Batuz aldatu: heldu da hizkuntza-politiketan jauzia egiteko ordua

Batuz aldatu: heldu da hizkuntza-politiketan jauzia egiteko ordua –

Eremu askotariko ia ehun eragilek adostutako dokumentua aurkeztu dute Donostiako Kursaalean.

Eragileen arteko lankidetza-ziklo berri bati ekin nahi dio Kontseiluak.

Eragile gehiago bilduz eta arloz arloko lanketa eginez, adostasun soziala politiko bihurtzea da etorkizuneko erronka.

Batuz aldatu izena hartuko du gaurtik aurrera Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza- politiketan eragiteko adostasun sozialen ekimenak, eta jauzia izan da ekitaldian zehar azken hilabeteotan garatutako prozesua irudikatzeko baliatu duen irudia. Izan ere, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan bezala, «hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia zela esan genuen duela hilabete batzuk, eta jauzia egitera goaz».

Horrekin batera, Kontseiluko eledunak 2016ko abenduaren 16an Kursaaleko Ganbara Aretoan bertan Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetako ehundik gora eragilerekin aurkeztutako Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izan du gogoan: «Orduko uzta da gaur aurkeztu duguna, ardatz berdinetan eraikia izan baita. Orduan bezala, gaur ere, gizarte- kohesioa bermatzea helburu, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasuna aurkeztu dugu», esan du.

Batuz aldatu: heldu da hizkuntza-politiketan jauzia egiteko ordua

.

Dokumentuaren helburu eta norabidetzea

Batuz aldatu izeneko adostasunaren edukiaren aurkezpena bi eragileetako ordezkariek egin dute; hain zuzen, dokumentuarekin bat egin duten ELKAR taldeko Joanmari Larrartek, eta EUSKAL MONETAko Eva Mutiok. Gizarte eragileen izenean, Mutiok zer esana badutela adierazi du: «Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: giza-harremanetarako edo harreman sozialetarako oinarrizko bitartekoa da hizkuntza. Eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza-praktikak eta –hautuak».

Bi ordezkariek proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu dituzte: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza-eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza-politikaren zeharkako izaera, normalizazio-prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Halaber, hizkuntza-politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartua garatu behar dela azaldu dute.

Ondoren, etorkizuneko agertokirako helburu nagusia aurkeztu dute: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Horretarako, hizkuntza-eskubideak eremu guztietan bermatu beharko direla adierazi dute, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik esan.

Helburua edo agertokia azalduta, eta euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea jomuga izanik, Larrartek eta Mutiok horretara iristeko hizkuntza-politikek hartu beharreko norabideak azaldu dituzte. Batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko dela adierazi dute, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko direla adierazi dute, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.

Azkenik, eragileok epe laburrean hartutako konpromisoak azaldu dituzte.

Askotariko 99 eragilek egin dute bat Batuz aldatu izeneko dokumentuarekin.

.

Hiru erronka

Ekitaldiaren amaieran Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du hitza, bilgunea osatzen duten eragileetako ordezkariak atzean zituela.

Lehenik eta behin, Bilbaok eskerrak eman dizkie bidaide izan dituzten erakunde guztiei: «Adostu dugu nora iritsi nahi dugun, eta hori oso garrantzitsua da». Izaera, helburu eta lan- eremu anitzak elkarlanean jomuga berdinera begira jarri izana goraipatu nahi izan du; bere hitzetan, «jakin izan dugu elkarrekin etorkizuna eta helmugatzat jotzen dugun agertokia irudikatzen, gure bidearen helmuga zehazten, bai eta horra iristeko norabideak definitzen ere».

Ondoren hurrengo hilabeteotan aurrera eramango dituzten erronken berri eman du Kontseiluko ordezkariak.

Lehenik eta behin, adostutako dokumentua eragile gehiagotara iristeko beharra plazaratu du: «Paradigma berria jarri dugu hizkuntza-politikaren esparruan, eta eragileak paradigma berriari lotzeko lan egin behar dugu. Garrantzitsua da etorkizuneko hizkuntza-politiken inguruak ikuspegi adostua eta partekatua izatea, eta beraz, erronka izango du adostasun hori are zabalagoa eta askotarikoagoa izatea».

Bigarrenik, Bilbaok gogoratu du eragileon artean lortutako adostasuna hizkuntza-politika orokorretan eragitea duela helburu, baina beharrezkoa dela arloz arlo zehaztea non dauden hizkuntza-politikaren beharrak: «Goazen arloz arlo (hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan, eremu sozioekonomikoan…) hizkuntza-politiketan eragiteko lehentasunak definitzera, adostera… eta, ondoren, horiek garatzeko urratsak elkarrekin egitera». Horri lotuta Bilbaok aurreratu du honez gero Kontseiluak ekin diola arloz arloko lanketari, makrotik mikrora eramateko ariketari.

Azkenik, eragileek lortutako adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea erronka garrantzitsua izango dela azpimarratu du: «Hizkuntza baten normalizazio-prozesua soziala eta politikoa da. Hanka sozial sendoa behar du, baina bai eta hanka politiko sendoa ere. Horrexegatik, gure asmoa da adostasun sozial trinko hauek adostasun politiko bihurtzea». Hurrengo hilabeteotan lanketa horri ekiteko konpromisoa adierazi du.

.

Ordezkaritza zabala

Dokumentua adostu duten hamarnaka eragileez gain, instituzioetako ordezkariak ere izan dira gaurko ekitaldian. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde Miren Dobaran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbin?e Mendizabal, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrena, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, Donostiako Udaleko Euskara Zinegotzi Jon Insausti, bai eta UEMAko zein Udalbiltzako ordezkariak ere.

Eragile politikoen ordezkaritza zabala ere izan da ekitaldian; EAJ-PNV, EHBildu, Geroa Sozialberdeak, Elkarrekin-Podemos eta EHBaiko ordezkariak izan dira Kursaal jauregian.

Batuz aldatu: heldu da hizkuntza-politiketan jauzia egiteko ordua

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.