri askotariko herritarrak euskaldun zaharrekin elkartzea. Mintzopotearen bidez, euskaldunen arteko sareak josi nahi izan ditugu, baita batzuen eta besteen bizipenak partekatzeko aukera eman ere.

Parte-hartzaileak bi orduz aritu ziren kontu-kontari, 5 mahaitan antolatuta eta World Kafe metodologiaren laguntzaz. Saioa Elhuyar Aholkularitzako teknikariek bideratu zuten, Euskararen Aholku Batzordeko kideen laguntzarekin.

Erdu euskarara, gure altxorrik preziatuenera!

Parte-hartzaileek hiru gai izan zituzten mintzagai:

Nolakoa izan da euskararekin izan duzun harremana eta nolako etorkizuna izango du harreman horrek?

Mintzopotekideek euskararekin izan dituzten bizipenak eta esperientzia pertsonalak azaldu zituzten:

  • “Gustura nago euskaldun izan eta euskaraz egiteagatik, baina oztopoak aurkitu izan ditut jendartean. Etorkizuna ez da izango nahi bezain ona”.
  • “Euskararekin izan dudan harremana osoa izan da, afektiboa. Etorkizunean oraindik osoagoa eta konprometituagoa izatea nahiko nuke”.
  • “Euskara azterketak gainditzeko erabili izan dut, baina, orain eta etorkizunean, nahiko nuke euskara mintzapraktikan gehiago erabili”.

Euskaraz bizi nahi dut. Iurretan posible da?

Iurretako erdiguneko eta auzoetako planoak hartu eta gometxen bidez gune euskaldunak eta erdaldunak identifikatu genituen. Hau da, euskara oztoporik gabe eta naturaltasunez non erabil dezakegun eta euskara erabiltzea zaila suertatzen zaigun lekuak.

Hona hemen ateratako ondorioa: Iurretan euskaraz bizitzea posible da. Hala ere, gabezia asko ikusten dugu. Erakunde eta komertzioen egoera ona da, baina kalean nahiko genukeena baino erdara gehiago entzuten da, baita euskaldunen artean ere. Auzuneetan erdigunean baino errazagoa da euskaraz berba egitea. Gazteak motibatu behar ditugu euskara erabil dezaten!

Euskarara erakartzeko mezuak

Azkeneko ariketan, erdaldunak eta euskara erabiltzen ez duten euskaldunak euskarara erakartzeko mezuak proposatu zituzten parte-hartzaileek:

  • “¡El euskera es un tesoro! ¡Descúbrelo! / Erdu euskarara, gure altxorrik preziatuenera!”
  • “Erdu eta eineik/n euskaraz!”
  • “Nik ulertzen badizut, zergatik ez didazu euskaraz hitz egiten?”
  • “Zer polita den zure euskara… biok hitz egin dezakegu?”
  • “Euskara: mundu zabal honetan desberdintasunak aberasten gaituelako”

II. Mintzopotearen balorazioa

Saioa baloratzeko, loreak sortu zituzten mintzopotekideek, eta honelako berbak jaso zituzten loreen petaloetan: “atsegina”, “ausarta”, “freskagarria”, “gustura”, “ederra”, “aberasgarria”, “emankorra”, “etorkizuna”

Eskerrik asko parte-hartzaile guztioi!

Erdu euskarara, gure altxorrik preziatuenera!

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.