Beltzak eta euskara

Beltzak eta euskara

Bizitza emea da, eta arrok ia akabatu dugu, indarkeria harroz. Feministen garrasiak salbatu du. Eta oraindik entzungo duzu terrazaren batean, Chardonnay kopa eskuan, zigarreta bestean, “ni ez naiz ez matxista ez feminista… ile horiek besapean… bortizkeria permanentean…”, feministengatik ez balitz sukaldean giltzarrapoz lotua legokeenaren ahotik.

Beltzak eta euskara

Ez da kasu bakarra. Sindikalistetaz berdina diote ere: beti haserre, beti kexuka… opor ordainduak, 8 orduko lan eguna, gizarte segurantza eta hezkuntza eta osasun publikoa zerutik eroriak bailiran. Bada hari bat, beraz, emakumeak eta langile klasea lotzen dituena. Hari fina, hauskorra, ongi landu behar dena eraginkorra izan dadin, eta horretan ere feministak badabiltza fin.

Bizitasuna, freskotasuna, oihartzuna, indar kolektiboa. Plaza hartzen ari dira. Gazte, zahar, heldu, mugimendu eraginkorraren eraikuntzan. Eragina dute. Nigan eragin dute. begiak ireki dizkidate, Angela Davis irakurtzera bultzatu naute. Emakumeak arraza eta klasea. Lehen aipatu haria fina triangeluan josia.

Angelak liburuan kontatzen ditu esklabotza garaiko penak minak eta borrokak. XIX. mendeko kontuak, latzak, ezagutu behar direnak, egungoa ulertu ahal izateko. Halako esklabutzarik hemen ez zen izango, baina imajina ditzaket, XIX. mendean agian ez, baina XX. mende hasieran bai, herriko, baserriko emakume euskaldun elebakarrak Donostiako señorito eta señoritei “lan zikinak” egiten, ipurdia garbitzen, ganadua legez.

Konparazioa ez da txiripa. Emakumeak, arraza eta klasea, aspaldi iritsi zen Euskal Herrira. Emakumea eta klasea begibistakoa izanik ere, arraza ez zen bat batean egokitzen hemengo errealitatera. Irudika zitekeen, ordea, Euskal Herriaren askapenarekin, zapaldutako herriaren borrokarekin. Baina ez da kontu itxia, etenik ez duen gogoetagai da, eta berriki euskal hiztunen zapalkuntzarekin ere lotu da.

Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel ariketa interesgarri bat egiten ari dira, euskalgintza feminismoarekin lotuz, hain zuzen. Feminismoaren azterketak euskalgintzara ekarriz: identitata eraikuntza eta deseraikuntza, botere harremanak, azpiratuen naturalizazioa… Feminismoak erreminta asko ditu euskaldunak ahalduntzeko.

Angela Davis ere egiten diote erreferentzia. Esklabotzaren kontrako borroka, segregazioaren kontrako borroka ez zen beltzen borroka, giza eskubideen aldeko borroka baizik. Euskaraz bizitzea giza eskubidea da, borroka unibertsala da.

Euskararen aldeko borroka suspertzeko proposamen aberatsa egin digute (emankorra bilakatzea espero dut). Behar genuen halako zerbait, eta, berriro ere, feminismotik etorri da ekimena. Esanguratsua da. Lan onari esker lortu duen ekarriaren seinale.

Dena den, badu arrisku bat proposamen honek. Botere harremanetan hondoraino iristen garenean, beti topatuko dugu emakume bat, langile klaseko emakume bat. Baina hondoraino begiratzen dugunean, normalean ez dugu emakume langile euskalduna topatuko. Euskara hutsez osatzen diren eremuak, normalean ez dira kolektibo azpiratuenak, jazarrienak, zapalduenak. Are, batzuetan badute elite puntu bat ere. Agian erratuta nago, baina niri beldur hori sortzen zait. Ez proposamena gutxiesteko, ez proposamenak duen balioa murrizteko. Inola ere ez, argi baitago euskaldunak Euskal Herrian moroak garela laino artean.

Beltzak eta euskara

Bada ez bada, euskararen aldeko borrokan arrakasta izan nahi badugu behintzat (Angela Davis gogoan) gogora ekarri nahi dudan gauza bakarra da beltzak Euskal Herrian (azpiratuenak, menderatuenak, esklabotza lanetan dabiltzanak), Amerikako Estatu Batuetan bezalaxe, hegoamerikarrak, afrikarrak, asiarrak eta Europako ekialdeakoak direla.

Beltzak eta euskara Beltzak eta euskara Beltzak eta euskara
arraza, euskara, feminismoa, klasea

54 pentsamendu “Beltzak eta euskara”-ri buruz

  • JJ Agirre

    Touché! Gibelean erran nahi baita…
    Gustura ari nintzen artikulua irakurtzen, azken pasarteetara heldu naizen arte. Inperialismo erdaltzaleek gure artean arrakasta handiz ezarri dituzten ideien artean, badira bi, oso eragin handia izan dutenak eta oraindik ere gainditu ez ditugunak.
    Bata, “erdaldunekiko errespetuarena” da, erdaldunekiko sumisioa eta haien supremazismoa, “errespetua” hitzarekin mozorrotzen duena. Erdaldun ia guztiek uste osoa dute euskara EZ ikasteko eskubidea dutela, batetik, eta ondoriozko bigarren ustezko eskubidea: euren presentzian erdaraz egin beharra dagoela.
    Okerrena da, erdaldunek hain barneratuta dauzkaten “eskubide” horiek, euskaldun gehienek ere barneratu ditugula, mendetako zapalkuntzaren eta bazterketaren ondorioz.
    Euskaldun “sinpatikoak” erdaraz jarduten du erdaldunaren aurrean beti. Eta horrela jokatzen ez duena arbuiatzen dute, muturreko talibantzat jotzen dute, bai erdaldun “gaixoak”, bai euskaldun “sinpatikoak” ere.

  • Guztiz ados diagnosiarekin. Kontua da behin eta berriro gaitz bera diagnostikatu eta euskararen erabileraren ehunekoen aurrean espantuka aritu eta hil-kanpaia jotzeaz gain, BA OTE DUGU ESTRATEGIARIK EDO GAITASUNIK INON SUPREMAZISMO HORRI BUELTA EMATEKO? NON? NORK? NOLA?

  • JJ Agirre

    Bestea da, aberatsaren konplexua.
    Euskaldun askok uste du, ekonomikoki erdaldun asko baino hobeki kokatuta gaudelarik, gurea ez dela menpekotasunetik askatzeko borroka bat. Egiazko menpekotasuna ekonomikoa dela, edo generokoa, baina ez hizkuntzazkoa.
    Emakumeen artean ere gertatu ohi da antzeko zeozer…
    Oker gaude zeharo.
    Batetik, txiroetan txiroenak eta baztertuenak euskaldunak izan dira hemen. Txiro erdaldunek ere barre egiten zieten eta barre egiten diete, oraindik ere. Baserritarrari “kaxero”, arrantzaleari “peshkador”, Ikastolakide hiritar euskarajixtukoak, ikastolakide herri euskalduneko euskaldun osoari “pitufo”… Erdaldun baskoek gidatutako nortespañako telebistak (ETB2) ere, vaya semanita bezalako saio iraingarriak zabaltzen ditu, bazterketaren oinarriek sendo jarrai dezaten…
    Euskaldunona bazterketa historio gorria da. Bazterketarena eta gure buruen ezagutza falta latzarena. Euskara herri xehearen hizkuntza izan da batez ere herri honetan.
    Aberats eta agintari gehienek erderen alde egin izan dute historikoki (menderatzaileen hizkuntzaren alde), izan gaskoiaren, izan frantsesaren, izan españolaren alde…
    Baserritarrek, artzainek, arrantzaleek, merkatari txikiek, olagizonek eta bestelako herritar xumeek ekarri dute GURE hizkuntza bizirik gaurdaino.
    Gure herriko fabrikarik ilunenetan ere, txiro erdaldun elebakarrek barre egiten diete oraindik euren lankide txiro euskaldunei, hizkuntza tarteko.
    Hizkuntzatik bertatik hasi dira zapalkuntza prozesu guztiak, hemen eta munduan.
    Españolek eta frantsesek oso ondo dakite hori. Horregatik ematen diote euskarari ematen dioten garrantzia… guztiz desagerrarazi arteko jardun etengabean.
    Eragile abertzale batzuk (beste batzuk hasiak dira) ez dira oraindik enteratu ere egin, tamalez.

  • JJ Agirre

    Esan nahi dut, Unai, beltzak Euskal Herrian (azpiratuenak, menderatuenak, esklabotza lanetan dabiltzanak), hegoamerikarrak, afrikarrak, asiarrak eta Europako ekialdeakoak direla, bai, baina euskaldunak ere bai. Ez egun esklabotza lanetan, dagoeneko Espainiako etorkinak lan horietan ez dabiltzan bezala, baina bai etnia edo kultura zeharo baztertu eta zokoratua garen heinean.
    Eta izan gogoan, beltzek ere beste beltz batzuk zapaldu ohi dituztela…

    • Unai Oñederra

      Esan nahi dudana da, ez dugula lortu euskara hegemoniko bihurtzea. Erabakimen falta, indar falta, ezintasuna, asimilazioa… ez dugu lortu. Britainia handian, Amerikako Estatu Batuetan azpiratuenek inglesez egiten dute, Espainian gaztelaniaz, eta hemen ere. Azpiratuenei, biziraupenean dabiltzanek, bizirauteko behar dutena ikasiko dute behar hutsagatik. Egun euskara ez dute beharrezko, zenbait herritan salbu, eta ez dakite.
      Ikusten dudan arriskua da, euskaldunak azpiratuak gaudela jakinda, geu beste “paria” batzuen gainetik sentitu eta bazterketara jotzea, etorkinek laguntza sozial guztiak jasotzen dituztela bezalako zurrumurruez gain, euskararen egoera ere beraiei leporatuz. Hemen idatzi nuen beste post batean (https://zuzeu.eus/euskara/nire-auzoan-eres-de-fuera/) jaso nituen iruzkinetan gertatu zen moduan.

      • JJ Agirre

        Ez bazaie espainiar eta frantses etorkinei euskaldunon egoera larriaren errurik egotzi, ez dut uste atzerritarrei egotziko zaienik orain, inondik inora.
        Euskaldun asko eta asko hain dira menpeko ze, aldi honetan, nortasuna eta herri-sena ematen digun ezaugarri bakarrari, euskarari, bizkarra eman, eta feminismoari, ekosozialismoari, hizkuntza aniztasunari eta beste edozeri begira jarri diren, Estatua edo Herri bat edo ez dakit ongi zer, horietan oinarrituta lortuko den esperantzaz. Aipatutako borrokak ederrak eta ezinbestekoak izanagatik, hemengoak nahiz mundukoak direla ahaztuta. Eta ikusi nahi barik, herri honetan bertan bizi diren sentimendu espaniarreko/ frantseseko feministak, ekologistak, sozialistak, komunistak eta beste, oso-oso espainiarrak/frantsesak direla.
        Neronek EHko berdeak oso gertutik ezagutu nituen, adibidez: hango gehienen euskararekiko eta Euskal Herriarekiko amorrua eta erdeinua ez dauzkat ahazteko.
        Euskaldun izatearen harrotasuna berreskuratu behar dugu lehenik, herri izan nahi badugu berriro, noizbait. Herri nagusiki ekosozialista, ekologista, feminista eta artista eratzea lortzen dugula? Askoz hobeto!

        • Unai Oñederra

          Esango nuke gauza desberdinetaz ari garela. Ni hemen ez nabil burujabetza prozesuaz. Ni hemen nabil euskararen aldeko borroka inolaz ere ez dela arrakastatsua izango beste zapaldu batzuen kontra badoa, Angela Davisen irakaspenak (niretzat onak) jarraituz.

          • JJ Agirre

            Bai, Unai, baina jakin daiteke nondik atera duzun “euskararen aldeko borroka inolaz ere ez dela arrakastatsua izango beste zapaldu batzuen kontra badoalako” uste, susmo edo beldur hori?
            Hemen nagusi den “euskararen aldeko borroka” beldurtia, lotsatia, lotsatua, itxurazkoa, mengela eta sarri gezurrezkoa da eta!
            Hemen “beste zapaldu” horietako askok burutik behera txiza eta kaka egiten digute eta!

        • Hiltzen Hil 2017-07-04 22:45

          Egiari zor, ez da zuzena ez mesedegarria kanpotarrei egoztea euskaldunon egoera tamalgarriaren errua, nahiz eta erabat baldintzatzen duten egoera. Ez dut uste erruduntasuna inori egotzi behar zaionik, baina gurea da erantzunkizuna, euskaldunona. Erokeria galanta da gainontzekoengan jartzea euskara eta euskalduntasunaren etorkizuna.

          Egun datozen etorkin afrikar edo asiarrek ez dute euskara bere egingo sekula gure moduan. Ikasiko dute egunerokotasunean behar izanez gero, baina ez dute bere egingo era sakon batean edo “mistiko” batean, ez baidaukate lotura espiritualik euskararekiko. Beste hitzetan, kanpotarrek ez dute matiatuko guk, euskaldunok, erraietatik maite dugun bezala gure arbaso urrunekin lotzen gaituen hizkuntza (baino gehiago den) hori. Eta ezin zaie eskatu guk bezain beste maitatzea, izan ere, beraiek beste arbaso eta sustrai batzuk dituzte. Eta berdin du hemen gustora, integraturik eta eroso bizi badira ere. Maitasun mota goren bat da euskaldun indigenak euskarari, eta, orohar, Euskal Herriari diona, haur batek ama maite dezakeen modukoa. Eta hori ezin daiteke erosi ongi-etorri bero batekin.

          Guk geuk eta gure artean egin beharreko lana da honakoa. Euskaldunoi zuzendua. Nahikoa dugu gurearekin beste eremu eta testuinguruetako kontuekin denbora galtzen egoteko. Beste borroketan muturrua sartzeak dakarrena zera da: ditugun energía apurrak alperrik xahutu eta gure arteko zatiketak eragitea. Eta, zuk diozun modura, lehenik eta behin Euskalduntasuna eta Euskal Nazioa ezarri behar dugu eztabaidaren erdigunean berriro ere. Horregatik diot, behin eta berriro, mugimendu politiko abertzale berri bat behar dugula EHrako, alegia, ezker-eskuin dikotomiatikan at, bere energía guztiak bideratuko dituenak EHren biziraupen-beharretara; alderdien, erakunde ofizialen, eta betiko diskurtso politiko eta politikoki-zuzenetatik kanpo

          • Ondo ulertu badut, Unaik esan nahi duena -eta ni ados nago-, okerra litzatekeela euskararen egoeraren errudun etorkinak egitea. Akatsa, etorkinen indarra ere beharko dugula euskara salbatzeko. Behatz erakusle hori izango delako hain zuzen ere, etorkinak euskarara erakartzeko eragozpen nagusi.

            Izan ere, etorkinak egongo dira zuek nahi ala ez. Hori ez duzu ebitatuko hemen komentarioak idatzita. Lortuko duzuna da etorkinekiko mesfidantza sustatzea, eta hori luzera kalterako izango da.

            Lortu behar dena da etorkinak ikustea hemen euskara jakitea guztiz beharrezkoa dela -praktikan!- eta horretarako administrazio eta erakunde publikoetan euskararen erabilera arautzea beharrezko da.

            Nik uste Unai ildo honetatik zebilela gehiago, baina oker banago zuzendu nazala.
            Animo!!!!

          • Unai Oñederra

            Ni ez nator bat horrekin, “mugimendu politiko abertzale berri bat behar dugula EHrako, alegia, ezker-eskuin dikotomiatikan at”, ezker-eskuin dikotomiatik at egiteak, automatikoki esan nahi baitu egun hegemonikoa den eredu ekonomiko kulturalarekin bat egitea ezeren truke. Hemen proiektu desberdinak egon behar dute, eta ondoren burujabetza prozesua abiatu nahi dutenen artean estrategia bat adostu, eta helburu amankomunekin estrategia adosteak esan nahiko batzuk zein besteek zerbait utziko dutela bidean.

          • Unai Oñederra

            Urko, pozten naiz, zuk ederki sintonizatu baituzu nik esan nahi nuenarekin. Batek behintzat bai!! 🙂

          • Esteka “espiritual” hori funtsezkoa izango da zuretzat, baina egun hizkuntza bat ikastera bultzatzen duen mistika oso bestelakoa da: indar ekonomiko eta politikoak ezartzen du hizkuntzaren hegemonia, eta hortik datorkio prestigioa, eta denek ikasteko interesa eta beharra. Etorkin afrikar horiek ingelesez eta frantsezez mintzo dira neurri handi batean, eta espainola ikasiko dute hemen bizimodua aterako badute. Beren jatorrizko hizkuntzaren aldeko maitasuna eta sustraiekiko lotura desagertuko dira, desagertuta ez badaude jada, hurrengo belaunaldian. Espainiako legeak espainola jakitera behartzen ditu herritar espainol bilakatu nahi dutenak. Horrelako ahalmenik gabe –indar ekonomiko-politikoa, prestigioa, ezinbestekotasuna–, euskarak ezingo du inor bereganatu arbasoenganako atxikimendua eta indigenismo hutsa soilik baliatuta. Izan ere, lotura hori baizik ez daukaten gehienek euskara abandonatu dute honezkero, edo bidean dira. Hitz gutxitan, kontzientzia, bere ezerren euskarririk gabe, galtzen da azkenean.

            Kontua da, daukagun tresna urriekin eta masa kritiko ezdeusarekin, nola eutsiko diogu euskarari? Baldin EHko biztanleen %44 euskararen kontrako edo ezaxola badira, nola aterako ditugu aurrera neurri koerzitivoak biztanleen erdiak asaldatu eta konfliktu bat –benetako konfliktua– leherrarazi gabe? Fede oneko euskaldun peto gehienak ez daude horretarako prest.

          • Unai Oñederra

            Gilentxo, bat nator zurekin!

    • Gilentxo, zera diozu: “Esteka “espiritual” hori funtsezkoa izango da zuretzat, baina egun hizkuntza bat ikastera bultzatzen duen mistika oso bestelakoa da: indar ekonomiko eta politikoak ezartzen du hizkuntzaren hegemonia, eta hortik datorkio prestigioa, eta denek ikasteko interesa eta beharra.”

      Ados, baina euskarak ezin dio gaztelaniaren, frantsesaren eta ingelesaren hegemoniari aurre egin. Beraz, momentuz euskarari geratzen zaion irtenbide bakarra esteka “espirituala” da, behintzat euskaldun elebidunek erdararen hautua egin ez dezaten.

      Nafarroan eta Iparraldean batez ere ikusi dugu nola familia askok euskarari bizkarra eman zioten, euskararen “mistika” barneratuta izan balute ez zen horrelakorik gertatuko. Adibide gisa, herri askotako diaspora litzateke (armeniarrak, juduak…), haiek bere hizkuntza eta ohiturak mantentzen dituzte horrek euren sustraiekin konektatzen duelako.

      • JJ Agirre

        Beharko dugu pilosopia (mistika) eta beharko dugu oilozopia (beharrezkotasuna).
        Eta konfliktoa beharko dugu inoiz bazterretik plazara aterako bagara, jakina.
        Sindikalgintzan gertatzen den bezala, ala?
        Inork ezagutzen du giza-talderik bere pribilegioak bazterrera borondatez utzi, eta azpiratuekin partekatu dituenik bere borondatez?
        Euskararen inguruan ez dago apenas konfliktorik, euskaldun gehienak sumisioan hezi eta hazi direlako. Eta dagoeneko españolez/frantsesez, euskaraz baino erosoago bizi garelako. Nahiago dugulako istilurik ez “piztu” erdaldunak (edo erdaltzaleak) tartean direlarik, Pax erdaldunari trabarik ez jarri.
        Duela egun batzuk Durangoko (ez Gasteizko, ez Bilboko… Durangoko!) Hizkuntza Eskolan gertatutakoa euskaldunon egoera (izaera?) menpekoaren adibide bikaina da.
        Oldartu edo akabo, lagunak.

  • Ainhoa Larranaga
    Ainhoa Larrañaga 2017-07-01 13:21

    Espainian, Frantzian , Alemanian eta beste hainbat lekutan ere bada feminismoa. Zerk bereizten gaitu euskaldunok? Femisnimoak? Irudipena daukat, anabasa handi xamarra sortzen ari garela, oso sinplea den auzia ilustratzerakoan. Ez eta gabiltza jendea nahasten?

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Nork uste du jenderik arloteenak eta azpiratuenak mugiarazten duela mundua? Espetxean amaitu, bai, horregatik sinbolo bihurtu ere bai, baina mundua bideratu eta mugiarazi inoiz ez. Eliteek eragin ohi dituzte lan horiek eta klase ertainek gauzatu. Horregatik euskarak ez du iraungo elite euskaldunek horren alde eragin eta klase ertaineko asmoa bere egiten ez duten artean. Aski da baserritar, arrantzale eta herritar xumeen kontu horrekin euskararen euskarri bakarra bailiran erakutsiz. Kaletar burgesak, sendagile eta notario guztiak euskaldun petoak ziren garaian izan zuen euskarak osasun ona eta berriro ere egoera horretara iristen garenean eskuratuko du galdutakoa. Horretara iristeko bidea ote daramagun egin behar gogoeta ordea.

    • JJ Agirre

      Eta nork esan du jenderik arloteenak eta azpiratuenak mugiarazten duela mundua?
      Nahiz eta, batzuetan azpiratuenek arrakastaz burutu dituzten iraultzak…
      Eta nago, elite euskaldunek bere egingo dutela “azpiratuek” horretara bultzatzen dituzten egunean, artean ez. Baserritarrak, arrantzaleak eta bestelako herritar xumeak izan dira euskara bizirik mantendu dutenak (aspaldion horiek ere desertatzen hasita badaude ere), elite “euskaldunak” españolez eta frantsesez gozo-gozo bizi ziren bitartean.
      Hator Jaurlaritzara, Juaninazio, eta ikusiko duk “eliteko euskaldunekoak” zein hizkuntzatan jardun ohi duten, salbuespenak salbu…
      Kaletar burgesak, sendagile eta notario guztiak euskaldun petoak izan ziren, herritar xume gehientsuenak euskaldun elebakar ziren garaian. Joan orain notarioarengana, medikuarengana edo abokatuarengana, eta ea… Osakidetzan ere, nori uste duk jarri dizkiola elite agintariak derrigorrezko hizkuntza eskakizunak? Medikuei ez…
      Elite “euskaldunak” mugituko dira, herritar xumeek behartzen ditugun neurrian, ez bestela.
      Jaurlaritzan ikusten da hori egunero. Hator bisitan…

      • Juan Inazio Hartsuaga

        Euskaldun gehienak, gainekoak eta azpikoak erdaltzale bihurtu dira pixkanaka elebidun bilakatu diren heinean. Aurrena eliteak eta hurrena xumeak. Sobera dakigu zein den egungo egoera, baina ez dezagun interpretazio okerrik egin eta batez ere ez dezagun euskararen kalterako izango den interpretaziorik egin. Xumeenen meritu bakarra elebidun izatera beranduago iritsia bada, ez dago horren inguruan mitifikazio loriatsuak egin beharrik. Euskara suspertzeko herri perspektiba behar da. Euskaltzaletasuna orokorki bizkortu, inor kanpoan utzi edo uxatu gabe eta hainbat azterketa, zientifikotasun urriko eta dotrina zaletasun larregiko, ez dira batere lagungarri helburu hori iristeko.

        • JJ Agirre

          Euskaldun gehienak, gainekoak eta azpikoak erdaltzale bihurtu dira pixkanaka elebidun bilakatu diren heinean. Aurrena eliteak eta hurrena xumeak. Ados.
          Dena dela, herri xeheaz egin dudan aipuak beste ekarpen bati, eta beraz, beste testuinguru bati erantzuten zion.
          Hemen ere ahalegintzen gara “zientifikotasun urriko eta dotrina zaletasun larregiko” baieztapenik ez egiten, ez pentsa, baina hori bai, bertatik bertara ikusten duguna esateko lotsaz ere ez gara ibiltzen.
          Adibidez: Jaurlaritzaren ordezkariekin (elite agintariarekin) biltzen gara langileen ordezkariak oso sarri. Badira urte batzuk, sindikatu batekoak agintariei eskatu eta eskatu ari garela bileratarako agiriak euskaraz (ere) helarazteko, arrakasta handirik gabe. Oraintsu aktak hasi zaizkigu euskaratzen (berandu beti ere).
          Bilera horietan, bi sindikatutako meritubako langile xeheak gara euskara erabiltzen dugunok. Beste bi sindikatutakoek ez dute erabiltzen, ulertu ulertzen duten arren. Agintarien ordezkarietatik bat erdaldun elebakarra da, beste bat erdal-elebiduna esango geuke, bilerta guztietara ekartzen dituzten idazkaria eta teknikari-aholkularia ere, erdaldun elebakarrak dira.
          Aspaldidanik ari gara eskatzen ere, oposizioetarako gaitegiak euskaraz (ere) jar ditzaten jendearen eskura (zerbait badakizu horretaz zeuk ere), alfer-alferrik.
          Iragartzen duten oposizio bakoitzeko eskatzen dugu, eta guztietan begiratzen digute Betizuak Abiadura Handiko Trenari bezala. Azkenengoz, duela hilabete edo, erantzun ziguten eurek ez dutela argitaletxeengan agintzen …
          Ikustekoa da, agintari elebidunari euskaraz jardunarazten diogun bakoitzean, nola egiten dien berak esandakoaren itzulpena sindikatu erdaltzaleei, aldi bereklo itzulpena badagoen arren, eta sindikatu horietako ordezkariek euskara ulertzen duten arren.
          Jaurlaritzaren eta sindikatuon arteko bileretan, oso argi geratzen da nork egiten duen euskararen erabileraren alde, eta nork, euskararen normalizazioaren ardura politikoa eduki arren, ez daukan berezko borondaterik bat ere ez.

          • JJ Agirre

            Batere ez, erran nahi baita…

          • Juan Inazio Hartsuaga

            Letra handi-handitan eta toki guztietan salatzeko modukoa. Zergatik ez hemen bertan hasi?Iruzkinaz haratago, artikulu bat merezi du istorio horrek.

  • A ze mania herri honen askatasunaren aldeko borroka edozer gauzekin nahasteko. Borroka hau izaera nazionalekoa da, eta gainerako ismo guztiak bere zerbitzura egon beharko luketela uste izan dut betidanik, lehentasun kontua aizue. Sozialismoak, feminismoak etab. itxaron dezakete, nik nire herria aske ikusi nahi dut lehenik.

    Abertzaletasunaren indarra beste kausa galduetarako erabiltzea etxekalte da beti, ikus Ezker Abertzalearen militantzia bestela. Bueltan, aldiz, konplexuak eta politikoki zuzenaren diktadura besterik ez zaigu etorri. Lehen abertzaleak ona izango bazen fededuna-tradizionala izan behar zuen, gero marxista-sozialista eta gaur egun feminista-progrea. Barkatu esatea, baina ideologiak joan eta etorri egiten dira, irauten duen bakarra herria da.

    Eta ni nazkatu naiz, eta ni bezala beste asko. Leialtasuna herriari eta askatasunari zor diot, ez inolako alderdi, mugimendu edo ideologiari. Horiek tresnak dira, eta borroka honetan aurrera egiteko balio ez badigute ez dut inolako arazorik zaborretara bota eta beste txaketa bat jazteko. Nire maxima “Herriak bizi behar du” da, eta momentu honetan abertzaletasunean aldaketa sakon bat eragin behar dugu, jada hemen diren erronkei aurre egin eta herri zahar honi hauspo berria emateko.

    Gure herriaren historiaren partaide izango gara, eta ez testigu. Esnatu, abertzale!

    • Gaurko feminismoak, muturreko feminismoak, zer ikusi gutxi dauka emakumeen interesekin. Munduko elite aberatsak, bultzatutako globalizazioaren baliabide bat besterik ez da. A zer zorakeria “ismo” horretatik etorriko zaiola gure herriari salbamendua pentsatzea!.

      Mikelats, zuk esan duzuna, hamaika aldiz esana gure etxean!. Guztiz ados. Hasi gaitezen pausoak ematen!, Ez daukagu denborarik!

    • Zurekin zearo ados Mikelats, herri bat bere askatasunagatik, biziraupenagatik borrokan hasten den bakoitzean putreak bezala hurbiltzen zaizkio ismo guztiak indar horretatik probetxu haertzeko.Ismo hoiek euren probetxurako hurbiltzen dira herri mugimenduetara baina agenda propioa daukate eta zenbat eta indar gehiago hartu herri borroka horretatik indar gutxiago herriaren borrokarako.
      Eskuin, ezker, beti aldatuz doa, jendea eskuinekoa edo ezkerrekoa izaten da ekonomikoki nola doakion arabera…….herri bat hamarkada batean eskuinekoa izan daiteke, gero ezkerreko eta gero ………..baina desagertzen den herria ez da inoiz bueltatzen.

      Ideologia soil batek kontrolatutako herri bat ez da konpletu, arraultz guztiak saski berean jartzea da. KONPLETU DAGOEN HERRI BATEK IDEOLOGIA ANITZ BEHAR DITU BAITAN………………….ETA ASKATASUNA
      Herri bat nahitaez, adibidez feminista izan behar izatea ideia TOTALITARIOA eta etorkizunik gabekoa da.

      Gure

      • Unai Oñederra

        Artikulua ez dut idatzi burujabetza prozesua buruan nuela, inolaz ere. Baina bat baino gehiago gai horrekin atera zait. Ez dakit zergatik jendea defentsiban somatzen dut burujabetza eskuratzeko bide berriak proposatzen saiatzen ari direnekin. dena den, pozten nau zuek gauzak hain argi dituzuela ikusteaz. Lehena herria/hizkuntza eta gero gerokoak esanda hemen burujabetza lortzerik bagenu gaitz erdi. Baina argi dago ez dugula lortu, ez garela lortzen ari (eta, esango nuke mainstreaming-a hain justu, zuek diozuenaren ildotik joan dela orain arte). Hemen aldaketa nahi duen gehiengo bat behar dugu (burujabetza eskuratzea aldaketa letra larriz baita, Espainian legez kanpo dagoena lortu behar baitugu), aldaketarako borrokatzeko prest dagoen gehiengo bat lortu behar dugu, horretarako prest gaudenon artean estrategia adostuz. Eta nire irudikotz, ez dugu gehiengorik lortuko jendearen arazoak konpontzen saiatzen ez garen artean, hau da, burujabetza prozesua borroka unibertsalarekin lotzen ez dugun bitartera. Hain zuen ere, Angela Davisen: emakumea, klasea eta arraza. Baina, tira, hori iritzi bat besterik ez da.

        • Hiltzen Hil 2017-07-04 23:28

          Hori da ezker abertzaleak azken hamarkadetan egin duena: borroka nazionalarekin zer-ikusi handirik ez duten kausak eta borrokak bere egin ezker-ikuspegiaren baitan (sozialismoa, feminismoa, homosexualak, ekoglogismoa, atez-ate, itoiz ez, antimilitarismoa, errefuxatuak ongi etorri, palestina, sahara etabar luze bat). Ez dezu ezer berririk planteatzen

        • JJ Agirre

          Ez nago ba ados. herria/hizkuntza ez da izan eragile nagusien ardatza, inondik inora. Euskalgintzarena, inorena iaztekotan, ez beste inorrena (begiratu etxera bertara, bestela). Hemen aldaketa nahi duen gehiengo bat behar dugu, bai, baina uste izatea feminismoaren, sozialismoaren, desazkundearen edo ekologismoaren inguruan mugitzen diren jendeak identitate nazional gabekoak direla, abstrakzio arketa potolo samarra egitea da. Herri honetan ekologista euskalerrizaleak eta espainiazaleak daude, feministak ere berdin, eta soziolistak, komunistak, anarkistak edo lorazainak. Equo edo Podemos “ez nazionalistetako” kide gehienen nazionalismo espainiarra ikusgarria da, Ezker Anitzaz edo Psoez ez dago hitz egin beharrik, ezta?
          Jakina da ez dugula gehiengorik lortuko jendearen arazoak konpontzen saiatzen ez garen artean, eta burujabetza prozesua borroka unibertsalarekin lotzen ez dugun bitartean. Kontua da borroka hori GURE hizkuntzatik eta herritik egiten dugun, ala zapaltzaileek inposatutako parametroetan jardungo dugun… “askatzen”?

          • Unai Oñederra

            NIre ustez aldaketa nahi duen gehiengo bat lortzeko hori da bide bakarra. Egun abertzale ez direnak, eta are, zuk diozun bezala espainiarzaleak direnak EHren burujabetzaren alde egitera pasatzea da erronka. Hori lortzeko modu bakarra, nire ustez, burujabetza soziala sustatzea da. Eta hor arrakasta izateko, botere harremanetan behean daudenen aldeko mobilizazioa, politikak, ekintzak sustatu behar dira, Angela Davisek dioen moduan. Orduan esan nahi nuena da euskararen alde egiteko etorkinen aurka joatea ez da eraginkorra, gure aliatuak baitira aldaketa prozesuan.

        • JJ Agirre

          NIre ustez aldaketa nahi duen gehiengo bat lortzeko hori da bide bakarra. Egun abertzale ez direnak, eta are, zuk diozun bezala espainiarzaleak direnak EHren burujabetzaren alde egitera pasatzea da erronka.
          Espainiazaleak, hots, “abertzale ez direnak” EHren burujabetzaren alde jartzeko gure hizkuntza eta nortasuna bazter utzi behar baditugu eta espainiar/frantses bilakatu, ederrak gaude. Espainiazale batzuk erakarriko ditugu, gurea erakargarri bilakarazten neurrian. Bestela geu izango gara espainiar/frantsestuak (oso aurreratua dagoen prozesua bestalde).
          “Behean daudenen aldeko mobilizazioa, politikak, eta ekintzak, Podemosek edota Ezker Anitza nazionalista espainiarrek ere burutzen dituzte, eta ez dira zentimetro bat ere euskalerrizaletu. Alderantziz, ezker abertzalean lekurik aurkitzen ez duten abertzale dezente “proyecto común” delakoaren alde jardutera eraman dituzte.
          Baina batez ere ulertzen ez dudana da “euskararen alde egiteko etorkinen aurka joatea ez da eraginkorra” nondik atera duzun. Hau da, nork esan du etorkinen aurka joan behar denik???
          Azkenik, “gure aliatuak baitira aldaketa prozesuan”… nahi bai.
          Gure aliatuak izan daitezen nahi genuke. Gure aliatuak izan daitezen lan egin behar dugu. Baina horietako asko ez dira gure aliatuak eta ez dira izango, geuk hamaika ahalegin eginagatik ere.

          • JJ Agirre

            Aurreko iruzkina ezabatzea eskertuko nizuke, Unai. Txurro galanta geratu zait. Honakoa esan nahi nuen:
            Espainiazaleak, hots, “abertzale ez direnak” EHren burujabetzaren alde jartzeko gure hizkuntza eta nortasuna bazter utzi behar baditugu eta espainiar/frantses bilakatu, ederrak gaude. Espainia/Frantziazale batzuk erakarriko ditugu, gurea erakargarri (beharrezko) bilakarazten dugun neurrian. Bestela geu izango gara espainiar/frantsestuak (oso aurreratua dagoen prozesua bestalde).
            Bestalde, “behean daudenen aldeko mobilizazioa, politikak, eta ekintzak”, Podemosek edota Ezker Anitza nazionalista espainiarrek ere burutzen dituzte, eta ez dira zentimetro bat ere euskalerrizaletu. Alderantziz, EHBildun lekurik aurkitzen ez duten abertzale dezente “proyecto común” delakoaren alde jardutera eraman dituzte.
            Baina batez ere ulertzen ez dudana da “euskararen alde egiteko etorkinen aurka joatea ez da eraginkorra” nondik atera duzun. Hau da, nork esan du etorkinen aurka joan behar denik??? Noiz???
            Azkenik, “gure aliatuak baitira aldaketa prozesuan” diozu… nahi bai.
            Gure aliatuak izan daitezen nahi genuke. Gure aliatuak izan daitezen lan egin behar dugu. Baina horietako asko ez dira gure aliatuak eta ez dira izango, geuk hamaika ahalegin eginagatik ere. Nafarroara bizitzera etorritako hegoamerikar zenbait adibidez, ahobilorik gabe mintzatzen dira euskaldunen hizkuntza eskubideen aurka, eurekiko inposiziotzat aurkeztuz euskara. Horretan lan handia egin dute beti erakunde unionistek, erakunde abertzaleek euskaldunen defentsan EZ bezala.

          • Unai Oñederra

            Barka Jonjo, baina ez dakit nola ezabatzen den. Bestalde, iraskurri post honen iruzkinak https://zuzeu.eus/euskara/nire-auzoan-eres-de-fuera/ eta ulertuko duzu zergatik diodan euskararen alde egiteko ez dela etorkinen kontra joan behar.

  • Ni bat nator Lorea eta Idurreren mezuarekin, ikuspegi feministak salbatuko du euskalduna eta bide batez mundua. Ez da ideologia soil bat, da balio-sistema bat, modu zintzo bat arrek kakaztutako guztiari konponbidea bilatzeko, agian bakarra, eta nire ustez aukera bat eman behar zaio.

    • Inongo ismoak ez du herria salbatuko, herriarekiko borrokak soilik.
      Ideologia konkretu batek batek ezin du eta ez du inongo herri errepresentatu behar, herriak aberatsak, “multi” izateko ideologia askatasuna eta anitzak behar dituzte baitan, bestela ez dago herria oso.
      Gaurko feminismoak emakumearen balioak gorroto ditu eta gizonarenak jartzen ditu helburu gixa, feminismo arraroa hau, ez?

  • Ez dakit ea barre edo negar egin… Idpol tontokeriak 5-10 urteko atzerapenarekin iristen da gure herrira, eta inon baino indar handiagoa lortzen dute gainera.
    Oraindik ere entzun behar dugu erakunde guztiak pozointzen dituzten ideologiak iraultzaileak eta kontralulturalak direla.

    Feminismoak ez du herria askatuko, ze ostia duzue buruan? Zapalduaren olinpiadak joko amaiezinak dira. Emakumeak, emakume beltzak, lesbiana beltzak, trans musulmanak, beti aurkituko duzue “klase” zanpatuago bat, sufrimendu oro jazarpenarekin nahasten baituzue. Pertsona bati bere arraza edo sexuagatik biktima dela sinestarazteak ez dio botererik ematen. Marko posmodernoaren sustraiean dago gainbeheraren azia: zuloaren beste aldean ez duzue ezer aurkituko.

    • joseba garcia 2017-07-04 07:54

      Bai, tristea den arren, beti azkenak gara ideiak hartzen eta ideiak uzten, eta bide batez luzaroago ere hartzen ditugu. Nik uste dut herri zapaldu bat izateagatik dugun konplexuagatik egiten dugula. Ideia berri bat sortzen da munduan, mundu osoan modaz pasatzen ari denean hemengo batzuek barneratzen dute. Autoestimarik ere ez dugunez, ideologo hauek harrotzen dira ideologia modurik ortodoxoenean mantentzeaz. Bitartean mundu zabalean ideia hau sortu zutenek ere ñabardurak gehitzen dizkiote eta akatsak zuzentzen hasten dira, mundura egokitzen; bitartean ordea gure ortodoxoek bere horretan jarraitzen dute haien zintzotasuna norbaiti erakutsi nahian. Ordurako ideia eguneratuago bat hartzen du mundu osoak, Frantziak eta Espainiak barne, eta gu pauso bat atzera jarraitzen dugu berriro ere. Gure lotsak flexibilitateak kentzen digu.

  • Feminismoak ez du euskalduna salbatuko, marxismoak edo beste edozein -ismok salbatuko ez duen bezala. Euskalduna euskaldunon borrokak salbatuko du; errespeta gaitzaten lortzen dugunean aukerak zango ditugu. Guk errespetatzen ditugu erdaldunak, haiek gu errespetatzea da borrokatu behar duguna! Ni errespetatua sentituko naiz EHko biztanle guztiak euskaldunak errespetatzeko euskara ulertu behar dutela jabetzen direnean, eta erdaldun bakoitza euskara ulertzeko behintzat ahal duena egiten hasten denean. Euskaldunon lanetako bat erdaldunei euskara ulertu (gutxienez) behar dutela sentiaraztea da, etorkizunean lege bat egon dadin zeinetan biztanle orok bi hizkuntzak ulertu behar dituela esango duen.

  • ANTIFA vs LGBT

    Gero eta gehiago ikusten den fenomenoz, islamiar “errefuxiatuen” etorrera masiboa babesten duten ANTIFA koei LGBT komunitatea aurre egiten, kasu honetan Toronton,Canadiako ANTIFAK eta Irango LGBT errefuxiatu politikoak muturka…….

    https://www.youtube.com/watch?v=B3Qr0Ec04a4

    Antifa vs LBGT Muslims

    Lehenago edo geroago gertatzekoa, izan ere islamiar erradikalak eta LGBT edo islamiar erdilaikoak inkonpatibleak dira.

  • Gure lurrean baztertu gaituzte, poliki poliki. Erabat arrotzak gara gure etxean. Oraindik hatsa hartzen dugu, baina hil zorian gaude. Nor da gu baino txiroagoa?
    Egin beharrekoa?
    Den-dena ez esatearren zerbait baino gehiago aldatu beharko dugu, bestela zulora goaz luze gabe.
    Lozorroan gaude eta lehenik lozorrotik atera beharko dugu. Eman zaigun lobelar, droga zikin hori gure aldamenetik harrika bota infernuko beheneko zolaraino, lehen mandamentua

  • Hiltzen Hil 2017-07-03 18:31

    Beti behar dute iraultza egingo duen subjektu bat sekula fabrika bat zapaldu ez duten “intelektual” ezkertiarrek, nola ez, eurak boterera iritsi eta gauzak euren pentsamolde iluminatuetara transformatzeko. Langile europar zuriak marxismoari uko egin zionez, Gramsci jaunak ondorioztatu zuen lehenik langileriaren balio moral eta kulturalak eraldatu behar zirela iraultzarako subjektu bihurtzeko. Ondoren, Frankfurteko eskolak freudismoa erantsi zion ikuspegi hari, eta, ondorioztatu zuen Europako kultura zuri eta kristaua demonizatu beharra zegoela biztanlegoaren inkoszientean eragiteko. Hala, mendebaldeko oinarriak suntsitzeko obsesio horrekin, ezkerra infiltratu egin zen estamentu kultural garrantzitsuenetan: elizan, komunikabideetan, unibertsitateetan… hegemonía kulturala lortu zuen arte, betiere, tesi-antitesi-sintesi formula erabiliz. Estrategia pozointsu, suntsitzaile eta deformatzaile horren ondorioa da artikulu hau, alegia, auto-gorroto patologiko batean murgildutako idatzia. Idazleak artifizialki txertatu dioten erruduntasun-kiratsa garbitu nahi du emakumeen, beltzen, homosexualen eta gainerako ikono posmodernoen laguna izanez, izan ere, bera gizona, zuria, europarra eta jatorri kristauekoa baita. Esan daiteke bere burua gorroto duen Europa desmoralizatu eta ahularen pertsonifikazio ebidentea dela.

    • Hemen azaltzen diren iritziak irakurrita, argi dago ezen euskara salba dadila nahi dugunok ez garela inoiz ados jarriko kontu hauen inguruan, ze batari astakeria iruditzen zaio besteak proposatzen duen bidea. Horelakoxea da realitatea, ertz eta irakurketa askokoa, eta zoritzarez euskaldun maximalistok aurkez aurke gaude kokatuak funtsezko gai hauen lubakiaren bi aldeetan. Segur asko nahiago dugu euskara hiltzea geure printzipio horiei amore eman baino. Edo agian pentsatzen dugu ezen printzipiooi amore emanda euskara baitezpada galduko dela.

      • Hiltzen Hil 2017-07-03 20:39

        Eta zergatik gaude euskaldunok ideologia eta alderdikerietan zatituak? Zergatik euskaldun askok (¡!) ematen diote garrantzi gehiago feminismoari, negozioari edo errefuxiatuei euskarari baino? Ba, hain zuzen ere, aldarrikapen nazionalen gainetik inpostatu dizkigutelako atzerritik ekarritako ideologia, interes, kausa etabar, bai jeltzaleen eta bai ezker-abertzalekoen konplizidadez.

        Goazen gauzak argi uztera: Euskara ez da hizkuntza bat soilik. Euskara harago doan zerbait da: milaka urtetako estirpe edo leinu baten sinbolo nagusia da. Euskara da Euskal Herriaren adierazpen nagusiena, baina Euskal Herria euskara baino askoz gehiago da. Hala, Euskarak biziraundu du orain arte euskal-odolak biziraun duelako, erresistentzia eta sufrimendu askoren truke.

        Euskararen galera ez da hizkuntza-arazo soil bat, arazo etno-nazional handiago baten adierazpen bat da. Euskararen biziraupena euskal nazio etnikoaren biziraupenarekin dago loturik. Beste hitzetan, euskara indartsu batek euskal nazio indartsu bat behar du oinarri gisa.

        Hortaz, euskarak behar duen aukera politikoa aukera Nazionala behar du izan: subjektu politiko gisa Euskal nazio-etnikoa izango duen aukera politiko nazionalista bat. Gainontzeko arazo sozialak nazioaren interesetara subordinatuak egon behar dira, eta ezabatuak behar dute izan euskal nazioaren interesen aurka eragiten badute. Ikuspegi etno-nazional baten baitan soilik adiskidetuko gara euskaldunak, eta parámetro horien baitan lortuko ditugu adostasunak bai euskarari dagokionez eta bai beste kontuei dagokionean ere.

        Aldiz, erabat bakarturik geratu beharko lirateke kapitalismoa, liberalismoa, feminismoa, marxismoa, homosexualismoa eta beste -ismo pozointsuak gainezartzen dituztenak Euskal Herriaren eta euskararen interesen gainetik. Euskarak Euskal Herri osasuntsu bat behar du oinarri gisa eta ez erlijio, genero, klase, arraza eta beste mila gatazka artifizialetan zatituako gizarte atomizatu multikultural eta super-anitz bat. Eta Unai Oñederrak nahi duena da euskal munduarekin zer-ikusirik ez dituen kontu ezberdinak euskararekin nahastu modu baldar eta zentzugabean. Hori demagogia hutsa da. Berak nahi duena da euskaldunak identifikatu ezker posmodernoaren subjektu ezberdinekin (homosexualak, beltzak, yonkiak etabar). Tankerako iritziak pozoña dira euskararentzako.

        • Hahaha kontuz pilula gorriekin, Hiltzen, gaindosia eragingo diezu eta. Progreek zure iritziaren zati bakar bat ere gogoan hartzea nahi baduzu, ‘odola’, ‘etnia’ eta antzeko hitz debekatuak baztertzea hobe.
          Ezker ekonomikoarekin eztabaidatu daiteke, hari atxikitzen zaizkion “ismo” posmodernoekin ez bezala. Begira bestela komunistei: feministek eta beste mugimendu parasito hutsalek egin duten “klase borroka”ren imitazio groteskoari aurre egin nahian dabiltza, haien erreferentzia markotik irten gabe. Erretorika onen adibide dira “Feminismo burgesa”, “LGTB borrokaren merkantilizazioa” eta antzeko kritikak. Ez dute lortuko, endekapena ideologiaren arazo estrukturala baitute. Hala ere, seinale ona da, zentzugabekeriekiko nekezia adierazten baitu.
          Ortodoxia ezkertiarraren menpe dauden asko eta askok amorrua diete “ismo” parasito askori, eta amorru hori azaleratzeko bizkarrean bultzadatxo bat baino ez dute behar izaten. Begibistan dituzten gauzak ikusteko baimena nahi dute, barkamena eskatzetik atsedena, irrigarria den horri barre egiteko aukera. Hau guztia egin daiteke ideologia kritikatu gabe. Gero, gerokoak.
          Posmodernoen bizi-kode sintetikoari aurre egiteko, naturaltasuna.

  • Unai Oñederra

    Ikusten da artikuluak erreakzioak izan dituela, poztekoa da, nahiz eta eskertuko nuke tonu eraikitzaileagoa iruzkin askotan. Asko ikasiko genuke elkarrizketa zintzoan.
    Honekin amaitze aldera, Kirmen Uriberen azken eleberria irakurtzen nenbilera hau aurkitu nuen (Elkarrekin esnatzeko ordua, 274 orr.): “- Beraz, Bilboko afroamerikarrak al gara gu [euskaldunok]? – Ez da gauza bera, jakina, baina antzeko zerbait da. Bigarren mailakoa zara, baztertua. Eta denontzat berdinatasuna lortu nahiak akuilatu egingo zaitu. Ez ote genuke nahi autobus osoak gutxika-gutxika euskaraz ikastea, inor baztertu behar izan gabe?”
    Hauxe da hain juxtu, post honetan esan nahi nuena. “Ez da gauza bera”. Ze behar maila desberdinak daude: oinarrizkoenak janaria, bizitokia, harropa dira. Horiek bermatuak ez badituzu edozein hizkuntzatan moldatuko zara. Horiek asetuta badituzu, orduan garrantzia emango diozu zeure hizkuntzari.
    Euskaldunok ez dugu lortu euskara beharrezkoa egitea, gure gabeziengatik eta espainiarren/frantziarren botere/indarragatik. Hau da batzuek aldatu nahi dugun errealitatea. Orduan zer egin behar dugu? Indarrak bildu aldaketa nahi dugunon artean. Aldaketa, benetan, ez dute nahi pribilejioekin, eroso, konforme bizi direnek. Aldaketa nahi dute gustura/konforme bizi ez direnek, botere harremanetan behean daudenek, bigarren mailakoek, baztertuek (izan ekonomia, sexua, jatorria, hizkuntzagatik). Horrek egiten gaitu aliatu, aldaketa nahiak. Eta egin edo esaten dugun zerbait hauetako norbaiten kontra badoa, alarmak saltatu beharko luke guregan: “kontuz! aztertu berriz egin/esan duguna, ea zerbaitek ihes egin digun”.

  • ganbaratxotik 2017-07-08 11:24

    Ados nago zurekin. Euskaldunak bat egin behar dugu aldaketa nahi dutenekin, aliantzak topatu nahiz eta %100 ados ez egon. Gaizki daudenek nahi dugu iraultza, eroso dagoenak zertarako?
    Ismo- batzuen kontrako jarrera temati horrek beste -ismo batzuen aldeko jarrera erakusten dit niri behintzat. Herriaren kohesio eta integrazioa baino, integrismotik, itxikeriatik herria zatitu, ahuldu baino ez du egiten jarrera horrek. Akatsa nere ustetan.

    XX. mende hasierako, karlismo eta kristianismotik (Katolizismotik)zetozen ideologoek zera zioten: “Gizartekeriak (soziaismoa)bezalako pentsakera arrotzek gizartearen zatiketa besterik ez dakar, baserritar eta langile jatorren pentsakera pozoituz.”
    Erreakzionatu eta Pozoinaren antidotoa segituan sortu zuten: abertzaletasuna.

    -ismo bakoitzak bere ekarpena gizakiaren errealitatea ulertzeko garaian. Bakoitzaren alderdi baikorrak hartu eta nahasketa egokia lortzean dago erronka. Horra, Ezker Abertzalearen ekarpena: Sozialismoa eta nazionalismoa uztartzea. Jendea integratu, bildu, batu, elkartu…horrela indartsuagoak izango bait gara XXI.mendeko erronken aurrean.
    Nik eskertzen ditut euskaltasunaren aldeko ekarpen guztiak izan ekologismotik, antimilitarismotik, feminismotik, marxismotik, kooperatibismotik,sindkalismotik kristianismotik,kapitalismotik,nazionaismotik,…. Ongi etorriak denei.

  • JJ Agirre

    Abertzaletasuna izan daiteke ezkerrekoa edo eskuinekoa, integtratzailea edo zatitzailea, sektarioa edo zabala… Horien guztien adibiderik ez zaigu falta inguruotan, horra ezker abertzalearen bilakaera eta zatiketak, edo EAJrenak.
    feministak, marxistak, kooperatibistak, sindikalistak, kristauak eta abar, eta abar, izan daitezke eta dira, euskaltzaleak edo erdaltzaleak.
    Jakina da aliantzak bilatu behar ditugula mugimendu horietako guztietako euskaltzaleekin, eta erdaltzale amorratu ez direnak erakartzen ahalegindu, baina hortik, uste izatera feminista guztiak, sozialista guztiak, marxista guztiak edo ekologista guztiak aliatu izango direla… Zabal eta algu jokatu beharra dago, inozokerian eta sektarismoan jausi barik aukeran.

  • JJ Agirre

    “Algu” barik, malgu, jejejej

  • ganbaratxotik 2017-07-08 13:30

    Marxista guztiak, ekologista guztiak, feminista guztiak…. ez noski. Nik hori ez dut esan. Kapitalista guztiak, eta katoliko guztiak,…ez bezelaxe. Hori bai, sospetxa dut lehenengoetan daudenekoak gehixeago izango direla gure aldekoak bigarren multzokoak baino.
    Bestetik erabat ados zurekin sektarismoa, zein inozokeria lagun oso oso txarrak Euskal Herri euskaldunari eutsi nahi bazio

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude