Bermeotarrentzako maskara: Ondarrumask [BIDEOA]

Bermeotarrentzako maskara: Ondarrumask –

Aurten ikerketa lana egin du UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Bermeo eta Ondarroako udalen laguntzarekin. Entzungo zenuen bezala, lan hau abiatzeko zergatia hizkuntzen erabileraren kale neurketak plazaratu ondoren iritsi zen. Bizkaiko kostaldeko bi herri hauetan euskararen ezagutza maila berdina da: %80; erabileran, ordea, aldea izugarria da: Ondarroan %80, Bermeon %33.

Bermeotarrentzako maskara: Ondarrumask

Denboraz bazabiltza, gai honi buruz Ahoz-Aho programan egindakoa solasaldia ikusi dezakezu.

300 orrialdeko ikerketa lana egin dute UEMAko teknikari Goizane Arana eta Eneritz Albizuk. Euskararen erabilerak halako beherakada izateko faktore asko kontuan hartu behar dira, bi teknikariek azpimarratu zutenaren arabera: “Euskararen aldeko hizkuntza politika ausartak eta eraginkorrak ez dira nahikoa, euskarari eustea ahalbideratzen duen ekosistema osoak huts egiten baldin badu. Argi dago euskara sustatzeko hizkuntza politiketan orain arte kontuan hartu diren faktoreez gain, euskaraz naturaltasunez hitz egitea ahalbideratzen duen ekosistema osoa dela zaindu beharrekoa. Eguneroko bizitzako harreman sareak, alegia. Ekosistema horrek huts egiten duenean sortzen da amildegia ezagutzaren eta erabileraren artean”. Ikerketa aurkezteko erabili zuten laburpena sarean dago. 

Panorama aipatutakoa dela presente izanda, Bermeoko Txozna Batzordeak festa egun bat antolatu du parranda euskaraz egiteko. Baina ez Bermeon, Ondarroan baizik. Erran behar da eguna iragartzeko bideoa ona dela oso.

Badaude herriak Euskal Herrian zehar Bermeoko adibidea oso presente izan behar dutena, ez gaitezen ibili beti Sisifo bezala, harri berdinarekin bueltaka. Ea Ondarrumask modeloa hobetu eta Mask-bermeo prototipoa pronto dagoen, berandu baino lehen.

Gora Bermeoko euskaltzaleak!

Bermeotarrentzako maskara: Ondarrumask
ARG: Irwin Won

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Datuek berresten dute Ondarroako kaleetan euskara dela nagusi (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2017-03-22).
· “Euskararen kale erabilerak beheraka jarraitzen du Bermeon” (Busturialdeko Hitza, 2017-03-17).
· Bermeoko hizkuntza erabileraren kale neurketaren emaitza nagusiak (@slklusterra, 2017-03-16).
· Bermeoko hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren emaitzak aurkeztu dira (bermeo.eus, 2017-03-17).

Bermeotarrentzako maskara: Ondarrumask