«Bazterkeria arintzeko zuzenketak»

«Bazterkeria arintzeko zuzenketak» –

Kontseiluak eta Behatokiak zuzenketak aurkeztu dizkiote Gobernuak aurkeztutako Dekretu-proposamenari.

Gobernuaren benetako borondatearen isla euskararen eta atzerriko hizkuntzen arteko erlazioan jarri dute.

Milaka herritarren eskaerari muzin egin dio.

«Bazterkeria arintzeko zuzenketak»Uztailaren 6an jarri zuen herritarren eskura Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazio-dekretua. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztutako proposamenari hainbat zuzenketa egin dizkiote eta gaur bertan erregistratu dituzte Nafarroako Gobernuan bertan.

.

Euskara gehiago baloratu, eta marra gorri bat

Kontseiluak eta Behatokiak argi dute herritar guztien eskubideak bermatzeko bide bakarra langile elebidunak kontratatzea dela, hala ere, kontuan hartuta egun hezkuntza ez beste esparru guztietan langileen %3ri besterik ez zaiola euskararen ezagutza eskatzen, dekretu honek garrantzi handia hartuko du: “Badakigu euskara merezimendu gisa baloratzeak badituela bere mugak, ez dituelako bermatzen langile elebidunak, baina aukera hau ere baliatu behar da” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Bilbaok azaldu du Gobernuak ez duela apenas aldaketarik egin urtarrilean sindikatuei aurkeztu zien dokumentutik: “Euskalgintzatik ikusitako atzerapausoek bere horretan jarraitzen dute, duela bi hamarkada euskararen eta euskaldunen kontrako politika bortitzetan hartutako erabakiei jarraipena ematen die. Aukera izan du herritarren arteko bereizkeria saihesteko aldaketak egiteko, baina ez du halakorik egin” esan du.

Kontseiluak eta Behatokiak aurkeztutako zuzenketetan euskararen ezagutza lanpostu guztietan gehiago baloratzea eskatu dute: “Kontziente gara egungo lege-markoak zaildu egiten duela legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskararen ezagutza baloratzea. Horrexegatik, zuzenketa guztietan bi aukera eskaintzen dizkiogu Gobernuari. Dena den, berriz ere argi geratzen da Nafarroak ofizialtasuna behar duela lurralde osoan herritarren eskubideak bermatuko dituzten politikak garatu ahal izateko” adierazi du Bilbaok.

Horrekin guztiarekin batera, artikulu berri bat txertatzea proposatu dute, zeinaren arabera edozein lanpostutan euskararen ezagutzaren balorazioa ezin izango da atzerriko hizkuntza guztien balorazioaren batura baino baxuagoa izan: “Uste dugu oinarrizko eskaera hori ez onartzeak agerian utziko duela, beste behin, Gobernuak intentzionalitate maltzurrez jokatzen duela, euskara eta euskaldunok zokoratzeko intentzionalitatea” esan du.

.

Justizia sozialaren, berdintasunaren eta kohesioaren aurkako dekretua

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka oso gogor mintzatu da dekretuaren edukiaren inguruan: “Duela zenbait aste eraikin honetan bertan ehunka eskaera erregistratu genituen, Gobernuak Nafarroa osoko herritarrei erreparatzeko moduko dekretua prestatzeko. Erantzun ere ez digu egin, eta ehunka herritar horien eskaerei entzungor egin die. Are gehiago, maiatzean milaka herritarrok Irun?eko kaleak bete genituen, eta horri ere ez dio jaramonik egin. Hortaz, ezin esan daiteke Gobernua herritarren mesedetan dagoenik. Inondik inora ez” adierazi du.

Horrekin batera deitoratu du dekretua bera uztailaren 6an argitaratu izana: “Hiru urte izan ditu dekretua publiko egiteko, eta Irun?eko aste berezienean argitaratu? Horrek erakusten du, lehen Paulek esan bezala, intentzionalitatea izan duela Gobernuak dekretuaren eztabaida publikoa saihesteko” adierazi du. Izan ere, Behatokiko zuzendariaren arabera, Gobernuak ez du nola justifikatu garai ilunetan garatzen ziren hizkuntza-politiketako neurriak bere horretan aplikatzea.

Interpelazio zuzena egin die Gaubekak: “Ez du balio Parlamentuan herritarren eskubideak bermatzen ez direla aitortzea adierazpenen bidez, eta, ondoren, Gobernutik herritarren eskubideen urraketak betikotzen dituzten neurriak hartzea. Aitor dezatela, behingoz, berdintasunaren aurkako neurriak hartzen dituztela” adierazi du.

Azkenik, bi erakundeetako ordezkariek aurreratu dute dekretuak Euskararen Nafar Kontseiluaren irismena (ez-loteslea) behar duenez, organo horretan ere desadostasuna agertuko dutela, bai eta zuzenketa hauek aurkeztu ere.

«Bazterkeria arintzeko zuzenketak»

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude