Agotak baimen eske

Burumakur-Herriko ipar isurialdetik

.
Burumakur-Herriko ipar isurialdetikAgotak baimen eske goiburuko gutuna idatzi dio Emilio Lopez-Adan “Beltzak”, Aurelia Arkotxari, Iparraldeko Hitzaren bitartez.

Hegoaldean bezala eta areago, Iparraldean euskaldunak gara Agote berriak, haiek lehen elizan sartzeko bezala, bilkuretan burua makurtu behar dugunak, gure hizkuntza atarian utziz sarritan, “bake sozialaren” mesedetan.

Biltzar publikoetan euskaraz aritzen naizen bakoitzean, baimena eskatzen ari naizela iruditzen zaut” esan zion euskaltzale ezagun batek Emiliori. Eta bai, oso ezaguna egiten zaigu sentipen hori euskaldun askori, tartean erdaldunak dauden bileretan euskaraz egitera ausartzen garenean, baimena eskatu behar dugula, edo “elkarbizitza” (ustela) urratzen ari garela. Eta hori erakunde abertzaleez edo publikoez ari garela, ze horietatik kanpora…

Hegoaldean ere, erdaldunek nola euskaldun askok hala, uste dute “berdintasuna” bermatzea dela españolez hemen, frantsesez han, jardutea “denok menperatzen baitugu erdara”. Ahaztu egiten zaie esatea, bai erdaldunei, bai euskaldun “zentzudunei”, erdara menperatzen dugula denok, inposatu egin zaigulako, euskara debekatzen eta zokoratzen zen bitartean.

Beltzaren gutunetik hainbat pasarte ekarri ditut hona, hausnarketarako:

“Alta, denek dakigu eskuduntzak ez direla beti baliatzen: euskaldunek, ez badute haien erabiltzea eskatzen, gauzatu gabeko promesen linboan geldituko dira. Eta arrazoirik gabeko ezetzen aitzinean, borrokatu behar da”.

‘Euskal’ izenaz hornitzen diren erakundeetan, euskara erabiltzeko libre da edozein hautetsi, teknikari edo gomitatu; legeak ez dio debekatzen eta erakundearen duintasunak laguntzen du.

Sarri, euskaraz ari zenak sentitzen baitzuen pailazoarena egiten ari zela, batez ere gero dena frantsesez errepikatzera apaltzen bazen. Horrela, meza handiak diren hautetsien bilkuretan euskaldunak agotak, ate ttipitik eta buru makur sartuak, agian toleratuak, segur mespretxatuak, txirtxilarena egin eta mila esker”.

Berdintasunari deitzen zaio “principe de réciprocité”.

“Gero, bada beste urratsa, gure eskuetan eta eginbeharretan dena: gauza muntadunak euskaraz erratea eta soilik euskaraz, horrek egiten du duin euskararen erabilpena; berriz, euskaraz agurtzea eta garrantzitsua erdaraz emateak, irrigarri egiten gaitu”.

Agian egun batez ez ditugu ikusiko euskaldunak mespretxatuak beren hizkuntza denen etxean erabiltzen dutelako, elizan sartzeko baimena eskatu behar zuten agota burumakurren antzo”.

Agian…

Burumakur-Herriko ipar isurialdetik
JJ Agirre

Euskara teknikaria eta ELAko kidea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude