BLB: Prest! eta Uriolaren egoera labur azalduta

BLB: Prest! eta Uriolaren egoera labur azalduta –

Pasa den larunbatean Bilbo Hiria Irratiaren maratoira gonbidatu ninduten Unai Brearekin (Hiruka). Bertan, euskarazko hedabideen erronkak izan genituen hizpide eta, BLBko kidea naizen aldetik, Prest! eta Uriola argitaratzen dituen kooperatibaren esperientzia kontatu nuen. Oharrak batu eta paperera ekarri ditut gure egoera ezagutzeko balioko dutelakoan.

BLB: Prest! eta Uriolaren egoera labur azalduta

Behategiaren arabera, 138 hedabide daude euskaraz argitaratzen dutenak. Ikuspuntu kualitatibo batetik, gure hedabideen kalitatea eta profesionaltasuna nabarmen igo dira, baina bestetik, sektorea ez da egonkortu. BLB ez da salbuespena. Gure bi produktuak, norbere neurrian, errotuta daude euren esparruetan eta horren isla dira kolaboratzaile, laguntzaile, babesle eta irakurle-kopuruak. Bagara nor gure inguruan, baina ez dago gure babesle-kopuruekin proportzioan. Gaur egun, Prest!ek 2.800 aleko tirada duen arren, 200 hartzailek baino ez dute produktua diruz babesten (14tik batek!). Horren ondorioz, gure autonomia murritza da bestelako diru-sarreren menpekoak bihurtzen garelako. Nagusiak dirulaguntzak eta publizitatea dira eta edozein gorabeherak proiektua kolokan jarri dezake (eta aurten bezala aldi berean bi gertatuz gero, zer esanik ez!).

Horiek horrela, zaila da edozein proiektu egonkortzea eta ondorioak kaltegarriak dira, lehenik eta behin langileentzat, eta bigarrenez, euskararentzat ere bai. Euskarazko hedabide batean lan egiteak prekatitatearen mugan jartzen zaitu. Unai Break solasaldian aipatu bezala, inork ez du aurreikusten Hiruka bezalako hedabide batean jubilatzea. BLBn, bi kazetariekin bi produktu argitaratzen ditugu eta baliabide faltari euren lan-eskergari eta laguntzaileei esker aurre egiten diogu. Errotuta egon eta jendearen babesa izan arren, zeregin batzuk ezin dira boluntario edota kazetarien menpe (bakarrik) egon. Bi aipatuko ditut, administraria eta komertziala, biak ezinbestekoak hedabide bat aurrera ateratzeko, batetik, alde ekonomikoa funtsezkoa delako eta, bestetik, diru-iturriak lortzeko.

Berba batean, BLBn baliabide faltaren gurpil zoro batean bizi gara eta, hedabideek duten rolaz gain, Deustualdeko eta Bilboko euskaldunon kohesionatzaileak garelako laguntzaile sare handia dugu. Euskarak balio erantsi hori dauka, gure eremuetan horrek bereizten gaitu. Ez dut uste salbuespen garenik. Unaik esan bezala, tokiko hedabideen gehiengoa euskarazkoa izateak zer pentsa eman beharko lieke erakunde publikoei –eta batzuk ohartu dira-, baina euskaldunok ere konturatu beharko genuke kalitatezko hedabide egonkortuak nahi baditugu, gure alea jarri beharko dugula. Bestela, bestelako diru-sarreren menpekoak izaten jarraituko dugu, gure autonomiaren kalterako.

BLBko kidea naizen aldetik, horixe izan da nire esperientzia. Nirea bezalako beste hainbeste egongo dira. Edozelan ere, benetako egoeraren berri izan nahi baduzue, galdeiozue kazetariei, eurek inork baino hobe dakitelako! 

Bilbo Hiria irratiko elkarrizketa, osorik entzungai

 

BLB: Prest! eta Uriolaren egoera labur azalduta
Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude