EAJ eta euskara: galdea EAJri

EAJ eta euskara: galdea EAJri –

Atzo, igande 28, EAJk hauteskunde giroko bilkura izan bide zuen goizean Donostiako Tabakaleran. Amaitutakoan-edo EAJko kargudunetako hainbat, asko, bildu ziren Tabakaleraren sarrerako plazan musika eta dantza talde baten begira une horretan bertan jokatzen ari zena.

EAJ eta euskara: galdea EAJri

Ni ere bertan gertatu nintzen eta entzun ahal izan nion EAJko kargudun horietako askori hizketan bere artean. Euskaraz ere ari ziren tarteka, baina argi iruditu zitzaidan batez ere espainolez ari ote ziren beren artean…

Eta kezka sortu zitzaidan ze hizkuntza politika ote duen EAJk oraindik 2020. urtean bere barruko kargudunen arterako. Eta gustatuko litzaidake norbaitek argituko balit…

Ibarretxe ez zen gauza euskaraz moldatzeko EAEko lehendakari izendatua izan zenean 1999an, nahiz 1995etik ere lehendakariorde izan Ardantzarekin, eta aurretik Laudioko alkate, Arabako Batzar Nagusietako kide, Legebiltzarkide, eta EAJn 1979. Gerora bihotzez eskertu izan diot egindako aurrerapena eta bere geroztiko errespetua euskaldunokiko. Garaikoetxeak ere sekulako ahaleginak egin zituen bere euskara duintzen 1980an EAEko lehendakari bihurtu aurretik, eta geroztik bere hizkuntza errespetua erakutsi euskaldunoi.

Baina ez dirudi errespetuzkoa euskaldunontzako, ezta?, artean 2020ko Eusko Jaurlaritzan EAJ bidezko hainbat kontseilari euskaraz ez moldatzea… Ala bai?

Jakin nahi nuke EAJk inolako hizkuntza jarrerarik eskatzen dien bere kideei, eta halakorik baden, zein den. Eta jakin nahi nuke EAJren barruan zein leku duen euskarazko komunikazioak eta lan ohiturak, eta zein den EAJ barruko hizkuntza plana, halakorik baldin bada. EAJ euskaraz bizi da, ala espainolez?

EAJ eta euskara: galdea EAJri

7 pentsamendu “EAJ eta euskara: galdea EAJri”-ri buruz

  • Bittor, nik itzultzaile jardun izan dut Ezkerraldeko zenbait udaletxetan, eta ezetz asmatu zein hizkuntzatan egiten zituzten EAJkoek euren hitz-hartzeen %100 (irakurritako testuren bat kenduta). Plenoetan, alderdi bakar bateko zinegotziak baino ez ziren euskaraz aritzen era esanguratsuan (batzuk, euskaraz soil-soilik). Igarri zein alderdi.

  • Bittor Hidalgo 2020-06-30 09:44

    Egia esan, Ezkerralde ‘erdaldunduan edo’ ez dakit, baina nik igandean espainolez lasai entzuten nituenak badakit euskal hiztun onak direna, baina nonbait EUSKARALDIETAKO mezua oso ondo ulertzen ez dutenak oraindik… Banan-banan eta xehe-xehe azaldu beharko ote diegu mezua badaezpada?

  • Espainolez ere hiztun onak dira, hura ere berezko hizkuntza dutenez gero, eta lasai eta pozik erabiltzen dute gogoak hala ematen dien guztiean, hartarainoko askatasuna dute eta. Ez dakit zergatik zabiltzan asaldatuta eta kontu eske haiekin.

  • Bittor Hidalgo 2020-06-30 11:10

    Hauei ERE kontu eske BIHOTZEKO EUSKALDUN behar luketelakoan, eta ez balira, edo ez direnak, behingoz bihurtu daitezen…

  • Euskaltzaleak gutxiengoa gara erakunde (eusko) abertzale guztietan. Espainiar abertzaleetan ezta galdetu egin ere…
    EAJn euskaltzale zintzoak (koherenteak) badaude, baina gutxiengo urria dira. Gehienak erdaltzaleak dira, euskaraz jakinagatik askok.
    EH Bildun ere, euskaltzale zintzoak gutxiengoa dira, nahiz eta proportzioan, EAJn baino askoz gehiago diren. Eta horrela, belarriak eta begiak jartzen dituzun erakunde guztietan…
    Azurmendik hain zuzen esan bezala, “Euskal Herria nazio PUSKATUA da. Euskara galdu dugu, foruak galdu ditugu, tradizioak ere bai… Nazioa berregin beharra dugu, eta zeregin horretan, euskara biziberritzea ezinbestekoa da, zeren HIZKUNTZA baita komunitate NAZIONAL bateko ARDATZA”.
    Alabaina, badirudi alderdi (eusko) abertzaleetako buruak “anístasunaren” olatuaren gainera igo direla…

  • Beharbada giltzarri agintarien helburuak dira. Baldin eta helburua gobernantza partekatua bada, eusko-espainola, hots, autonomi estatutuaren eskumenak kudeatzera heltzea halamoduzko negoziazioen bidez, harik eta eskumen nagusia iritsi arte: Gizarte Segurantza, eta horretan enplegatzea ez dakit noiz arte, haragoko helburu independentistagorik gabe, normala da hizkuntza kontuetan ere menpekotasun hori onartzea: euskara gaztelaniaren mendean, askoz errazagoa baita gaztelania zabaltzea euskaldunen artean euskara gaztelaniadunen artean baino. Menpekotasuna helburu politikoetan, eta menpekotasuna linguistikoetan ere, bizikidetza harmoniatsuaren eta kohesio sozialaren amoreagatik. Eta tamalez, horixe ari da gailentzen!

  • Benat Castorene 2020-06-30 17:00

    Jone, buruek eta atzeko gehienek pentsatzen dute euskararen “normalizazioak ” jende asko beldur edo nazka ditzakeela eta aniztasuna”ren lelopean boz gehiago irabaziko dutela.
    Partidoek, alabainan, ororen gainetik dagoen administrazio hartu edo partekatu nahi dute (muduko partidu guziek bezala) . Gainera zureek ez dukete sobera sinetsiko marko hauetan askoz urrunago joaitea posible den gizartearen euskalduntzearen bidean.
    Izan ere, oker ez banago nehork ez zuen erantzun plataformaren 11.galderaren lehen parteari.
    Artetik erraiteko, zuen burutazio autonomikoen irakurtzean pentsatzen ari nintzan beharbada hegoaldeko egoera ikusteak zuela frantses estatua urrundik animatu sasi elkargo horren oparia egitera.
    “Sasi” hitza azpimarratzen dut zeren eta bi aldekoak ezbaitira batere edo oso guti baizik konparatzen ahal.
    Nazioa berregiteko buruargitasun adore eta maitasun asko behar da eta momentuz ez dakit horretaz kapaz garen.