Barkatu… mesedez… eskerrik asko.

Barkatu… mesedez… eskerrik asko –

Barkatu... mesedez... eskerrik askoPraktiketan Bankinterren hasi nintzen, Bilboko Egilleor plazako sukurtsal batean, zehazki “zona norte” deitzen dioten egoitza den eraikinean. Unibertsitateko praktikak izan ziren. Bertako zereginen artean publikoari arreta ematea zegoen, telefonoz zein aurrez aurre. Nik “Bankinter, egun on?” edo “Bai, egun on?” esaten nuen telefonoa altxatu eta jarraian. Baina hara non, nire arduradun edo tutore zena, aste batera etorri zitzaidan esanez berak ez zuela inolako arazorik modu horretan agurtzeagatik, baina, zera… bezero ugari Santander aldekoak zirela eta zirudienez, baten batek kexa bideratu ziela “egun on” ziztrin horrengatik. Nire atsekaberako, ez nuen aurkakorik esateko adorea izan. “Beno, bale” batez bukatu zen elkarrizketa hura. Ordutik, “Bankinter” huts bat besterik ez esatera mugatu nintzen.

Agian, amorruz edo, nire hizkuntzan, nire herrian, zenbateraino mugatu ninduten ikusteak, erdararekiko kontrakotasuna eragin zidan. Deseroso sentiarazte horrek, gure hizkuntza ikusezin bihurtze horrek, “egun on” ziztrin batek zenbaterainoko garrantzia duen baloratzera eraman ninduen. “Agian hau ez litzaidake Azpeitian gertatuko” pentsatu nuen nire golkorako, nire sumina arindu nahian edo. Hitz bakar batek hizkuntza batean edo bestean esateak duen esanahia ikusarazi zidan. Hizkuntza batean edo bestean esateak transmititzen duena zenbaterainokoa den, mahai gainean jarri zuen. Ikaspen gogorra, baina gogoangarria.

Ordutik aurrera, autobusean sartzean, autobusean esertzean, ozenago eta ausartiago egiten dut agurra. Dela “egun on”, dela “arratsalde on”. Orain, gainera, amorru ematen dit Azpeitiara joan eta euskaldunzahar peto batek “Hola” modu naturalean erabiltzean (bere euskarazko hiztegian barneratua duena, alajaina). Ez al daki zein adierazgarria den gure hizkuntza besteei ikusaraztea, entzunaraztea? Erdaldunei, “Iepa, kaixo, aizu… hemen ere gu gaude, komunitate linguistiko hau ere existitzen da” esateko modu bat da, “kaixo” xume bat “hola” baten ordez erabiltzen dugunean. -Nahiz eta gainontzeko solasaldia erdara hutsez egin behar izan, besterik ez baitaki-.

Harrezkero, halaber, metroko edo merkatal zentro bateko eskaileretan edo jendea pilatzen den toki horietan, aurrera egin behar dudanean eta aurrekoari bidea uzteko eskatu behar dudanean, begirunezko eta edukaziozko 3 hitz ozen eta harro esaten dizkiot: “barkatu… mesedez… eskerrik asko”. Orain arte, ez dut begiradetan ezer txarrik sumatu, gehien jota harridura. Espero dut euren golkoan ere, kontrakotasunik ez eragitea.

Barkatu… mesedez… eskerrik asko