D eredu naturala

D eredu naturala –

Azken aldion, berriro aipagai izaten ari da D eredu naturala izenekoa. Bi berbetan azaltzeko, ikastetxe batean etxetik euskara dakarten umeak klase berean jartzeaz ari da D eredu natural hau. Orduan eta gurean ohikoa denez, aldekoak eta kontrakoak asaldatzen dira, eztabaidatzen hasten dira, eta abar. Gurean zeharo ohikoa, baina tira.

D eredu naturala

Nire ustez, D eredu natural honetan badira zailtasun metodologikoak, badira pedagogiari lotutako kontuak eta badira ikertu bako kontuak ere. Baina txiri-txiri joango naiz.

Zailtasun metodologiko batzuk ditu D eredu natural honek. Eta nagusiena da muga non jarri. Hau da, zeintzuk dira eskola horietara joan daitezkeenak eta zeintzuk ez, non jarri muga. Guraso(ar)en hizkuntza gaitasuna? Guraso(ar)en hizkuntza praktika? Umearen ulermenean (2-3 urterekin zeharo zail izan daiteke hau)? Zein da horien artean irizpiderik egokiena? Eta ez hori bakarrik: horri gehitu datu hori jasotzeko metodoa. Guraso(ar)ei galdetuta? Behaketa bidez jasoa? Azterketa bidez jasoa?

Baina bada beste zailtasun metodologiko aipagarri bat: zer gertatzen da ikastetxe batean D eredu natural hauetako kideek osatzen ez badute talde bat? Imajinatu 15 ume daudela, baina ratioa 25ekoa. Hortaz, D eredu naturaleko 15 horiek batu, baina euren klasean beste 10 ume sartu beharko lirateke. (Horrek ez al du erabat lausotzen D eredu naturala?).

Zailtasun teknikoez gain, pedagogiari lotutako kontuak dira, nire ustez, garrantzitsuenak. Hau da, D eredu naturalean eta ohiko D ereduan eskolak berdin eman behar dira? Hizkuntzaren irakaskuntza eta glotodidaktika berdina izan beharko litzateke? Zer ezberdintasun egon beharko lirateke batetik bestera? Zeri eman behar zaio garrantzia D eredu naturalean? Eta zeri ohiko D ereduan?

Izan ere, orain arte hainbat herritan egon da D eredu natural hau. Baina ez da izan ikertua, inork ez ditu alderatu batzuen eta besteen emaitzak. Gainera, sentsazioa dut herri horietan guztietan orain arte egin den gauza bakarra izan dela, hala edo hola, umeak banatu bai, baina haiei ildo pedagogiko berdinetik erantzuna eman. Eta horrek, nire ustez, ez du zentzurik. Umeak banatuz gero, izango da ume horiei guztiei eurenetik abiatuta euskararen irakaskuntzarako eta ezagutzarako tresna doituagoak emateko. Ze, bestela, ez diot nik zentzu handiegirik ikusten banaketa horri (hizkuntzaren ikuspuntutik behinik behin).

Iruditzen zait lan handia dugula oraindik etxetik euskara dakarten umeak eta ez dakartenak euskalduntzeko. Iruditzen zait horretan ari diren profesionalek itzelezko gabeziak dituztela hizkuntzen irakaskuntza egoki eta doitua emateko.

Eta, hortaz, iruditzen zait hori izan beharko litzatekeela lehentasun: glotodidaktikan profesional horiek trebatu eta praktika egokiak han eta hemen barreiatu. Baina tira… eztabaidatzea gustatzen zaigu eta horra hor nire ekarpena. Ondo etorriak ostiak eta egurrak…

D eredu naturala D eredu naturala

38 pentsamendu “D eredu naturala”-ri buruz

  • Kaixo, Txerra

    Oso egokiak iruditzen zaizkit hizpidera ekarri dituzun kezkak. Izan ere, euskaldunon biziraupena une kritikoan dagoen honetan, uste dut eztabaida horri (ere) heldu behar diogula behingoz, batzuek segregazioaren kontrako borrokaren banderari estu oratuta muzin egin nahi badiote ere. Bien bitartean, hainbat ikastetxeren ohiko jardunbidea da ume euskaldunak separatzea, eta horrek, euskararen erabilerari kalte egiteaz gain, sufrimendua eragiten die haur horiei eta haien gurasoei. Horren aurrean ezin gara soraiotasunean jausi.

    Horregatik uste dut lehen pausoa izan beharko litzatekeela ume euskaldunak ez banatzea, nahiz eta familia erdaldunetatiko umeekin nahastuta egon ikasgelan.

    Zuk aipatutako kontuen inguruan hausnartu behar da, jakina, eta metodologiak zehaztu eta praktikan jarri, konplexurik gabe, euskaldunak batzea delako erdal herrietan arnasguneak sortzeko modurik natural eta eraginkorrena. Eta bidezkoa ez ezik, premiazkoa ere delako.

    D eredu naturalari buruzko emaitzei dagokienez, egia da ez dagoela ezer argitaratuta (edo inork ez du aurkitzen), baina aipagarria da nola Gasteizen eredu horretan ikasitako batek duela gutxi elkarrizketa batean zioen gelako zortzi lagunek euskaraz egin dutela haurtzarotik gaur arte. Nik holako emaitzarik ez dut sekula ikusi neure inguru erdaldunean.

    • Kaixo Gilen:

      Uste dut hausnarketa, gogoeta zabaldu behar dela, fokua zabaldu behar dela. Gure erdal herrietan arnasgune funtzionalak eratzea aipatzen duzu eta uste dut hori dela gako nagusia, eskolan ez ezik, kalean ere (eta kalean agian beharrezkoagoak direla esatera ausartuko nintzateke).

  • Ez dakit zergatik izan behar den pedagogikoki eta metodologikoki zailago D eredu naturalaren kudeaketa, D eredu desnaturalizatuarena baino.
    D eredu naturalari abantailak baino ez dizkiot ikusten. Hasteko eta behin, haur euskaldunen norbere buruarekiko estimuari lotutakoak, eta hortik aurrera, euskararen erabilerari lotutakoak, noski.
    Zer egin behar dugu?
    Haur erdaldunak gela zeharo erdaldunduetan barreiatzen jarraitu?
    Lehen bai lehen konturatu daitezen etxean ikasitako euskarak ez duela ezertarako balio, eta hizkuntza “normalak” espainiera edo frantsesa direla?

  • Ekarpen interesgarria, Txerra.

    Aldez aurretik esango dut ni D eredu naturalak inplantatzearen aldekoa naizela, erabat. Izan ere, hauek sortu ezean euskara hil egingo dela uste dut. Zalantza gutxi ditut honi buruz. Euskarak babestoki hori behar du, gizakiok arnasa behar dugun moduan. Errealitateari so egitea nahikoa da hau ikusteko. Etxetik euskara dakartenak eta ez dakartenak nahastuz gero, demagun erdi eta erdiko proportzioan, guztiek espainolez egingo dute denbora librean. Lagunarteko lotura intimoak espainolez errotuko dira, txikitan errotzen dena betirako izaten delarik. Hau da, euskara bigarren mailako folklore hizkuntza bihurtzen da. Hau ez da hipotesi bat, errealitatea baizik, gertatzen ari da, erabilera datuek eta euskaldun guztion begi eta belarriek erakusten diguten bezala. Esan bezala, nire ustez, D eredu naturalak ezarri ezean, euskarak bere buruaz beste egingo du.

    Zailtasun metodologikoei buruz diozunarekin, ados nago zurekin. Beharrezkoa eta zentzuzkoa da problematika potentzial hori argitara ateratzea. Arazoak sor daitezke eta sortzen dira, listatzen dituzunak adibidez. Hala ere, arazoak bizitzako edozein alderditan sortzen dira, eta konpontzen dira. Edozein aldaketa edo eraiketa prozesuk ditu oztopoak bidean, normala den bezala. Zuk aipatzen dituzun oztopoak gaindi daitezke, eta horretarako lan egin beharko da.

    Zailtasun teknikoei buruz, diozun gauza batekin ados nago, eta beste batekin ez. Bi ereduok ez lukete hizkuntzaren irakaskuntza eta glotodidaktika berdina izan behar, zuzen diozun moduan. D eredu naturalean euskararen irakaskuntza askoz sakonagoa izan beharko litzateke. Esaterako, adinez orain baino lehenago barneratu gramatika, literatura landu (benetan landu), euskalkiak landu, euskara batu sendo eta zabal bat landu, atsotitzak landu, kale-hizkeraren sormena erraztu, euskara hutsezko debateak antolatu, eguneroko zein goi mailako hiztegia landu… Mundu bat dago jorratzeke euskararen barruan, gaur egun jorratzen ez dena, eta mundu horrek D eredu naturala izango luke arnasgune bakar.

    Gero, euskararen irakaskuntzarako eta ezagutzarako tresna doituagoak eman ezean D eredu naturalak zentzurik ez duela diozu. Hemen ez nago ados zurekin. Bai, D eredu naturalak beste tresna batzuk eman beharko lituzke. Zalantzarik gabe. Baina emango ez balitu ere, demagun epe motzean, irakasleak gaitu arte edo hezkuntza plan berriak sortu bitartean, gutxienez ikasleek euskara hutsez errotuko lituzkete hartu-emanak. Txikitatik euskaraz biziko lirateke haurrak, klasean zein denbora librean, gazteleraren interferentzia askoz ere txikiagoa izanik. Beraz, zentzua badu, zentzua beti du. Zentzu asko gainera.

    Gai interesgarria debaterako Txerra, zorionak plazaratzeagatik!

    • Kaixo Julen:

      Gauza asko aipatzen dituzu, asko eta ez naiz sartuko banaka erantzutera. Baina bai esan nahiko nuke gauza bat: nire ustez, eskola eta irakaskuntzari larregi eskatzen diogula. Izan ere, D eredu naturalaren aldekoa zaitugu, ados, baina zer gertatzen da eskolaz kanpo? D eredu naturaleko musika eskola, eskolaz kanpoko jarduerak eta abar ez genituzke eratu behar, ala? Uste dut indar gehiegi jartzen dugula irakaskuntzan eta hortik kanpora mundu zabal (eta askotan erabat erdaldun) bat dugu eta horri ez diogu kasu larregirik egiten. Baina, tira .. nire iritzia baino ez da.

  • Ikastetxe askotan, (gehienetan?), haur etxetik euskaldunak erdaldunez jositako geletan banatzen dituzte, gela horietan euskararen erabilera sustatzeko aitzakiarekin, behin eta berriz, salbuespen ezagunik gabe, euskararen erabilera piztu ez, baina haur euskaldun horiek azkar batean ikasten dute euskara etxean utzi eta eskolako nahiz kaleko harremanetan espainieraz edo frantsesez jardutea dela legea.
    Halako batean aztertuko ete da errealitatearekiko talka bortitz horrek zer eragin daukan haur euskaldun horien norberekiko estimuan, nortasunean eta abar? Edo jarraituko dugu ezer gertatuko ez balitz bezala, menpekotasunari ete bere ondorioei ezikusiarena egiten?
    Uste dut, pedagogien eta metodologien aurretik aztertu beharreko arazoa dela hori (inoiz aitortu nahi bada).

  • Bestalde, uste dut D eredu desnaturalizatuan (haurren arteko harremanak erdaraz diren horretan), arazo pedagogiko eta metodologikoak askoz larriagoak behar dutela, D eredu naturaleko gela urrietan baino.
    Besteak beste, gehienek euskaraz ikasten dutelako ingelesez edo alemanez ikasiko balute bezala, kasu askotan gure hizkuntzarekiko inongo atxikimendurik garatu gabe, baina ezgauza eta arrotza egiten zaien hizkuntzari arbuoia garatuz bai, sarri.
    Herri erdaldunduetan, hots, Euskal Herriko herri gehienetan, oso agerikoa da D eredu desnaturalizatuan ikasitako gazteen euskararekiko ukatzea, behin eskola-urteak bukatuta, iraganeko auzi ezatsegin bat balitz bezala.
    D eredu naturalak, sikiera haur euskaldunei anabasa horretatik libratzeko aukera emango lieke, eta ez lioke D eredu desnaturalizatuari kalterik egingo. Alderantziz behar bada.

  • Kaixo Txerra,

    Nik bat egiten dut orain arte, hemen, erantzundako iruzkinekin. Bestetik, elkarrekin gaude bilatzen dugun xedearekin, eta hori aintzat hartu beharreko abiapuntua da. Desadostasuna xede horren lorpenerako jarraitu beharreko estrategian dago, noski.

    Euskeraren antena edo motor efektua sortarazi dezakeen ume taldearen hautaketa erizpideetarako, 1970. hamarkadan higatu zen eredu fordistaren ondorioz sortutako gaur egun hain ezaguna den “konpetentzia” terminoaren ezaugarrietara joko nuke. Konpetentzia bat hainbat elementuz osatutako termino bat da (ezaguera, gaitasuna, jarrera, ahalmena, motiboa, etb. ez dago adostasunik ez literatura akademikoan ezta profesionalean ere ez), eta elementu (ikusezin) horiek ohiko portaera behagarrien bidez adierazten dira.

    Gure gai honekin jarraituz, arnasgune-motor-antena efektua sortuko duten ikasleen erizpideetarako behagarria den portaera batetara joko nuke: ikaskideekin euskaraz egiten du bai/ez. Bere gurasoen hizkuntza gaitasuna, gurasoen hizuntza paktika, umearen ulermena, etb. portaera horretan eragiten duten elementuak dira, baina badaude horietaz gain umeengan eragin dezaketen beste hainbat elementu. Nire ikuspuntutik, elementu horietako baten diagnosia, umeen hizkuntza hautuarekin erlazionatuta egongo delakoaren esperantzarekin, oinarritzat hartzea ez dut eraginkorra ikusten.

    • Kaixo Izaskun:

      Uste dut muga jartzeko gakoa ekarri duzula. Nik harago joko nuke, baina: umearen ezagutza eta praktika (ez bakarrik ikaskideekin, bestelakoekin ere bai). Nire ustez, hori da irizpidetzat har daitekeen kontu bakarra.

  • Ados, nik ere harago joko nuke (ikaskide + bestelakoak), baina behagarritasunak mugatzen gaituenez, bakoitzaren (gurasoen edo umeen) ikuspegi/interpretazio orokorren tranpan sartu gintezke, hau da, desiratasun sozialaren kutsuz botatako erantzunetan.

  • Kaixo Txerra
    “Umeak banatuz gero, izango da ume horiei guztiei eurenetik abiatuta euskararen irakaskuntzarako eta ezagutzarako tresna doituagoak emateko. Ze, bestela, ez diot nik zentzu handiegirik ikusten banaketa horri (hizkuntzaren ikuspuntutik behinik behin)” diozu.
    Ba nik uste, euskara etxetik dakarten umeak biltze soila, berez dela onuragarria hizkuntzaren jabetzaren eta lanketaren ikuspuntutik. Denek elkarrengandik ikasiko dutelako, euskaraz modu natural batean arituko dutelako, euren buruak euskalduntzat ikusiko dituztelako hori arazo bilakatu gabe. Abantailak besterik ez dizkiot ikusten. Gainera, horri gehitzen bazaio euskararen lanketa aberatsago bat, zoragarri.

    “Iruditzen zait lan handia dugula oraindik etxetik euskara dakarten umeak eta ez dakartenak euskalduntzeko”.
    Etxetik euskara dakartenak laguntzen eta euren hizkuntza tresnak zorrozten daukagu lana. Lan eramangarria eta esker onekoa.
    Etxetik euskara ez dakartenekin askoz zailagoa da dena.
    “Iruditzen zait horretan ari diren profesionalek itzelezko gabeziak dituztela hizkuntzen irakaskuntza egoki eta doitua emateko”.
    Horretan ados. Gabezia metodologiko eta pedagogikoez gain, zenbait irakaslek, gainera, ez dute irakasle jarduteko euskara maila egoki bat, sarri ez dira euskaltzaleak izaten…
    Lan handia dago lehenik gabezia horiek azalerazten, eta ondoren konponbideak jartzen.

    • Kaixo Maite:

      Nire ustez, hizkuntzen ikaste eta irakaste prozesuetan itzelezko gabeziak daude, gurean eta orokorrean. Gabezia horiek mota askotakoak dira eta batzuk, gaur eta hemen, gainditzeko zailak (batez ere, ez daudelako gure esku). Baina, tira ….

  • Arituko direlako, barka.

  • Beharbada eztabaida honetarako relevantea da Paula Kasaresek proposatzen duen paradigma aldaketa:

    https://m.youtube.com/watch?v=DQbAhy0l4SI

  • Ikusirik ikastetxe askotan ume euskaldunak separatzeko irizpidea nagusi dela eta euskaltzale batzuek/askok(?) ontzat eta normaltzat jotzen dutela, eta egungo egoera negargarria kontuan hartuta, bide hori defenditzen dutenei hau galdetu nahi diet:

    Zehazki ze abantaila eta onura ikusten diozue ume euskaldunak banantzeari?

  • Laburbilduz, ongi etorriak “zailtasun metodologiko” horiek!
    Bilatuko diegu konponbidea, zorroztuko ditugu tresnak…
    Baina beti izango da hobea D eredu natural kaxkarra, D eredu erdaltzale “bikaina” baino.
    Hasteko eta behin, “naturalean” haur euskaldun horiek euren etxeko hizkuntza aintzakotzat hartzen dela ikusiko dutelako, eta ez egun gertatu ohi den bezala, ikaskideek bazterrera utzia edota gutxietsia (norbere nortasunari eta autoestimuari ere kolpe latza joz) …
    Ez dut uste aditu izan beharrrik dagoenik haur euskaldunak gela berean biltzearen abantailak ikusteko, glotodidaktikak gorabehera, glotofagiak ekidingo baditugu, adibidez.

  • Militantziak behera, oso behera egin du. Garai bateko gurasoen surik ez da inon ageri. Euskaraz gaizki mintzatzen den irakasle ez gutxi. Modak ekarritako pedagogia franko, horrela, lehen begiradan behintzat etorri bezala joan direnak, aurrekoak hobetu gabe.
    Geldokeria, ilusio eza; lehen egitekoa, euskaraz ongi ikastea atzendua. Ingelesak ekarri dizkigun oztopoei kasurik egin gabe aurrera jotzea. Bai, irakaskuntza ez da gure gaitz guzien salbabide, baina bai bide eragingarriena.
    Orain, baten batzuk D eredu naturalaren alde hasi zaizkigu. Niri ongi iruditzen zait. Okerragora ez gara joanen behintzat

  • Puntu on asko izan ditzake. Hor goiti, agertu diren iruzkinetan aipatu dira.
    Eta aipatu ez diren frako ere izan ditzake, este baterako, gurasoengandik beren umeenganako transmisio osoagoa, trinkoagoa, sendoagoa… hitz batez egiazkoagoa bultza lezake D eredu naturak, gurasoak kitzika ditzake bere haurrekin beti-beti euskaraz aritzera.

  • Kaixo Txerra,

    Dudarik ez eskolaz kanpokoak garrantzia duela. Zure artikuluaren gaia D eredu naturala da, eta iruzkinak horregatik zentratu dira gai horretan. Ez dakit zergatik hitz egiten duzun guretzat eskolaz kanpoko jarduerek garrantzirik ez balute bezala. Noski garrantzia daukatela, baina hori ez zen artikuluaren gaia. Edozein kasutan, aipamena egin duzunez, utzidazu esaten batak ez duela bestea anulatzen. Biak baldin baditugu, hobe.

    Bestalde, eskolaz kanpoko ekintzak behar bezala euskaldunduak ez egoteak ez du D eredu naturalaren beharra gutxitzen. Pentsa zenezake baietz, baina ez da horrela. Eskolaz kanpokoa euskaldundu arren, haurrak ikastetxeetatik erdaldunduta ateratzen badira, ez du askorako balioko. Hau da, kanpokoa garrantzizkoa bada ere, oinarria ikastetxean dago. Oinarrian huts egiten bada, gainontzekoa partxeak izango dira. Adabaki bat beste adabaki baten gainean, alegia. Milioika euro eta milaka giza esfortzu-ordu jar litezke eskolaz kanpoko ekintzak euskalduntzen, baina haurrak ikastetxetik erdaldunduta ateratzen badira, ia-ia alferrikakoa izango da. Hau da, jardun erabat inefizientea.

    Adibide bat. Zuhaitz txikiaren oinarria zuzen jartzen bada, zuhaitza zuzen hasiko da esfortzu handirik gabe. Oinarria txikitatik okertzen bada, zuhaitza hazten den heinean egin litezkeen konponketa-saiakera itzel guztiek ez lukete askorako balioko, esfortzu izugarriak guztiz antzu liratekeelarik.

    Eskolari asko eskatzearen kontuari buruz, ehuneko ehun-eko ziurtasunez esango nuke D eredu natural batean irakasleek beren lana aurrera ateratzeko traba askoz ere gutxiago izango luketela, ikasgelak hobeto estrukturatuak egotearen ondorioz. Hau da, esfortzu gutxiago eta emaitza hobeak, zuhaitzaren adibidean bezala. Inposiblea eskatzen zaie askotan irakasleei gaur egun (horrek sortzen duen frustrazio eta estresarekin), inposible horren jatorria ikasle banaketan dagoelarik. Haur euskaldunak banatu eta haur guztiak euskaldun aterako direlakoaren falaziapean irakasleak irabazi ezineko gudu batean murgildurik daude. Horregatik, D eredu naturala da, nire ustez, konponbidea, oinarrira apuntatzen duelako.

    • Kaixo Julen:

      Orain arte egin diren ikerketa guztietan agertzen da (begiratu Lasarte-Oriako gazteei buruzkoak, adibidez) etxetik euskara dakartenak eta D ereduan matrikulatuta daudenak (“naturala” ez izan arren) euskararen erabilera (eta ezagutza) handiari eusten diotela, nerabezaroan eta gaztaroan (eta helduaroan). Hori diote ikerketek, eta, hortaz, D ereduan egonda (“naturala” izan edo ez) nahikoa dute ume horiek etxean benetan euskaraz ari badira kaleko erabilerari eusteko. Edo ez, akaso hori ere aldatuko da, baina gaur-gaurkoz hala dela ematen du. Ez dakit, ertz askoko kontua da eta askotan erantzun sinpleekin konpondu nahi ditugu oso konplikatuak diren arazoak eta nire dudak ditut …

  • Kaixo Txerra,

    Lasarte-Oriari buruz badirudi ez dagoela datu gehiegi eskuragai, baina kale-erabilera %15ekoa omen da.

    Hau ere aurkitu dut Argian:
    https://www.argia.eus/argia-astekaria/2402/lasarte-oriako-gazteak-euskaraz/inprimatu

    Gazteen %54k omen daki oso ondo euskaraz, eta %32k, nahiko ondo. Baina hala ere, %22k erabiltzen du euskara klaseko ikaskideekin.

    Beraz, ez dakit ba non irakurri duzun zuk erabilera handiari eusten diotela, hori ez omen baita egia. Izan ere, Lasarteko datu hauek zerbait erakusten badute, D eredu natural baten beharra da, ikasgelan lagunen arteko espainolaren diktadura nabarmena baita. Hau ez da erantzun sinple bat Txerra, hau begi aurrean dagoen errealitateari behatzea da.

  • Julen: Lasarte-Orian ezagutzatik erabilera dagoen aldea dagoela? Eta eskoletan erdararen erabateko diktadura ezartzen dutela? Hala izanen da, seguru. Nafarroan Belatetik hegoaldera dauden herri ttikietan ere hori da gertatzen, baina askoz ere nabarmenago, erabilera %0 baita. Etxetik euskaraz dakitela bidali eta erabat erdaldundu, erabat.
    Euskara atzendu, euskañola ikasi eta erabilera zerora jaitsi. Txerra, zer nahi dugu, amildegiko bidean, gainbehera segi?

  • Txerra, gai hau mahai gainera ekartzea eskertzekoa bada ere, uste dut zure eztabaidazaletasuna itxurakeria baino ez dela, eta arguadiaketa tranpatia erabiltzen ari zarela.

    Lehenik eta behin, ez duzu behin ere esan D eredu naturalaren kontra eta ume euskaldunak segregatzearen alde ez zaudenik, baina hori da azken batean zure hitzek aditzera ematen dutena. Orduan, gauzak argi uzte aldera, zuzen galdetzen dizut:

    D eredu naturalaren kontra eta ume euskaldunak banantzearen alde zaude (are larriago gutxi batzuk direnean)?

    Gero, iruzkinetan eman diren arrazoiei erantzuteko orduan, ping-pongean ari zara, eta gaia beste bazter batera bideratzera jokatzen. Ikasgelaz dihardugula eskolaz kanpora jotzen duzu, eta hori egozten dizutenean 112 orrialdeko txosten bat estekatuz erantzuten duzu, zure argudioak sostengatzeko datuak non dauden zehaztu gabe (gainera 2013koa da!).

    Ba beitu zer dioen txostenak:

    Bai, badirudi zaharrenek (19-24 urtekoek) koska bat gutxiago (15 puntu inguru) erabiltzen dutela euskara gainerako adin taldekoekin alderatuz. Gainera, talde honetan ematen da galerarik handiena gaitasunaren eta erabileraren artean. Izan ere, ongi mintzatzen direnak %51,3 badira, soilik %28,9k egiten du beti euskaraz lagun euskaldunekin, eta, ondorioz, batetik bestera 22,4 puntuko galera dago. Ez dugu nahiko ziurtasunik datu hori interpretatze-ko, orain hamar urteko ikerketan ez baikenuen halako joerarik ikusi.

    Beraz, benetan eusten ari zaio erabilerari D eredu glotofago horrekin?

    Egiatan ez dakit zein den zure jokoa, Txerra. Zer ari zara defenditzen? Ogibidea akaso?

    • Eztabaidazaletasunik ez dut orokorrean, eta hori hala da. Baina ez nabil gaiari muzin egiten, hori bada galdera. Eta ez dut uste eztabaida tranpatia egiten ari naizenik, baina hori uste baduzu, ba zure iritzia da, nirea beste bat da, zer egingo diogu ba.

      Eztabaida ireki gura izan dut, batetik, ez daukadalako zuek dituzuen ziurtasunak. Ez ditut, eta hori hala da. Ez nago umeak batzearen alde, ez nago umeak banatzearen alde. Ez dut horren inguruko ziurtasunik. Baina bai baditut ziurtasunak beste gai baten inguruan, eta plazaratuko dut (tranpati deitu didazun arren).

      Uste dut gaur eta hemen D eredu “naturala” ez dela lehentasun. Uste dut lehentasuna beste leku batean dagoela, eta uste dut zeharka bada ere, artikuluan landu dudala. Lehentasuna, nire ustez, hauxe da: zer egin beharko genukeen gaur eta hemen D eredutik pasatzen diren guztiak amaitutakoan gutxienez euskara maila duin bat izateko. Eta zer egin beharko genukeen (eskolatik eta eskolatik kanpo) D ereduko ume eta gazte horiek euskaltzaletzeko. Hor dago, nire ustez, koxka nagusiena eta ez horrenbeste umeak batu edo banatu behar diren.

      Azkenik, Gilen, ez nabil ogibidea defendatzen, ni ez nabil irakaskuntzan eta ez naiz sekula aritu (ezta arituko ere).

  • Eskerrik asko, Txerra.

    Orain ikusten dut, 75 eta 76. orrialdeei buruz ari zara, guraso euskaldunak izanik, lagun euskaldunekin beti euskaraz zenbatetan aritzen diren. %50etik %72ra igo da datu hau. Ez diruri datu txarra, ez, nahiz eta guraso euskaldunak dituztenen artean logikak dioen %100 behar zukeela izan.

    Hutsune bat ikusten diet datu hauei hala ere. %72ko erabilera hori banakako hizketaldian neurtua dago? Esan nahi dut, soilik bi norbanakoren artean. Euskaldun guztiok dakigunez, oso ohikoa da euskaldunak taldean erdaraz aritzea, eta lagun konkretu bati zuzentzerakoan orduan euskarara aldatzea, laguna euskalduna bada. %72 hori banakakotan neurtua den ala ez jakitea interesgarria litzake.

    Edozein kasutan, kontuan hartzeko datuak dira. Milesker luzatzeagatik.

  • Ez horregaitik, Julen.

  • Hausnarketari jarraipen pixkat emanez.

    Bi gurasoak euskaldunak izanik, etxeko hizkuntza euskara izanik eta euskaraz ikasirik, bi euskaldunen (suposizioa da biren artekoa dela, ez taldekakoa) arteko solasaldia %72tan eman zen euskaraz Lasarten, goiko datuen arabera. Hasieran datu ona badirudi ere, hau ez da datu ona. Izan ere, ia 30 puntuko galera dago egoera normal, natural eta logiko batetatik espero zitekeenetik. Familia konposizio zeharo euskaldun hau duten ikasleen artean, beren binakako solasaldi intimoak guztiak euskaraz izatea litzateke normalena. %100, ez %72.

    Zerk eragiten du galera? Zerk eragin lezake euskaldun peto batzuren binakako hizketa intimoen ehuneko ia 30 moztea? Lagunen arteko giro erabat erdaldunak ez du eraginik edukiko? Nire ustez argi dago baietz. Euskaldunak banatu eta erdaldunekin murgiltzean, euskaldunak erdalduntzen bukatzen ditugu, hainbeste, non euskalduntasun intimo naturalenaren %ia 30 suntsitzen bukatzen duen.

    Ikus daitekeenez, datuek askotan mami dexente izan dezakete atzean. Euskaldun petoenen artean horrelako galera bat egotea hondamendi bat da, etxetik petotuta datozen euskaldunen artean %100 espero beharko baikenuke. Nire ustez, erabat segurua da D eredu natural batean horrela izango zela. Gero, erdaldunekin, ez dakigu. Baina euskaldunen artean ez litzake %30eko galera garbia gertatuko. Ziur gainera, ez baitu inongo zentzurik.

    Ez dakit zer uste duzuen.

    • Gogoetari beste begi batzuetatik begiratuko diot nik ere bai, Julen, zure baimenarekin. Bi gurasoak euskaldunak izanik eta etxeko hizkuntza euskara izanik aipatu duzu. Lehenengo baldintza bai, baina bigarrena agertzen da inon? 75. orrialdean zehazten den bezala, euskalduntzat hartu da ondo edo nahiko ondo berba egiten duen gurasoa, eta ez da inon aipatzen etxeko hizkuntza zein den. Hortaz, pentsatzekoa da 100 horien artean batzuk (zenbat?) etxean gaztelaniaz arituko direla. Beraz, ez dira horiek izango, zuk esan bezala, euskaldun petoak. Eta horrek seguruenik esplikatzen du zuk aipatzen duzun %30 horren galera (edo ez, baina ez dago daturik hori jakiteko).

  • Bai, horrelako zerbait ere egon liteke. Datuen zehaztasun handiagoa edukitzeak gehiago lagunduko luke, seguru. Suposizioekin lausotu egiten zaigu irudia.

  • Aupa Txerra
    Idatzi duzu:
    “Orain arte egin diren ikerketa guztietan agertzen da (begiratu Lasarte-Oriako gazteei buruzkoak, adibidez) etxetik euskara dakartenak eta D ereduan matrikulatuta daudenak (“naturala” ez izan arren) euskararen erabilera (eta ezagutza) handiari eusten diotela, nerabezaroan eta gaztaroan (eta helduaroan). Hori diote ikerketek, eta, hortaz, D ereduan egonda (“naturala” izan edo ez) nahikoa dute ume horiek etxean benetan euskaraz ari badira kaleko erabilerari eusteko.”
    Bada, eskertzekoa litzateke ikerketa horiek zein diren aipatzea.
    Izan ere, Arrue proiektuaren ondorioetan besterik ageri da:
    Arrue ikerketaren 2017ko txostenaren arabera, LH 4ko eta DBH 2ko “ikasleek eskola eremu guztietan egin dute atzera euskararen erabileran. D ereduko gaztetxoen artean, handiagoa izan da jaitsiera”.
    Gure pertzepzioak eta inguruko gurasoekin egin ohi ditugun kontrasteak bat datoz Arruek ekarritakoarekin. Gazteen eta haurren artean erdararako joera gero eta goiztiarragoa, erabatekoa herri erdaldunduetan eta gero eta ohikoagoa herri oraindik euskaldunetan ere.
    Guztiz normala dena, bestalde, (oso nagusiki erdarazko) teknologia berrien uholdea, eta EiTBren euskarazko kateen degradazioa aintzat, besteak beste.

    • Arrueko ikerketan ez da harremanetan jartzen etxeko euskara erabilera eta umeen erabilera. Baina azken Arrueko txostenean bai agertzen da etxeko erabilera jaisten ari dela. Eta, klaro, hori ere D ereduaren errua izango da.

  • Eta geroago:
    Uste dut gaur eta hemen D eredu “naturala” ez dela lehentasun… Lehentasuna, nire ustez, hauxe da: zer egin beharko genukeen gaur eta hemen D eredutik pasatzen diren guztiak amaitutakoan gutxienez euskara maila duin bat izateko.
    Eta zer egin beharko genukeen (eskolatik eta eskolatik kanpo) D ereduko ume eta gazte horiek euskaltzaletzeko. Hor dago, nire ustez, koxka nagusiena eta ez horrenbeste umeak batu edo banatu behar diren.”
    Haur euskaldunak (eta gurasoek euskaldun oso nahi dituztenak) batzea erabateko lehentasuna behar luke nire ustez. Gaur egun, haur euskaldunek ikastetxe gehienetan (baita gero eta ikastola gehiagotan ere) ikasten dutena da, etxetik kanpora euskarak ez duela ezertarako balio, legea, mnormala eta eraginkorra, espainiera dela, eta umerik gizajoena ere oso harro dagoela bere espainieraz, euskaldun asko eta asko euskaraz EZ bezala.
    Horrekin batera beste gauza asko egin behar dira. Lehen lehenik JAURLARITZAri (euskararen aldeko) hizkuntza politika serio bat exijitzea, Euskal irrati-telebista eta ez Erdal irrati telebista sustatzea, teknologia berrietan buru-belarri murgiltzea, eduki erakargarriak eta ugariak gizarte geruza guztien eskura jarriz, euskararen berreskurapenaren aldeko diskurtsoa abiaraztea behingoz, eta abar, eta abar…

    • Ari nintzen eskolako lehentasunari buruz. Baina tira, zuk beste batzuk dituzu, ados, zorionez hau ez da zientzia purua eta iritzi aniztasuna posible da.

  • Eskolako lehentasunez ari naiz ni ere. Baina oso zaila da eskola-umeen erabileran eragitea, mugikorren eta pantailen erabileran eragin gabe, adibidez. Gero eta gehiago ari delako euskara erabilera formal eta arautura mugatzen, baina erdara aisialdia, zaletasunak eta ohiko harremanak bere menpe hartzen.
    Edonola ere, eta D eredu naturalarenera itzuliz. D eredu naturalak haur euskaldunak ahalduntzeko eta euskaltzaletasuna lantzeko baldintza ezin hobeak eskaintzen ditu. Aldiz, herri erdaldunduetan, D ereduak berak ere haur etxetik euskaldunak erdaldundu egiten ditu, ikastetxe horietan begiratu bat emateko lana hartzen duen edonork dakien bezala. Baita guraso euskaltzaleak (eta koherenteak) dauzkaten haurren kasuan ere.

  • Txerra, neuk ere ez dakit D eredu natural delakoa soluzio perfektua den edo ez, baina gauza bat ziur daukat, neure inguruan ikusten ari naizelako: hainbat ume euskaldun eta euren familiak sufritzen ari dira D ereduko klaseetan sakabanatzen dituztelako. Eta umeon testigantzei erreparatuta, baliteke haietako batzuk edo asko euren hizkuntza errefusatzen amaitzea.

    Hortik abiatuta, argi dago zure eta beste batzuen lehentasunak desberdinak direla. Izan ere, oso urrun ikusten dut “D eredutik pasatzen diren guztiak amaitutakoan gutxienez euskara maila duin bat” izatea. Jakina, hori ere lortzeko ahalegina egin behar da, baina nire ustez ume euskaldunen hizkuntza erabileran dugun odolustea etetea dugu egitekorik urgenteena. Eta, aizu, agian D eredu naturalak ere ez du lortzen, baina bide hori eta beste batzuk zundatu eta saiatu beharko genituzke.

    Hala, lehentasun hauek ikusten ditut:

    – Ume euskaldun gutxi dauden eskoletan klaseka banantzeari uztea.
    – Azken hamarkadetan egon diren D eredu naturaleko ikasgelen emaitzak aztertzea.
    – D eredu naturaleko klase pilotu batzuk bultzatzea, ikasleak etxetik euskara dakartenak izanda zein ez, eta zuk aipatu arazo logistiko, metodologiko eta prestakuntzazko guztiak aurrez konponduta edo konpontzeko xedea hartuta. Zurea bezala, Mitxel Elortzaren ekarpena ere kontuan hartzekoa da ildo horretan:

    https://zuzeu.eus/euskara/d-natural-berria-arnasgune-integratzailea/

    Nik uste urte batzuetan oraingo martxan izango ditugunak baino askoz emaitza hobeak lortuko lirateke.

    Oker egon gintezkeela? Agian, baina zer arrazoi dago ahalegin hori ez egiteko? Euskararen normalizazioan eragin negatiboa izan lezakeela? Ez dut uste, eta beldur naiz erantzuna beste bide batetik doala.

    Azkenik, ogibidearena esatean ez zen irakaskuntza gogoan nuena, baina bego kontu hori.

    • Ai Gilen, ez zait bat ere gustatu ogibidearen inguruko bigarren aipamen hau (lehena ere ez) eta tentatuta egon naiz ez erantzutera, baina hemen nago berriro.

      Zuk lehentasun batzuk jarri dituzu. Nik, ostera, beste lehentasun bi jarriko ditut, zure baimenarekin:
      – Irakasleak gaitzea eta trebatzea hizkuntzen irakaskuntzan. Eta, jakina, metodologia aktiboagoak, parte hartzaileagoak eta eraginkorragoak ezartzea hizkuntzen inguruan.
      – D eredu “natural” purua ezar daitekeen lekuetan ezartzea proba pilotu modura, baina purua denean. Hau da, ume kopuru nahikoa denean klase bat osatzeko. Ze, sentitzen dut, baina ume euskaldunak batzea talde “propioa” osatu barik, ba zer nahi duzu esatea, partxea da, inondik ere konponbidea. Horrek ez du ezertarako balio, eta uste dut adibideak erraz samar ikus daitezkeela han eta hemen. Eta aztertzea proba pilotu horien emaitzak, epe labur, ertain eta luzean (hizkuntzen inguruko hautuak finkatzen diren adineraino gutxienez). Eta erabakitzea zer nolako metodologia erabili behar den ume horiekin, eta zer nolako metodologia bestetzuekin.

      Eta honekin, sentitzen dut pila bat, baina amaitzen dut. Ez dut gehiago esango gaiari buruz. Txarto esandakoak kontuan hartu eta ondo esandakoak, ba, ez egin kasu.