Burumakur?

Burumakur? –

Carolina Darias Espainiako Lurralde politikako ministroaren esanetan, euskarak ez du lanerako baldintza izan behar, meritua baizik. Esaldi hori katramilatua gelditu zaigu denoi eztarrian, izan ere, argi erakusten du Espainiar Estatuak ez duela inongo asmorik herritarren hizkuntza eskubideen errespetuarekiko neurriak hartzeko, aldaketarik ez beraz.

Burumakur?
Arg: FERNANDO VILLAR / EFE (BERRIA)

Gogoratu behar dugu, Espainiar Estatuak 2001ean berretsi zuela Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna eta ordutik, itun horren betetzearen inguruan hainbat gomendio eman eta aldaketak egin behar zituela esan zaie Ministroen kontseiluak egindako ebaluazioen ostean. Ebaluazioz ebaluazio Espainiar Gobernuak ez du aurrerapausorik eman ordea. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko lituzkeen lan-postuen beharraz ohartarazi zaio Espainiako Gobernuari, hau da, lan-postu publikoetan euskaraz ulertu eta hitz egiteko gai den langile gehiago behar direla esan zaio herritarren eskubideak errespetatuko dituen zerbitzu bat eskaintze bidean.

Askotan aipatu dugun bezala, lan-postu publikoak erabat lotuak daude ematen den zerbitzuarekin eta zerbitzua euskaraz bermatzeko aukera bakarra, bertako hizkuntzaren ezagutza betebehar bat izatea da eta ez soilik arreta zuzeneko lan-postuetan, administrazioen funtzionamendu osoak herritarrari ematen zaion zerbitzua baldintza dezakeelako, Hizkuntza Eskubideen Behatokian jasotzen ditugun kexak hutsune horren adierazle direlarik. Arreta, inprimakiak, dokumentuak, jakinarazpenak, ziurtagiriak… administrazio ezberdinekin egunero ditugun harreman mota oro gaztelania hutsean izatera ohitu gara, burumakur gelditu behar al gara  Espainiako ministroaren hitzen aurrean?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko otsailaren 25ekoa]

Hizkuntz Eskubideen Behatokia.