Euskaraz: bazterketa

Euskaraz: bazterketa-

Bea Salaberriren bloga da Han eta Hemen, eta bertatik jaso du salabardoak “Euskaraz (20): bazterketa” sarrera, euskalduna izateagatik baztertua izateaz mintzo dena.

Aurreko sarrera aipatzen hasi nintzen Euskara, Herri Urrats-eko bideoa eta bazterketaren gaia.

Gaurko egunean bazterketa salatzen da. Homosexualek salatzen dute, emazteek salatzen dute, langile xumeek salatzen dute, miserian direnek salatzen dute, irakasleek salatzen dute, beltzek salatzen dute. Euskaldunek ere noiz behinka, kanpaina zenbait hor denean horretarako, lekukotasunak plazaratzeko eta lorpen zenbaiten zerbitzuko.

Ni hunki ninduen arras (H)aizu kantuaren bideoak.

Ene burua ikusi bainuen ene biziaren hainbat momentutan: haur denboran, unibertsitatean, lan munduan, eta gaur ere nonahi. Gainera, ikusarazi baitzidan ere ene burua: zein laster etsi naitekeen edo utzikeriara lerra.

Eta, azken egunotan biziki borrokari senditzen naizenez, bideo horrek oroitarazi zidan beste hau:

Bizkitartean bazterketa egunero bizitzen da eta krudela da.

Azken adibidea atzo agertu zait.

Erran behar da haurrak ditudanetik holakoak anitzez gehiago ikusten ditudala, batez ere haurrak direlarik biktimak, agerikoagoa eta sumingarriagoa baita, eta bestalde, dudarik gabe, nihaur naizelarik ez baitut sobera inguruaren erreakzioari so egiten.

Atzo, semea futbol txapelketara eraman nuen. Avironekin jokatzen zuen, Baionatik gehienik 30 kilometrotara kokatuak diren ekipen kontra. Egun horietan ez da neholako erronka berezirik, haurrak txikiak dira eta aita-amak, normalki, publiko zintzo bakarra. Arreta berezia egin izan diote Baionako taldean hasieratik semeari euskaldun bakarra delako. Beste guztiak erdaldunak dira, salbu bat elebidunetik datorrena. Hezitzaileek kasu handia egiten diote, nahiz euskara dakien inor ez egon haien artean eta jakin ongi semeak frantsesa badakiela.

Batzuetan egon naiz pentsatzen niregatik zela. Nirekin irri gutxi baita, orohar, eta aurpegi ezaguna baitut engoitik. Alta, onartu behar dut ezetz, zinez haurraren integratze aldera egin dutela, hezitzaile batek berak aitorturik.

Hezitzaileek badakite bazterketarik handiena eta gogorrena haurren partetik jinen dela. Ez arras haurren partetik, haurren aitamen aldetik baizik, etxeko girotik, han entzunen duten horretatik, helduek dituzten pertzepzioetatik eta nor garen ohartzean portaerak alda baititaizke.

Eta atzo begi bistan gelditu zait.

Ez da Johane frantses eledun kaskarra. Segurki beste batzuek baino espresio maila anitzez hobeagoa izanen du. Aldiz agian izen arraroa du. Agian eskola berezi batean ibiltzen da. Agian bere gurasoek beste hizkuntza batean egiten diote. Ez dut jakin nahi. Biziki ontsa ikusi nuen nola batzuenganik apartatua izan zen. Zelaiko aitamen begiradek ihes egin dute. Zuzenduko dizkiegun galderarik soilenak erantzunik gabe geratu dira.

Semea mintzeko adinera heldua da, kontzientzia hori izatera. Jada ez da libratuko bere kontzientziarekin borrokatzetik. Ez dut luzaz horretaz begiratzen ahalko.

Baina nik, kontzientzia arazo mikorik ez dut. Eta bistan dena, ene xitoa hunkitzen duena sutara eramanen nuke.

Maddi Ziegler moduko bat bihurtu nintzen futbol zelaian. Landesetako ziloetatik jinek nahiz Lapurtar xifrituek jasango zuten urteko euskarazko ikasgaia.

Bai, egia da, ez da soluziorik hoberena baina, nihaur ere erasotua senditu nintzen eta badakit ni nindutela trebeska behatzen, ni bainaiz guziaren iturri…

Horregatik nioen euskaldun izateagatik sufritzen dena aipatzeko ordua heldua dela.

Azken hamar urteetako hizkuntz politikak ez baitu zipitzik ere aldatu euskaldunaz den pertzepzioan, ez baitu deusetan eragin aspaldiko mamuen desegiten. Sustapen eta prestigiatzearen aldetik ez baikira putz batez ere aitzinatu. Hiztunak emendatzeko tresna ahul zenbait muntatu dira edo hobetu baina erabilera eta hiztunen harrotasuna eraginen duenik ez da oraindik egina izan. Agian ez delako nahi?

Euskaraz: bazterketaEuskaraz: bazterketa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.