Berdintasunerako aukera galdu da

Berdintasunerako aukera galdu da – 

  • Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragile nagusietako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Kongresuaren aurrean.
  • Onartuko den legeak ez die erantzuten herritarren eskaerari, ez eta herritarren arteko berdintasunari ere.
  • Gaztelania ez beste hizkuntzen presentzia testimoniala izango da.

Galizieraren (A MESA), euskararen (Euskalgintzaren Kontseilua), katalanaren (Plataforma per la Llengua, Ómnium, ACPV, Escola Valenciana eta FOLC) eta asturieraren (Iniciativa pol Asturianu) erakundeetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Espainiako Diputatuen Kongresuaren atarian Ikus-entzunezko lege orokorraren eztabaidaren karira, onartu nahi den arauak hizkuntza-berdintasuna bermatzen ez duten urrats txikiak besterik ez dituelako egingo.

Berdintasunerako aukera galdu daElkarretaratzea hasi eta berehala. erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza: Marcos Maceira (A MESA), Paul Bilbao (Kontseilua), Francesc Marco (Plataforma), Elena Jiménez (Òmnium), Ruben Pitchart (ACPV), Maria Nebot (Escola Valenciana), Daniel Condeminas (FOLC), eta Ivan Llera (Iniciativa pol Asturianu).

Lehenik eta behin Estatuan dagoen hizkuntza-errealitateari erantzuten ez dion legea dela salatu dute: «Kontuan hartu behar dugu lege hau Europako Batasunaren zuzentarauaren transposizioa dela, hain zuzen ere, Europako produkzioari tokia emateko. Hartara, Europako hizkuntza errealitateari muzin egin zaio, Estatuko berezko hizkuntzen presentzia duina ez dela bermatuko. Zinez uste dugu berdintasunerako aukera galdu dela, eta legeak gure hizkuntzak ikusgabetuko dituela pantailetatik. Are gehiago, eskubideen urraketa betikotuko da».

Horrela, erakundeetako ordezkariek legearen prestakuntza-prozesuari egin diote erreferentzia: «Hizkuntzen aldeko gizarte eragileek jarrera proaktiboa izan dugu, besteak beste, aurreproiektuetan ekarpen zehatzak eginez, alderdiei gure proposamenak helaraziz, herritarrak aktibatuz eskaera soziala badela erakusteko… Hori horrela izanik ere, entzungo egin zaie gure eskaerari, eta beraz, esan daiteke herritarren eskaera ez dela inondik inora kontuan hartua izan».

Halaber, gogora ekarri dute aurreko astean bertan egon direnek beste eragile batzuekin (katalanaren aldeko CIEMEN, ACV Tirant lo Blanc eta OCB nahiz aragoieraren aldeko NOGARÁ) aurreko astean adostutako adierazpenean jasotakoa: «Hizkuntza guztietarako gutxienekoak plataformen katalogo-kuotetan, TVEko emankizunetan eta finantzaketa aurreratuan sartzeko erakundeek egindako presio politikoa eta soziala erabakigarria izan bada ere, txertatutako aldaketak erabat eskasak eta testimonialak dira, osotasunaren % 0,35 eta % 2,55 artean kokatzen baitira. Alegia, hizkuntza-aniztasuna bermatzeko asmoz ezarriko diren kuotak testimonialak dira».

Izan ere, bertako eragileek esan bezala, orain arte, ikus-entzunezko legeria orokorrak gaztelaniarako baino ez ditu ezarri nahitaezko gutxieneko edukiak eta finantzazioa, eta edukirik gabeko erretorikatik kanpo, ez die inolako aipamenik edo aitorpenik egin Espainiako Estatuan dauden beste hizkuntzei. Hori dela eta, haurrei, gazteei eta, oro har, ikusleei galarazi die beren hizkuntzan gozatzea telebista-saioen, telesailen eta filmen eskaintza zabala. «Tamalez, lege berriak ez du aldaketa esanguratsurik ekarriko horri dagokionez» esan dute.

Amaitze aldera, hizkuntza gutxituen aldeko eragileek lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi izan dute: «Egia da, bai, oraingoan ez direla aurreikusitako helburuak bete, eta gure hizkuntzen presentzia ikusgabetuko duen legea onartu dutela. Hori horrela izanik ere, guk lanean jarraituko dugu gure hizkuntzetan bizitzeko baldintza egokiak sortzeko, bai eta gure hizkuntzek espazioak irabazteko, tartean, pantailak».

Berdintasunerako aukera galdu da

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.