Arnasguneak Kartzelan

Arnasguneak Kartzelan –

Euskalgintzatik beti egin zaie gorazarre, logikoa den bezala, erdaldundutako eremuetan euskaraz bizi diren hiztunei. Baina oraingoan beste perspektiba bat proposatu digu UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) “Arnasa gara” kanpainaren bitartez: proiektuaren helburua euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea da, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz.

Arnasguneak Kartzelan

Kanpainak bitarteko ezberdinak baliatuko ditu, eta elementu azpimarragarrienetako bat da Kartzela serie digitala. Herrietan egingo dituzten aurkezpenetan proiektatuko dute, bertan parte hartu duten aktoreen hitzartzeak ere baliatuz. Hiru Damatxo ekoiztetxeak sortu du Kartzela, eta zazpi atal izango ditu. UEMAk seriearen abiapuntua zein izango den eman du jakitera: “Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ostean BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, eta arnasguneetako herritarrak dira guztiak. BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Izaera eta jatorri desberdina duten sei lagun dira”.

Arnasguneak Kartzelan

Serie honek izango duen beste berezitasun bat gidoia izango da. UEMAk hamaika parte-hartze prozesu burutu ditu mankomunitatea osatzen duten 82 herrietan, eta esperientzia horretatik ateratako bizipen, datu eta elkarrizketatik elikatu da gidoia, arnasguneekin lotutako zenbait gai zuzenean edo zeharka lantzeko telesailean zehar:

  • Adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak.
  • Euskara eta euskal kultura bereziki baloratzen ez duen gaztea vs jarrera kontzienteagoak.
  • Beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak. Haiek bizi dituzten egoerak, integrazioarentzat oztopo direnak.
  • Arnasguneetako pertsonek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna.
  • Ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera.
  • Hitanoaren erabilera eta generoa.
  • Pertsonaiei dagokienez, aurre egiten diete aurreiritziei. Arnasguneetakoak dira, baina era askotakoak eta horrek argazki aberats bat ematen du, topikoak hautsiz.

“Arnasa gara” kanpainak bi fase izango dituela adierazi dute sustatzaileek. Lehenengoan arnasguneen aitortza eta ahalduntzea bilatuko da, eta horren baitan kokatzen da, besteak beste, Kartzela. Kanpainaren bigarren fasean mezua Euskal Herriko gainerako herritarrentzat izango da. Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da, eta EiTBk zabalkunde horretan lagunduko du, arnasguneen gaineko mezua gune horietan bizi ez diren herritarrei helarazi asmoz.

Ekimen honek badu beste indargune adierazgarri bat. Euskal Herriaren zatiketaren ondorioz dauzkagun hiru administrazioak (Trebiñurekin lau) elkarlanean arituko dira: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa. Euskaraldian ere halaxe aritu dira aipatutako instituzioak elkarlanean, eta begi bistakoa da zeinen emaitza onak eman dituen elkarri begira lan egiteak, elkarri bizkarra ematen Madrilera edo Parisera begira egon ordez.

“Arnasa hartu eta putz egin, biak batera ezin”, dio atsotitz batek. Hori asmatu zuenak ez zituen albokariak ezagutzen; eta UEMA ere ez.

 

Arnasa gara. Hedabideentzako prentsa dossierra (PDFan)

Arnasa gara kanpainaren webgunea: www.arnasagara.eus

Sare bideak:
· Twitter: @ArnasaGara
· Instagram: @ArnasaGara
· Facebook: Arnasa Gara
· Mastodon: @ArnasaGara

Arnasguneak Kartzelan
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

2 pentsamendu “Arnasguneak Kartzelan”-ri buruz

  • “Euskalgintzatik beti egin zaie gorazarre, logikoa den bezala, erdaldundutako eremuetan euskaraz bizi diren hiztunei”

    Azaldu hori apur bat hobeto, Beñat, ze Bilbon euskaraz bizi den pertsona moduan ez dut sekula ikusi horrelakorik; aldiz, abandonatu samar gaudela esango nuke. Beste kontu bat da euskaldunberriak oro har goraipatzea, baina horien gehiengo handia ez da euskaraz bizi.

  • Beñat Hach Embarek Irizar

    Beti izan dut inpresioa euskalgintzak euskaldunberria eredu gisa aurkezten duela, baina baita ere gune erdaldunduetan euskaraz bizi den jendeari. Eredu, inguru guztia kontra izan eta horretara bultzatu arren, hizkuntzari eusten diona. “Espalotik jaisten ez dena”.

    Dena den, zu zara Bilbon bizi den euskalduna, eta hala bizi izan baduzu, ziur baduzula arrazoitik.

    Segi Bilbon arnasguneak sortzen, ondo izan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude