Beste urte batez gazteen aisialdiko hizkuntza ohituretan eragiten

Beste urte batez gazteen aisialdiko hizkuntza ohituretan eragiten –

EuskarAbentura elkarteak 3 urte daramatza gazteen aisialdiko hizkuntza ohituretan eragiten. Orain arte egindako espedizioetan garatutako dinamika eta estrategien eragina neurtu dute, baita gazteen hausnarketa pertsonalak entzun eta aztertu ere. Euskararen erabilera indartzeko estrategia eta lortutako emaitzak hobetuz doaz urterik urte, esaterako, 2019an egin zuten gazte espedizioan zehar jasotako elkarrizketen %83a euskaraz izan ziren.

Aurten, urteroko espedizioaren ordez EuskarAbentura 2.0 izeneko erronka lehiaketa antolatu du EuskarAbentura elkarteak, gazteen aisialdian euskararen presentzia indartzeko helburuarekin beti ere. Elkarteak orain arte egindako ibilbidean jasotako emaitzak oso itsaropentsuak izan dira, eta ekimen honekin gazteen hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi du elkarteak.

.

Hizkuntza-ohituretan eragiteko estrategiak ardatz, eragile eta erakundeekin elkarlanean

Antolatu zen lehenbiziko espedizioan, jzioquitarren (parte-hartzaileak) hizkuntza ohituretan eragiteko estrategia bat diseinatu zuen elkarteak, edizioz-edizioko esperientziarekin finduz eta osatuz joan dena. Estrategia gauzatu eta bere eragina neurtu ahal izateko, elkartea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin, Soziolinguistika Klusterrarekin, EBETEko Iñaki Eizmendirekineta GEU elkartearekin elkarlanean aritu da. Elkartearen borondatea lankidetza horrekin jarraitzea da, aurtengo espedizio bereziaren eta, dena ondo bidean, etorriko diren espedizioen kalitatea eta eragina hobetzen jarraitzeko.

EuskarAbentura Espedizioa egitasmoaren diseinuak berak, gazteen artean euskararen erabileran eragiteko helburua du oinarri. Horretarako, hizkuntza profil oso ezberdinetako gazteak batzen ditu espedizioak eta, kasu batzuetan, euskara da partekatzen duten hizkuntza bakarra (Hego Euskal Herria, Ipar Euskal Herria eta diasporaren kasuan). Horrez gain, parte hartzaileek, hizkuntza-ohitura euskaldunak hartzeko jarrera proaktiboa dakarte aurretik: badakite proiektuaren oinarria euskara dela eta euskarazko lan bat egin behar dute haien hautagaitza bideratzeko, parte-hartzeko bermerik eduki gabe. Gainera, espediziora joan aurretik konpromiso agiri bat sinatu behar dute euskarari eutsiko diotela ziurtatuz.

Baldintza hauek abiapuntu esanguratsua izan arren, bere horretan ez dute bermatzen hilabete osoan zehar gazteak euskaraz aritzea. Espedizioko lantaldea ezinbestekoa da euskararen erabilera sustatzeko, ez hainbeste langileen aurretiko esperientziagatik, baizik eta daukaten jarrerarengatik eta espedizioaren aurretik elkarteak eskaintzen dien formakuntzarengatik. Izan ere, urtero-urtero espedizioan langile eta boluntario joan diren pertsona guztiek, gazteen artean euskararen erabilera bermatzeko formakuntza jaso dute; 2018an GEU elkarteak eman zuen eta 2019an EBETEko Iñaki Eizmendik. EuskarAbentura elkarteak argi dauka ezinbestekoa dela hizkuntza jarrerari dagokionean lantalde osoa bat izatea eta, diskurso eta jarrera bateratua mantentzea, baita ematen den kasuistika bakoitza ulertzeko eta horri erantzuteko tresna komunak edukitzea ere.

Horretarako, urte osoan zehar hizkuntza helburutik lanean diharduen elkarteko Euskara Batzordeari, Espedizioko Euskara Batzordea gehitzen zaio. Azkene honen ardura izaten da espedizioan zehar aldiro erabilera aztertu, baloratu eta, behar izanez gero, esku-hartze txikiak proposatzea (jolas, dinamika eta eztabaidak, besteak beste) euskararen erabileran eragiteko.

Beste urte batez gazteen aisialdiko hizkuntza ohituretan eragiten

2019ko espedizioko eragina jasotzeko egindako ikerketak

EuskarAbenturaren lehen edizioan, 2018an, espedizioak parte hartzaileen euskararen erabileran izandako eragina neurtzeko lehenengo saiakerak egin ziren (ikusi hemen).

2019ko espedizioan, hikuntza ohituretan eragiteko estrategia eta horren neurketa borobiltzeko apustu irmoa egin zen. Horiek horrela, lehen aldiz azterketa etnografiko xume bat egin zen. Lan honek, parte-hartzaileen euskararekiko loturari dagokionez, espedizioetan bi gazte profil egon ohi direla zehaztu zuen: alde batetik, gune euskaldunetatik datozen gazteak eta euskara norberaren parte sentitzen dutenak; eta bestetik, hain euskaldunak ez diren guneetatik datozenak, zeintzuek euskara kontzienteki eta modu ez naturalean bizi duten. Lehenengo profila dutenentzako, espedizioa %100ean euskaraz izateak ez du eraginik haien parte-hartzeko gogoan, bai, ordea, bigarren profileko askoren artean. Aldiz, arnasguneetako gazteentzat aberasgarria suertatzen da espedizioan haien egoera berdinean ez dauden gazteen errealitatea ezagutzea, konturatzeko badela jende asko euskaraz bizitzeko zailtasunak dituena.

Bestalde, Soziolinguistika Klusterraren laguntzaz, espedizioan zehar euskararen erabileraren neurketa egin zen. Neurketa horren arabera, euskararen erabilera pixka bat apaltzen zen gune euskaldunetako gazteak euren artean soilik zeudenean (erabileraren %93tik %86ra) baita gune erdaldunetako gazteen kasuan berdina gertatzen zenean ere (%78tik %64ra). Era honetan, baieztatu daiteke gune soziolinguistiko desberdinetako gazteak nahastea eraginkorra dela euskararen erabilera handitzeko. Heterogeneotasun honek bestelako fenomenoak azalerazten ditu, besteak beste, soilik euskara batua hitz egiten dutenen artean euskalkiek duten prestigioa. Halere, jada esan bezala, errealitate soziolinguistiko ezberdinen arteko kontaktuak espero baino emaitza hobeak eman ditu. Gazte askok adierazi zutenaren arabera, hiztunen profil aniztasunak norbere burua onartzen eta konplexuak kentzen laguntzen du: “badakit leku ezberdinetan euskara oso ezberdina dela (…) nik gaztelaniazko hitz gehiago sartzen ditut, baina (…) garrantzitsuena euskaraz hitz egitea da”, adierazi zuen jzioquitar batek.

Horrez gain, 2018an hasitako bideari jarraipena emanez, elkarteak espedizioaren aurretik eta ostean gazteen motibazioa eta hizkuntza eta kontsumo ohiturak aztertu zituen galdetegi batzuen bitartez. Izan ere, EuskarAbentura egitasmoaren helburua, epe ertain eta luzean, gazteen euskarazko ahalduntze prozesuan eragitea da. Egindako inkestek erakusten dutenez, jzioquitarren euskararen erabilerak gora egiten du espedizioak aurrera egin ahala, baita hau bukatu eta sei hilabetera ere (Nafarroako gazteen kasuan izan ezik). Orokorrean gazteek euskara hobetu dutela hautematen dutela adierazi dute. Euskarazko kontsumoari dagokionez, herrialde historiko guztien kasuan igo da, Ipar Euskal Herriko gazteen artean bereziki, eta Interneteko eduki eta sare sozialetan batez ere.

Bukatzeko, gazteen ustetan hezkuntza sistemak soilik ez du euskalduntze prozesua bermatzen, eta transmisio horizontalaren garrantzia azpimarratzen dute: gazteek kalean eta lagunartean euskaraz egitearena, alegia. Honen harira, gazte hizkera somatzen dute faltan, hiztegi garaikide eta freskoa, baita erreferente euskaldunak ere, haietako asko erdarara pasatzen direla sentitzen baitute. Amaitzeko, euskaraz bizitzeko hautua hitzez adierazi eta publiko egitea oso garrantzitsua dela deritzote.

EuskarAbentura Elkarteak euskara indartzen diharduten eragileekin elkarlanean jarraitu nahi du, urtez-urte ikasiz eta hobetuz, zeregin kolektibo honetan bere aletxoa jarriz. Horregatik, iazko espediziotik ateratako ondorioak modu osoago batean jasotzen dituen txosten bat argitaratu du, eta www.euskarabentura.eus webgunean dago eskuragai.

Beste urte batez gazteen aisialdiko hizkuntza ohituretan eragiten

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude