Bultza dezagun aukera hau

Bultza dezagun aukera hau –

Euskalgintzak abiatu duen Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan kanpainaren testuinguruan, errejimen zaharreko hainbat politikariri entzun diegu esaten euskararen eskualdekatzeari eutsi behar zaiola, euskaldunak gutxi garela argudiatuz. Beren «argudioekin», ingelesa bertakotu dute eta euskara eta euskaldunak arroztu gaituzte. Euskara hizkuntza gutxitua da Nafarroan, bere lurraldean, murriztu eta gutxietsi duen jazarpen politika baten ondorioz. Ordea, ingelesa, errumaniera edo alemaniera gutxiengo batzuen hizkuntzak dira, Nafarroan. Adiera bakoitzak zilegi egiten ditu edo ez hizkuntza bat lurralde jakin batean garatzeko hartu daitezkeen erabakiak. Bi kontzeptu horiek nahastu nahi izan dituzte, asmo txarrez, bertako hizkuntzaren komunitateari hizkuntza eskubideak ukatzeko eta errejimenekoek beren hizkuntza pribilegioei eusteko.

Bultza dezagun aukera hauSegregazioaren aldeko politikarien diskurtsoak eta ekintzek helburu dute euskararen egoera gutxitu hori betikotzea, eta horretarako, errealitatea aldagaitza balitz bezala aurkezten digute, etsipena hedatzeko euskaldunen artean. Bidegabea litzatekeen bezala hegemonia matxistari label demokratikoa ematea, egun gizartean nagusi delako, zitala da defendatzea euskaldunok konformatu behar dugunik bazterkeriazko egoera honekin, kopuruz gehiago direlako euskaraz ez dakitenak. Errealitate soziolinguistikoa baldintza gisa baino, moldatu eta hobetu beharreko abiapuntu gisa hartu behar da.

Baina, nagusikeriazko diskurtsoan sakonduz, errejimen zaharreko politikariek esan digute aski dugula euskaldunok bazterkeriara kondenatu gaituen gaur egungo legearekin. Ez diegu ezer erregutu, ez dagokie esaterik, eta are gutxiago, agintzerik nola bizi behar dugun euskaldunok. Ez da beraien dohaina. Hobe lukete ikuspegi supremazista hori aldatzea eta jarrera berdinzalea hartzea, gizarte kohesioaren mesedetan.

Euskarak lege egoki eta araudi eragingarri berriak behar ditu, bere berreskurapena eta garapena ziurtatzeko, bertako hizkuntza izanik ere, egoera sozial gordina pairatzen duelako. Areago, gaur egungo Euskararen Legeak berak eskualdekatzen ditu hizkuntza eskubideak, eta eragiten eta sakontzen du egoera makurra. Euskaldunoi bidegabea gertatzen zaigu alderaketa, ikusirik gaztelaniaz bizi daitekeela, askatasun osoz, Nafarroa osoan, eta ez hala euskaraz. Horregatik, egiturazko aldaketak egitea dagokie erakundeei, aitortzeko nafar euskaldunei euskaraz bizitzeko askatasuna.

Bultza dezagun aukera hauEuskaldunok erakutsi dugu euskaraz bizitzeko nahiari determinazioz eusten diogula, eta bidean jarri dizkiguten oztopoak gaindituko ditugula, lehenago ala beranduago. Orain, Euskararen Lege berri bat prestatzeko batzordea osatzea adostu du Nafarroako Legebiltzarrak. Bada, heldu diezaiogun aukera horri guztiok, eta bultza dezagun euskaltzaleok, Euskara Ofiziala Nafarroa Osoan kanpainaren bidez jasoko diren eskabideen arrazoiez.

Hizkuntza komunitate honek euskaraz bizitzeko duen eskubide osoa aitortuko duen Lege berri baten mesedetan.

Bultza dezagun aukera hau

Kontseiluko kidea

4 pentsamendu “Bultza dezagun aukera hau”-ri buruz

  • Oro har ados egonda ere, uste dut lege aldaketa ez dela inondik ere nahikoa.
    Izan ere, erreserba baskofonoan ere, euskaldunon egoera larria da, euskara gutxiengoaren hizkuntza gutxi erabilia da, legea alde samar eduki arren.
    Batetik, dagoeneko erdarazko eskaintza euskarazkoa baino askoz aberatsagoa delako bizitzaren eremu guztietan (baita erreserbako herririk euskaldunenean ere), eta bestetik eragile abertzaleen euskaldunekiko konpromisoa oso pobrea delako.
    Adibide bat jartzearren, Sakana abertzale ustez menderaezinean, ez dugu euskararen normalizazioaren aldeko plangintzarik ezagutu oraindik. Hortik euskarazko eskaintzaren tristea, neurri handi batean. Izan ere, eremu “misrtoko” Burlatako gazteek euskarazko ekintzak burutzeko aukera gehiago dauzkate Altsasukoek baino.
    Eta erreserba, erregimeneko alderdiek eragiteko aukera askoz gutxiago dauzkate Iruñerrian edo Erriberan baino.
    Beldur naiz, alderdi abertzaleek eta eragile abertzaleek oro har, ez ote duten probestuko ofizialtasunaren aldeko kanpaina hau euren ohiko euskaldunekiko utzikeria estaltzeko…

  • Eta erreserban… esan nahi nuen.

  • zigor etxeburua urbizu 2017-11-17 09:17

    Ados, JJ
    Azpimarratu nahi izan dugu pre-politikoa dela aitortzea nafar euskaldunei euskaraz bizitzeko askatasuna. Jakina, argi dugu paperak guztiari eusten diola, eta legearen eta arauen ezarpena ziurtatu beharko dugula, aurrera begira ere, edonor dela ere agintean dagoena.
    Azkenik, bat nator ere diozularik euskararekiko euskaldunon konpromisoak koherentzia handiagoa behar duela.
    Eutsi goiari!

  • Goitik etorri ote zaigu kanpaina hau? Es dakit deus, egia esateko.
    Baina benetan hotz nago eta ingurua ere hotz ikusten dut. Hainbeste egingabeko gogoeta, hainbesteko ekintza xume eta egingarri bazter utziak…hainbeste betebehar hutsuneak betetzeko…eta bakardade ikaragarrian eraman beharrak izanak, esan liteke hustu nautela kanpaina handietarako.
    Dena dela, aurrera egin nahi dutenak egin bezate. Gure ahalegintxoa ere eginen dugu, Baina, otoi, ekintzak aukeratzerakoan kontuz ibiltzeko eskatuko nioke euskaldungoari, eta beregain izateko eta ez inoren morroi.