Azken hatsetan de euskara

Azken hatsetan de euskara – 

KORRIKA

Nire irrintzi beldurgarria.

Herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat. Hori da Korrika.

KORRIKAren lekukoan sarturik zegoen idatzian, hori da zetorren lehenbiziko lerroa. Eta irrintzi bat gehienetan alaitasun oihu ozen bat da. Oihu txintxo eta sarkor bat. Pestetan, dantzatzerakoan edo, botatzen dena. Edo karrikadantzan soinu jotzailea lagun, herria aldez beste pasatzen denean. Irrintzika! Gaztetasunaren kemenaren erakusgarri eta zaharren alaigarri!

Baita mendian urrun samarrera adiskide bati hemen gaudela azaltzeko ere: Hemen nagok! Zer diok?

Eta erantzun ere erantzun beharko lizuke zure lagun horrek, onik bada behintzat.

Baina gaurkoan nire irrintzi hau larritasuna, nahigabea eta beldurra azaltzeko da. Bai, beldurra, heriotzaren beldurra dut ekarri nahi gaur hona.

KORRIKAko mezu horren azken aurreko paragrafoa honako hau zen:

Azken hatsetan de euskaraEkin euskarari, eutsi kateari!

Eutsi kateari!!!!! Eta gurean zer ari da gertatzen? Gauza larria. Gure alderdian, zenbait herritan behintzat, badira guraso euskaldunak, batzuetan franko gainera. Bikote euskaldunak, biak euskaldunak edo bietako bat. Eta zer ari zaigu gertatzen?

Ia ez dut inor ikusten eta entzuten beren umeekin euskaraz. Karrikan erdara genuen aspaldian hedatua erabat. Azken 20 urte honetan gelditzen ziren 5 herriak galdu ditugu.

Eta orain etxea ere galdu dugu. Larria da egoera, oso larria, bueltarik gabekoa ia-ia.

Euskararen katea puskaturik dago, xehaturik dago, euskara azken hatsak ematen ari da gure alderdian. Katea hautsi da.

Hala ere,

Oraindik bagenuke esperantza gurasoek eta eskolek beren egitekoa eginen balute. Gurasoek eta eskolek, diot. Ez dago azterketa eta pitokerietan ibili beharrik. Denon aitzinean dugu gertatu dena eta gertatzen ari dena.

Mesedez, utz itzazue azterketa eta txoriburukeriak. Dena asmaturik dago, bada katea soldatzen lagunduko liguketen metodo eta jakintza aski. Baina, batez ere, zuen esku dago, guraso, irakasle eta hurbilekoen esku. Familien baitan dago etorkizuna, etorkizunik izatekotan.

Lehenik borondatea da behar dena; eta gero solastatu, jabetu gertatzen ari denaz, eta guzien gainetik, bildu, batzartu eta erabaki xinpleak hartu, ez dira batere zailak. Borondate on zertxobait, eta ekin, eta euskaltzaleon laguntza ere izanen duzue.

Aiaiaiaiaiaiaiaiai….jijiji! Irrintzi honen erantzunaren zain nago. Oraindik onik bazarete erantzunen duzue! Zuen umeen eskariari erantzun, otoi! Hori nahi nuke!

Irrintzi beldurgarri hau norbaitek bota beharko zukeen aspaldian, baina isiltasuna besterik ez. Eta nik hartu dut egiteko hori, nahigabeez beterik, baina gehiago ezinez; larrialdi ikaragarrian gaude.

Ardoa erabat ozpindurik dago. Bota dezagun ozpina eta ekar dezagun ardo frexko berria.

Txurdan

Azken hatsetan de euskara

10 pentsamendu “Azken hatsetan de euskara”-ri buruz

  • Ultzamaldeko Pulunpe hilabetekarian ateratakoa, 218 zenbakian
    Ultzamaldea (Basaburua, Imotz, Ultzama, Odieta, Anue, Atetz eta Lantz)

  • Bistan da larrialdi nazional batean gaudela. Gure azken hatsean gaude. Bistan da. Guztiok dakigu. Baina ez izan zeurekoia!! Arazo garrantzitsuagoak ditugu aurrean: transfobia deuzestu edo transfobia elikatu (feministek ez dakite zer egin), bezperako abortorako eskubidea, soldata arrakala, arrazializazioa, hilekoa*, gorputzak*, errusiar desinformazioa, NRA, duela 200 urteko emakume zientzialari bi, euskal herrian tankeren bateko piezaren baten piezaren bat fabrikatzen dela, potolofobia, duela 20 urte gertatu behar omen zen apokalipsi klimatikoa, negazionistak…

  • “Gurasoek eta eskolek, diot.” Ba honi buruz pilula beltz bi:

    Oraingo gurasoak ez dira hemen jaioak ere.

    Hezkuntza lege berriak eskolaren esku utziko du hizkuntza eredua, murgiltzea kenduz.

  • josu naberan 2022-05-30 17:02

    arrastion, lagun euskalkideok

    eskerrik asko dagoenaz abisu urjentziazko hau bere gordinean ematearren, ezen ez Alderdi Politiko politekeriatsu tipikoek (PNV/PSE) gai hau (euskerarena) aurkezten duten zurikeriaz eta datuen manipulazio eztiaz, euskaldun guztion lasaitasun faltsurako eta engainu eternalerako.

    Baita erratu samarren despisterako eta inkopetentziarako euskerari dagokionean (Podemos etab.), eta euskera-foboen gozamenerako (PP/VOXerioa/Nabarra Suma…).

    Datuak benetan direnak dira, eta egia gordina adierazten dute: Ameztik dioena, hain zuzen ere: euskera UVIra eramanteko muduan dagoela, URJENTZIAZ, ANBULANTZIA EGOKITU BATEAN.

    Halere, une hau ez da prezeski etsiak hartzekoa, baizik eta euskera abolinean dagoenari ahoz ahoko arnasketa egitekoa, anbulantziari hainbat arinen deitzekoa eta abar, etc, etc

    Ez dago bitarterik lanturuetan denbora alferrik galtzeko, gogoeta alferrekoetan galtzeko… etc, etc

    Jarri nahi dugu abian urjentziaZko
    “KULTURGINTZA-2022-23” deritzoguna. Ez al duzue horren barri, ZUZEUtarrok?

    Badä, báda urte pare bat ZUZEU honetan argitara emon zuen ene artikulu bat (“Erraldoia oinutsik”), zeinetan dei urjentziakoa egiten nuen EKINTZA ZAHATZ BATERAKO, pausoak zehazki diseinatuz, eta zehazki idarokiz zer egin beharko litzatekeen eta zelan, GOIARi eta GOIKO elementu instituzional erakundetsuei segundu bakar batez ere so egon gabe, alferrikako esperotan.

    Gura badozue, ZUZEU honek eta ZUZEUtarrok nahi baduzue, barriro ere hona ekartzeko prest gaituzue Odon Ulibarrena, Venezuelatik etorri barria eta Plan hau seriotan hartu duena, eta ni neu.

    Gauza da Proiektu Zehatz horretarako bolondresak, eskulanerako eta auzolanerako ESKUAK eta AUZOAK behar direla, oraintxe bertan abian jar gaitezen… denbora alferrik… bla-bla-bla

  • Benat Castorene 2022-05-30 18:40

    Josu ez banaiz makur zuen proposamen hura nagusiki arlo kulturalekoa zen. Ez da nahikoa izanen iratzarpen lokal bat nunbait pizteko. Ene ustez zure ekimena aspektu sozio ekonomikoa ere eduki behar luke kulturalarekin batera. Horretan da koska.

  • Euskaldun berrizahartua 2022-05-30 20:37

    Nik esango nuke ikuspegi holistikoa dela beharrezkoa. Bai arlo kulturala zein sozioekonomikoa berebizikoak dira, bihar uztartzea derrigorrezkoa. Gure gauzak esparruka lantzearen ohiturak batzuetan gezur kognitiboak sortzen dizkigu eta badirudi politika politikatik besterik ezin daitekeel ulertu, baina boterea, politikaren objektu garrantzitsuena dena, erdiesteko gure buruaren jabe izan behar gara arlo ekonomikoan ere. Koperatibismo euskaldunaren sustatzea nahiko afera estrategikoa da baldin eta euskalduntasuna salbatuko bada. Herrian ekoitzi eta herriak kontsumitu, ahalik eta burujabetasun maila handienarekin.

  • Bai soluzio bat bada, hasteko izan liteke unean uneko hainbat ekimen holistiko eta gero esperientzia horiek saretu.

  • josu naberan 2022-05-30 22:59

    Hori da, euskalkideok.

    KULTURGINTZA, KULTUR EKINTZA, EKONOMIA-AZPIEGITURA BATETAN OINARRITUA.

    Beraz, ONDARE batetan oinarritutako ekintza kulturala.

    Gure arbasoek ondare-kutxa horri (altxortegiari) ABASOLOA deitzen zioten, hau da *ABU-an-SOLOA, “Leinuaren soloa” edo ekonomia-ondarea.

    Kulturgintzara lerratzean, oso kontutan izanen dugu ABASOLOA, Ondarea bermatzeko diru-bilketa. Azpiegitura ekonomikoa bermatzea, era honetara gutxi gorabehera:

    1.- Erakunde PUBLIKOETARA joko diagu. Ontsa dakigunez, hortik ezin dela espero ogi apurrik ere,

    2.- Erakunde publiko-pribatuetara joko diagu. Alderdi euskaltzaleengana. Zeozer espero dezakegu horik, ogi-apurrak baino gehixeago nonbait.

    3.- DIRU-HANDIKI EUSKALTZALEENGANA joko dinagu azkenez. Horti gehiago espero dezakegu, baldin eta gure proiektua egokiro aurkezten baldin badakigu, eta posible dela badakusate.

    4.- Behin proiektua abian dela jada, CROUWIG delako bat ere plantea dezakegu. Gauza da, eskuetara txu egin eta zerbait egiten hastea.

  • Benat Castorene 2022-05-31 15:24

    Josu, proiektu holistikoak nahi izanez gero, Euskaldun berrizahartuak iradoki bezala, beren jarduera ekonomikoari esker autofinantziatu beharko dira nausiki, ez eta eskuin eta ezker eske ibili bakarrik.

  • josu naberan 2022-06-05 00:22

    euskeraz bada hitz biziki esaguratsu bat: ABASOLOA

    Haiera batean oker interpretatu nuen, “abade solo” gisara, baino ez da hori, baizik eta Leinuaren Soroa, “leinuaren ondarea” (*abu-en-an-soroa), ABU erro txit garratzitsua euskerak eta iberierak parekatzen duten duten erro bisilabazko horrek “jatorria” esan nahi baitu. Hortik ABENDA, ABERRIA eta abar.

    Badá, Benat, guk egin behar duguna da ABASOLOAN dirurik ez ondarerik ez badago, atean-atean eskatu, harik eta gure leinuaren “abasoloa” hornitu arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude