Arnasguneak non?

ARNASGUNEAK NON? –

Arnasguneak non?

Hirurogei urte beteko dira aurki, Arantzazu alde horretatik iragartzen hasi zirela, euskara baserri girotik atera eta kalean sustraitzeko ezin besteko beharraz.  Tesi horiek aurrera egin zuten, -eskerrak-, eta zeharo nagusituta ikusten ditugu gaur. Halere, topikoaren indarra hain izan ohi da handia, oharkabean eragiten digula behin eta berriz, ohartuki onartuta dugunaren aurkakorantz bultzatuz. Arnasguneez ari naiz.

Euskarak arnasguneak behar ditu, hots, euskara naturaltasunez eta oztoporik gabe, nagusituta jarioko den uneak. Uneak? Lurraldeak? Esparruak? Topiko zaharraren indarrak arnasgune horiek baserri giroan kokatzera garamatza esan bezala. Arnasguneak esan eta berehala UEMA eta baserri giroa datozkigu burura, duela hirurogei urteko kaletartze asmoak  ahaztuta. Noski, giro hori babestu beharra dago, ez dut hori ukatuko, baina hor bakarrik behar al ditugu arnasguneak? Hor behar al ditugu arnasguneak nagusiki? Horiek al dira euskarari arnas emateko  une eraginkorrenak? Euskara hutsean funtzionatuko duen abesbatza,  kirol taldea edo elkarte gastronomikoa ez al dira arnasgune? Gehiago esango nuke, ez al dira gaur egun arnasgunerik eraginkorrenak? Eta zenbat dira horrelako?

Orain nagoen plaza hau, lurralde aldetik metro karratu bakarra ez duen plaza hau ez al da gaur egun euskararen arnasgune handienetako bat, handiena ez bada? Asko dago egiteko, indarrak eta baliabideak mugatuak dira eta komeni da ez xahutzea eta ongi pentsatuta erabiltzea.  Ezer egiten hasterako, har dezagun beraz aintzat, arnasguneak ez direla derrigor beti baserri giroan sortu behar. Ezta nagusiki ere, esango nuke.

Arnasguneak non?

5 pentsamendu “Arnasguneak non?”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2017-07-05 16:10

    Arrazoi guztia dezula uste det nik ere.

  • Guztiak behar ditu hizkuntza gutxitu batez baliatzen den gizataldeak:
    Arnasgune fisikoak.
    Arnasgune geografikoak.
    Arnasgune sinbolikoak…
    Eta Hizkuntza Politiko egoki batekin ezin errazago antola litezkeenak: ARNASGUNE BIRTUALAK.
    Bai, telebista eta irratia bezalako ARNASGUNE BIRTUALA, euskaraz mintzatuko litzatekeena eta EUSKARA HUTSEZ entzuteko aukera eman beharko lukeena.
    Eta “euskal kultura” garatzen laguntzeko balio lezakeena.
    Eta aldi berean, EUSKARAREN BITARTEZ, Hegoaldea eta Iparraldea, Mendebaldeko jendea eta Ekialdekoa eta Erdialdekoa BATU egin litzakeena eta Euskal Herri delako hau HERRI BAKARRA dela sentiaraz lezakeena.
    ARNASGUNE BIRTUALA, inolako zerikusirik ez duena egungo ETB1 arrotz horrekin.
    Hori ulertu ezean… jai-jai!

    • Bai, hala da eta hala behar luke, baina badakigu zer dagoen. Gure erakundeak euskaltzaletuko diren eguna heldu bitarte, gure esku dago norberaren inguruan arnasgune txiki batzuk eratzen hastea. Zoritxarrez anitz eratzeko adina asti izango dugu.

  • Baserririk gabe ez dago arnasgunerik. Euskara bakarrik ez, Geu ere baserritar geratu bagina euskaraz arnastuko genuke, jan, edan eta bizi.
    Hiriak ez du ezer salbatuko, dena txikitzen ari delako,ez dakielako ingurua suntsitu gabe irauten, bizitza bere espresio guztietan arrisku larrian jartzen ari da Hiria, eta bizitzarik gabe Euskarak irautea zaila izango da, ezinezkoa fosilizatua ez ba da.

    • Ez naiz uste berekoa baina hala hobe, esparru guztiak landu beharra dagoenez gero. Zoaz baserri girora eta egizu bertan zurea, galtza bete lan dago eta bazter guztietan.