Azukre zorroa

Azukre zorroa –

Lantzean behin koadrilakoren batek besteekin partekatuko zuen, eta harridura edota eztabaida piztu: mito urbanoak. 

Azukre zorroa
Arg: feelphotoz (pxfuel)

Makina bat entzun ditugu. Tunel bat egiteko mendiaren bi aldeetatik zulatzen hasi zundaketek topo egingo zutelakoan, eta hori gertatu ez zela ikusita bere buruaz beste egin zuen ingeniaria (bertsio ankerrenak dio ingeniaria hil osteko egunean egin zutela topo zundaketek). Gau batean parranda batean bikote batek elkar ezagutu, etxera joan, eta hurrengo egunean bat esnatutakoan bestea ez zegoen; dutxa bat hartu zuen alde egin aurretik, eta ispiluko lurrinean honakoa utzi zuen idatzia: “Orain zuk ere HIESA duzu”.

Gaur gogora etorri zaidana azukre zorroaren kondaira da. Gehiago zehazte aldera, azukre zorro luzangarena. Behinola ingeniariren bat azukre zorro definitiboa asmatu zuen: erditik zabaltzen zena. Baina ikusita jendeak ez zuela berak nahi zuen bezala erabiltzen, eta betiko legez muturretako batetik irekitzen zutela, bere buruaz beste egin zuen. Agerikoa den bezala, injeniarien suizidio tasa zinez altua da kondairetan.

Badator Euskaraldia. Nola zabalduko du bakoitzak bere hitzen zakutxoa? Zorroa nola ahala irekita ere azukrea kafera dohan legez, euskara inguruan zabaldu eta gozatu dezala egunerokotasuna. Nola?

Injeniarientzat garrantzitsua da, baina beno, ez dezala inork bederen horregatik bere ahoaz beste egin.

Azukre zorroa

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.