Diplomatikoegi

Diplomatikoegi –

Miren Maniasek Berria egunkarian.

Partekatuko al zenuke telebistako platoa Donald Trumpen estrategia gidatu zuen pertsonarekin? Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak BBCren gonbidapena errefusatu du. Ez, ordea, telebista saio batean egoteko; BBCk antolatu duen hiru eguneko kongresuan parte hartzeko baizik. Bertan egongo zela promestu zion Sturgeonek BBCri, baina geroago mezu elektroniko bat jaso du adieraziz Steve Bannon AEBetako presidentearen estrategia buru ohia ere gonbidatu dutela. Sturgeonek eta Bannonek ez lukete mahairik partekatuko, egun ezberdinetarako gonbidatu dituztelako. Halere, Eskoziako lehen ministroak ez du zuzen ikusten Bannon ekartzea, eta ez da BBCren ekimenean izango.

Dioenez, «muturreko eskuin politika normalizatzeko eta legitimatzeko arriskua» zabalduko litzateke, «ikuspegi arrazistak» askatasunez adierazteko aukera ematen bazaio. Bannonek 2017ko abuztuan utzi zuen Etxe Zuria, eta ordutik Europako eskuineko alderdi politikoekin kolaboratu du. BBCren jokaera gogor kritikatu du Sturgeonek, «xenofobia» bultzatzen duen pertsona baten parte hartzea ontzat emateagatik. «Adierazpen askatasuna babesten dut, baina, Eskoziako lehen ministro naizen aldetik, erabaki zuzenak hartu behar ditut. Negargarria da BBCk gonbidatuak egoera honetan jarri izana». Halako kasuetan, ohituak gaude jarrera diplomatikoetara. Besteak beste, ekonomia eta kultura gaietako harremanak —politikoak, zer bestela?— elkarrizketa bidez negoziatzera. Salbuespenak daude batzuetan, eta Eskoziako lehen ministroaren erabakia horren adibidea da.

Diplomatikoegi

Aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza sarietan, aldiz, diplomazia hobetsi dute. Euskarazko kazetaritzaren historia garaikidea zedarritzeko garrantzitsuak izan diren hamar eragile saritu dituzte. «Bidegileak eta bide erakusleak». Tartean, nire harridurarako, EITB.

Xabier Lasak hala esan zuen igandean, BERRIAn: «EITB generikoki aipatzeak etxe hori bere osotasunean aitortzea dakar». 1980ko hamarkadan euskararen normalizaziorako sortutako telebistaren gaztelaniazko kateak, ETB2k, zein ekarpen egin dio euskarazko kazetaritzari? Areago, hizkuntzaren aldeko zer-nolako atxikimendua bultzatu die euskarari lotuak egon ez daitezkeenei? Diplomatikoegi.

Diplomatikoegi
2018, eitb, euskara, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Diplomatikoegi”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-11-04 14:53

    Aldiz, Steve Bannon ordez Facebook-eko zuzendaria joan izan balitz Sturgeon andereak ez luke inolako eragozpenik jarriko kongresura joateko. Eta Facebook-eko zuzendaria diodan bezala, Google-ko buruak ere bai. Eta nik galdetzen dut: zein da gaiztoago jokatzen ari dena? Steve Bannon ala Mark Zuckerberg? Bigarren honek esana da, pribatutasunaz ahaztu egin beharra dagoela, kontzeptu zaharkitua dela. Hori esaten zuen bitartean, bere ordenagailu eramangarriko web kamera zinta batekin estalita zuela agertzen zen argazki bat aurkitu zioten anormal honi. Baina egin dituenak egin eta gero, jendeak hor jarraitzen du (jarraitzen duzue) bere tresnak (Watsapp, Instagram…) gorputz eta arima erabiliz. Anormal hau politikoki zuzena da ordea, hori da kontua. Ez soilik politikoki zuzena, politikoki zuzena zer den berak finkatzen du eta beste ia guztiok hor zoazte artaldean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude