Beste Mendigorri berriak

Beste Mendigorri berriak –

Euskararen kasu kuriosoa Mendigorrian

Urtarrilaren 28ko arratsaldean Behatokiko ordezkariek eta Mendigorriko gurasoek berria iragarri zuten Hezkuntza Kontseilariarekin bildu eta berehala: Hurrengo ikasturtean ikasleei euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko zaie.

Zenbat ordu, zenbat lan, zenbat izerdi, zenbat oihu, zenbat haserrealdi… Zertarako eta haien seme-alaben oinarrizko eskubidea berma dadila eskatzeko, bai eta egun Nafarroako legeriak jasotzen duena betearazteko ere.

Izan ere, bidegabea izan da Nafarroako Gobernuak ume horiei eragin dien guztia. Lotsagarria izan da hasieratik bertatik konponbide erraza zuen eskaerari horrenbesteko oztopo jarri izana. Halere, benetan pentsatzen al zuten komunitatea mehatxuen aurrean kikilduko zela? Ez al dira oraindik ohartu euskaraz bizi nahi duen herri gogo ikaragarri indartsua dagoela?

Haziak saltzen ibili ziren udan, honek ekarriko zituen gastuei aurre egiteko: Mendigorriko hazia ereiteko garaia heldu zela zioten, bada, orain bai, loratu dezagun Mendigorria berriekin Nafarroako pasaia euskaraz loratzen.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko otsailaren 9koa]

Beste Mendigorri berriak

Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUko idazkari nagusia