Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da EITBren gaztelaniazko kateetan

Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da EITBren gaztelaniazko kateetan –

Hizkuntza bietan egingo dugu elkarrizketa?”

Orain dela hilabete batzuk kaleratu zuen EITBk EHUrekin batera osatu duen EITBren Estilo Liburua. Ataletako baten izenburua da “Adierazpenen Hizkuntza-Tratamendua”. Euskara eta gaztelania kate batzuetan eta besteetan nola txertatu zehazten du, hainbat irizpide proposatuz (zenbat segunduz sar daitekeen, nola zuzendu elkarrizketatuei…). Kapituluan agertzen denaren oinarria 2016ko hasieran kaleratu zen izen bereko dokumentuan dago. Dokumentu hark eta bere abiapuntuak aurrerapausoa suposatu zuen, praktikan euskarari toki handiagoa eman zitzaiolako erderazko kateetan. Baina, gaur da eguna Estilo Liburuan ezarri diren irizpide berriek atzerapausoa ekarri dutena euskara normalizatzerako orduan.

Araudi berria aplikatuz gero, zailagoa izango da aurrerantzean euskara Radio Euskadi, ETB2 eta Radio Vitorian entzutea. Zergatik? Azpimarra dezagun aldaketa, biak aurrez aurre jarrita.

.

Sarrera: bakoitzean dagokion hizkuntza

Lehen:

EiTBk euskarazko eta gaztelaniazko kanalak ekoizten ditu (…). Hori ez da eragozpen EiTBk —euskararen normalizazioan eta prestigioan dagokion zereginari helduta— euskara ikusgai egin dezan gaztelaniazko kanaletan, batez ere orain, sustapen-planei esker euskal gizartearen parte geroz eta adierazgarriago batek bizitza publikoan eta pribatuan euskaraz egiten duen honetan.

Orain:

EiTBk euskarazko eta gaztelaniazko kanalak ekoizten ditu (…) EiTBko profesionalaren ardura izango da edukia emitituko den kanalari dagokion hizkuntzako adierazpenak lortzea, elkarrizketatuaren borondatea errespetatuta.

.

Elkarrizketatuari galdera: gaztelaniari ezetz egin beharra

Lehen:

Nola nahi duzu, euskaraz, gaztelaniaz, edo bietara?

Orain:

Hizkuntza bietan egingo dugu elkarrizketa?

.

Oztopo berriak: audientzia kaltetu gabe

Estilo Liburuak aurretik agertu ez ziren bi esaldi erantsi ditu:

  • Helburua da euskal gizartearen errealitate elebiduna ikusgai egitea eta euskara prestigiatzea, betiere interes informatiboaren eta audientzien kaltetan izan gabe.
  • Kazetariak hizkuntza bietan mintzatzera gonbidatuko du elkarrizketatua. Elkarrizketatuak hizkuntza bakarrean egitea aukeratzen badu, EiTBk errespetatu egingo du erabaki hori.

.

Mantentzen direnak: euskaraz gazteekin eta arnasguneetan

Estilo Liburuak mantendu egin ditu aurreko dokumentuan agertzen ziren hainbat puntu:

  • EiTBren euskara-planean jaso bezala, euskara lehenetsiko da aurretiko kontaktuan, batik bat solaskidea Euskal Herriko erakunde batekoa denean.
  • Politikari, artista, kirolari, aditu eta gainerako aurpegi ezagunak hedabideetan euskaraz hitz egiten ateratzeak hizkuntzari prestigioa eman diezaioke, interes informatiboari iruzur egin ezean, behintzat.
  • Haur, nerabe eta gazteen kasuan, euskarazko testimonioei emango zaie lehentasuna EiTBren hedabideetan. Berdin jokatuko da euskaraz jario erraza eta gaztelaniaz, ordea, komunikazio-ahalmen murritza dutenen kasuan.
  • Euskara nagusi den herrien kasuan, herriko bizitza ukitzen duten gaietan, euskarazko testimonioei emango zaie lehentasuna EiTBren hedabideetan.

.

Arazoa: ezezkoa eman beharra

Aldaketa nagusia elkarrizketatuari egin beharreko galderan datza. Lehen, elkarrizketatuari hiru aukera ematen zitzaizkion, euskara, gaztelania ala biak. Hala, erantzuna askea zen, bideratu gabea. Orain, aldiz, bi hizkuntzetan egiteko eskatzen zaio –galdera moduan–, eta beraz, euskaraz soilik egin nahi duenak “Ez” erantzun behar du. Ezaguna da euskaldun gehienek arazorik ez dutela jartzen erderaz egiteko eskatzen zaienean. Lehen erabaki bat hartzea zena, orain uko batetik hasten da. Gauzak horrela, erderazko telebista eta irratietan euskara gutxiago entzungo da.

.

Audientziari beldur

Estilo Liburuak audientzia uxatzeko beldurra aipatzen du. Zerikusia izan du euskararen presentzia gutxitzerako orduan nahiz eta 2015eko uztailean hau zioen EITBk: “Hainbat ikerketa eta txosten kualitatibok agerian utzi dute euskal audientziak begi onez ikusten duela euskarari leihoa zabaltzea gaztelaniazko hedabideetan, euskal gizartearen parte geroz eta adierazgarriago batek bizitza publikoan eta pribatuan euskaraz egiten duen honetan”. Txostenak ez dira argitaratu. Ez dakigu berrazterketa baten ondorioa izan den jarrera aldaketa.

Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da  Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da  Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da  Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da

Ekaitza bainuontzi batean

6 pentsamendu “Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da EITBren gaztelaniazko kateetan”-ri buruz

  • “Erdarazko telebista eta irratietan euskara gutxiago entzungo da” EUSKALDUNEK EZ BADIOTE ERDARAZ EGITEARI UKO EGITEN.

    Gauzak honela, betikora itzultzen gara: euskarak eta Euskal Herriak iraungo du, soilik euskaldunok nahikoa indar eta determinazio badugu gure hizkuntza eta herria arrotzaren gainetik jartzeko, bizitzako jarrera txikienetik hasita.

    Maila batetik gorako politika eta ekonomia ez bezala, eguneroko hautuek gure txikian gauzak aldatzeko boterea ematen digute, kontsumitzen duguna eta darabilgun hizkuntza bezala. Hau bai dagoela gure esku!

    • Alpargatero 2017-06-13 08:15

      Baina herritar gehienak ez dira militanteak, eta ez dira inoiz izango. Kazetari batek bietan egiteko erregutzen badizu, oso jarrera irmoa eta militantea erakutsi behar da ezetz esateko, eta hori beti gutxiengo baten jarrera izango da.

      • Ba bide ederretik goaz, alferrik baita EITBri edo beste edozeini errua botatzea, azkenean euskaldunak direnean beraien hizkuntzaren defentsari uko egiten dioten lehenak. Lehen lehenik autokritika eta pedagogia egin behar dugu gure artean, eta pentsatzen dugunarekin kontsekuente izaten hasten garenean eskatu kontuak bizilagunari

        • Zeharo ados gure artean autokritika eta pedagogia egin beharraz. Ulertzen ez dudana da zergatik uzten duzun euskal telebista ahalegin horretatik kanpo. Ez al da ba bera ere “gure artekoa”?

          • Ez dut EITB ahalegin horretatik kanpo uzteko asmorik izan, barka hala ulertu bada. Baina denok dakiguna da EITBko erabakiak kalkulu politiko hutsen arabera egiten direla, telebista publiko fuldamentuzkoek ez bezala (BBC adibidez), bertan beste irizpide batzuk kontutan hartzen direlarik. Kalkulu horiek telebistan agertzen direnen, kontsumitzaileen eta zabaldutakoaren arabera egien dira. Eta hor sartzen gara gu, gure (euskaldunon, ez militanteon) jarrera aldatu ezean alferrik gabiltza EITBri kontuak eskatzen, hor goian agintzen dagoenak ez du eta ezer arriskatuko bere burua konpromezuan jarriz.

            Gure agintari politikoek (kolore guztietakoek) beraietaz ez fidatzeko nahikoa arrazoi eman dizkigute, guk egiten ez badugu, jai du heri honek

  • EiTB bera da herritarron hizkuntza jarrera pasiboen eta menpekoen eragile, ETB2, Gaztea eta Radio Euscañí besteak baino gehiago. Areago, “euskal” irrati-kate erdaldun horretan, bada zeharka euskararen aurkako mezuak hedatzen dituen esatari ezagunik ere.
    Herritar gehien gehienon jarrerak eta iritzia kontsumitzen ditugun hedabideek baldintzatuta daude, gurpil zoro batean. Norbanakooi etengabe haize kontra jarduteko eskatzea libre da, baina gure buruei iruzur egitea ere bada.