Elebakar gutxiago

Elebakar gutxiago –

Zaldieroren herenengungo zintan @listocomics|en perpausa ageri zen: “Elebakar gehiegi daude”. Euskal Herriak gauza asko ditu onak, baina denetan onena  euskara bera da, noski, eta bigarren lekuan are elebakarrek ere badakitela beste hizkuntza bat maitatzen, edo miresten edo, “Europako hizkuntzarik zaharrena” delakoan gutxienez (Ixo! Ez esan gezurra dela!).

Elebakar gutxiago

Txikitan —lehenago ere kontatuko nuen noizbait— ez nekien euskara zenik ere. Deskubrituz joan nintzen, batez ere Franco hil ondoren —artean nik 13 urte nituen— estalkia kendu baitzitzaien Gasteizen, nire inguru beldurtuan behintzat, lehen ondo estalita zeuden hainbat gairi. Orduan izan genuen, aldi berean poti-poti ederrean, sozialismoaren, komunismoaren, anarkismoaren eta abertzaletasunaren nolabaiteko berri ere. Euskal abestien letrak nola edo hala lortu eta buruz ikasten genituen; nekez itzultzen nituen orain Vital Kutxa denak atera zuen hiztegi nimiñoarekin. Europako hizkuntzarik misteriotsuena ere bazen orduan niretzat euskara, beraz.

Kanpoan gure adineko jendea harritu egiten zen euskararekin. Beraz, guretzat harrotzeko moduko jabetza zen, euskal herritarra izatea aski baitzeritzagun euskararen jabeak ginela amesteko. “Eusko gudariak gera…” esanez euskaldunaren itxurak egin zuen gasteiztar bat baino gehiago ezagutzen dut nik. Baita zuk ere, ezta?

Elebakar gutxiagoBaina, esango didazu: Blanca, zertara zatoz aspaldiko kontuokin? Ba, honetara: elebakarra ez dela arazoa, buru-itxia baizik. Goazen espektroaren beste aldera. Kamerun omen da hizkuntz aniztasun gehien daukan munduko herrietako bat. Kolonizatzaileen hizkuntzak ez ezik (alemana lehen, gero ingelesa eta gaur frantsesa batik bat), bertako 250 bat hizkuntza daude eta, gainera, jendeak badu elkarrekin hitz egiteko moduko koiné bat, “francam” deritzatena, hau da, “Kamerungo frantsesa”. Atera kontuak zenbat hizkuntza dakien ama hizkuntza batekoa eta aita bestekoa dituen kamerundarrak.

Hizkuntza batetik bestera erraz pasatzen dira afrikarrak. Izan ere, horixe da gizakiaren egoera naturala: hizkuntz hartuemana, trukea, ulertu beharra, kode-aldaketa (code-switching). Europako elebakartasun itxia “nazio bat, hizkuntza bat” lelo ustez progresistaren ondorioa da; Frantziako Iraultzatik aurrera inposatuz joan den ideia bat, besteak beste Euskal Herriko sozialistak hainbeste zamatu dituena —ez denak, noski: horra hor Eibarkoak—.

Lelo horren eraginez, hizkuntza ezberdinekiko harreman naturala galdu dute europar askok. Deseroso sentitzen dira beste hizkuntza baten aurrean, mehatxatuak, eta batzuk are irainduak ere. Zer esanik ez dago: heziketa kontua da. Ez naiz lehena esaten duena Espainiako demokraziaren porrotik handienetako bat hauxe dela, alegia, eskolan estatuko hizkuntz aniztasuna mehatxu ez, baizik eta aberastasuna delako ideia txertatu ez izana. Aurrerago joanda esango nuke, eta honetan ere ez naiz lehena, eskolan estatuko hizkuntzak irakatsi ez izana, pitin bat behintzat: “kaixo”, “egun on”, “zer moduz?”, eta abar.

Atzo gimnasioan bi emakume gazte suertatu ziren nire aldamenean aldagelan. Bi minutu gaztelaniaz eta beste bi arabieraz ari ziren, kode-aldaketa etengabean, baina nonbait dialekto ezberdinetako hiztunak izan eta horixe zen beren jardunaren arrazoia.

Halako batean batak besteari hauxe esan zion: “Zuk ulertzen badidazu, nik ulertzen dizut”. Ba horixe.

Elebakar gutxiago

Elebakar gutxiago

Irakaslea, filologoa eta euskaltzaina. Araba.

24 pentsamendu “Elebakar gutxiago”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-03-17 14:15

    Ondo ezagutzen dut adierazten duzun errealitatea eta bai, deigarria da nolako naturaltasunez hitz egiten dituzten hiru eta lau hizkuntza, baita oso eskola gutxi duten afrikarrek ere. Eleaniztasuna jarrera natural bezala guztiz da laudagarri. Alta, koxka bat geratu zaizu aipatzeke: Eleaniztasun hori orekatua ala desorekatua ote den. Berdintasunezkoa ala hierarkiazkoa ote den. Aipatzen dituzun hainbeste hizkuntza horietako hiztun eleanitzek, haien guraso eta aiton-amon elebakarrek baino askoz traketsago hitz egin ohi dute ama-hizkuntza. Gaur “kontsumitzen” ari garen eleaniztasun zoragarri honi ezingo zaio luzaroan eutsi. Soildu-hurren dagoen Amazoniari argazki bat atera eta haren edertasunari begira geratzea bezala da, motozerrek errukirik gabe lanari ekiten dioten bitartean. Ondo dago argazkiari begiratu eta haren ederraz gozatzea, baina premiazkoa eta larrialdikoa, motozerrez hitz egitea da. Nire uste apalean behinik behin.

  • euskaldun bat 2018-03-17 18:00

    Motozerrez indioek hitz egiten dute. Zaila da interesak dituztenek motozerrez hitz egitea.

  • Jakina, hori ere bada, baina nik ez nuen hortaz hitz egin nahi, baizik eta elebakar batzuen buru-itxitasuna erkatu nahi nuen horrelako egoera “naturalki” eleaniztunetako batekin.
    Ez da “naturala”, ordea: frantsesa ez dago han “naturalki” eta, jakina, amaren hizkuntza francam-en azpitik dago batzuentzat, eta zer esanik ez, frantsesa denen gainetik. Zutabean dena ezin kabitu, ordea.
    Hizkuntza galeraz zutabe batean hitz egitea nire ahalmenetik kanpo dago oraingoz. Mingarria bezain erreala, ez nekike nondik hasi. Agian zuk zeuk egin dezakezu zerbait

  • euskaldun bat 2018-03-17 20:54

    Animali espezie bat desagertzeko arriskuan dagoenean, eremu-babestu bat sortzeko gai gara, denok ulertzen dugu hori eta ados gaude. Agian artzainen bat kexatuko da baina kalte-ordainen bidez azkenean konpontzen da hori ere. Zein ezberdintasun dago animali espezie eta hizkuntza baten artean? Niretzat gauza bera dira, batek aniztasun biologikoarekin du zerikusia eta besteak kultura-aniztasunarekin. Animali espezieak babesten saiatzen gara (erditan kale egin arren), ez aitzitik hizkuntzak. Ez dut hizkuntzen Greenpeace-rik ezagutzen. Mundua sortu zenetik inoiz ez dira gaur bezainbeste hizkuntza desagertu. Tokian tokiko animali espezie inbaditzaileak akabatzeko neurriak hartzen dira. Animalien erreinuan eta gizakion erreinuan aniztasuna oso modu desberdinean ulertzen dugu.

  • Nago Zaldieroak bere zintan diglosi egoeraren ondorioa azalerazten duela, eta bidenabar, -“euskaldun bat”ek horren ongi esplikatu duen- arnasgune beharra. Horregatik da zilegi Artsuaga jaunak eginiko kritika.

    • Ados Zaldieroaren eta Hartsuagaren helburuaz, baina ondo legoke Zaldieroaren zinta aitzakiatzat hartuta neuk izan dudan helburua ere errespetatzea. Egia esanda, ez dakit zergatik enpeinatzen zareten zertaz idatzi behar dudan esaten. Harrigarria ere egiten zait.
      Bl.

      • Ez nuen zure ekarpena gutxietsi nahi Blanca. Interesgarria irudi zait, oso, eta eskertzekoa. Soilik adierazi nahi nuen Artsuagaren puntualizazioa egokia iruditu zaidala.

        • Orduan ados gaude eta pozten naiz. Barkatu gaizki esanak, horrelakorik balego: ohartuko zinen idatziz denak zakarrago ematen duela adierazi nahiko litzatekeena baino.

      • Juan Inazio Hartsuaga 2018-03-18 19:50

        Lehenik eta behin, barka ongi-etorria ez eginagatik. Ez nekien berria zinenik neroni ere ez bainaiz hemen egunero ibili ohi. Hurrena, argi dezadan ez nuela inolaz ere zeri buruz idatzi behar duzun zuri iradoki nahi. Hau plaza librea izango bada, eta horrela nahi dut nik behinik behin, errespetua zor zaie bertan idazten duen orok egiten dituen hautuei, Halere, eta elaniztasunaz ageri duzun miresmenean irizkide izaki, ez zait desegoki edo lekuz kanpoko iruditu, eleaniztasun hori zeinen egoera larrian dagoen aipatzea. Alderantziz, guztiz pertinentea iritzi diot eta horregatik egin dizut iruzkina, Zernahi dela eta, plazer bat da beti, argudioetan oinarritutako eztabaidan jardutea. Ez al da azkena izango!

  • Blanca,

    Eskerrik asko zuzeuko komunitatera horrelako artikulu interesgarriak ekartzeagatik.

    🙂

  • euskaldun bat 2018-03-18 12:35

    Zerbait “potoloa” erosteko asmoa dudanean jendeak produktu horri buruz duen iritzia jakinguran Amazon infernuko etsaiarengana jotzen dut, dena dakielako. Batetik bosterako izar kopuruarekin baloratze ditu jendeak produktuak: izar bakarrekoek diotena begiratzen dut lehenik, ondoren bi izarrekoak eta hiru izarrekoak ozta-ozta irakurtzen ditut; 4 eta bostekoak begiratu ere ez, aspergarriak direlako eta ona dela esateko fabrikatzailea bera nahikoa delako.

    Baina ez pentsa gero Amazoni erosten diodanik, eh! 😉

  • Harrigarria ere suertatzen da halakoak irakurtzea PSEko kide baten eskutik.
    Sentipen gazi-gzoak eragiten dizkit. Batetik, estimatzen da, baina bestetik… errespetu osoz, nola eusten diozue PSEko euskaldunek alderdi horretan militatzeari, euskaldunekiko erdeinua eta bazterketa hain sarri praktikatzen dituelarik? EAEn sarri, eta Nafarroan beti, PSOEren jarrera euskaldunekiko iraingarria izan ohi da.
    Galdera zintzoa da. Ez dut ulertzen…

    • Galdera zintzoari zintzo erantzutea dagokio. Batetik, ni ez naiz PSEkoa, eta ez naiz behinere izan, alderdian maite ditudan pertsona asko badaude ere. Egokiera hartan zerbait egin nezakeela otu zitzaidan, eta zaila izan zen arren, ez naiz damutu.
      Bestalde, ez dut uste sozialistek “euskaldunoi” ezer berezirik egin digutenik: era askotako euskaldunak gaude munduan, zorionez, sozialistak ere barne.
      Gerra zikinari buruz ari bazara, ados nago zurekin: onartezina da eta ez da behar bezala argitu.
      ETAk hildakoak ere gogoratu nahi nituzke nik, ordea. Ez bata bestearekin estaltzeko, ez, baizik eta ni bezalako pertsona asko (sozialista zintzoak barne) orduan mugiarazi gintuen faktore garrantzitsuena aipatzearren.
      Edonola ere, eskerrik asko zure hitz eta tonoagatik. Gustua ematen du

      • Eskerrik asko zuri, hain adeitsu erantzuteagatik.
        Ez nintzen euskalerritarrez ari, euskaldunez baizik, euskaradunez alegia.
        Euskaldunoi bizkarra eman ohi digu PSOEk, kasurik onenean. Gehienetan egurra. Nafarroan EAEn baino areago.
        Adibide bat. Bi urtez (Aralarko) zinegotzi aritu nintzen Altsasun. Udal oso anitza da, eta EAE-ANVren kalabaza (handiak) jasota, EAJrekin eta PSNrekin osatu genuen udal gobernua. Arazo handiak izaten genituen PSNrekin, euskararen aldeko edozein ekimen bultzatzeko garaian eta behin, euren talde buruari proposatu nion euren batzar batera joatea, geure proposamenak bertatik bertara azaltzeko. Bere erantzuna honakoa izan zen: “hobe duzu ez etorri. Ez zaizkizu gustatuko entzungo dituzunak”. Eta halaxe, euskararen aldeko ekimenik oinarrizkoenak aurrera ateratzeko, muturka jarraitu behar izan genuen lanean, unionista guztiak bat eginda, IU-PSN eta UPN euskararen aurka bat.
        Horregatik diot ez dudala ulertzen. Eta ezagutu ditut PSEko (PSNkorik ez) euskaltzale batzuk. Niri ezinezkoa gertatuko litzaidake.
        Gerra zikinaz diozunaz, zurekin ados. Sozialisten kontra egin zena ere, gerra zikina izan zen, izugarria. Orduan gure taldekoen elkartasuna izan zuten, eta egun ere bai, noski.
        Baina hizkuntzaren auzira itzulita, ez litzateke batere txarra izango, PSEko euskaltzaleek ozen salatzea euskaldunon (euskaradunon) aurkako ekimen oro…

        • Bai, ulertzen dut zer esan nahi duzun. Izan ditut horrelako esperientziak, eta neuri ere kosta egiten zait ulertzea nola bizi gaitezkeen batzuk eta besteak dimentsio berean eta ez konpartitu ezta minimoa ere.
          Egia da, bestalde, gure agintaldian babestu xamarturik sentitu ginela eta ez zela injerentziarik egon.
          Plazer bat, benetan 🙂

          • Alpargatero 2018-03-20 13:11

            Kaixo, JJ eta Blanca. Barkatu zuen eztabaidaren erdian sartzea, baina gaia asko interesatu zait; izan ere, ni politikoki umezurtz sentitzen naiz, eta neurri handi batean nire euskaltzaletasuna da horren erruduna. Euskaltzale moduan, ezker abertzalean baino ez dut ikusten euskararekin koeherentzia minimo batekin jokatzen den alderdi politiko bat, gainerakoak oso eskas ikusten baititut horretan; baina, gainerakoan, gero eta urrunago nago haien ideologia eta praktikatik. Bestalde, nire ideologiatik gertuago egon litezkeen alderdietan euskara, kasurik onenetan, apaingarri gisa baino ez dute erabiltzen. Noiz aldatuko da egoera hau? Noiz hasiko dira alderdi politiko horiek benetan euskarerekin konprometitzen?

          • Berdin

  • Ez da Inoren aurka. Gauza bat da pertsona batzuk edo askok eleaniztunak izatea “ona” izatea beraientzako , baina leku berean hizkuntz bat baino gehiago daudenean bizitzeko, normalean, batak bestea jaten du.
    Nago Afrikako hizkuntz askok desagertzeko arriskuan daudela baina frantsesa ez,nago eleaniztun gehienak herri kolonizatutakoak direla edo beste hizkuntza bat duen herri batera emigratu dutela. Nago elebakar (%an) gehien dituzten hizkuntzak hobekien daudenak direla ta nago ia munduaren erdiak bestea behartzen duela beraien hizkuntzetan egitera. Ez da berdina elebiduna izatea edo bi hizkuntzetan bizitzea. Normalean ez dituzu hizkuntzak berdin menperatzen,hizkuntz batean pentsatuko duzu gehienbat… Ta nago gauza bat dela eleaniztasunaren alde egitea ta beste bat zer hizkuntz izan behar dira derrigor aukeratzea. Euskara noiz egon da osasuntsu? Elebakarrak zirenean, derrigorra zenean.. gaur egun gaztelania,frantsesa… bezala.

  • Arazoaren iturria ez da “Nazio bat, hizkuntza bat”.
    Arazoa, inperialismoa da.
    Hain zuzen ere, psoek bultzatzen duen “zuen nazioan, gure hizkuntza”.
    Gainera, inperialismoa ez da sendatzen heziketarekin eta hori badakizula uste dut.
    Beraz, zure idatziak ez du, ez hankarik ez bururik, ez ba da herriak inbaditu eta okupatu egiten direla ezkutatzeko, benetako egoeraz jabetu ez gaitezen.

  • Alpargateroren iruzkina irakurrita, konturatu naiz ez naizela neure euskaltzaletasunean umezurtz sentitzen naizen bakarra.

    Horrela diosku Alpargaterok: “ni politikoki umezurtz sentitzen naiz, eta neurri handi batean nire euskaltzaletasuna da horren erruduna. Euskaltzale moduan, ezker abertzalean baino ez dut ikusten euskararekin koeherentzia minimo batekin jokatzen den alderdi politiko bat, gainerakoak oso eskas ikusten baititut horretan; baina, gainerakoan, gero eta urrunago nago haien ideologia eta praktikatik. Bestalde, nire ideologiatik gertuago egon litezkeen alderdietan euskara, kasurik onenetan, apaingarri gisa baino ez dute erabiltzen. Noiz aldatuko da egoera hau? Noiz hasiko dira alderdi politiko horiek benetan euskarerekin konprometitzen?”

    Bada, zure azken galdera horri erantzun nahian, Alpargatero, zera esango nizuke: egungo alderdi politikoak ez dira inoiz hasiko euskararekin konprometitzen, ez, behintzat, zerbaitek edo beste norbaitek konprometiarazten ez baditu. Horregatik, nire uste apalean, EUSKALDUNON ALDERDIA behar dugu, EAJ eta EHBildutik harago, euskaldunon eta euskararen interesen alde lan egingo lukeen alderdia; hots, euskara hutsez funtzionatuko lukeena, eta, Legebiltzarrean-eta euskararen erabiliaren erabiliaz, gainerako alderdiak esnaraziko lituzkeena.

    Hemen eta orain,euskaraz funtzionatzen ez duen alderdiak (eta pertsonekin berdin-berdin gertatzen da), hau da, elebidun jokatu nahi duen alderdiak, nahitaez, jardun diglosikoa izango du, euskara bigarren maila batera atzeratuz. Euskaldun eta euskaltzale baldin bagara, euskaratik eta euskaraz egin behar dugu, baita politikan ere, ezker-eskuineko parametro ideologikoetatik harago; beroriek unean uneko erabakien araberakoak izango dira, baina euskaraz jarduteak lehentasuna behar du, euskaltzale izatekotan.

  • Urgell anderea galderatxo bat. Uste duzu Gurean euskara jakiteak derrigorra behar zuela izan gaztelania den bezalaxe? Milesker.

  • Euskalduniarekin umezurtz guztiok aitama daukagu. Urtarrilaren 18an elkartze irekia burutuko dugu. Lekua adosgai.