Dragoi bolen bila

Dragoi bolen bila –

Dragoi Bola euskaraz ikusten hazi zen belaunaldikoa naiz. Hura zen eguneko unerik onena, afalostean sofan eseri eta Son Gokuren abenturak ikustea. Batzuetan luze egiten ziren hurrengo atala hasi arteko 23 ordu eta 36 minutuak.
Dragoi bolen bila

Euskal Herritar askok bezala Espainian senideak ditut. Behin, Logroñoko lehengusuen etxera joan nintzen uda partean. Egun batean, telebista ikusten, izugarrizko ezustekoa hartu nuen. Son Gokurekin aurrez aurre topo egin nuen pantailaren bestaldean. Gazteleraz mintzo zen. Adi-adi jarraitu nuen atala, baina niretzat hura ez zen Goku, erabat arrotza eta ezezaguna egiten zitzaidan pertsonaia bat baizik (Lasai, ez zen ulermen kontu bat, ez neukan gazteleraz ulertzeko arazorik). Sorpresak ez ziren hor amaitu. Pantailan Gokuren etsairik handiena ere agertu zen, eta nire harridurarako ‘Piccolo’ deitu zioten Namek planetatik etorritako izaki gaizto hari. Niretzat Satan Bihotz Txiki zena ‘Piccolo’ zen erdal hiztunentzat. Une horretan jabetu nintzen mundua euskaraz eta gazteleraz modu ezberdin batean ulertu zitekeela. Dragoi Bolako pertsonaiak ez ziren gauza bera hizkuntza batean edo bestean.

Makina bat urte igaro dira pasadizo horretatik. Iragan mendeko kontuak dira. Etxean sei-zazpi telebista kate inguru ikusten ziren. Ikusteagatik ordaindu beharreko kateak (une hartan katea, zehatzagoak izateko) hastapenetan zeuden. (Ia) Inork ez zekien zer zen Internet, eta filma bat ikusteko aukerarik logikoena (bakarra ez esatearren) bideoklubean VHS zinta bat alokatzea edo herrian zeuden bi zinemetako batetara joatea zen (bideoklub horiek aspaldi itxi ziren, eta dagoeneko ez daude bi zinema, bakarra baizik).

Historiaurreko kontuak dirudite. Egun mota guztietako pantailak –telebistak, tabletak, ordenagailuak, mugikorrak…– gure egunerokotasunaren parte bilakatu dira. Eta pantaila horietan ikusi ahal izateko edukiak biderkatu egin dira. Pantailak ikus-entzunezkoz bete dira, baina, zoritxarrez, euskara ozeano zabalean galdutako ur tanta isolatuak baino ez dira bertan.

Ikus-entzunezkoen loraldi bete-betean gaude, beraz. Komunikazio enpresa handiak horren jakitun dira, badakite bertan izugarrizko negozioa dagoela. Sektoreko enpresa nagusiek burtsan kotizatzen dute, eta aldiro-aldiro egiten dituzten diru-balantzeetan izugarrizko dirutzak irabazten dituzte. Logika kapitalista hutsa dute plataforma horiek, salbuespenak salbuespen. Produktu bat eskaini (kasu askotan oso produktu ona) eta merkaturatu egiten dute, ondoren bezeroek (guk geuk) eskaintza horrengatik ordaindu eta kontsumitu dezagun. Tira, elikagai edo arropa kate handiek egiten duten gauza bera.

Merkatu-kapital logika horretan, euskara beti aterako da galtzaile. Euskara bezalako hizkuntza minorizatu batek (milioi bat euskal hiztun gara, askoz jota) nekez borrokatu ahalko du gaztelera, frantsesa edo ingelesa bezalako hizkuntzekin. Egoera iraultzeko, hau da, euskarak gure pantailetan toki (handiago) bat izan dezan, bi bide besterik ez daude (nerorri, behintzat, ez zaio besterik bururatzen).

Lehena bezerook presioa egitea da. Ados, hilean hainbat euro ordainduko ditut zuk eskaintzen dizkidazun filma, serie edo marrazki-bizidunak ikusteko. Trukean zuk eskaini iezadazu ikus-entzunezko horiek euskaraz (ere) ikusteko aukera. Zorionez, hainbat dira azkenaldian helburu hori lortzeko gurean martxan jarri diren ekimenak eta kanpainak. Adibidez, Pantailak Euskaraz, sektore honetan (ere) euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortutako mugimendua. Baina hori ez da nahikoa, inondik inora. Bigarren elementu bat ere behar da: administrazio publikoen inplikazioa. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektorean finantzaketa publikoa handitu edo ikus-entzunezkoen lege propioak sortu ezean, jai daukagu. Borondate kontua da, beraz.

Kondairak zioenez, Shenron dragoiak zazpi Dragoi Bolak biltzen zituen lagunaren edozein desio betetzen zuen. Dragoi Bolan 22 aldiz bildu ziren zazpi bolak. Beraz, 22 desio bete behar izan zituen Shenron dragoiak. Ez dakit hogeita hirugarren aldi bat egongo den, baina, balego, ez legoke gaizki bolak biltzen dituen horrek euskarak gure pantailetan presentzia handiagoa izan dezan eskatzea. Baten batek sineskeria hutsa dela pentsa lezake. Eta egia da. Baina euskarari dagokionean sineskeria handiagoa da pentsatzea gaiak merezi duen adinako bultzada publikoa izango duela.

Etorkizunean mundua euskaraz ulertu nahi badugu, euskara gehiago behar dugu gure pantailetan. Bien bitartean dragoi bolen bila jarraituko dugu.

 

Dragoi bolen bila  Dragoi bolen bila  Dragoi bolen bila  Dragoi bolen bila

ELAko euskara batzordeko kidea

2 pentsamendu “Dragoi bolen bila”-ri buruz

  • Ni ere dragoi bola zalea nintzen txikitan. Baita mamu harrapariak, ninja dordoka gazteak, bigmanen mundua, Kapitain planet… Ikusten nituen. Euskarazko bikoizketak mundialak ziren hikaz hitz egiten zuten. Ez zegoen besterik ta gure belarriak hizkuntza hortara egiten ziren.
    Gaur egun aukera gehiegi ditugu bai TV plataformetan edo interneten. Doraemon ETB3n eta Clan katean botatzen dute ta behin ohituz gero gure txikiei ez zaie hain arrotza egiten gazteleraz ikustea.

  • josu naberan 2021-11-19 12:13

    IKUS-ENTZUNEZKOEN LEGE PROPIOA

    BORONDATE KONTUA

    Hori, baina zeinek nahi du, eta zeinek EZ, Ikus-Entzunezkoen
    Batzorde anizkoi bat?

    Argi daukat. Oasi honetan ere, Boterearen Borondateak agintzen du.
    Erremedioa? Jende menpekoaren Botere-Borroka iraultzailea, norbanako borondatetsua noizbait boteregunera hel dadin eta menpetasunaren logika eralda dezan.
    “Zer egin?” -zioen Leninek-,
    “Antolatu!”, erantzuten zuen.

    Hortxe ELA, aurrera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude