Arnasguneak gogoetagai

Arnasguneak gogoetagai –

Dakizuen bezala, oraindik orain Nafarroako eta EAEko erakundeetako ordezkariak Etxarri-Aranatzen izan dira, nagusiki edo behintzat modu nabarian euskaraz bizi diren herriek duten garrantzia aitortzeko eta balioztatzeko, eta halakoek erreferentzia izaten jarrai dezaten bultzada emateko. Zergatik ikusi da horren beharra?, arnasguneetako euskararen erabilera-datuek okerrera egiten dihardutelako. Egin dezagun gogoeta poxi bat arnasguneen garrantziaz.

Arnasguneak gogoetagai

Hasteko, aitortu behar dut arnasguneen kontu honek aspalditik irudi desatseginak sortu izan dizkidala gogoan: Ameriketako indio erreserbak, Hego Afrikako bantustanak… Bai, badakit ezberdinak direla hiru errealitateak, eta horien artean lotura arrazional handiegirik ez dagoela, nire garun irrazionalaren irudikeriaren ondorio baino ez direla, baina ez dezadan azkarregi gogoeta bertan behera utzi.

Etxarri-Aranatzek bi mila eta bostehun bat biztanle ditu. Kontsultaturiko informazio-iturriek engainatzen ez bagaituzte, horietatik euskaldunak lautik hiru edo dira, hots, bi mila inguru, eta erabilerari dagokionez, bi solasalditik kasik bat, euskaraz egiten da. Bistan dagoenez, ezagutza horrekin erabilera hori altua da. Datu zehatz gehiago beharko genituzke egoera soziolinguistikoaz erretratu osatuagoa izateko. Pare bat mila euskaldun horietatik zenbatek egingo ote dute bizitza nagusiki Etxarri Aranatzen? Batzuk Altsasura joango dira lanera, beste batzuk Iruñera. Uste izatekoa da euskaldun horiei egunaren buruan maiz gertatuko zaiela gaztelaniaz egin beharra, eta, beharbada, bizi diren baldintza soziolinguistikoetan, askoz gehiagotan ere ezin dute euskara erabili. Eta baliteke, beharturik, erdaraz egiteko ohitura hartu izana -gurean erdaraz ondo ez dakiena, benetan errukarria da-, eta euskara gero eta atzenduago eta kamutsago izatea eta horregatik gutxiago erabiltzea.

Orduan, gauzak horrela, arnasguneetako euskaldun batek baino gehiagok pentsa dezake: zergatik esaten ari zaizkigu instituzioetatik, mendeetan gutxietsiak eta baztertuak eta jazarriak izan garen euskaldunon hizkuntza hau atxiki dugulako pribilegiatuak garela, eta horregatik erantzukizuna ere badugula euskara gehiagotan erabiltzeko, euskaldun txarrak izan nahi ez badugu! Zergatik ez dituzte baldintza egokiagoak bermatzen euskara gehiagotan erabili ahal izan dezagun? 

Euskaldunok erdara derrigor ikasi behar izan dugu, eta gaurko egunean ere derrigor erabili beharrean gara hainbat instituzio publikotan, eta zer esanik ez pribatuetan, eta gainera instituzioek berek aditzera ematen digute, gehienetan, era batera edo bestera -esaterako, ETB2ren bitartez, euskaraz hobeki moldatzen diren elebidunak ere erdaraz mintzatzera gonbidaturik-, biak ditugula gureak, eta horrenbestez, biak erabili behar ditugula, udalerri euskaldunetan eta ez direnetan, eta orain zer da-eta, arnasguneek gero eta arnas euskaldun gutxiago dutela eta, euskaraz egitera adoretzen gaituzte! Kontraesanak?, hipokrisia?

Batzuek nahiago dugu euskaraz hitz egin eta euskaraz idatzi erdaraz baino, eta ez daukagu inork esan beharrik euskaraz egiteko, eta halakoak badaude udalerri euskaldunetan eta ez euskaldunetan ere, eta hala jarraituko dugu/dute, baina ez zait koherentea iruditzen helmuga bezala guztiz ezinezkoa den elebitasun orekatua duten erakundeetako ordezkariek udalerri euskaldunetako euskaldunei koherenteak izatea galdegitea. 

Koherentzia gehiago ikusiko nuke udalerri ez euskaldunetan -denok dakigu zenbat erdal arnasgune dauden!-, eta batez ere gure lau hirietan -Euskal Herri penintsularraz ari naiz-, benetako kanpaina eraginkorrak egingo balituzte instituzioek, haiek gero eta euskaldunagoak izan daitezen, eta kanpainekin batean, baliabideak eta neurriak hartuko balituzte, euskararen erabilerak behera egin beharrean gora egin dezan. 

Hala egitera, ziur egon, egun euskal arnasa galduz doazen arnasguneak ere  arnasberrituko lirateke erabilera areagotuz, eta euskararen ardura arnasguneetako euskaldunen gain egotetik denon bizkar gainera egotera igaroko litzateke. 

Euskal udalerriak ez dut uste behiala, Errenazimentuaren hasmentan, Italian errepublikak izan ziren bezalatsuko udalerri aske euskaldunak izan daitezkeenik, egun indarrean dauden legeekin; denak ere, 1978ko Konstituzio espainiarrentzat sakratutik eratorritakoak, eta egungo joan-etorri guztiz hedatuak kontuan harturik, eta halakoak gero eta euskal arnas gutxiagorekin gera litezke, pixkanaka lurralde osora hedatuz joan ezean. 

Arnasguneak gogoetagai

Arnasguneak gogoetagai

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

4 pentsamendu “Arnasguneak gogoetagai”-ri buruz

  • Arnasguneak direla eta, zerbait garrantzizko utzi du aipatu gabe artikuluak.

    Alegia, arnasguneak, Euskal Herriak ezinbestean behar dituen hizkuntz arnasa hartzeko guneak, ez dira hamaika herritara mugatzen. Edo hobeto esanda, ez lirateke geografi puntu huts horietara mugatu beharko.

    Sartaldeko Erkidegoko Administrazio elbarri honi interesatzen ez bazaio ere, arnasgune indartsu izan beharko lukete euskarazko komunikabide publikoek ere. Egiazki, zinezko eta eguneroko eta orduoroko arnasgune izan litezkeelako izan beharko lukete bereziki zaindu beharreko arnasgune. Arnasgune birtualak, ez geografikoak, baina erabateko arnasguneak, asteburuetako turismo linguistikoa egiteko itxaronarazten ez dutenak.

    Eta errepikatu behar da: euskarazko irratia eta telebista publikoak dozena bat herri txiki baino arnasgune emankorragoak eta eragingarriagoak izan litezke eta izan beharko lukete, zalantzarik gabe.

    Ez dute asko behar horretarako. Aurrekontuak eta langile-kopurua areagotzea, batetik, eta programazio erakargarri eta duin bat eskaintzea, bestetik. Eta balio erantsi gisara, batzokiaren ahotsa izateari utziko baliote, are hobe.

    Edonola ere komunikabideetan eta, batik bat, telebista-kutxaren barnean bizirik legokeen arnasgune birtual horrek mila abantaila izan litzake eta mila aukera eskaini aldi berean:
    – Euskal gizartearen hizkuntzaren eta kulturaren erreferentzia nagusia izan liteke,
    – Kalitatezko euskara batuaren ispilua izan liteke,
    – Euskara zuzen eta aberatsagoaren eredua eman lezake,
    – Hizkuntz txokokerien pandemiaren aurkako txertoa izan liteke
    – Euskal historia eta kultura landu litzake,
    – Euskal Herriko eta Euskal Herriaren geografia erakutsi litzake,
    – Ipar eta sortaldeko lurraldeekiko loturak areagotu litzake,
    – Euskara eta euskal kulturaren aurkako topikoen gezurtatze-tresna izan liteke,
    – Eta abar, eta abar, eta abar

    Baina badirudi gure Administrazioak ez duela ikasi nahi, euskara normaltzen hasteko, EUSKARA dela erdarazko medioetan sartu behar dena, bai albistegietan eta bai gainerako saioetan, eta ez, inondik ere, gaztelania euskarazkoetan edo, okerrago dena, euskaraz dugun telebista-kate bakarrean.

    Ildo horretan, Administrazioaren borondate-faltaren edota, kasurik hoberenean, miopia kronikoaren adierazlea da ETB1ekin gertatzen ari dena: kirolak nagusi, zozokeriak noiznahi, saio-errepikapenak etengabe…

    Eta esanguratsuena eta jasanezinena, “Gaur egun”-etan aplikatzen zaigun tortura linguistikoa: saio bat bera ere ez dago non gaztelaniadunen mintzaldiak barra-barra agertzen ez diren, betiere bikoizketarik gabe baina, hori bai, inork irakurtzen ez dituen euskarazko errotuluez lagunduta. Inork ez daki nola, baina ETB1ek beti aurkitzen du bere “Gaur egun”-etarako monolingue espainolik edo, haien faltan, gaztelaniaz mintzatzeko prest dauden euskaldun txit prestuak.

    Eta ez dago tonalitate euskaldun hutsa duen “Gaur egun”-ik, guztietan agertuko baitira kaleko errealismo diglosiko bortitza gogorarazi nahi dizuten albisteak.

    Ikusteko gaude oraindik horren antzeko jokamolderik ondoko hizkuntza hegemonikoetan: Madrileko edo Parisko albistegietan, esate baterako, basko bat euskaraz, irudia azpi-errotuluz josita. Eta sistematikoki gainera.

    Horregatik, eta zuzen pentsatzen hasita, susmatzekoa da ez diola jokabide orokortu horrek erreportari edo editoreen ekimen hutsari erantzuten eta bai, ordea, hierarkikoki gorago hartutako erabaki politikoren bati, hain bailitzateke ederra eta paradisiakoa Hegoaldeko euskaldunok belarrien bidez ulertzen dugun beste hizkuntza horren penetrazio koipeztatuak normala bezain ohikoa egin liezagun gizarte-elebitasun orekatuaren gezurra!

    Jakina, eleaniztasunak eleaniztasun, jokabide hori ez da baliatzen alemanerazko, ingelesezko edota hurbilago dugun frantsesezko edo bestelako hizkuntzetako mintzaldiekin, halako kasuetan aldi bereko bikoizketa egiten baita, denok uler dezagun gureak ez bide diren hizkuntza misteriotsu horietan esandakoa.

    Anekdota dirudien horretatik harago doa, beraz, jokamolde horren bitartez “gure” ETB1 delakoa eta hura bideratzen duen Hizkuntz Politikako Saila adierazten ari direna: 1) Iparraldeko euskaldunak bost axola zaizkiela. 2) Hegoaldeko euskaldunak, beste bost. 3) Beste horrenbeste, euskaraz ikasten ari direnak eta euskaraz ikasi nahi dutenak. 4) Eta ez gutxiago, Euskal komunitatea trinkotzeko arazoa.
    Epe laburrean, euskaraz bizitzeko erabakia aintzat hartu nahi ez duen jokamolde horrek beste hainbat gauza ere azaleratzen ditu, lehendabizikoa, adibidez, hizkuntz normalkuntzarako erreferentzia eta eredu izatea baztertuta, euskararen pidginizazioa, euskañol bertsioan, sustatzen ari zaigula ETB1.

    Eta horrezaz gainera, eta epe ez oso luze batera begira, hizkuntz ordezkapena ere bultzatzen dabiltzala “gure” ETB1en ardura duen Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailetik, egitez edo ez egitez, euskara hizkuntza zeharo subalterno eta ordezkagarri bilakatzen ari baitira.

    Gaizki pentsatzen hasita ere, goragoko konklusiora iritsi gaitezke nahi gabe, hau da, zinez interesatzen zaiena (besteren artean, seguruenik) gizarte-elebitasun orekatuaren sinesmena zabaltzea dela, hartarako mezu subliminalak, saio atseginak edo ETB1 ikustetik desertzio masiboak bultzatu edo baliatu behar badira ere.

    Beraz, batzuetan ofizialki aldarrikatu izan dutena inoiz sinestera iritsiko bagara (ilusioz, lankidetzan, elkarrekin pentsatuz, erabakiak adostuz…), ETB1 benetako HIZKUNTZ ARNASGUNE BIRTUAL bihurtzea dute lehen urratsa.

    Gauza errazagorik, nekez!

  • Meredith, zu ez zara ezertaz enteratu. ETB komunitate autonomo bateko alderdi regionalista erdaldun baten telebista da, ez Euskal Herriko ikus-entzunezko hedabide nagusia. Zure ametsetako telebista hori beste zerbait izan beharko da.

  • Kaixo Meredith
    Zure EITBren aldeko aldarrikapenarekin bat egiten dut, baina kontuan izan behar dugu denok badugula gure sakelekoan interneta duen telefono adimenduna, alegia, interneteko edukiei lehentasuna eman behar diegu. EITBk internet eta telebistaren arteko “nahasketa” egin eta erabiltzaileok euskarazko edukiak sortu beharko genituzke.

    Adibidez, Gaztea irratiak badu Instagrameko kontua non elkarrizketak igotzen dituen.

  • Beste gauzatxo bat iruzkintzea ahaztu zait. Euskarazko tokiko telebisten aplikazioa bateratua sortu beharko litzateke. Horrela, interneta duten telebistetan (eta orokorrean interneta eta pantaila duten gailu guztietan) kate horiek guztiak ikusteko aukera izango genuke.