Demografia hizkuntza politikan: Hizkuntza Politika Birpentsatzen Bernard Spolsky-ren eskutik

Demografia hizkuntza politikan –

Demografia hizkuntza politikan

Demografia (B. Spolsky 2021, 3):

«Giza geografiari begira aurreikusi litezke hizkuntza politikan eragina duten faktore ez-linguistikoetako asko. Bereziki demografiari begira. Hizkuntzen iraupenaren ingurumariak zehazteko ahalegin aitzindari batean […] Kloss-ek (1966) argitzen zuen nola hainbat faktore anbibalenteak diren (bietara jokatu lezaketen, hizkuntzaren iraupenaren alde zein kontra), eta azpimarratzen nola hizkuntza bateko hiztun kopuruaren tamaina handiak edo txikiagoak bietara jokatu lezaketen eraginean (iraupenaren alde edota kontra).»

«[H]izkuntza gutxituak ikertuz hainbat nazio eleaniztunetan, jabetu nintzen, nola hiztun kopurua ez den berez espero litekeen faktore erabakitzaile[en]a [hizkuntz horren iraupenerako]. Badira hiztun talde txikietako hizkuntzak, indartsu gertatzen direnak. Eta aldiz, hiztun talde handietakoak, mehatxatu juzgatzen direnak. Halakoetan, faktore demografiko hutsak baino, bestelako faktoreak bihurtu ohi dira garrantzitsuago. Hala, taldeko hiztunen heberanzko mugikortasun sozioekonomikoa, jada Joshua Fishman-ek aitortzen zuena. Edota hizkuntzaren ondare balio identitarioa taldearentzat, dela gero lanerako, dela arrakasta ekonomikorako, Heller eta McElhinny-k (2017) eta bestek kritiko jotzen duten faktorea. Nolanahi, demografiak ere faktore esanguratsua izaten jarraitzen du berak ezartzen dituen neurrian belaunaldien arteko transmisio naturalaren oinarriak, edota eskola hizkuntza politika, zeintzuen baitan ohi dagoen eskuarki hizkuntzaren iraupena edo besterako aldaketa.»

————————–

Horrela moduz dio Bernard Spolskyk 2021an argitaratu berri duen Hizkuntza Politika Birpentsatzen liburuaren sarreran (Rethinking Language Policy –HABE liburutegian–), hiztun taldeen demografiaren eta hauen barne kohesioaren indarren faktoreak azpimarratuz hizkuntzen iraupenaren arrakastarako. Betiere noski beste faktore sozio-politikoen artean. Eta nik uste dut badugula honetaz ere zer pentsatu euskaldunok, oraindik gaur egun demografia oso gure aurka dugun honetan (Euskal Herrian hirutik bat nolabaiteko euskaldun, bostetik bat / lautik bat hizkuntza transmisore familian, eta alde handiak Euskal Herriko lurralde eta bazterren artean). Eta itxuraz are egoera okerragora goazelarik ondoko urteetan globalizazioaren eta immigrazioaren eragin (Hegoa Euskal Herrian jaiotzen diren haur gehienak dira berez ‘Espainiara’ immigratu berri-edo duten gurasoetatikoak, eta ez bereziki Euskal Herrira). Hala, besteak beste sustatu beharko dugu euskaldunon demografia ere, eta areago euskaldun garenon arteko talde kohesioa (bide batez gure arteko kalapitak baretuz, humanizatuz, zibilizatuz…, diot…).

Bernard Solsky irakasle orain jada emeritua da, Zeelanda Berrian jaioa 1932an, Montrealen ikasia Quebecen Kanadan. Bertako McGill Unibertsitatean irakasle, gerora AEBetako Indiana eta New Mexikokoetan ere (non besteak beste izan zen nazio Navajoaren hizkuntza suspertze ikerketa proiektuen eragile), azkenik Israelen Bar-Ilan Unibertsitatean. Hizkuntza gutxituetako hizkuntza politiketan aditu handienetakoa Joshua Fishmannen (1926-2015) ondorean.

Liburu berria bere ikertzaile bizitza luze osoko esperientziaren laburpen berrikusia bide da. Hala, liburuaren kontrazaleko aurkezpenetik: «[Liburuak] mundu jira egiten dio hizkuntza politikari, honen ikerketa alorra finkatu duen irakaslearen eskutik. Irakasle Spolskyk gidatzen gaitu irakurleok norbanakoarenetik, familiara, eta honetatik hizkuntza politika modelatzen duten indar instituzional era anitzekoetara, guztiak ilustratuz denboran zeharreko kasu adibideekin munduko eskualde guztietatik ekarriak. Egun-egunekoa, liluragarria eta oso ulergarria, parekorik gabeko konparaziozko kontu emate honek islatzen digu hizkuntza politika, aldi berean, praktika, sinesmen eta kudeaketa multzo gisa, betiere botere harremanen tarteko.» (Teresa L. McCarty, GF Kneller Katedra Hezkuntza eta Antropologian, Kaliforniako Unibertsitatean).

«Birpentsatzen du hizkuntza politika eta kudeaketaren teoriaren aurkezpena hiztun nornanakoarenetik hasita, naziotik baino areago».

«Lau hamarkadako ikerketetan oinarrituta, Bernard Spolskyk hausnarketa egiten du berberak aurretik proposaturiko ereduen inguruan, eta eguneratzen hizkuntza politikaren teoria, hiztun norbanakoarengandik hasita, naziotik hasi ordez. Liburuan arakatzen dira hizkuntza praktikak, sinesmenak eta plangintza ahaleginak, hala gizabanakoenak, nola familia, erakunde publiko eta pribatu, lekuan lekuko eta nazio mailako aktibista, aldezle eta kudeatzaileenak, eta nazioenak oro har. Xehe aztertzen dira hizkuntza egoeren aniztasuna, eta hizkuntza batetik besterako aldaketa, edota aldiz mantentzea, eragiten duten indar linguistiko eta ez linguistikoen ugaria. Hiztun norbanakotik hasita, eta aipatu maila eta domeinu desberdinetan zehar mugituz erakusten ditu Spolskyk nazio gobernu batek, aldi berean, kudeatu behar dituen hainbat politika desberdinak, eta ilustratzen zergatik den horren gaitza nazio hizkuntza politika. Ikerketa arloaren behin betiko gida, adibide deskribapen aberasduna, oinarrizko irakurketa politikagileentzat, gaian interesdunentzat, ikertzaileentzat eta hizkuntza politikako ikasleentzat.»

Demografia hizkuntza politikanJatorrizkoetan:

Demography (B. Spolsky 2021, 3):

«A good number of the non-linguistic factors that affect language policy can be derived from looking at human geography and specifically at demography. In a pioneering effort to determine the cause of language maintenance […], Kloss (1966) argued that many factors worked both for and against maintenance […] [and] stressed that greater numerical strength and smallness of the group are ambivalent in their effects.»

«[S]tudying minority languages in a number of multilingual nations, I found that the number of speakers is not the determining factor that one might expect: there are tiny language groups that are classified as vigorous and large groups considered to be threatened. Other factors, such as the upward socioeconomic mobility that Joshua Fishman recognised, or the valuing of a language for heritage identity or for employment and economic success that Heller and McElhinny (2017) and others see as critical, turn out to be more important than purely demographic factors. But demography remains significant, in setting the fundamental basis for the natural intergenerational transmission or the school language policy on which language shift and maintenance commonly depend.»

————————–

«Breathtaking in scope, Rethinking Language Policy offers a world tour of language policy by a scholar whose work has defined the field. Demonstrating that language policy depends on many non-linguistic factors, Professor Spolsky leads readers from the individual, to the familial, to the myriad institutional forces that shape language policy, illustrating it all with case examples through time and across every region of the globe. Timely, fascinating and highly accessible, this unparalleled comparative account reveals language policy as practices, beliefs and management mediated by relations of power.» (Teresa L. McCarty, GF Kneller Chair in Education and Anthropology, University of California).

«Rethinks the presentation of a theory of language policy and management by starting with the individual speaker rather than the nation».

«Drawing on four decades of research, Bernard Spolsky reflects on earlier models that he proposed and presents an updated theory of language policy that starts with the individual speaker instead of the nation. In this book, he surveys the language practices, beliefs and planning efforts of individuals, families, public and private institutions, local and national activists, advocates and managers, and nations. He examines the diversity of linguistic repertoires and the multiplicity of forces, linguistic and non-linguistic, which account for language shift and maintenance. By starting with the individual speaker and moving through the various levels and domains, Spolsky shows the many different policies with which a national government must compete and illustrates why national policy is so difficult. A definitive guide to the field, with a rich description of examples, this is essential reading for policymakers, stakeholders, researchers and students of language policy.»

Demografia hizkuntza politikan Demografia hizkuntza politikan Demografia hizkuntza politikan Demografia hizkuntza politikan

11 pentsamendu “Demografia hizkuntza politikan: Hizkuntza Politika Birpentsatzen Bernard Spolsky-ren eskutik”-ri buruz

  • Hauxe bera esan zuen Unai Parotek duela hamarkada batzuk, ta egur dezente jaso zuen euskal txotxoloen partetik….

  • Semenogorri 2021-08-04 11:41

    Horretan dago kontua. Milaka kontzientziadun euskaldunek seme-alabak izango balituzte, hau guzti hau motorra balitz lez, hogei urtera esaterako, ez litzateke konbentzitzea izango, zenbaki kontua baino, hegemonia sortze aldera.
    Limurtze, erakartze eta berba oneko politikek honezkero ez dute balio.

  • Euskaldun militante, ezkertiar eta aurrerakoia, baina semealabik ekartzeko asmorik ez. Behin eta berriro ez dakit zein proiektuari buruz berbetan, eta gai ez dena aipatzen duen proiektu horri egin daitekeen ekarpenik garrantzitsuena egiten,euskal hiztunen jarraipena ziurtatzea.
    Gaitza gure baitan dago neurri handi batean. Gizarte hedonista honek liluratzen gaitu eta ardurak (semealabak izan) zeregin horretan traba egiten digu.
    Euskal kontzientzia eta demografian sinestea eskutik doaz.

  • Mikel Haranburu 2021-08-04 13:17

    Lagunak, ez da hain sinplea. Arrazoia duzue alde batzuetan, baina, aurreko egunetako edo gaietako eztabaidak jarraitu badituzue ere, kontu hauei buruz iritziak atera dira franko, eta mutur askotxo dago horietan.
    Nik demografia ez nuen jo hain garrantzitsutzat, halako batean, eta erantzun beroak jaso nituen; orain, iruditzen zait Spolskyren hitzak nire ustearekin bat datozela neurri batean. Bittorrek ekarri dituen horiek behintzat. Garrantzi handiagoa du, iraupenari begira, jadanik garen hiztunok zer egiten dugun eta nola egiten dugun. Geure komunitatea kontzienteki eratzeko erabakiaren irmotasun eta finkotasunak, hain zuzen.
    Nola esplikatu, demografia hain erabakiorra balitz, puntu honetara etorri izana, historikoki –mende bat, akaso?- hizkuntzaren ordezkapena demografiak geure alde ez bada, geure aurka jokatzen ez zuelarik? (azalpenak badakizkigu, bai, baina hala izateak, alegia, ordezkapena zein faktore linguizidak eragin duten jakiteak, ez digu irtenbidea demografiaren jokoan ekarriko…).
    Bat nator seme-alabarik ez izatearen zioak zein diren aztertzean, baina, bestalde, hedonismoa, berekoikeria eta norabiderik eza, gizarte guztietan gertatzen da, ez soilik hizkuntza minorizatua dugun giza taldeetan.

  • Testuan ageri diren zenbait faktore:
    -Beheranzko mugikortasun ekonomikoa (Ekonomia)
    -Demografia
    -Hizkuntzaren ondare balioa identitarioa taldearentzat, dela gero lanerako, dela arrakasta ekonomikorako.
    -Belaunaldien arteko transmisio naturala
    -Eskola hizkuntza politika
    -Talde kohesioa

    Faktore hauek irakurri ondoren komunitate arrakastatsu batzuk etortzen zaizkit burura, baina oinarri linguistiko bat izan beharrean, oinarri erlijioso bat dute: juduak eta mormoiak.

    Talde-kohesioa
    Komunitatean bizi dira, auzoetan edo estatuetan (Utah). Beren negozioak dituzte, komunitatearekin solidarioak dira eta beren pentsamendua eta bizimodua nahiko homogeneoa da.

    Ekonomia
    Beren negozioek nortasun-kutsua dutenez, komunitateko kideek lehentasuna dute kontratazioan, eta beste negozio batzuk aurrera ateratzeko ekintzaileek komunitatearen laguntza ekonomikoa ere jasotzen dute, Komunitateko kidearentzat ona dena taldearentzat ona da (elkartasun-sarea). Juduek zein mormoiek batez bestekoa baino diru-sarrera handiagoak dituzte.

    Demografia
    Demografia faktore erabakigarria da taldearen eta taldearen ondarearen biziraupenerako (ekonomia, erlijioa, kultura, boterea…). Identitate-balio indartsuek balio horien berezko transmisioa bermatzen dute belaunaldiz belaunaldi.

    Hezkuntza
    Mormoien kasuan Estatu Batuetako estatu bat kontrolatzen dute eta horrek hezkuntzan ezartzen diren politikak zehazten ditu. Horretaz gain, identitate-heziketaren zati bat elizaren edo sinagogaren esku uzten dute.

    Bitartean, Euskal Herriko hirietan euskaldunak beren hizkuntza komunitatetik sakabanatuta bizi dira, nahiz eta Gasteizen Azpeitian baino haur gehiagok euskara ama hizkuntza izan (Euskararen Datu Basea 2011 urteko datuak).

    Eremu batzuetako kooperatibismoa kenduta (ez da kasualitatea eremu oso euskaldunetan garatu izana), ez dago euskarazko lan-harremanak bermatzen dituen enpresa-sare erabat euskaldunik.

    D eredua ez du euskalduntzen eta haur euskaldunak linguistikoki sakabanatzen dira beren hizkuntza erabiltzeko ohitura gal dezaten eta, askotan, euskal nortasun balioak folklorismo bilakatu dira.

    Izugarrizko borroka dago egiteke, baina bigarren mailako mila borroketan galtzen dugu denbora.

    Herrigintzan norabidea zeharo galdu dugula uste dut.

  • Semenogorri 2021-08-04 15:34

    “Hedonismoa, berekoikeria eta norabiderik eza, gizarte guztietan gertatzen da, ez soilik hizkuntza minorizatua dugun giza taldeetan.”
    Bai, jakina, baina, gizarte horiek edo hurbilen dauzkagunek, Mendebaleko Europakoek beren “Estatu subiranua” daukate babesle, guk zer daukagu? Gurea ez diren Estatu kolonizatzaileen gizartearen legeak eta abar. Beraz, parametroak zein abiapuntuak erabat ezberdinak dira. Ezin da alderatu denok berdinak bagina bezala, hau da, berdintasun harreman batean oinarrituta, baldintzak berberak ez direnean, gero! Hori trikimailua da.
    Estatua eduki genuen, Nafarroa.

  • Kontua da, natalitatea sustatzearen gaia eakuinekotzat eta atzerakoitzat etiketatua dagoela. Horregatik, euskal alderdi politikoei entzun diezue zerbait gai horri buruz? Hitzerdirik ere ez. Sektarizatuta daude guztiz. Ezker progreriaren ideologiak ezker abertzalean egin duen kaltea!

  • Demografia biziki garrantzitsua da, hezkuntzan, adituetan, ikerketa soziologikoetan, etab inbertitzen den dirutza baino askoz emankorragoa da ume euskaldunak izatea.

    Euskaldunik gabe ez dago ingurunea euskalduntzeko presio sozialik ez eskaerarik.

    Badakit jende askok ez duela nahi edo ezin dela guraso izan, baina, era berean, askok ezin dute egoera ekonomikoarengatik.

    Non geratu zen “denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek dena eman ez dezaten” leloa? Ezin da lelo hori arlo demografikoan erabili?

    Herria edo hilerria nahi dugu? Elkartasuna!

  • Herri honen autosuntsiketa ikusten ari gara. Ez dago herri bidegarririk seme-alabak izateari uko egiten dionik. Ez soilik herria bideragarri egiteko, baizik eta norbere bizitza-proiektu sendo eta osasuntsu bat aurrera ateratzeko ere.
    Ezin duenak ezin du, baina bestela, seme-alabak izateari edo hazteari uko egitea, itxaropenari, etorkizunari eta bizitzak eman diezazkigun oparirik ederrenari uko egitea da.
    Gure herri hau gaixorik dagoelako seinale agerikoa da, seme-alabak izateari uko egiteko joera gero eta hedatuago hau. Ez soilik hizkuntzaren transmisioari erreparatuta, alde guztietatik begiratuta baino.

  • Bittor Hidalgo 2021-08-05 11:57

    Hor arazoetako batzuk. Aipatu dituzuenak. Eta demografiarenak konponbide handirik ez dukeenez epe laburrean, besteren artean -ze besteak ere nahitaezkoak ditugu-, agian Mikel Haranburuk ere azpimarratu nahi duen talde kohesioarena…, agian bai dago gure eskurago…, inoiz iritsiko ez bagara ere juduena izatera edo mormoiena… Hausnarketak merezi duela uste dut…

  • Tira, Mikel Haranburuk aipatutako “jadanik garen hiztunok zer egiten dugun eta nola egiten dugun” esaldia kontuan hartzekoa da.

    Euskaldunaren erabakia da non, non ez, zer eta zer ez kontsumitu/erosi, zer motako proiektuei/ekimenei laguntza eskaini, norekin harremanak izan, zer nolako eskaerak egin, nori botoa eman, zer ikasi, zertan parte hartu, etab.

    Ez dugu ahaztu behar gure baitan dauden mikro ekintza ugariek aurretik gure baitan ez dagoen makro egoera alda dezaketela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude