Behatokiaren ondorioak berretsi ditu Europako Kontseiluak

Behatokiaren ondorioak berretsi ditu Europako Kontseiluak

Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak gomendioak egin dizkiote Espainiako Estatuari Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak ezartzen dituen betebeharren inguruan.

Behatokiaren ondorioak berretsi ditu Europako KontseiluakKontseiluko idazkari nagusiak gogoratu du Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna 2001eko abuztuaren 1ean jarri zela indarrean, eta ordutik, Estatuak hartutako konpromisoen lau ebaluazio-prozesu izan dituela. Horrela, gogora ekarri ditu lehen ebaluazioa egin zenean Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluak egindako zenbait gomendio. “Harrigarria da, hamabost urte eta lau ebaluazio igaro ondoren, Ministroen Kontseiluak eremu batzuetan gomendio bertsuak egin izana. Horrek aski garbi uzten du Estatuak ez duela interesik orduan hartutako konpromisoak betetzeko, eta tamalez, Europako Itunaren beraren balioa ere gutxiesten du”.

Horrekin batera Bilbaok azaldu du lehen ebaluazioa egin zenetik Kontseiluak eta Behatokiak parte hartze zuzena izan dute, bai txostenak prestatzeko, bai eta Adituen Batzordeko kideekin bilerak egiteko ere. “Gizarte eragileen ekarpenak ahalbidetzen duen prozesua da. Egia da, bai, txostenak jasotzen dituen elementu batzuek harridura sortu digutela, geuk herritarren bizipenetan oinarritutako txostenetan kontrakoa ondorioztatzen dugulako, baina egia ere bada, gure hainbat ekarpen jaso dituela Adituen Batzordeak aurkeztu duen dokumentuak”.

Garbiñe Petriati Ijurra Behatokiaren zuzendariak azaldu duenez “laugarren monitorizazioko gomendio eta ondorio nagusiek bat egiten dute Behatokiak azkeneko hiruzpalau Urteko Txostenetan adierazi dituen ondorioekin”.

Europako Ministroen Batzordeak egin berri dituen azken gomendioak: “horietatik bi justiziaren eremukoak dira. Egiturazko arazoak daudela eta “Estatuari espresuki eskatzen dio marko juridikoa aldatzea bai eta justizia administrazioan hizkuntza ezagutzen duen langile proportzio egokia izateko neurri legal eta praktikoak hartzea”. Gomendio hau bereziki azpimarratu du Behatokiko ordezkariak: “legea aldatzeko eskaera behin eta berriro eman den gomendio berezitua baita”.

Estatuko administrazioan hizkuntza ofizialei toki egokia bermatzeko legea betetzeko eta neurri praktikoak hartzeko da beste gomendioetako bat. Petriatiren ustez “horrek erakusten du zerbitzu publikoetan gurea bezalako hizkuntzak erabiltzeko dauden gabeziak”.

Zerbitzu publikoetan, bereziki osasun zerbitzuetan, hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko neurriak hartzeko eskatzen die laugarren gomendioan. “Tamalez, azken urtetan Behatokiak agerian jarri duen errealitatea baieztatzen du gomendio honek” adierazi du Petriatik, “Oinarri-oinarrizko zerbitzua izanik ere, herritarrak erdaraz egitera behartuak daudela ondorioztatu baitu behin eta berriro”.

Hezkuntza hiru eledunak tokiko hizkuntzen babes eta sustapenaren kalterako ez izatearen gomendioari buruz, Nafarroako egoera ekarri du gogora Petriatik “irakaskuntzan euskara zokoratzen den bitartean ingelesezko programak inposatu baititu Nafarroako Gobernuak”.

Hezkuntzaren eremuan Adituen Batzordeak LOMCEren inguruan egindako kezka ere aipatu du Behatokiko zuzendariak. “tentuz ibili beharra adierazi dute, eredu horrek eta gaztelania indartu nahi izateak erregio edo gutxiengoen hizkuntzen hezkuntzari ez eragiteko”.

Adituen Batzordeak egindako hainbat iruzkin eta iradokizun orokorri ere erreparatu dio Behatokiko ordezkariak. Horien artetik “komunikabideen arloan Nafarroako Gobernuak Hizkuntza Gutxituen Ituna ez betetzea leporatzen diotela” nabarmendu du Petriatik. Zentzu horretan euskarazko irrati eta telebista bat eskura izateko aukera bermatzeko gomendioa egin diote Nafarroako Gobernuari.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ebaluazio txostenean propio aipatzen dira justizian, segurtasun indarretan, osasungintzan eta gizarte gaietan euskaraz ezagutzen duten langile kopuru eskasak sortzen dituen arazoak. Petriatiren arabera, “Honek ere bat egiten du Behatokiak bere txostenean jasotako ondorioekin”: “administrazio publikoan lan egingo duten pertsonek euskaraz ez jakiteak kaltea dakarkio hizkuntza-eskubideen bermeari.”

Azkenik, iruzkin orokor moduan, hainbat elementuren gaineko ohartarazpena egin dute Behatokiko eta Kontseiluko ordezkariek.

Nafarroaren kasuan, hezkuntzari dagozkion elementuetan “deigarri egin zaigu atalez atal ebaluatzea eta Helduen Euskalduntze Alfabetatzeaz ezer ez esatea euskaltegientzako diru-laguntzak erabat desagertu direnean”. Gauza bera aipatu dute hedabideen sustapenerako laguntzak zero direnean.

Bestetik, “Adituen Batzordeak Euskarabidearen aurrekontuak izan duen jaitsierak euskararen sustapenean izan dezakeen eragin ezkorra azpimarratu izana ere esanguratsua egin zaigu” adierazi dute.

Finean,“Itunaren betetze mailaren inguruan egindako gomendioak, Behatokiak Urteko Txostenean agertzen duen diagnosia goitik behera berresten dutela” adierazi dute eta “Ondorioz, oinarri-oinarrizko giza-eskubidea den hizkuntza-eskubidea edukiz betetzeko ahalegin berezia egin behar izaten du euskaraz bizi nahi duen herritarrak”.

Behatokiaren ondorioak berretsi ditu Europako Kontseiluak

2016, behatokia, euro-ituna, Europa, euskara, kontseilua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude