Azken agurra, erdaraz?

Azken agurra, erdaraz? –

Berria egunkarira Arantza Retolaza lekeitiarrak bidalitako gutuna, irailaren 13an argitaratua.

Ustekabeak horrela etortzen dira, uste izan gabe. Eta gure sendian, irailaren 1ean, hala gertatu zitzaigun. Sekulako kolpe latza eta mingarria: amaren heriotza.

Gure ama, Lekittoko emakume ezaguna, alaia, eskuzabala eta, beste edozeren gainetik, «Arranegittarra» izan da. Ama bikaina, amuma ezin hobea eta herritar askorentzat, egunerokotasunean, lau berba pozik trukatzen dituzun emakume horietakoa.

Bere heriotzak, herriko jaietako lehenengo egunean, danbada baten modura, barru asko astindu zituen, mozorroak mozorro eta txarangak txaranga, bihotz zatitxo bana triste ipiniz ezagutzen zutenen eta gintuztenen artean.

Bere hileta elizkizuna irailaren 3an izan zen, domekaz gure herrian ez baitago hiletarik egiteko aukerarik.

Azken agurra, erdaraz?Amaren azken borondatea bete nahian, uste onenean, hiru seme-alabok herriko eliza nagusian agurtzea erabaki genuen.

Hileta baino pare bat ordu lehenago, abadeak mugikorrera deitu zidan, amaren inguruan apur bat hitz egiteko. Eta hala egin nion.

Eliza aurrera heldu ginen, geldika-geldika, nire aitaren urrats geldoak bidea markatzen zuelarik. Eliza inguruan, familia, lagunak eta ezagunak azken agurra ematera hurbildu zitzaizkigun. Jende andana. Eskerrik asko bene-benetan.

Meza hasi eta oso gutxira, negarrari ezin eutsirik eta amaren errautsen aurrean, barruan berriro beste danbateko handi bat sentitu nuen. Zer, eta abadea erdara gogorrean entzuten hasi nintzenean. Hasieran, nire egoera emozionala pasaje txar bat pasatzen ari zitzaidala uste banuen ere, nire ingurura begiratu eta elkarren arteko begiradek dena esaten zuten.

Abadeak erdaraz ekitea erabaki zuen. Guri ezer esan gabe. Elizan batu ginen euskaldun guztion borondatearen kontra. Gure familiaren borondatearen kontra. Nire amaren azken borondatearen kontra.

Amorruari ezin eutsita egon nintzen. Amorru bi. Amaren bat-bateko agurra eta elizaren euskararen kontrako erasoa.

Ezin bueltarik emanda nago. Gauza biei. Latza da gero! Azken agurrean ere erdaraz? Ez, hori ez! Ez dadila berriro errepikatu, arren. Zergatik? galdetu nion abadeari, eskuak eman eta bakea eskaintzen zidan unean. Udatiar asko omen elizan. Barkatu, esan nion, baina gu lekittarrak gara. Euskaldunak. Eta gure amaren aldeko meza elizkizuna da. Amorruz beteta nengoen.

Eskerrik asko, ama, eman diguzun guztiagatik, gure hizkuntza eder hau eta beronekiko maitasuna barne.

Agur, ama. Bakean deskantsa. Asko maite zaittugu.

Azken agurra, erdaraz?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

7 pentsamendu “Azken agurra, erdaraz?”-ri buruz

  • Inferioritate konplexua gainetik kendu beharra dago lehenbailehen. Altxa eta gelditu elizkizuna, ez dago justifikaziorik horrelako umiliazioa jasateko!

  • Elizkizunak ikuskizun.
    Inolako errorik edo bertakotzeko asmorik ez duten udatiarrei zuzendua.
    Azken agurraren erabateko debaluazioa.
    Ikaragarria!

  • euskaldun bat 2018-09-18 19:06

    Gogorra benetan!

  • Heziketa onarena muinetaraino sartu digute, baina TALKA-GATAZKA izan ezean, ez dago aldaketarako-zuzenketarako aukerarik.

  • Bertoko Elizak ere, sumisio bikoitza erein du gehienetan, eta areago eskuin muturreko unionistek kontrola berreskuratu dutenetik: errotiko sumisio integrala batetik (botereari men egiteko ohitura), eta españolari sumisioa, berriro ere.

  • euskaldun bat 2018-09-19 20:12

    Eta aniztasunaren goraipamena ez ote da heziketa on horren zantzuetako bat? Zer diozue?

  • Nafarroako mendialdean, mezak euskaraz egiten zituzten herrietan, duela urte batzuk jarraibidea eman zuten hileta elizkizunak ele bitan egiteko. Aitzitik, Nafarroan erdara hutsean egiten zituzten tokietan, ez zuten halako jarraibiderik jaso.