Erdaldunak eta errespetuaren diskurtsoa

Erdaldunak eta errespetuaren diskurtsoa –

Uste baino zabalduagoa dago, euskaldunok osatutako taldeetan erdaldunen bat batzen denean, euskaraz aritzea errespetu falta bat denaren diskurtsoa. Pasa den asteburuan izan nuen eztabaida nire lagun handi batekin. Bere hurbileko bat “inkomodo” sentitzen zela eta ez zela ikastolan eta herrian sortzen ziren testuinguruetan. Baina izan ote daiteke errespetu falta -kontsiderazio falta- euskaraz mintzatzea?

Egoerak, errealitateak eta pertsonak mila dira. Baina gure herri eleaniztun honetan bizi diren gaztelania hiztun gehienek urte asko daramatzate Euskal Herrian, eta dagoeneko hitz egiteko ez bada, ulertzeko gaitasuna izateko bezainbesteko adimena aitortzeko moduan gaude, ala? Harkaitz Canok Vocento taldean idatzi zuen zutabe gogoangarri hartan zioen gisan, gizarte elebidun bat ez da inoiz simetrikoa: “Gure euskaltasuna intermitentea delako. Ia denok garelako, ezer baino lehen eta egunerokotasunaren praxian, erdaldun”, zioen idazleak.

Ikaragarri maite ditugu gure erdaldunak. Bestela ezinezkoa da ulertzea zergatik babesten ditugun horren sutsuki euskara entzutetik.

Euskaraz ez jakiteko eskubidea aitortzen diegu gure taldeetara batzen direnei, hargatik “errespetu falta”, baina, inork ez digu aitortzen guri eskubide bera, gaztelania ez jakitekoa. Nekez kezkatuko da inor euskaldun bat “inkomodo” sentitu delako, euskaraz beharrean gaztelaniaz mintzatzean. Are gehiago, oso gutxi dira talde batean gaztelaniaz ari eta kexatuko direnak. Inori ez diozu entzungo esaten: “Ts! aizu hitz egin euskaraz, errespetu pixka bat”. Horraino iristen da gure errespetua, kontsiderazioa -edo otzantasuna-. Azala zaildua daukagu dagoeneko.

Tira, agian, inpultso inkontziente bat da, erreflexu bat, guk egunero sentitu behar ditugun mespretxuetatik haiek libratzeko. Edo azpiratutako gizarte garen seinale garbia. Edo, apika, ikaragarri maite ditugu gure erdaldunak. Bestela ezinezkoa da ulertzea zergatik babesten ditugun horren sutsuki. Babestu euskara ikasteko senti dezaketen edozein beharretatik. Babestu euskara entzutetik. Babestu, euskarak ez ditzan uki. Unetxo batez ere ez daitezen komodidadetik irten. Errespetuaren izenean.

Erdaldunak eta errespetuaren diskurtsoa

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzio burua. Barruan Gaude elkarrizketa saioa ZuZeu Podcasten. Ekaitza bainuontzi batean.

18 pentsamendu “Erdaldunak eta errespetuaren diskurtsoa”-ri buruz

  • Nire ustez, argi dago zer dagoen horren atzean:

    – Espainol-frantsesak derrigorrezkoak dira (konstituzioen, legeen eta, beraz, indar armatuen babesa dute).
    – Euskara aukerakoa da (jakiteko eskubidea dugu, hitz egitean molestatzen ez dugun ber).

    Bestalde, utzi beharko genioke espainolari gaztelania deitzeari, argi gera dadin nork zein banderari heltzen dion.

  • Iñaki Larrañaga

    Kontsiderazio asko egin litezke gai honetaz. Baina badago bat, nik dakidala, mundu osoan zabaldua dagoena eta ezin dena ezkutatu: hizkuntza komun bat izanda talde batean beste hizkuntza bat erabiltzea edukazio txarrekotzat jotzen da. Are gehiago, hizkuntza komun hori aise menperatzen badute denek.

    Bistakoa da euskaldunok galtzaile ateratzen garela abiapuntu horretan, horregatik aurkitu behar dira estrategiak -itzultzaileak, denen konpromisoa, euskara ikasteko aukeratzat ikustea egoera, euskara ikasi beharra erakustaraztea…-, enfin ezer berririk ez. Baina, baina, sekula ez ahaztu abiapuntua: mundu osoan gaizki ikusia da talde batean piperrik ulertu gabe uztea pertsona bat. Eta hori bere horretan aldatzea ezinezkoa da.

  • Oier Aranzabal
    Oier Aranzabal 2019-05-04 17:08

    Aupa Iñaki,

    Ez nago ados. Berlinera bazoaz aintzat hartuko duzu bertan alemaniera mintzatzen dela. Eta inolaz ere ez duzu errespetu falta gisa hartuko hango lagun kuadrillak alemanieraz hitz egitea. Are gehiago izatekotan, ikasi ez izanagatik sentituko zara gaizki. (Berdin Hungarian, Italian, AEBtan edo Lituanian).

    Eta ohikoa, arrunta, zentzuzkoa da herrialde batera zoazenean, bertako hizkuntza(k) ikastea. Zentzugabea aurkakoa.

  • lapurtar bat 2019-05-04 21:58

    “inork ez digu aitortzen guri eskubide bera, gaztelania ez jakitekoa”
    hori konpontzeko iradokizun bat: taldera batzen den erdaldunari esaiozue taldean Lapurtar bat dagoela eta gazteleraz ez baitaki, errespetu falta litzatekeela bertzeek gazteleraz hitzegitea bera ulertu gabe egonik.
    Gure herrian bi erdara izatearen abantaila guti batzuk daude, ez ohi ditugu aski erabiltzen.

  • Hemen, ordezkapenari “aniztasun” deitzen diogun bezala, menpekotasunari errespetu esaten diogu.

  • euskaldun bat 2019-05-05 10:35

    Nik idatzi dudan iruzkina ezabatzeko zein arrazoi zegoen? Zuena jada zerbait neurotikoa da. “Erdaldunak eta errespetuaren diskurtsoa”, bai, erdaldunei izango diozue errespetua, euskaldunei egurra. Horrelakoa da bai euskalduna, kanpoan gizajo eta etxean otso eta arroputz.

  • ZuZeu

    ‘euskaldun bat’,

    Erabilera baldintzak irakurri. Berauek betetzen ez dituzten sarrera edo iruzkinak era subjetiboan ezabatuko ditu erredakzioak. Tematu nahi duzun guztia, baina, horrek hala izaten segiko du.

    Sudur puntan jartzen zaizuna inolako baldintzarik gabe -era anonimoan- esateko, ireki zure bloga. Denok eskertuko dugu.

    Mila esker

    ZZ

  • Hipokrita izan behar da gero! “aniztasun kulturala”, “bazterketari ez”, “adierazpen askatasuna”, “mozal legeari ez”… eta horrelako diskurtsoez baliatu. Eta gero, euskara eta eztabaida eragin nahi duen webgune batean, erabat partzialki, iritziak ezabatzea.
    Tira, Zuzeun gutxienez eztabaida pixka bat onartua dago, Berri edo Argian ez bezala.

    Irain eta gezurrik ez dagoen bitartean, iritzi ezberdinak onartu behar dira. Gustatu ala ez.
    Ze bestela, ondorioa oso erraza da: Internetek eskaintzen dituen milaka plataformetara jo. Hori bai, erdarazkoetara.

    Gero, ZuZeukook, kexatuko zarete euskal medioek ez dutela indarrik. Jendeak paso egiten duela Berria, ZuZeu edo Argia irakurtzeaz. Eta diru-laguntza gutxiegi jasotzen dutela.

    Tematika ezberdinak landu behar dira eta ez progre ikuspegiaren gatibu izan. Iritzi aniztasuna, ikuspegi aniztasuna, adierazpen askatasuna!

  • Euskaldun zaharrek sekulako kolonizazio mentala pairatzen dute, haien herrietatik irten eta eskualde erdalduneetara abiatzean hango (hemengo) jendearekin erdaraz aritzen dira. Aizue, ez genituen ikastolak sortu zuek orain hona etorri eta erdaraz aritzeko, eh!

    Beharbada irudi honen eskubiko mapa duen kamiseta egin eta jantzi beharko dut. https://halabedi.eus/wp-content/uploads/2018/10/euskara_bilakaera.png

    Tira, nik hurrengoan ere erdaraz hitz egiten didan euskaldunari euskaraz erantzungo diot.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-05-05 16:21

    Ez dut ondo ulertzen Zuzeu eta EB arteko hasarraldi hunen funtsa.
    Berriki arduradun bat eskertzen nuen Zuzen egiten den lan onaren gatik. Bestetik eskuarki irakurtzen ditut EBen iruzkinak eta itsuskeriarik ez dut ikusi momentuz.
    Lehen aldikotz irakurri ditut « erabilera baldintzak »
    “Giza eskubide guztiak, gizaki guztientzat” da gehien hauteman dutan baldintza.
    Estonatuko nintzateke hau izango balitz hasarraldiaren funtsa.

  • Javier Otxoa 2019-05-05 16:45

    ‘euskaldun bat’ ezaguna da lehendik mezu arrazistak botatzeagatik. Eta baita iseka eta burlak ere. ZuZeuko komunitateak sufritu behar duen troll anonimoetako bat da.

    ZuZeuk bere plazan baldintza batzuk jartzen ditu eta beren plazan dantzatzeko baldintzok bete behar dira. Eta halako erabiltzaileek eztabaida sanoa baino zikina bultzatzen dute.

    Plazarik ez dugu halako askatasunez hitz egiteko, askatasunak baina, ez du esan nahi mezu arrazista eta zarpailak onartu behar direnik. ‘Euskaldun bat’-en iruzkinean maketoak aipatzen zituen, termino aski nazkagarria.

    Animo ZuZeuko lantaldea.

  • euskaldun bat 2019-05-05 23:30

    Anonimotasunaren kontuak azkurea eragiten dizuela ematen du. Oso erraza daukazue, jarri izena emateko beste sistema bat, beste toki askotan egiten den bezala, anonimotasuna ekiditeko. Baina dirudienez hori ere ez duzue nahi. Iruzkinak hamarrenera jaitsiko ote diren beldurra agian? Eta horrekin trafikoa jaitsi eta ZUZEU arriskuan gelditzeko beldurra? Ai! Dena nahi duzue eta komeriak!
    Ezabatu duzuen nire iruzkina jendeak ikusiko balu, lotsagarri geldituko zinatekete. Gezurra dirudi horrelako jendea nola egon daitekeen: laguntza publikoak jaso eta ukaezina den ildo politiko bat markatu. Baina beno, ezer berririk ez eguzki azpian. Herri txikia gara eta elkar ondo ezagutzen dugu.

  • Neronek ez dut sekula ere , ezta behin ere, maketo hitza ahozkatu. Hala ere, jakin badakit milaka batzuk, ehun milaka batzuk badirela geronen herrian, eta harro maketo izateaz. Zer du maketo hitzak nazkagarritik, borono, kaxero, gaur bertan Denis Itxasok aipatzen zuen “ea nor duen txapela handiena” , boina a rosca, flequillos con hacha,, …eta hamaika adibide. Maketo hitzak, gaur egun oso gutxi erabilia. ez du deus ere arrazistatik, txarnego hitzak ez duen bezala. Geroni nola deitzen digute Madrilen, edota estatuko medioetan egunero-egunero?
    ‘euskaldun bat’ ezaguna da lehendik ERE mezu arrazistak botatzeagatik. IDAZTEAGATIK Eta baita iseka eta burlak ere. HEMEN ZERBAIT FALTA DA ZuZeuko komunitateak KONTZEPTU ESTATUBATUARRA sufritu behar IZAN IZATEN duen troll anonimoetako bat da.

    ZuZeuk bere plazan baldintza batzuk ZEHAZTUGABEA jartzen ditu eta beren SINGULARRA plazan dantzatzeko baldintzok bete behar dira. Eta halako erabiltzaileek eztabaida sanoa baino zikina bultzatzen dute. NON DAUDE KOMAK?

    Plazarik ez dugu halako askatasunez hitz egiteko, EZ DA ONGI ENTELEGATZEN, HITZEN ORDENA, HASIERAN LOKAILUREN BAT…. askatasunakKOMA baina, ez du esan nahi mezu arrazista eta zarpailak onartu behar direnik.NERONEK DIRELA ERRANEN NUKE, BAINA TIRA ‘Euskaldun bat’-en iruzkinean maketoak aipatzen zituen ZIREN, DUDARIK GABE, termino aski nazkagarria.

    Animo ZuZeuko lantaldea. LANTALDEARI

  • Jose Inazio Lopez de Luzuriaga 2019-05-06 00:24

    Ez dut ulertzen halako puritanismoa espainiarrak jopuntuan daudenean. Zergatik ez gara irekiagoak, “Vaya semanita” eta antzeko programa telebisiboetan euskaldunon kontura barrez egiteko “irekiak” diren bezalaxe? Nik neuk ez dut maketo hitza erabili sekula. Ez dut gustuko erabiltzea. Baina gure historiaren partea da. Lan bikaina egiten du Zuzeuk, halere, hemendik aurrera zerbait irakurtzen dudanean zerbait isildu dela pentsatuko dut. Isiltzea ez dago ondo, pertsonen eskubideak larriki urratzen ez badira behinik behin.

  • Lore Argote 2019-05-06 08:38

    ‘euskaldun bat’ ausarta da, baina, bakarrik izen abizenik eman gabe. ‘euskaldun bat’-ek iseka egin izan du, baina, bakarrik izen abizenik eman gabe.

    Anonimotasuna onartzen du zuzeuk, baina, horrek ez du esan nahi haren izenean edozer idatzi daitekeenik.

  • Beti gorrotatuko dot “Batek euskeraz ez dakienien errespetu falta da…” esan izan dan hori… Errespetu kontue baño, konplexua da.

  • Begira zer sortu duzuen, nahaste borrastea. Eta dena, mezuak zentsuratzen ibiltzeagatik.
    Nik uste, ZuZeuren politika izan daitekeela, noizean behin, trafikoa, bisitariak igotzeko. (Oso gaizki egiña).
    Ze bestela, ez dut ulertzen mezuak ezabatzen ibiltzearena. El Mundo egunkari digitalean askatasun gehiago dago hemen baino.
    Euskaldunak zanpatuak x2 (kanpotik eta barrutik).
    Gauza hauek uxatu egiten gaituzte leku hauetatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude