Basilio Joannategui

Basilio Joannategui

ESCUARA

[Urruñaco bestetan saritua, 1902]

Escualdun ezten jendea, erdaldun bat izan dadiela errenguraric eta acholaric gabe gure mintzaira maiteaz, eluke horrec gauza handiric erran nahi. Cer dohakigu guri ere erdaldunac mintza ditecela gisa batera edo bertcera? Erdaldun batzuc begietan hartua izan dezatela escuara; banoha urrunago, egin detzatela zazpi eginahalac gal dadien lehen-bai-lehen, hori ere adi liteke hein baterainocoan.

Bainan nihola ere adi eztezakedana da nola Escual-Herrian sorthuac diren escualdun-seme batzuc eztuketen gehiagoco atchikimendua beren amaren altzoan ikhasi mintzairarentzat; nola izan ditezken ekharriac hain errechki escuararen bazterrerat uztera.

Escual-zale egiazco bat dohacotela halaco hekiei erraitera eluketela escuara galtcerat utci behar; bainan, ihardesten ezpadute ere escuaratic cer atheraco duten? Escuarac cer emanen dioten? Hec, aitcina ere, berdin ezachol izanen baitire, eta amodioric gabe beren haurreco mintzairarentzat.

Eta bizkitartean bertcelaco icustateric zor ginioke bai, gure escuara ederrari.

Basilio Joannategui

.

Escuarari esker dakiguna

Escuaraz mintzo garenec badakigu gure arbasoac nor eta cer ciren. Liburuec erraten darocute, gerlaraz geroz, escualdunac gizon gaitzac cirela cembat-nahi borthitzac balin baciren ere Erromaco armadac; eta garhaitu bacituzten ere bazter gucietaco jende-aldeac, ecin garhaitu ahal izatu cituztela escualdunac, egundaino ecin landatu ahal izatu dituztela beren banderac Bizcaico mendietan.

Liburuetaric badakigu oraino gure arbasoec ascotan buru emateco izatu dutela, batean Erromaco armadei, bertcean moroei, edo oraino frantsesei, eta buru eman dutela nihoiz amorric eman gabe, eta amor eman orde jo eta zafratu dituztela behin baino gehiagotan erromanoac, moroac, frantsesac, eta bertceric ere bai.

Hainitz liburutan iracurt ditekena oraino hau da: lazgarri cela icustea escualdunac nolaco copetarekin jartcen ciren etsaiari buruz, ez bacarric beren herrian cirelaric, bainan, herritic atheraiac, bertce armada batzuetan ere.

Hitz batez badakigu escuaraz mintzo garenec, urean ez leihorrean, nihoren beldur etciren gizon batzuen semeac garela.

Eta horrelaco gauzaren jakiteac eztikela deus balioric?

Deusic ez balio jakiteac gure arbasoac eta aitac nolaco gizonac ciren? Deusic ez balio nolaco aitoren semen haurrac garen errateco ahalac?

Ezta bada hori niri iduritcen zaitana.

.

Escuarari zor diogun ona

Bada norc daki cembat mende escualdunac gure oraico herri hautan direla. Non dire aldiz lehenago, erromanoen demboran, Frantcian, Espainian eta Italian ciren bertce jende-aldeac? Hec guciac ithoac edo urthuac nombeitic ethorriricaco jende basa batzuen artean.

Escualdunac aldiz, aitcina ere escualdun egotu. Bazakiten eta jende alde hetaric batzu edo bertce beren arterat hartuz, beharco zutela galdu, lurra becein ongi, beren mintzaira ere, eta hortacotz etcituzten Escual-Herrian cocatcerat utci, Escual-Herrian berac izanen dire aintcina ere cein bere etcheco nagusi eta jaun.

Escatima bideric izan dezatela beren artean, eta han dute Lege-Zaharra jakiteco ceinec duen hobena, eta aldiz campoco etsai cembeitec nahi balin badiote egin bidegaberic, orduan denac elkharretara bil, eta zainduco dituzte ederki beren herriac.

Non citezken hobeki escualdun egoteco eta ere puliki bicitceco? Nihorat joan gabe, bacituzten hemen berean haran eta celhai ederrac bihiarentzat, mendi gicenac acienda chehe eta larri gucientzat, itsas zabala ere arrantzaco.

Oraico egunetan ere nongo gizon gazteac dire escualdunac baino hobeki icusiac, dela armadetan, dela untcietan? Escuarac iduki baicaitu bertce jende mota gucietaric berech, eta lehenagoco escualdun aiphatuen odola baita oraino gure zainetan.

.

Escuarari zor diogun bertce on bat

Escuara da oraino begiratu gaituena bertce haimbertce escualdetaco jendeac becein zar eta lazo bilhacatcetic. Ceren-eta gaichtaginec eta halaber erlisionearen etsaiec ez jakin gure mintzaira, eta gure herrietaric campo egon behar izatu dute, harro-araci gabe, nahi zuketen bezala, gure arbaso eta aiten buruac, khendu gabe hekien bihotcetaric lehen-lehen demboretaric hunat hartua zuten erlisione sainduarentzateco amodioa.

.

Ongi eztena

Egia da oraico egunetan bertcelaco aireric eta haiceric ere badela bazterretan. Frantciaco eta Espainiaco aintcindarien meneco bilhacatuac, ezpalin bagare ere jadanic eginac cein gure aldeco erdarari, bederen ederki egiten hari gare.

Lana frango hemendic hamar-bat urtheren buruco, icusten bada, gure hiri ttikietan, beren artean escuaraz hitz egiten duken haurric.

Eztut erran nahi gaizki dela erdararen ikhastea; bainan ongi eztena da escuararen uztea frantsesez edo españolez mintzatceco.

Escuararen etsaiec cer atsegina icusten ahal baginituzte denac erdarari lothuac, denac erdaldun bilhacatuac!

Bainan ez, eztute holaco irriric eginen, bertcelaco icustateric zor diogu escuara gure Ama onari.

.

Escuararen ederra

Aithortcen dugu iphar aldetic eta hegoagotic hartuac eta hestutuac gauzcaten mintzairac, biac latinaren umeac, ederki iresiac direla, aphainduac eta aberastuac ere bai, mintzaira arrotcei harturicaco hitcei esker; eta halaric ere escuara, cembat-nahi histua balin bada-eta, hastapenean zuen edertasunetic, escuara ager diteke bi mintzaira haukien eta gaineracoen aitcinean.

Ecen latina eta greca becein ongi Jaincoac emana dugu, eta bertce mintzairekilaco nahasticaric gabe gelditua da.

Damuric lurrac haci dituen gaimen handico haimbertce escualdunetaric bati ez bati, ezpaitzaio gogoratu behar cituela agerian ezarri escuarac bere baithan dauzcan aberastasunac!

Erran nahi baita gure mintzaira ederra egotua dela, atceman ondoan batere lanthua izan gabe, utcia liteken harri baliosa bezala.

Eta halaric ere beha gaiten cer dioten mintzaira hortaz cerbeiten errateco zucena duten jakintsun batzuc:

.

Jakintsunec cer dioten escuaraz

—Huna lehenic Achular, hamazazpigarren mendean Saraco erretor cena.

Omen handico liburu-egile hunec dio: «Iduri luke bertce mintzaira guciac elkharrekin nahasiac direla; eta aldiz escuara bere lehembicico garbi hartan dago.»

—Hemezortcigarren mendean, bertce jakintsun handi batec, Larramendi jesuistac, iscribatcen cituen hitz hauc:

«Nahi baduzue jakin escuara cer den, beha zakizcote bertce mintzairaric ikhasi eztuten jende batzuei, nola mintzo diren beren artean; eta zu choratua egonen zare cein den gozoa, argia, bicia, garbia eta chuchena.»

Bizkitartean jesuista hura bera auhenez zagoen, escuara hain ederra izanki, eta haren demboraco predicariec etzakitela carricaco emacume batzuc becein ongi.

Eta gutartean ere cembatac ezcaitezke icusia dugunac, gure mintzaira ederra dela, bereciki entzun ondoan costa aldeco, Gipuzcoaco edo oraino Chuberoco predicari batzu. Orduan bai gu ohartu gaitezke escuara musica soinuric gozoena baino gozoago dela.

—Chaho chuberotarra, hila orai duela hirur-hogoibat urthe, etcen hura ere jakitateric gabeco gizona; eta hala dio: «Escuara, gizonez gorago denac egina den mintzaira da, eta mintzairetan den ederrena».

Eta orai, escualdun lagunac, ari zaitezkete zuen baithan: «Bai, atsegin da holaco hitz batzuen enzutea, bainan, ondicotz, escualdun batzuc erranac baitire hitz horiec».

Entzun-azue beraz liburu-egile arrotcec cer daasaten.

—Hamaseigarren mendean, bacen Holandaco ikhastegi edo escola nagusian, Scaliger ceritzan jakintsun handi bat. Jaun harrec bazuen hainitz mintzaira ikhasiric eta, gurea ere ikhasia, huna cer dion:

«Escuarac eztu deusere basaric, ez latcic ez borthitcic; guciz eztia da eta gozoa. Egin-egina, hainitz aspaldicoa dela, eta orai den tokian cela erromanoac harat agertu aitcinetic».

—Hemen ezartcen dut, Jaun aphezpicu berri baten lagun, Frantcia beheretic Baionarat ethorri eta zazpi urthez Bidarteco erretor izatua den aphez batec, Pouvreau aphezac, cer utci duen iscribatua bere liburu batean:

«Jakindu behar izanki, apheztu-ta berehala, cer lana den escuararen ikhastea, lan horri esker ezagutu dut mintzaira horrec cein abilki eta errechki moldatcen dituen hitzac, cein argi eta ara ederrean ezartcen dituen».

Aphez hori Bidarten cen mila hamasei ehun eta hogoita hamarreco irian.

—De Humboldt deritzan Alemaniaco jakintsun handi batec dio bere liburuetan: «Escuara bertce mintzaira guciez goragocoa da».

—Errana da Parisen bici den jakitate handico jaun baten liburuetan, On J. Vinson-en liburuetan: «Bertce edocein mintzairaren ezartcea escuararen aldean, hori liteke, handitu gabe geldituac diren gizon cochcor batzuen ezartcea gizon eder-eder batzuen aldean.»

—Mintzaira hainitz eta escuara ere dakizcan Jaun angles batec, On Dodgson-ec, hura choratua gure mintzairaren edertasunac, eta nola daucan, bertce mintzaira guciec baino hobeki, nahi eta behar den haren errateco ahala, dio gobernamenduco gizonec escuaraz egiten balituzte beren aditu edo patuac, elitekela hekien artean escatima bideric, gauzac ez aski chuchen iscribatuz.

Horra escuara, eta nolaco dohain baliosa eman darocun Jaincoac, escualdun sorthu garenean.

Orai bat-bederac ikhus dezala ea badohacon bazterrerat uztea, haimbertce mende huntan bici eta azcar zagoen mintzaira, deusic balio eztuen pusca zar bat bezala.

Gere onetan edukico dugu biciric. Escuara galduz geroz cer edo nor gintezke? Cer icen eman lezaucukete?

.

Egin behar litekena escuararen galtcerat ez uzteco

Hiri eta herri gucietan, badire batzu bertceac baino gorago direnac; batzu sortceac hala ezarri dituelacotz, bertceac beren onthasunen, carguen edo jakitatearen gatic.

Hainitz erran nahi luke bada, escuararen galtcetic begiratceco, bertcen gainetic diren halaco jaunac eta andreac escuaraz mintza ditecen beren artean. Ceren eta orduan jende cheheac ezpailuke erdaraz hitz egiteco tirria hain handi, icusiz erdara dakiten jaun eta andre batzu escuaraz mintzo direla.

Eta aldiz escuaraz bertceric eztakien jendeac cer atsegina, sumatcean harrec haurrean ikhasi mintzaira ez bide dela hain charra, jaunac eta andreac ere erdara baino maiteago dutela!

Escualdun jaun eta andren escuaraz mintzatceac badituzke ondorio onac; bainan gure eliza-gizonei emenda dakiotela oraino ere pichca-pichca bat escuararentzateco amodioa, eta horra certaric duken on egiazcoa.

Ageri da, erran ditugunetaric beretaric, escuarari esker dela escualduna fededun. Gure eliza-gizonac escuarari esker dire beraz, egungo egunean, giristino herri batzuetaco erretor. Cer ezagutza eta amodioa eztiozcate beraz zor gure mintzairari? Esker gabe ez izatera, behar dute escuara maite izan.

Eta bada maite balin badute segur du bicia, ceren-eta orduan iracurtuco dituzte liburu escuarac. Liburu escuarac hola eginez iracurtuz ikhasico dute ongi mintzatcen, eta nahi-eta-ez denei maitaracico diote gero-eta-gehiago bere parecoric nihon eztuen mintzaira.

Escuarari dioketen amodio horren gatic oraino, eztiote catichimaric eginen erdaraz, erdaldunen haurrei baicic, escuaraz mintzatuco dire, handi eta chume, beren herrico jende guciekin, eta bertzalde ezagutaracico eta har aracico dituzte ahal becen batean escuara liburuac eta casetac.

—Orai duela ehun-bat urthe, Bizcaitar carmelita batec, Aita Bartolomec, erraten cioten bere demboraco eliza-gizonei: «Iracur atzue escuara liburuac, eta erdaldun hitcez bethe eta itsustu orde gure mintzaira ederra, zuec ere escuara ederrean eginen ditutzue zuen igandetaco mintz-aldiac».

Aita Bartolome mintzo cen escuara itsusten duten hitcez. Cer erran zuken, ehun urthe berantago agertu lurraren gainera, eta icusi balitu escualdunac non nahi escuara bazterrerat utciac, eta erdarari lothuac? Harrec, escuararentzat zuen amodioarekin, eginen zuen oihu, etchean su duela ohartcen denac becein goraki. Mintzo bat hain samin eta latzac ernaracico othe ginituen? Nic uste bai; eta, su hiltcen ari denari becein ongi, guri ere egin aracico egin-ahalac gure escuara zahar becein eder denaren onetan.

Zuec beraz, zuen herrietan bertcen gainetic zareten jaun eta andreac, zuec bereciki Escual-Herrico eliza-gizon jakintsunac, maite izan azue escuara, escuaraz hitz egitea eta egin araztea, eta, ifernuco etsai gucien gatic ere, iraunen du, mundua mundu deino.

Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui Basilio Joannategui
Basilio Joannategui
Josu Lavin

NAFFARRERA

5 pentsamendu “Basilio Joannategui”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude