“Arnas dezagun” manifestua

“Arnas dezagun” manifestua –

“Arnas dezagun” ekimena azaroaren 27an aurkeztu zen. Ez nuen horren berri Argian  “Ez sakabanatu haur euskalhiztunak” artikulua irakurri arte, duela aste batzuk. Irakurri dut manifestua, ikusi dut zenbat babesle eta sinatzaile bildu dituen.  Manifestuari buruzko nire gogoetak plazaratu nahi ditut.

Manifestuak aditzera ematen du larritasun bat, ezinegon bat, desio euskaltzale bat, urgentzia bat: eskoletan ere, euskararen gaitasuna eta erabilera behera doa. Azterketa soziolingusitikoek horrela diote. Biziberritu beharreko egoera. Ados. Baina iruditzen zait aztertu beharko dela aipatzen den egoeraren zergaitiak, ematen diren arrazoiak, ereiten den bizi-nahia eta egiten den proposamena: zein punturaino ez ote diren askitasun mailara iristen, ez ote duten bestelako (zuzenagoak diren) posibilitateak baztertzen, eta baita ere ez ote duen dokumentuak zirrikitu arriskutsuak irekita uzten.

“Arnas dezagun” manifestua

 

1.- Zergatik hasi D ereduko irakasleei esker ona eta aitortza ematen? Eta ikastolak sortu zituzten guraso erdaldunei? Eta ikastolan euskaldundu diren haur jatorriz erdaldunei? Zergatik D ereduko irakasleei eta ez A ereduko irakasle eredugarriei (Adibidez Jon Etxabe, Burgosko epaiketan kondenatua, euskaltzale amorratua… A ereduan ibili zen irakasle, eta seguru nago Jon Etxabek euskararekiko amodioa (motibazioa) transmititzeko gai izan zela…) A ereduko irakasle euskaltzaleak mereziko lukete txalorik handienetako bat, eta ikastola askoren sortzaileak izan diren guraso (eta bereziki ama) erdaldunak.

 

2.- Azken urteotan, esaten da, “euskarazko gaitasuna eta erabilera maldan behera doazelako argi gorri guztiak piztu dira”. Ados nago, baina, orduan azaldu beharko da zergatik egiten zaie D ereduko irakasleei bereziki aitortza eta esker ona!

Eta ados nago “maldan behera doazela gaitasuna eta erabilera”, baina, honetan ere, besteen artean, bi gogoeta azpimarratu nahi dut:

a) Noiztik doa maldan behera? (Gogoratzen naiz 1975-1979 urteetan [1975-1979 urteetan Donostiako Ikasbide Ikastolako irakasle izan nintzen. Ikastola horretan jatorriz erdaldunak ziren haur dexente zeuden eta guraso asko donostiar erdaldunak ziren], errekreo orduan irakasle-andereino askoren esaera errepikatua zen: Euskaraz!. Haurrak (3-10 urte bitartekoak) erdaraz hasten ziren jolasten eta orduan, andereinoaren agindua: euskaraz!). Batzutan andereinoak sartzen ziren jokoan…eta orduan haurrak lasai aski eta pozik lerratzen ziren euskarara. Ikastola horretan jarri zen lehen aldiz martxan “Kaldereroen festa eskolarra, Amarako auzo guztian barrena “caldereros semos de la hungria” kantatzen giro guztiz euskaldun batean. Noski, andereinoak munduko emakume ederrenak ziren beren jantziekin eta gizonak kasi are ederragoak mozorrotuak…. eta dena euskara giro batean. Txabol Sotoa egiten genuen xoxak ateratzeko ikastolarako. Guraso guztien parte hartzearekin, eta gaztelera erabiltzen zen noski, baina giroa, Amara Auzoan, nobedade euskaldun bizi bat zen. Adibideak infinitoak dira, garai hartakoak eta oraingoak. Eta klabeetako bat azaltzen zaigu, nik uste, eta hauxe da: Jolastu haurrekin eskolan euskaraz, bihurtu jolas bat ikasgai guztiak, paso egin kurrikulumatik eta exijentzia ofizialetatik, bihurtu eskola bizitza apasionagarria, alaia, inoiz ez atentzioa deitu erderak erabiltzeagatik, baina bizipenak, oroimenean gelditzen diren bizipen atseginak, egon daitezela euskararekin lotuak, izan daitezela aldi berean euskararen bizipenak. Nire lagun batek, Joxe Mari Sanchez Carrion “Txepetx”-ek, idatzi zuen behin gogoeta psikopedagogikoak, eta horietako batean hauxe zioen:

“9.- Haurrak euskararekin bizipen atseginak bizi izan dituenean, funtsezkoa lortuta dago. Hizkuntzarekiko motibazio positiboa du eta hori izango da hizkuntzaren barna aurrera egiten bultzatuko diona. Hobe gutxi ikasi eta asko gozatu duen haur bat, asko ikasi eta gutxi gozatu duena baino.

Lehena, zulorik gabeko ontzia da: euskararekiko sortu duen erreferentzia positiboa dela medio, kasu guztietan, hiztunekiko begirunea izatera eramango du; eta kopuru garrantzitsu batean, euskararengan ikusiko dute izan nahi duten horren agerpena.

Bigarrena, aldiz, zuloz beteriko ontzia da: ikaste-prozesuaren sufrimenduen memoria negatiboak, hizkuntzak duen egoera sozial kaxkarrarekin batera, sorraraz dezakete motibazio negatiboa (urruntasuna edo aurkako jarrera)”.

Kontseilu baliotsua A, B, D, G eta MURGILTZE EREDU guztientzat. Agian hemen dago egoera larritik irtetzeko giltzarrietako bat.

b) Zer doa maldan behera? Agiriak dioenez maldan behera doaz “euskarazko gaitasuna eta erabilera”. Harrigarria egiten zait nola ematen zaion funtsezko garrantzia, ia obsesioa bihurtu den erabilerari, baita ere ezagutzari, eta nola askotan eta askotan ahaztu egiten den motibazioa. Agian, hor dago -motibazioan- korapiloa askatzeko giltzarria.

Gainera, (J. M Sanchez Carrion, Txepetx-en “Un futuro para nuestro pasado” liburuan bikain azaltzen den bezala) faktore horiei begiratzerakoan ahazten dela ontzi-komunikanteak direla, lotuak daudela, eta ezin dela adibidez, erabilera gehiagotu ezagutza gabe, baina baita ere erabilera behera badoa, ezagutza ere behera doala. Eta ondorioz motibazioaren gunea etsipenez, frakasu eta ezintasun sentimenduez, zaila izatearen argudio faltsuez betetzen da. Baina ezagutza eta erabileraren motorra, motibazioa da.

Eta aldi berean, harritzen naiz ikusita nola ez garen pasatzen azterketa kuantitatibotik eta neurri kuantitatibotik, kalitatea zer den ahaztu dugula emateraino. Azken finean, egiten den proposamenaren muina da zenbat (kantitatea) haur euskaldun eta zenbat haur gazteleradun/frantzesadun dauden nahasiak. Gazteleradunak eta frantzesadunak mehatxu bat al dira? (Nonbait kitxua, wolof, arabiera, errumaniera etabar mintzo direnak ez dira hain arriskutsuak euskararen garapenerako… hizkuntza horiek ez direlako euskararen lurraldean espezie inbasorak, eta toleratuak izan daitezke, eta haur hiztun euskaldunekin taldea osatzea onargarritzat hartzen da). Hau ez da horrela. Ez da kantitate kontua, ikasketa prozesuaren kalitatea kontua, bereziki motibazio kontua.

Hasteko, nire ustez, motibazioa da kontua. Motibazio naturala eta motibazio kulturala.

A) Motibazio naturala: euskararen erabileraren esperientzia bizigarri batetik abiatuz, euskara entzun eta erabiliz bizitako esperientzia atseginetan oinarritzen da. Etxean eta/edo eskolan, edo kalean esperimentatua. Esperientzia bizigarria bada, natural moduan atxikitzen doa ezagutza, eta bi elementu horiek erabilera atsegina eta ezagutza naturala txertatzen dira memorian bizipen gogoangarria gisa. Hori da motibazio naturala, aldi berean guztiz arrazionala eta guztiz emozionala eta guztiz bizitza atseginaren esperientzian, (gertatu delako), oinarritua. Haur guztiek dute holako esperientzietarako desioa.

Horren ordez, euskararekin egiten den esperientzia desatsegina bada (euskara aspergarria, euskara aprobatu beharreko zama, euskara errieta gaia, euskara  afektibitate gabea, ezarritako asignatura egiten bazaio…),  orduan motibazio negatiboa txertatuko zaio haur-gazteari (eta hau da haur-nerabe askoren kasuan arazo zentrala euskararekiko jarrerari dagokionez). osatzen joaten da.

B) Motibazio kulturala ez da arrazonamendu eder batzuk soilik, euskararen bizitzan jarritako inplikazioa ere bada. Demagun. Irakasleak edo gurasoek izan dezakete (ez da seguru) motibazio kulturala. Motibazioa da jarrera bat, erdigunean jartzen duena (haurrekiko harremanetan) euskararen garapen osasuntsua eta atsegina lortzea. Hau gabe, erdigunean baldin badago examinak gainditzea, agintariek jarritako halako nibela lortzea, nahi eta nahi gabe edota horretara forzaturiko ahaleginekin horrelako euskararen ezagutza maila eta erabilera portzentaia lortzea… orduan ari gara sortzen aldi berean bi efektu: euskararekiko estimazioa sariarekin lotzea (nota onak edukitzearekin) edota benetan emandako pausuak baliogabetzera (eskatzen den mailara iristen ez delako), eta azken honek kargatzen du haur askoren motibazio-gunea etsipenez, autodesestimaz, ezintasunez, eta nazkaz… Argumentu arrazional asko biltzen dira motibazio kulturalean (instrumentalak –adibidez lan postuak ziurtatzeko-, gure aurrekoek jasandako injustizia erreparatzea, identitarioak –euskaldunak gara–, gizadiaren aberastasuna, hizkuntzen berdintasuna…), baina ez hori soilik, badago ere  bizimodu berri baten nahairekin loturiko bultzada, implikazio bat  (amodioaren bultzada, gure aurrekoen nostalgia, bizimodu berri baten esperimentatzeko premia sakona…)

Zertara dator hau dena bergogoratzea? Euskarazko eskoletan egon daitezkeen arazoaren konponbidea ez dagoela funtsean kantitatean (zenbat haur jatorriz euskaldun eta jatorriz erdaldun), baizik eta euskararen ikaste prozesuaren kalitatean (zenbat gozatzen da euskaraz eta zenbat sufritzen da euskara dela eta). Hau da, zein punturaino euskararen esperientziak ukitzen duen norberaren bizitzaren atseginaren muina edo gelditzen den helduek ezarritako “inposizio” euskaltzalearen oroimen behartua. Orduan, zer doa maldan behera? Erabilera eta gaitasuna (ezagutza) baldin badoaz maldan behera, begiratu behar zaio nola dagoen motibazioaren lanketa.

 

3.- Ez da soilik eskolaren ardura, inondik ereEdonola ere hezkuntza sistemak berebiziko eragina du haur eta gazteen hizkuntza ohituretan.

Ongi dago gogoratzea ez dela soilik eskolaren ardura. Bale. Ados. Baina gero esaten da “hezkuntza sistema berebiziko eragina du…”. Baina, akaso hezkuntza sistema ez al da, kritikatuz, azpimarratzen den “gizarte-jarduera gehienen” parte bat? Ez da aski dugun hezkuntza sisteman euskararen presentzia areagotzea, hezkuntza sistema osoak (eta ez soilik telebisioen mundua, edo “ekonomia”, edo publizitatea, edo politika hizkuntzida, edo “ohitura”) bultzatzen duelako euskarak duen presentzia hutsaren hurrengo balioa izatera. Legez ezarrita dagoen hezkuntza sistema, autoritarioa da (nahiz eta irakasle multzo handiago edo txikiago hezkuntza emantzipatzailearekin amestu eta urrats batzuk eman), inponitzen ditu gaiak, inponitzen du hizkuntzei buruzko ikuspegi babeliko bat (hizkuntza bakarra Jainkoa bezala izateko: Adimen Artifiziala), inponitzen ditu gaien arteko erlazioa eta hierarkia, inponitzen ditu ebaluazioak eta molde horren barnean irakasle-ikasle-guraso erlazio hierarkiko desorekatu bat, inponitzen ditu erritmoak eta betebeharrak, inponitzen ditu haur-eskolatik gora unibertsitateraino, merkatuaren eta estatuen zerbitzurako hezkuntza sistema… bizitzatik zeharo urrun, edo are gehiago, hizkuntzen biziraupena kolapsora daramana,  naturaren bioaniztasunaren suntsipenara eramaten duen bezala.

“Hezkuntza sistemak berebiziko eragina du…”. Dudarik ez, baina gaur egungo hezkuntza sistemak, (irakasle saiatu askoren gogo eta ahalegin aurka),  eragina hilkorra du. Aparte utz dezagun, GAFAM-en eta multinazional handien sistemek, komunikazioan (telebistan, sozialak deitutako sare digitaletan, hezkuntzaren programazioan…) duten eraginaren bidez, zer nolako indarra duten hezkuntza sistema beren interesen zerbitzura jartzeko orduan.

Galdetu dezakegu bada, zenbat haurrek duten mobila oso adin txikitatik hasita? Zenbat haur ikusten dute telebistan marrazki-bizidun koloretsu, heroi teknolatra indibidualez beteak, katastrofikoak nortasun gizatiarraren aldetik, erdera dominanteetan gehienak (ez wolof edo kitxuaz) eta euskarara itzulita dauden gutxi horietatik asko mezu berdintsuak hedatzen, munduaren salbatzaileak balira bezala presentatuak…? karga horrekin badoaz eskola euskaldunera… harritzekoa al da erdera nagusi horietara jotzea? Et horrela izan da: zein da osagai, medizina…? Bakarra ezagutzen dut nik eraso “ideologiko global” horri aurre egiteko: BIZITZAREN ESPERIENTZIA ATSEGINAK, SORTZAILEAK LANTZEA.

 

4.- Ezta D ereduko ikasgeletan ere…

Dokumentuan esaten denez “ ez dago erraza. Ezta D ereduko ikasgeletan ere”.

Ikastetxe askotan, “euskara etxetik dakarten haurren euskalduntzea, osatu beharrean, oztopatu egiten da”, “erdara nagusi delako jolas eta jantoki orduetan eta, sarri, baita klase barruan ere”. Zergatik hori? “Haur euskaldunak sakabanatuak izaten direlako?”.

Baina D eredu batean dauden haur guztiak ez al dira euskaldunak? Orduan nola sakabanatu haur euskaldunak baldin eta denak badira euskaldunak? Eta orduan esan beharko genuke haur euskaldunek baztertzen dutela euskara eta beste erremediorik ez dutela erdaraz jardun baizik? Eta inposible den sakabanatzearen ondorioz haur euskaldunak “integrazio edo onarpen arazoen beldur daudela?”. Nola den hori? Nork behartzen die euskara baztertzera? Haur gazteleradun edo frantzesdunak? Nork eragiten die beldurra eta esklusioa (integrazio eza) eta euskara-bizipen etsigarriak jasan arazi haur euskaldunei? Hau ez dago batere garbi. Ez al dira haur euskaldun petoak, hizkuntza aldetik, abantaila dutenak eskolako gauzak ulertzeko eta aprobatzeko? Edo esan nahi al da, eskola ez zaiela haurrei interesatzen eta interesatzen zaiona dela eskolaz kanpoko jolasa eta giroa? Hau ez dago batere garbi manifestuan.

 

5.- Aukerak eta D ereduaren helburu nagusia.

Zirriborratu den egoera horretan, esaten da, “haurrok ez dute euskaraz jarduteko aukerarik irakaslearekin ez bada”.

Oraingo D ereduko eskoletan ere, ez dute aukerarik? Baina D ereduan badaude eta ikaslekide guztiek euskaraz badakite, ezin da esan aukerarik ez dutela! Arazoa, izatekotan, beste bat da. Eta potoloa. Labur esanda: arazoa ez al da Hezkuntza Sistema orokorrak bizitza emantzipatu eta sortzailearekin duen etendura? Eta hezkuntza sistema honen menpe jardutea (dibertsio moduko gauzak erantsiz, baina menpe) ez dela nahikoa?

 

6.- Arnas gune funtzionalak.

Dokumentuan egindako diagnostikoaren haritik ez da harritzekoa irtenbide kuantitatibo eta desbideratua proposatzea. Arazoa ez da eskola euskaldunetan haur euskaldun, gazteleradun, arabieradun, wolofdun, frantzesadun, kitxuaeradun, etabarren… presentzia. Arazoa da hezkuntza sistema bera, eta inponitzen dituen objetiboak, kurrikulumak, erritmoak, konpetentziak, balioak, tituluak, ebaluazioak, eta pedagogia motak (Marina Garces-ek ohartarazten digu pedagogia ez dela metodologia bat, bizitzaren ikuspegi bat baizik) askotarikoak serioagoak edo dibertigarriagoak,  autoritarioago edo liberalagoak….)… pak konpleto glotofagikoa.

Baina hortaz gainera:

Zer da arnas gune funtzionala? Haur eskalhiztunak aparte jartzea? Nola egin hori D eredu batean denak baldin badira haur euskalhiztunak? Nola haur euskaldunak elkartu… erdaldunak bazter utzi gabe? Nik ezagutu dut gela euskaldunenak eta gela erdaldunenak zituen eskola bat. Errez sortzen zen euskaldunen eta erdaldunen arteko lehia, ezinikusia etabar…

Ez da imaginazioan sartzen haur euskaldunek jatorri erdalduna duten haurrei euskara irakasten? Ezin da imaginatu irakasle magikoak (badaude holakoak) gai direnak liluratzeko haur ikasle guztiek nahi duten hizkuntzan?

Euskaldun izateko eskubidea errespetatzeko, haur euskaldunak ez dira elkarrengandik bereizi behar? Zer ikusteko du eskubidea, talde desberdinak osatzearekin? Zein eskubide dute haur erdaldunek?

Haur euskaldunen taldea osatzeko zergatik lehenetsi etorkinak? Eta ez espainolak edota frantzesak? Agian espainola da, baina bere gurasoek haurrak euskara ikas dezan gogo handia eduki dezakete? Edo bakarrik da wolof edota arabiera edota kitxua ez direlako euskarekiko konpetentziarik izango? Hau da, pentsa daiteke, nola wolof ez da eskolan entzungo, orduan euskara entzungo da. Baina wolof-ak ez al du lekurik euskal eskola batean? Batere lekurik ez?

 

7.- ANIZTASUNA, INKLUSIOA, ARDATZA ETA LOGIKA.

“Euskal Eskolan aniztasunaren eta inklusioaren ardatza euskara izatea bait da logikoena…”. Zein logika da hori?

Aniztasunaren eta inklusioaren logikan eskola batean dauden hizkuntza desberdinen hiztunak, kontsideratuak behar lukete izan. Adibidez: hizkuntza eta herri horien kulturaren berri emanez (hitzak, kantuak, jolasak, geografia, historia… adinaren arabera).

Aniztasunaren logikan, hizkuntza guztiak (gaztelera eta frantzesa barne) dira gizadiaren hizkuntz-aniztasunaren osagaiak. Hizkuntza bat eta bere inposizioa bereiztu behar dira. Sistemak burutzen duen inbasioa linguistikoak degradatzen du, lehenik, erabili duen hizkuntza (gure kasuan gaztelera eta frantzesa). Hala gertatu zen Amerikako Konkistarekin: gaztelera (eta bide batez esanda euskara ere) degradazioaren maldan behera abiatu ziren: gaztelera gorroto eta arrokeriaz kutsatua, eta euskara anemiara kondenatua (Merezi du aztertzea Amerikako Konkistak zer eragina linguistikoa izan zuen euskararen herrian).

Aniztasunaren eta inklusioaren izenean euskara ardatza izatea posible da, gaur egun, D ereduko eskola batean? Manifestuak zalantzan jartzen du posibilitate hori… Baina orduan aniztasunaren eta inklusioaren ardatza baldin bada, zerbait egin beharko da beste hizkuntzak estimuz eta balioetsiz aurkezteko. Adibidez, naturalidadez hartuz beste hizkuntzetan esaten diren gauzak, elkarrizketak etabar…

Baina euskara izatea aniztasunaren eta inklusioaren ardatza… Hori ez da euskararen “derecho de nacimiento” bat, lurralde honetan izan delako hitzegindako lehen hizkuntza etabar… Ardatza izatea ez da aldez aurreko titulu bat, lorpen bat baizik eta erantzunkizun bat. Lorpena, herri guztia euskarara hurbiltzen eta errotzen ahalegindu garelako eta lortu dugulako. Eta erantzunkizuna, aniztasunaren ardatza izatea beste hizkuntzekiko jarrera osasuntsua lantzea eskatzen duelako.

“Arnas dezagun” manifestua  “Arnas dezagun” manifestua   “Arnas dezagun” manifestua
“Arnas dezagun” manifestua  “Arnas dezagun” manifestua   “Arnas dezagun” manifestua   

16 pentsamendu ““Arnas dezagun” manifestua”-ri buruz

  • Fermintxo Zabaltza 2022-02-12 10:36

    Bistan da D ereduan badela arazo handi bat: haur euskaldunak berehala erdalduntzen dira, bestalde haurrek ez dute euskaraz egiten patioan…
    Arnas Dezagun-ekoak hori konpontzen saiatzen dira. Argi dago ez direla segregazioaren aldekoak, haien proposamena arreta pixka batekin irakurriz gero.
    Harrigarria da batzuek nolako lana hartzen ari diren haien lana gaitzesteko, aipatutako arazoetarako inolako proposamenik egin gabe, gainera.

  • Fermintxo Zabaltza 2022-02-12 13:18

    *Batzuk

  • Bingen Uriarte 2022-02-12 16:15

    Idatziaren helburu soila, Arnas Dezagunen manifestuari egurra ematea dela ematen du, oinarririk gabeko kritika eginez, manifestuaren eremukoak ez diren gaiak aipatuz, edota manifestuan proposatzen ez direnak manifestuari egotziz. Kritika-molde behartua eta antzua, handiustekoa, eztabaida eraikitzaile baterako heldulekurik eskaintzen ez duena.

  • Egun on, Joseba!
    1.a, Gaur egun D ereduan diren haur guziek ez dute eskualduntasun bera ukaiten, batzuek etxetik edo jaiotzagatik erdara dakarte lehenbizikoz. Beraz, hegemonia arras kasu gehienetan. Hor ez da inolako berdintasun hauturik erdaldunen eta eskualdunen artean, ; hizkuntza gabezia hori gainditu bitartean, ez da gertatzen. Gainera, gehiengoa edukirik, zergatik makurtu haiena ez den hizkuntza batera, motibazioak motibazio? Hau zenbaki kontua da. Hortaz, mehatxui izigarri handia.
    2.a, biziki konprenigarria da ADren ekarpena, bertzela, haur eskualdunen autoestimua “antzarak ferratzera” zuten bidaliko, erdal aniztasun horretan murgilduz; gaur etengabe jazotzen dena, prefosta!
    Kontzientzia eta eredua sortu behar dira, gainontzeko erdal hiztunei begira, ardatza eskuara izanik.
    3.a, barneratze eta nortasun tresna eskuarak izan behar du; gaurkoz bideraezina, ez baita hizkuntz politikarik! Baltikoko Errepubliketan bada zer kopiatu.
    4.a, eskual hiztun ttipiek eskuaraz bertzeekin egin dezaketela gezurra da, nahiz eta eskuaraz ele egiten saiatu D ereduan, nagusigoa daukatenek ez dute egiten, ez dute nahi, egoeraz arras oharturik baitaude behiala. Izan ere, ez zaie beharrezko! Are haboro, mespretxuz ez badiete ihardesten egiteagatik, eskuarak deusik ez bailuen! Patioetarat baizik ez da jin behar.
    5.a, zergatik ez sortu eskuararen hegemonia? Zeren eta baitirudi espainieraren eta frantsesaren hegemonia ongi dela. Gainerat, behar bertzeko kantitatera iristeko ezin hobeki plazaratuta hizkuntza hegemonikorik ez dakitenekin biltzea: wolof hiztun eta bestelakoekin. Bertzela, gureak du egin.

  • josu naberan 2022-02-12 18:46

    Nihaur pertsonalki ez nauk ari Hezkuntza eta euskal irakakuntza alorrean, aspaldi erretiratua bainau AEKtik.

    Baina aski ezagutzen diat AEKren didaktika kontua, zeren geuk programatu genian Euskalduntzea eta Alfabetatzea Kulturgintzaren bidez eta kultur ekintza konkretuen bidez. Zertarako planteatu genian hura?: MOTIBAZIOAREN IZENEAN.

    Horregatik, hic eta nunc profanoa naizen arren, lehen begi-kolpean dakusat, bai Hezkuntzan, baina berezeki EUSKERAREN IRAKASKUNTZAN, motibazioa dela, sakon-sakonean den-denaren auzia eta ARAZOA:

    hots, EUSKERA ASIGNATURA GISA PROGRAMATZEN DUELA gaur egungo hEZKUNTZA SAILAK.

    Hau da, derrigorrez GAINDITU BEHAR DEN ASIGNATURA SOIL GISA.

    Eta horrela ezinezkoa duk ezein ikasleren MOTIBAZIOA PIZTEA.

    Lahenago ere esan diat ZUZEU honeta, Euskerarekiko Motibazioa pizteko zer egin beharko lizatekeen: euskeraren HISTORIA, GEOGRAFIA, HIZKERAREN ATZEAN DAGOEN PENTSAERA (ANTROPOLOGIA) eta euskeraren EGUNGO EGOERA (elebitasuna, diglosia…) behintzat sartzea euskeraren edukien artean. Eta EZ EUSKERA ASIGNATURA HUTS ETA HUTSAL gisa.

    Baina orain dator “milioiko galdera”: Inork uste al du, bihotza eskueran jarrita, EGUNGO HEZKUNTZA ZUZENDARITZAK HORRELAKO ZERTXOBAIT EGITEKO GOGORIK ETA BORONDATERIK UKAN LEZAKEENIK?

    Ea, altxa erhia zintzoki: zein iñozok ustE al dezake horrelakorik?

    Beraz, arlo horretan zerbait aldatu-nahian zabiltzatenon lehenbiziko auzia zera duk (nire uste urrutikoaren aldetik); zintzoak izan eta EZ ezkutatu burua hegopean, ostrukak bezala.

    Hori dakusan iraskaslego euskaltzale jatorrak (berdin dio zein Eredutakoak) berehalxe planteatu behar du eskalduntze-bide eta programa jator bat abian jartzea.

    Zein modutara eta zein baliabidez?

    Hortxe zegok gakoa, zeren horretara abiatzen diren euskaltzaleak bolondresak izan behar dituk (harik eta euskal popolu euskatzalea proiektu horretan engaiatu arte)

    Eta bolondresak izateaz gain, programa minimo baina zehatz bat zirriborratu behar zitek, euren kabuz edota beste bolondres batzuen laguntzarekin (adar anitzetan adituak edo erdi-adituak bederen, programazio hori “globala” izan dadin… eta ikasleen egoera eta ikas-maila desberdin eta anitzetarako egokitua, ahal denik eta pertsonalizatuena…)

    Horretarako, laguntza anitz izan beharko zitek: lehenik, esaterako Euskal Kontsiluarena, zeren bera baitabil Hezkuntza Sailarekin negoziazioan, oker ez banago.

    Nik iradoki berri diot Kontseluari. Egin aproba zuok ere…
    eta AURRERA BOLIE, ahal diagu-eta, Goietara begira gelditu bagerik!

  • “Zergatik hori? Haur euskaldunak sakabanatuak izaten direlako?”, bai Joseba.

    Ados, badaude egon bideratu beharreko beste hamaika neurri, eta zuk aipatutako motibazio natural zein kulturalaren beharizanarekin ados nago. Baina egon ezean, eremu erdaldunduetan ezin da gela ezberdinetan sakabanatutako ume euskalhiztunen esku utzi besteak motibatzeko eta euskaldunduntzeko erantzukizuna. Iruntsi egiten dituzte: “ez badot erderaz eiten ez naurie onartuko; danak erderaz eiten deurienez nik lotsa, urduritasuna sentitan dot; ni saiatzen naz euskeraz eiten baia danak erderaz dabizenez ni naz euskeraz dabilen bakarra eta ezberdine ez iziteko batzutan erderaz eiten dot;…”

    Kolpez-kolpe erderara bideratzen dira ume hauek eta HOR, PUNTU HORRETAN, ez da inor euskaldundutzen, denak galtzaile ateratzen dira.

  • Ze testu suntsitzailea, ñabarduretan geratzen da muinari heldu gabe. Bazterrak nahastea ezer ez konpontzeko. Politikari edo tertuliano profesional ona zinateke Joseba.

  • Ezin ulertu Arnas Dezagunen aurka batzuek duten obsesioa…
    Eskerrik asko benetan ADi gurasoentzat benetan kezkagarria den gaia plazaratzeko ausardiagatik, eta ez etsi, zuekin gaude eta!!
    Hizkuntza gutxi Ororen biziberritzean ezinbesteko neurria da hiztunak trinkotu eta sakabanatzea, denetan, euskarak izan ezik…konplexuz beteak gaude!!

  • Gabon Joseba. Zuk idatzitako gauza gehienekin ados banago ere, erantzungo dut zergatik den haur euskaldunak batzea. Demagun ama hizkuntza ingelesa duten haur batzuk ditugula eskolan. Noiz uste duzu hitz egingo dutela sarriagotan ingelesez, beraien artean (modu naturalean) hala ingelesa ondo menperatzen ez duten eta ama hizkuntza gaztelania duten haurrekin?
    Ba euskararentzako adibidea berdina da. Lehen gune bat indartu eta honi segida ematea errezagoa izango da.

  • Joseba, konponbidearen parte ez bazara, badakizu zer zaren ezta?

    Tamalgarria ezkerretik eta ustezko euskaltzaletasunetik horrelako kritika egitea, arazoa ukatuz eta dagoen egoera onartuz. Daukagunarekin konformatu beharko orduan, ez omen dugu Alternatibarik…

  • Harrigarria da euskaltzale bakan batzuek Arnas Dezagun ekimenari dioten ezinikusia. Ulertezina eta tristea oso.

  • Zuzen faxismoa gora doa, berekin zentsura. Gorputzekin higuinduta.

  • Gorputzekin ez dut neronek idatzi. Giputz aluekin idatzi dut.

  • Idatzi penagarri hau baino askoz testu txukunagoak irakurri izan dizkiot Barriolari. Ahoa bete hagin.

  • josu naberan 2022-02-14 10:02

    Ez bedi heda Panikoa honera!

    Ez sartu Giputzekin, ze haiek ere sartu ahal izango baituk zuokin… eta orduan AKABO!

    Begira, guri, aguretxooi, inork gutxik kasu egiten badigu ere (ea betiko zahartzora noiz joango ote garen-edo), zuon, Hezkunta-Sareetan harrapatuta zaudeteno kasurako, alternatiba zehatz bat aurkeztu diat, eta horretaz mutis egin duzue.

    Zaharrak izateaz gain, behelaino artean ote gabiltza aguretxook?
    Baina aspaldi AEKan ezarri genian esperietziaz nabilek: KULTURGINTZAREN BIDEZKO IRAKASKUNTZA.

    Noski zehazki, eskolaumeei egokituta etab….bla-bla-bla..

    Baina bestela esan zer erremedio daukan Hezkuntza/Meskuntza sareetan harrapatuta zaudeten irakasleontzat, Goikoen apatia-gaixo edota gogo-gaizto eternalaren aurrean.

  • Mikel Haranburu 2022-02-14 11:08

    Kasurik makurrenean, “ongi hezitutako” haurretan gertatuko da bakar batek Euskaraz egin nahi ez eta beste guztiek “edukazioz” Gaztelaniaz eginen dutela. Kasurik onenean, Euskaraz makal ibiltzen dena Euskaraz egitera behartuta ikusiko du bere burua eta Euskaraz egiten ohituko da.
    Alabaina, eta bestetan bezala, iruditzen zait gauzak, planoak, alorrak, nahasten ditugula behin eta berriz. Barriolaren artikulua, zatirik gehiena beharbada, soziolinguistika da, edo glotodinamika, motibazioa eta kontu horiek guztiak. Baina hizkuntzaren dinamikak ez dira ematen Hezkuntzan, hobeki esatera ikastetxeetan, bakarrik eta era isolatuan…
    Hezkuntza alor bat besterik ez da; hizkuntzaren norabide globala bizitzaren beste une askotan erabakiko da. Politikan, lantegietan… karrikan. Helduok gara gizartearen norabidea markatzen ahal dugunok. Besteak beste, ahal ekonomikoa darabilgunok, lanbidea, etxea, seme-alabak izan ditzakegunok.
    Ni Barriolarekin ados nago ideia askotan, gehienetan ez bada; baina hezkuntzaren alorrean ezer gutxi dakarte. Hezkuntzan, hobeki esatera ikastetxeetan, onena da euskaldunik osotuenak lortzea, paparrutxak alde batera utzita. Horixe behar du Euskal Hezkuntza Sistemaren helburu. Eta bestela, ez Euskal, ez Hezkuntza eta ez Sistema. Espainia helburu duen folklorezko instrukzio kaxkarra baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude