Erabilerarako lexikoa

Erabilerarako lexikoa –

Erabilerarako lexikoaEzagun da, erabilerari dagokionez, euskara ez dabilela oso sasoiko aspaldi honetan. Askoz gehiago ei dira euskaraz dakitenak euskara egunerokoan erabiltzen dutenak baino, balizko erabiltzaileak eguneroko hiztunak baino, euskaraz ongi molda litezkeenak berez moldatzen direnak baino; euskaradunak euskaldunak baino, alegia. Eta errealitate gordin horren azterketak diosku hainbat direla hala gertatzeko arrazoiak: erdarek duten indarra, globalizazioak dakarren euskararekiko atxikimendu falta, euskararen beraren araugintzak ezartzen duen kortsea…

Bada, nire ustez, beste arrazoietako bat zera dugu: lexikoaren egokitzapen falta. Hau da, bizia den hizkuntza batek berez sortu eta behar dituen berba berriak onartu eta hiztegiratzeko gaitasun falta. Ea gai naizen zer esan nahi dudan azaltzeko.

Egun, oso ohikoa izaten da agertzen diren fenomeno edo kontzeptu berriak izendatzeko hitz berriak sortzea. Gehientsuenak erdaretatik datozkigu, azken batean, erdarek sortzen dituztelako lehenen berba horiek, bereziki, ingelesak. Horra hor, esaterako, teknologia berrien haritik iritsi zaizkigunak: e-mail, WhatsApp, hashtag, tweet… Horrelakoak egunero-egunero erabiltzen ditugun terminoak dira eta, erabiliaren erabiliaz, baten batzuk euskaratu ere egin ditugu, baina arrakasta maila ezberdinak lortuaz, hitzaren arabera. Izan ere, mailak gora eta behera ibiltzen gara, e-postak guztiz baztertuta, posta elektronikoa nahiz mezua bera adierazteko; buruhauste galantak izaten ditugu zorioneko whastsapp hitza zuzen idazteko (batez ere ingelesez ez dakigunok), berau ere zerbitzua zein mezuak izendatzeko; ahaleginean ari gara idazten nahiz ahoskatzen hain zaila den hashtag euskarara ekartzen, eta badirudi traol arrantza-tresna bezala izendatzea adostu dugula, gaztelaniazko “almohadilla” zeinuaren antzekotasunagatik; oraindik ere, kostata erabiltzen dugu txio eta txiokatu gaztelaniazko tuit eta tuitear baztertu guran…

Horien gainean, baina, nik dakidala, ez dago erabaki formalik, eta, horrela, erabiltzaileon esku gelditzen da terminologia berria ezartzea. Oztopo handirik jarri ez eta jada hiztegietan agertzen hasiak dira halakoak, nahiz eta, oraindik ere, terminook formaldu eta beraien erabilera erabat orokortzeko dezente falta dela esango nukeen.

Badira, ordea,  bestelako terminoak, euskara errazte aldera edo, gero eta ohikoagoak eta erabiliagoak direnak, baina, nolabait esatearren, errezelo handiagoz begiratzen diegunak, nolabaiteko debekua jarri nahian, euskararen jatortasunaren edo halako zerbaiten izenean. Eta termino horiek, hain zuzen, hainbeste behar ditugun hiztun berrien eskutik heldu zaizkigula aitortu behar. Horregatik, beharbada, hiztegian onartzeko hainbesteko errezeloa, bai berezko euskaldunen aldetik, bai hiztegigintza eta lexikografia arautzen dutenen aldetik.

Halako bi adibide baino ez ditut ekarriko hona: sukaldatu eta txizatu. Ez bata ez bestea ez dira hiztegietan azaltzen, euskarazko hitzak ez direlako seinale, baina barra-barra entzuten dira han-hemenka, hiztun berrien ahotan ez ezik, gero eta jatorrizko hiztun gehiagorenean ere. Entzun orduko alarma guztiak piztu eta zigortu ere egiten dugu haien erabilera, halako jatortasun (jatorrismo?) baten aldarri gisa.

Hiztegiak, batetik, badakar kozinatu, janaria prestatu hobesten duen arren, baina, etimologiari dagokionez, behintzat, logikoagoa begitantzen zaio sukaldatu euskaldun berriari. Bestetik, pixa/txiza egin dakar, baina era bihurkarian aldean txiza egin erabili beharko genuke (nahiz eta gero eta maizago entzuten dugun gainean egin), eta hiztun berriari errazagoa egiten zaio txizatu; azken finean, lo egin eta lokartu esaten dugu, bi-biak onartu eta hiztegiratuta, azken horren ordez lo hartu edo loak hartu hobetsi balitezke ere.

Tira, azken finean, esan nahi dut badirudiela bi neurgailu edo onarpen-maila ezberdin ditugula hitz berriak onartzerakoan, hitzok nondik datozen. Eta nago hori guztia euskararen araugileek, Euskaltzaindiak edo, zertxobait zehaztu beharko luketela, euskaldunon komunitatearen hobe beharrez. Agian, bada garaia guatxapa ere idazten hasteko, ez uste, irakurle?

Erabilerarako lexikoa Erabilerarako lexikoa Erabilerarako lexikoa

7 pentsamendu “Erabilerarako lexikoa”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-02-17 21:41

    Nire aitak “gautxapa” esaten du. Zeri buruz ari den ere ez daki baina inguruko telefonoren batera mezua iritsitakoan soinua entzuten duenean “hara, gautxapa!” esaten du. Eta zergatik ez? Norbaitek “gautxapa” nondik datorren galdetuko balu… ba, “gaua+txapa”-tik, gaueko txapa dela alegia, hainbeste mezu eta molesti, gaueroko txapa dela alegia.

  • Hiztun berria? Zer ote da hori? Azken finean, azken finean Euskal Herriko iparraldeko moldea baizik ez da, hiztun berriek barra-barra darabiltena, azken batean jatorraren kalterako. Bestela ere, finean, horrela, bere soiltasunean, biziki ederra da. Eta finitzeko, neronek ezagutzen ditudan euskaldun guztiak, eta anitz dira, guatxapa esaten dute. Zer ,bestela, zuk nola estan duzu, bada?

    • Ni GUATXAPA esan eta idatzi ere egitearen aldekoa naiz, horrela, euskal grafiaz. Eta horrelako erabakietan, gainera, Euskaltzaindiak ere parte hartu beharko lukeela uste dut, goiko testuan esan dudan bezala.

      Azken finean, erabiltzen diren terminoak bere egin behar ditu euskarak, naturaltasunez, nahiz eta, TXIZATU edo SUKALDATUren kasuan, esaterako, euskaldun natural batek bestela esan litzakeen; euskarak erabilerarako lexikoa behar du, euskal hiztunek sortzen dutena, eta ez araugintzak, garbizaletasunak edo beste ezerk ezartzen dioten kortsea edo mugapena.

  • Eta bidenabar, txio bat bidaltzea munduko gauzarik arruntena da. Nork bere ingurua bizi du.

    • TXIO(A) eta TXIOKATU, hortaz, natural-naturalak dira gaur egun, euskal hitzak dagoeneko, eta bide berean doa TRAOL(A) bera ere. Nik “rango” bera aldarrikatzen dut GUATXAP(A), SUKALDATU edota TXIZATU hitzetarako, adibidez; lexikoaz ari gara, ez arauez, eta lexikoa aldatuz doa, etengabe. Euskaldunok onartu beharra dugu lexikoaren eraldaketa naturala.

  • Igual hasteko ulertu beharko genuke WA- ez dela GUA- baizik eta UA diptongoaren errepresentazio grafikoa, eta espainolek TS ezin ahoskaturik CH esateak ez gaituela euskaldunok zertan behartu gauza bera egitera, soinu hori ezagutzen dugu eta.

  • Sukaldatu ta tzizaturen adibideak onak iruditzen zaizkit euskaltzaindiak onartu beharrekoak, ziur gehiago daudela, baina hor ez dut inolako arazorik ikusten. Ez inolako hitzik bereganatzearekin . Zenbat denonra eman du askotan RAEk , gaizki esaten diren gaztelaniazko hitzak hiztegian sartzen? Ba denbora asko, ta gaztelaniadunek utzi diote hitz hoiek erabiltzeari RAEk ez zituelako onartzen? Ez.

    Sukdaldatu erabiltzen bada nahiz ta euskaltzaindiak esan gaizki dagoela, erabiltzen jarraituko da beraz nik behintzat ez diot loturarik ikusten erabilerarekin.

    Ta ez da izango gutxi garenez euskaraz saiatzen garenak beste askok ez dituztela termino berri hoiek ezagutzen ta askotan horrexegatik ez dituztela erabiltzen? Nik ez dut uste inoiz twit idazten dudanik ezta retuit ere, ez da #hastag hitza erabiltzen euskaraz ari naizenean….

    Ta gaztelaniadunek? Ez dituzte hitzak asmatzen? Bai, ta ingeleseskoak hartu ere. Batzuk lehenago ta beste batzuk beranduago, batzuk lehenago onartuak RAErengatik ta beste batzuk ez.
    Orduan nire uste apalean ezin da horregatik izan, ta bai besteek ez dakitelako.
    Hau da erabili ezin badut, zaila izango dut inolako hitzik nire buruan iltzatuta gelditzea, ez badut ohitura erabiltzeko inoiz behar dudalako….

    Betiko burrukan ari behar bazara zure hizkuntza erabiltzeko, gutxiago erabiliko duzu ta askok ia ezerrez. Ta hori da arazoa nire ustez.